Jonathan Swift

Jonathan Swift (Dublin, 1667ko azaroaren 30aDublin, 1745eko urriaren 19a) Irlandako idazlea izan zen[1]. Bere idazlan nagusia Gulliver-en bidaiak izan zen (Gulliver's Travels edo Travels Into Several Remote Nations Of The World, In Four Parts. By Lemuel Gulliver, First A Surgeon, And Then A Captain Of Several Ships), 1726an argitaratua.

Jonathan Swift

Bizitza
JaiotzaDublin, 1667ko azaroaren 30a
HerrialdeaIrlandako Erresuma
 Irlandako Errepublika
BizilekuaWhitehaven (en) Itzuli
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaDublin, 1745eko urriaren 19a (77 urte)
Hobiratze lekuaSan Patrizioren katedrala
Familia
AitaJonathan Swift
AmaAbigail Erick
Ezkontidea(k)Esther Johnson  (1716 -
Bikotekidea(k)
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaTrinity College
Hertford College (en) Itzuli
Kilkenny College (en) Itzuli
Hezkuntza-mailazientzietan doktorea
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakpoeta, eleberrigilea, satira-idazlea, filosofoa, giza eskubideen aldeko ekintzailea, pamphleteer (en) Itzuli, apaiz anglikanoa, idazlea, zientzia-fikzio idazlea, saiakeragilea, iritzi-kazetaria, haur literatura idazlea, prosalaria, public figure (en) Itzuli eta apaiza
Lan nabarmenak
Izengoitia(k)Isaac Bickerstaff, Lemuel Gulliver, M. B. Drapier eta Simon Wagstaff
Genero artistikoasatira
saiakera
pritcha (en) Itzuli
Panfletoa
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaanglikanismoa
Alderdi politikoaTory

IMDB: nm0842605 Allocine: 134239 Allmovie: p315176
iTunes: 275915584 Musicbrainz: 9ab4a3b4-3206-4c12-ac6b-50d64ca98119 Songkick: 449719 Discogs: 700425 IMSLP: Category:Swift,_Jonathan Find a Grave: 1944 Edit the value on Wikidata
Artikulu hau idazleari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Swift (argipena)».

Biografia

Haurtzaroa

Jonathan Swift Dublinen jaio zen 1667an. Aita bera jaio baino lehen hil zitzaionez, amak Godwin osabarekin utzi zuen bere heziketaz ardura zedin[2]. Dublineko Trinity College eskolan, emaitza kaskarrekin, ikasi eta gero Leicesterera joan zen bere amarekin (Abigail Erick) bizitzera[1].

Gaztaroa

Hemeretzi urte zituenean, amak bere senide urrun baten idazkari izateko aukera eman zion, William Temple politikari ingeles eta baronet, diplomatiko ohia eta idazleari, bere osaba Godwinen laguna zena, bere posta eta kontuak eramaten laguntzeko, eta, horretarako, 1689an, Ingalaterrako Farnham konderriko (Surrey konderria) Moor Parkeko bere egoitzara joan zen bizitzera[3]. Denborak aurrera egin ahala, gero eta konfiantza handiagoa zuen Templek bere enplegatuarengan, eta, beraz, honek gero eta arazo konplexuagoetan eta are publikoetan esku hartu zuen, Templek oraindik anbizio politikoak zituelako; Swift Gilen III.a erregearengana ere aurkeztu zen, baina Templek ez zuen sustatu, orduan, baliagarritzat jotzen bazuen ere etorri berria iruditzen baitzitzaion.

Swiftek, Moor Parken, Esther Johnson izeneko zortzi urteko neskatila ezagutu zuen eta bera izan zen bere tutore eta aholkularia, "Stella" ezizena emanez. Biek harreman hurbila baina anbiguoa izan zuten Estherren bizitza osoan zehar[3].

1694an, Swiftek Moor Parketik alde egin zuen. Izan ere, Templek Swiften lana balioesten bazuen ere, honek ez zuen ikusten Templeren ondoan gizartean aurrera egiteko bidea. Irlandako Elizan, anglikanoan, apaiztu zen eta Belfast inguruko herri batean, Kilrooten, hasi zen lanean. 1696an, Templek berriro deitu zuen bere memoriak eta gutunak prestatzen laguntzeko, argitaratu ahal izateko eta Moor Parkera itzultzean 15 urteko gazte bihurtuta zegoen Stellarekin egin zuen topo berriro, bat-bateko maitemina sentituz[4]. Denbora horretan, Swiftek bere lehen lana idatzi zuen,The Battle of the Books, 1704ra arte argitaratu ez zena[2].

Helduaroa

Swift Templerekin egon zen, hau, 1699ko urtarrilean hil zen arte. Urte horretan bertan, Berkeley kondearen idazkari eta kapilau izateko eskaintza jaso eta onartu zuen[5]. Hala ere, Irlandara heltzean idazkaritza beste batek hartu zuela jakin zuen. Dena den, Irlandako hainbat elizen ardura hartu zuen, Berkeley kondearen kapilautzarekin batera. Kapilau moduan denbora luze egon zen Dublinen, kondearekin 1701eko apirilean Ingalaterrara itzuli arte. Gero, urte berean, Irlandara Stellarekin bueltatu zen, ordurako 20 urteko neska gaztea zen. Misterio handia dago Stellarekiko harreman horretan. Batzuek uste dute 1716an ezkondu zirela isilpean, baina ez da froga argirik aurkitu. Dena den, ukaezina da maitasun handia egon zela bien artean, bizitza osoan iraun zuena.

Orduan argitaratu zuen anonimoki bere lehen panfleto politikoa, a Discourse on the Contests and Dissentions in Athens and Rome (1701) izenekoa, whig alderdiaren defentsan, baina hauek Swiften Elizaren aldeko interesen alde ez zutenez egiten, toryra pasa zen[3]. 1704an A Tale of a Tub idatzi zuen, bere garaikideak kritikatzen zituen satira bat, eta Ana erregina erabat atsekabetu zuen, blasfemotzat hartzen zuena; gainera, The Windsor Prophecy Swift liburuan, ukimen falta harrigarriarekin, Erreginari norengan fidatu behar zuen aholkatzea baimendu zen, eta ordutik aurrera bereziki kontrakoa izango du. 1703 eta 1714 artean apaiz lanetan aritzeko denbora izan zuen, lan gutxi ematen ziotenak, eta 1708an lan teologiko oso garratz bat argitaratu zuen, An Argument Against Abolishing Christianity, kristautasunari, bereziki anglikanoa, egindako kritika garaikideen aurka, librepentsalari, deista, antitrinitario, ateo, soziniar eta dissenter deiturikoen aldetik.

1710 eta 1714 urteen artean gobernuaren aholkularia izan zen eta oso pertsonaia boteretsua bihurtu zen, bere umore satirikoaren kaustikotasunagatik izugarria. 1713an Dublineko St. Patrick katedralaren dekano izendatu zuten, hori izanez lortu zuen kargurik gorenena[3], eta Ana erregina hiltzea eta Tory gorbernuaren gainbera eman zenean bertara joan zen[2]. 1714an Dublinen kokatu zuen bere bizilekua, eta bertan Esther Vanhomrigh gaztearekin bizi izan zen[4], 1723an hil zen arte, berarentzat Vanessa izena sortuz (neskaren izenaren eta abizenaren hasierako letrekin sortutako neologismoa) baina beste Estherrekin ("Stella") zuen harreman edo ezkontza sekretua ezkutatu zion, Irlandan ere bizi zena, berak bere kabuz jakin zuen arte[2]. Garai horretakoak dira Irlandaren aldeko bere panfleto anonimoak, aldian aldiko goseteek astindua, ingelesen gehiegikeria ekonomikoen aurka[6]. Irlandarren alde idatzi zituen hainbat liburuxka horiek gorenera iritsi ziren Proposamendu apal bat [7] testuarekin, 1729 urtekoa; bertan modu ironikoan irlandar jendearen egoera latza eta pairatzen zituen gabeziak salatu zituen[5]. Oro har, politikoki oso aktiboa izan zen bere bizitzan, Irlandarren alde borrokatuz eta gogor kritikatuz britainiar gobernuaren bidegabekeria[4].

Modu anonimoan argitaratu zituen Gulliverren bidaiak-en lau zatiak 1726an, lehen biak ziur aski 1720 inguruan idatziak izan ziren arren; satira konplexu bat da, eta bere maisulan ezagunena. Gaur egun haurrentzako obra bat bezala irakurtzen da, nahiz eta gizakiaren aurkako satira bat izan, garaiko ohiko bidaia-liburuen parodia bat eta baita ipuin bat ere[6].

Urte bereko irailean 1728. urtean Stella hil zenean depresio larria eduki zuen Swiftek[2]. Bere osasuna gaixotasun misteriotsu baten eraginpean geratu zen, dirudienez neurologikoa, 1738. urteaz geroztik: absentziak, akufenoak, bertigoak, oroimen galerak eta 1742an begi batean tumore bat irakurtzea ere galarazten ziona[8]. Bera horretaz ohartzen zen, eta "erotuta nago" esaten zuen.

1745ean hil zen, bere ondasunak pobreei utzita eta eroetxe bat eraikitzeko baliabideak bideratuta[3].

Gulliverren bidaiak

1726ean kaleratutako Gulliverren bidaien lehen argitaraldia

Gulliverren bidaiak[9] liburuak, umeentzako abenturazko liburu gisa hartua izan bada ere, asmo politikoa duen testua da, 1726ean argitaratua[4].

Benjamin Motte editoreak testua aldatu zuen iraingarriegi iritzi zionean, bereziki auzi juridikoetan edo Ana erreginaren defentsan. Lanak arrakasta herrikoi handia izan zuen (urte berean hiru aldiz berrinprimatu zen, eta hurrengoan beste bat, non frantseserako, alemanerako eta holandarrerako itzulpenak ere inprimatu ziren, gainera edizio pirata ugari egin ziren), eta berehala, jarraipenak, parodiak eta "deszifratze" saiakerak eragin zituen, laster ahaztuak izan zirenak; 1728an, Georg Philipp Telemann musikagile barrokoak bost mugimenduko suite bat konposatu zuen liburuan inspiratua; baina garaiko kritikak, Samuel Johnson doktorearen arabera txundituta, "Ez zuen jakin zer esan", harik eta, azkenean, obrari neurriz gaineko misantropikoa izatea leporatu zioten arte. Jatorrizko eskuizkribua desagertu egin zen, baina 1735ean editore irlandar batek, George Faulknerrek, arketipoaren kopia baimendu bat eskuratu zuen eta, dirudienez, Swiftek berrikusi zuen Motteren zentsurarik gabe, eta inprimatu egin zuen; edizio honek A letter from Capt. Gulliver to his Cousin Sympson gutuna darama erantsita, non Motteren murrizketez, gehitzeez eta desitxurez kexatzen den. Horregatik jotzen da edizio hau testua eratzeko onena.

Swiftek ukatu egin nahi zuen gizabanakoa gizartearen aurrekoa zelako ideia; Thomas Hobbesen filosofia politiko erradikalari babes arriskutsutzat jotzen zuen hori, eta, horregatik, Gulliver behin eta berriz uharte hondatuen ordez gizarte eratuekin aurkitzen da. Swiften lehentasunezko asmoa Ilustrazioaren harrotasuna desegitea zen: hortik bere kritikak ere zientziara bideratzea.

Oro har, Jonathan Swiftek gizartearen kritika egin nahi du, europar gobernuen inguruan ikuspegi satirikoa eginez. Erlijioak ere hartzen ditu gaitzat, haien arteko ezberdintasun txikiak nola puzten diren salatuz. Liburuan zehar leku desberdinak aurkezten eta deskribatzen dira: jendearen bizimodua, dituzten arazoak... Leku horiek garaiko errealitate sozialaren karikatura moduan aurkezten dira, alde kritikagarriak azaleratuz. Hausnarketa ugari dago, gizartearen antolaketari eta boterearen erabilerari buruzkoak.

Cervantesek zalduntza liburuen parodia egin zuen bezala, Gulliverren bidaiak liburuan Jonathan Swiftek bere garaian modan zeuden bidai liburuen imitazio parodikoa egin zuen. Liburua lehen pertsonan kontatua dago, eta “Gulliver” izena soilik tituluan irakur dezakegu. Elkarrizketarik ez dago estilo zuzenean, zehar estiloa da nagusi.

Bere gizartearen eraginez bere izaera misantropikoa bihurtu zen, hau da, pertsonak gorrotatzen zituen eta bakarrik egoteko beharra zeukan.

Gulliverren bidaiak liburuak lau zati ditu, lau bidaia kontatuz eta bakoitzean lurralde berri bat aurkituz[2]:

  • 1. bidaia, Lilliput, bertan ipotxez osatutako gizarte bat ezagutzen du.

Gulliverrek bisitatzen dituen bi erresuma hauetan gauza noble eta zuzenak aurkitzen ditu, eta hauek dira hain zuzen ere Swiften ustez Europako herrialdeetako XVIII. mendeko gizartean faltan ikusten dituenak.

  • 3. bidaia, Asiako uharteak. Bertako gizartea garapen musikal eta matematikoan oinarritzen da, baina hauei zentzu praktiko bat eman gabe, hau da, leku horretan probak egiten dira baina aurkikuntzek ez dute ezertarako balio. Honekin Jonathan Swiftek kritika zuzen bat egiten dio Erresuma Batuaren Royal Elkarteari. Irla hauetan nabarmengarria da bertako izaki batzuk, Struldbrugak, hilezkorrak direla. Hau Gulliverentzat ikaragarria da baina denbora aurrea joan ahala, pertsona hauek zahar egiten joaten direla eta gaixotasunak sufritzen dituztenaz konturatzen da. Honekin idazleak heriotza gauza on eta naturala dela esan nahi du.
  • 4. bidaia: Houyhnhnmen uharteak. Irla hauetan zibilizazioa zaldiek gobernatzen dute, zaldi garatuak, hizkuntza garatu bat dutenak. Zaldiek Yahoo-ak, gizaki antzekoak, morroi moduan hezten dituzte. Gulliver beraiekin bizitzean zaldi horien gizartearen perfekzioaz konturatzen da.

Amaieran Gulliver etxera bueltatzen da; ikasitako guztiak gizartearekiko dezepzio sakona eragin dio eta ez du gizakiekin harremanik izan nahi, misantropian eroria[2].

Bere lanen inguruko bitxikeriak

  • Vanessa emakume izenaren sortzailetzat hartzen da, gaur egun ospe handia duena. 1713an poema luze bat idatzi zuen, Cadenus and Vanessa, 1726an liburu bezala argitaratua, bere izenburuan anagrama bat eta neologismo bat dituena. Cadenus dekanoaren anagrama da, Swift deana zen. Neologismoa Vanessa da, Esther Vanhomrighen erreferentzia sekretuan. Bere abizenaren eta izenaren inizialekin (Van- eta Es-) bere ezizena osatu zuen. Ez dago Vanessa izenaren erregistrorik hau baino lehen[10].
  • 1877an Phobos eta Deimos, Marteko bi ilargiak, aurkitu zituzten. Hala ere, 1726an, hots, ehun eta berrogeita hamaika urte lehenago, Jonathan Swiftek zehaztasun handiz deskribatu zituen bere Gulliver-en bidaiak liburuan. Kontaketan aipatutako sateliteekin tamainan, distantzietan eta errotazio abiaduran dauden kointzidentziak nahiko handiak dira, eta, hala ere, Swiften bizitzan zehar eskura zegoen optikak, ez zuen uzten hain txikiak diren eta Marteko esferatik hain gutxi bereizten diren zeruko gorputz horiek ikusten. Bitxia bada ere, Voltairek (1694-1778) Marteko bi sateliteak ere aipatu zituen bere Micromegas lanean, 1752an argitaratutako ipuin bat, Siria izarrean jatorria duen izaki bat eta Saturno planetako bere laguna deskribatzen dituenak. Kointzidentzia hauen ondorioz, Deimoseko bi krater handienak (3 kilometroko diametrokoak bakoitza) "Swift" eta "Voltaire" bezala bataiatuak izan ziren[11].

Lanak

Lan garrantzitsuenen artean:

  • The Battle of the Books, 1704 (1699an idatzia).
  • A Tale of a Tub, 1704.
  • Bickerstaff-Partridge Papers, 1708-1709.
  • The Journal to Sabu, 1710-1713.
  • An Argument against Abolishing Christianity, 1711.
  • The Art of Political Lying, 1712
  • A Proposal for Correcting, Improving and Ascertaining The English Tongue, 1712
  • Cadenus and Vanessa 1713
  • On the Conduct of the Allies, 1713.
  • Drapier's Letters, 1725.
  • Gulliverren bidaiak (Gulliver's Travels edo Travels Into Several Remote Nations Of The World, In Four Parts. By Lemuel Gulliver, First A Surgeon, And Then A Captain Of Several Ships), 1726.
  • Proposamendu apal bat (A Modest Proposal), 1729.
  • The Grand Question Debated, 1729.
  • Verses on His Own Death, 1731.
  • Directions to Servants, 1731.
  • A Complete Collection of Genteel and Ingenious Conversation, 1731.
  • The Lady's Dressing Room, 1732.
  • On Poetry, a Rhapsody, 1733.

Euskaratuak

  • Gulliber (Gulliver's Travels edo Travels Into Several Remote Nations Of The World, In Four Parts. By Lemuel Gulliver, First A Surgeon, And Then A Captain Of Several Ships). Maves, 1975.
  • Proposamendu apal bat (A Modest Proposal). Xaguxarra aldizkaria, 1980. I. Zubiriak euskaratua.
  • Gulliverren bidaiak (Gulliver's Travels). Ibaizabal, 1990. Iñaki Mendigurenek euskaratua.
  • Gulliver Liliputen. Elkar, 1993. Iñaki Mendigurenek euskaratua.
  • Gulliver-en bidaiak (Gulliver's Travels). Vicens Vives, 2013. Manu Lopez Gasenik euskaratua.

Zerrenda honetan azaltzen ez diren Gulliverren bidaiak eta Gulliver Liliputen liburuen hainbat moldaketa argitaratu dira euskaraz; euskara ikasteko irakurketa mailakatuak, haur txikientzat, formatu digitalean eta abar.

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) «Jonathan Swift | Anglo-Irish author and clergyman» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  2. Saila, Kultur. (). «Jonathan Swift (1667-1745)» www.euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  3. (Gaztelaniaz) González Porto, José. (1963). Diccionario de autores de todos los tiempos y de todos los paises. Montaner y Simón, 699 or..
  4. «Jonathan Swift» ekarriak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  5. (Gaztelaniaz) Diccionario de los escritores del mundo. Madrid: Everest, 541 or. ISBN 84-241-1541-4..
  6. «Jonathan Swift - Gulliver-en bidaiak» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).
  7. «Ibinagabeitia Proiektua / Xaguxarra-1 (1980)» andima.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-12).
  8. (Gaztelaniaz) Thoorens, Léon. (1969). Panorama de las literaturas Daimon III. Inglaterra y América del Norte.. Barcelona: Daimon.
  9. «Jonathan Swift - Gulliver-en bidaiak» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-12).
  10. (Gaztelaniaz) R. Jay Stubblefield, DeGategno, Paul J.. (2006). Critical Companion to Jonathan Swift. , 42 or..
  11. «Planetary Names: Search Results» planetarynames.wr.usgs.gov (Noiz kontsultatua: 2019-11-22).

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jonathan Swift Aldatu lotura Wikidatan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.