Jon Salaberri

Jon Joseba Salaberri Martinez (Arrasate, Gipuzkoa, 1961eko apirilaren 13aib., 1995eko maiatzaren 10a) ekintzailerik ezagunena izan zen HIES gaixotasunaren kontra Euskal Herrian, XX. mendeko azken hamarraldiaren lehen erdian.

Jon Salaberri

Bizitza
JaiotzaArrasate, 1961eko apirilaren 13a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza1995eko maiatzaren 10a (34 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: HIESarekin loturiko arazogatik hildakoa
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakekintzailea eta HIV/AIDS activist (en) Itzuli

Homosexuala zen, eta zenbait urtez heroinaren mende ibilita HIESa garatu zuen. Harrezkero, heroina utzi eta misiotzat hartu zuen bera bezalako hiesdunen alde lan egitea. Horretarako, erakunde bat sortu zuen Debagoienean (HIES Ekimena), hitzaldiak eman zituen, artikuluak idatzi, kongresuetan parte hartu, elkarrizketak eskaini hedabideetan, telebistan eta publizitate kanpainetan agertu. Informazio eta pedagogia lan handia egin zuen Euskal Herriko gizarteak bazter ez zitzan HIESa zuten gaixoak.

Osperik handiena 1993an lortu zuen. Urte hartan, publizitate kanpaina batean, aurpegirik inportanteena izan zen Euskal Herriko jende ezagunaren ondoan, tartean Eduardo Txillida eskultorea. Urte hartan Luc Montagnier ikertzaile frantsesarekin batera, mahaiburu izan zen II. kongresuan HIESaren inguruan egina, Bilbon, non Jose Antonio Ardanza lehendakariak besarkatu egin zuen milatik gora adituren aurrean. Urte berean, Argia aldizkariak azala eskaini zion, izenburu honekin: “Jon Salaberri, HIESaren aurpegia”.

Toxoplasmosi baten ondorioz, azken urtea gurpildun aulki batean egin zuen. Hala ere, familiak eta borroka kideek lagunduta, parte hartu zuen hainbat kongresu eta kale agerralditan. Hil ondoren, Batzen plataformak hilondoko saria eman zion, lana egiteagatik tolerantziaren alde. Hogei urte geroago, 2015eko ekainaren 27an, Julen Iriondo kazetari oñatiarrak Rikardo Arregi sari nagusia irabazi zuen Jon Salaberri izeneko dokumentalarengatik, urte berean Goiena Telebistak egina. 2015eko azaroaren 15ean Joxe Aranzabal kazetariak liburu bat argitaratu zuen formatu digitalean: Jon Salaberri, hiesdunen aldeko ekintzailea.

Lehen urteak

Jon Salaberri Arrasate herrian jaio zen, alde zaharrean, Erdiko kaleko 10. zenbakian. Aita Juan Jose Salaberri zuen, harakina eta Arrasateko Udaleko langilea. Ama, berriz, Juanita Martinez, Soraluzen jaioa eta txikitan, Gerra zibilaren ondorioz, Frantzian bizi izandakoa. Jon Salaberri hirugarrena zen bost anai-arrebetan. Hala ere, euretariko bi oso goiz hil ziren, Edurne lehenengoa eta Eneko txikiena, nahiz eta azken hau jakin ez benetan hil edo desagertu egin ote zen, ez baitzuten ikusi jaio ondoren. Hortaz, beste bi anai-arrebekin hazi zen: Idoia, bera baino zaharragoa, eta Isidor, bera baino gazteagoa.

Jaio eta bost bat urtera, familia San Juan auzora pasatu zen bizitzera, Arrasateko Udalak utzitako etxebizitza batera. Bertan hamabost bat urte egin zituzten, harik eta aita hil ondoren, Arrasate pasealekura pasatu ziren arte, familiak erositako etxera. Lehen ikasketak San Viator ikastetxean egin zituen, Mondragoen bertan. BUP eta COU, berriz, Arrasateko Institutuan.

Ikasketak amaitu berritan, soldadutzara joan zen, Jakara, eta hantxe egin zituen 14 hilabete.

Heroinazalea

Soldadutza amaituta, 1983an lan deialdi batera aurkeztu zen, Eusko Jaurlaritzak deituta. Azterketa gainditu, eta lanean hasi zen Nekazaritza sailean. Argia aldizkariari aitortu zionez, heroina hasi zen hartzen lehen diruak irabazten hasi zenean, beste gazte askok bezala garai hartan, bai Arrasaten eta baita Euskal Herriko herri askotan ere: “Hogeita bi urte nituela, dirua irabazten hasteak heroina hartzeari ematea ekarri zuen”. Arrebaren hitzetan, anaiak lana egiten zuen eta bere dirua zeukan; etxean, berriz, sekula ez zuen dirurik ostu heroina erosteko. Hala ere, etxean atsekabetuta bizi ziren, ikusita senidea drogaren menpe bizi zela.

Irekia, ausarta eta jantzia

Jon Salaberri, izaeraz, irekia zen, eta erraz egiten zituen harremanak. Nortasun handia zuen eta, jende gutxik aitortzen zuenean bere homosexualitatea, bera gai izan zen hori egiteko, bai herrian, eta baita lantokian ere. Irakurri ere, asko irakurtzen zuen, literatura eta saioak batez ere.

Seropositibo eta hiesdun

1985ean, Osakidetza hasi zenean lehen analisiak egiten jakiteko zenbat jendek zuen Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB), Jon Salaberrik jakin zuen bera ere seropositiboa zela. Hala ere, ez zion heroina hartzeari utzi. Urte batzuk geroago, Berlingo horma erori zen urte berean, Salaberri gaizki hasi zen sentitzen. Orduan, arrebak bultzatuta,, behin betiko utzi zuen heroina, baina handik lasterrera jakin zuen HIESa garatu zuela, Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea. Garai hartan sekulako triskantzak egiten ari zen mundu osoan, bereziki, heroina zale, odol transfusioa behar zuten gaixo eta homosexualen artean. Lana utzi zuen Eusko Jaurlaritzan, Nekazaritza sailean, eta pentsiodun bihurtu.

Misio bat bizitzan

Ordura arte errebelde eta exhibizionista samar jokatu bazuen, HIESa agertu zitzaionean, bai berak eta baita bere orduko lagunek ere uste izan zuten gaixotasunak lagundu ziola zentzua aurkitzen bere bizitzari. Hala ere, Jon Salaberri ez zen Rock Hudson, Magic Johnson edo Freddie Mercury, jende ezin famatuagoa mundu osoan eta beren bizitzan, une batean aitortu zutenak HIESa zutela. Aldiz, bera hiru adjektibok markatzen zuten: heroina zalea, homosexuala eta hiesduna. Gainera, Jon gorria zen. “Ez zen nazionalista izan —dio bere arrebak: “Abertzalea igual bai, baina ez nazionalista, munduko hiritartzat zuen bere burua”. Hortaz, famatuen zerutik barik, baztertuen lokatzetatik zetorren Jon Salaberri Euskal Herrira garai hartan. Berdin zion, ordurako berak misio bat zuen-eta, geratzen zitzaion denborarako: bera bezalako gaixoen alde lan egitea.

Ekintzaile pragmatikoa

Lehendabizi, bakarrik hasi zen lanean. Sei-zazpi hilabetez, hondartzarako mahai txiki bat hartu, eta Portaloian jartzen zen, Arrasateko erdigunean, informazioa zabaltzen. Baina gizon pragmatikoa izaki, berehala hasi zen aliantza sare bat josten. Hasteko, konpondu egin zituen etxeko harremanak, Idoia arrebarekin nagusiki. Handik aurrera, etengabe partekatuko zituen bere proiektuak harekin, eta bien artean nabarmen hobetu zen harremana. Kalean ere, aliatuak egin zituen bere kausarako: Iñaki Telleria eta Domi Korta mondragoetarrak, besteak beste. Txagorritxuko Ospitalean ere, lagun egin zituen bertako medikuak, tartean Jose Manuel Agud. Eta Gipuzkoatik kanpo ere, bidelagunak bilatu zituen. Debagoienean auto-laguntza talde bat antolatu guran, harremanetan jarri zen Gasteizko talde batekin, Arabako Hiesaren Kontrako Batzorde Hiritarra, eta denboraldi batez haiekin aritu zen lanean, horrelako talde bat zelan kudeatu ikasteko, gero han ikasitakoa bere bailarara eramateko. Bilbon, bestalde, Bizkaiko taldeekin egin zuen bat, eta hantxe ezagutu zuen Josu Unanue HIESaren kontrako T4 taldeko sortzaile bermeotarra, gerora bere lagunik handienetakoa izango zena.

Londresen

1991n, irailaren 11tik 15era, Josu Unanuerekin batera, Jon Salaberri Londresen izan zen, Nazioarteko V. Batzarrean, GIB-HIESarekin bizi direnentzat egina. Bertako leloa berezia izan zen: “Biktima izatetik, irabazle izatera!”. Londrestik gogoberrituta etorri ziren, autolaguntza bultzatzeko prest. Hiesdunen etorkizuna euren esku jarri nahi zuten. Handik bueltan, Jon Salaberrik ere premisa horiekin ekin zion berriz lanari: “Londresen (aurrez Madrilen ere bai), kontinente guztietako ehundaka lagunen taupada, bizia, sentitu dut: kultura eta sinesmen ezberdinetako jendea, eta oso bide ezberdinetatik kutsatua gertatu dena. Denok genuen zerbait amankomunean: GIB (Giza Immunoeskasiaren Birusa) eta itxaropen berbera: borroka egin eta bizitzea. Asko eskatzea ote?” (Arrasate Press, 123).

HIES Ekimena

Araban zebilen arren, Debagoienean ere mugitu zen Jon Salaberri, eta HIES Ekimena izango zena sortu zuen, auto-laguntza talde bat Batzorde Hiritarrek sortua HIESaren aurka. HIES Ekimena izan zen Salaberriren proiektu kutuna. HIES Ekimenak laguntza eta elkartasuna eskaintzen zien seropositibo eta hiesdunei. Baita zerbitzu hauek ere: informazioa HIESari buruz; aholkuak elikaduraz, higieneaz eta ariketaz; aholkularitza eta defentsa diskriminazio kasuetan; informazioa gaixoen eskubideez; laguntza afektibo-emozionala; antisorgailu eta xiringa erabili bakoak banatzea, doan; liburutegi txiki bat eta bestelako ekintzak. Arrasateko Udalak bulego bat utzi zion elkarteari Arrasate pasealekuan, eta urte haietan HIES Ekimenak sekulako lana egin zuen bailaran. 1992an, esate baterako, HIES Ekimenak jardunaldi batzuk antolatu zituen, HIESaren mundu eguna, 20 hitzaldi baino gehiago, mahai informatibo bat jarri Sebero plazan, eta Quiérete, quiéreme aldizkaria argitaratu. Saldu ere, ugari: 11.000 antisorgailu, 1.600 kartel, 6.500 aldizkaritxo baino gehiago, 1.500 pegatina, 250 ale Quiérete, quiéreme aldizkaritik, 100 ale Sidapress, aldizkari bat Bilbon egiten zena. Urte hartan HIES Ekimenak 1.836.062 PTA jaso zituen udal, enpresa eta salmentetatik. Alegia, 11.100 euro inguru. Gastatu, berriz, 1.742.721 PTA, hau da, 10.500 euro inguru. Hurrengo urtean, ostera, 2.000.000 PTAko aurrekontua izan zuen, hots, 12.000 euro gutxi gorabehera. (Arrasate Press, 177). Datu horiei erreparatuz gero, seguruenik, urte horixe izan zuen onena HIES Ekimenak. Garai hartan Jon Salaberrik orduak eta orduak igarotzen zituen elkartearen bulegoan edo eskolaz eskola hitzaldiak egiten.

HIESaren aurpegia

Hil arte, Jon Salaberri HIESaren aurpegia izan zen Euskal Herrian: elkarrizketak eman zituen hedabide askotan, telebistako eztabaidetan parte hartu zuen, hitzaldiak egin zituen… Horra lau adibide:

  1. 1992ko urrian eta azaroan Salaberri birritan izan zen Rifi-rafe saioan, eztabaida saioa ETB2n, audientziarik handienekoa garai hartan eta Antxon Urrosolo aurkezleak gidatua. Lehenean gaixo terminalez hitz egiteko, eta bigarrenean, HIESaz. Bietan, ederto baliatu zuen saioa bere itxaropen mezua zabaltzeko.
  2. 1992aren amaieran Donostia, Gasteiz eta Bilboko Prentsa elkarteek arte erakusketa handi bat antolatu zuten hiru hiriburuetan, dirua biltzeko HIESaren kontra. Erakusketaren leloa: “Emaidazu eskua, ez da ezer gertatzen”. Erakusketa Donostian zegoen bitartean, Gipuzkoako egunkariek orrialde osoko iragarki bat atera zuten hiru egunez, hiru bertsiotan. Berorietan Jon Salaberri lagun hauek babestuta agertu zen: Eduardo Txillida eskultorea, Irene Laffitte pintorea, Andres Vilariño auto gidaria, Xabier Elorriaga aktorea, Alberto Gorriz futbolari ohia eta Antxon Urrosolo telebista aurkezlea.
  3. 1993ko martxoaren hasieran, II. kongresua HIESaren inguruan egina inauguratu zen Bilbon, bertan Luc Montagnier zela, geroago irabaziko zuena Medikuntzako Nobel saria ikertzeagatik zelako harremana dagoen GIB eta HIESaren artean. Haren eta beste 1.000 inguru adituren aurrean, Jose Antonio Ardanza lehendakariak besarkatu egin zuen Jon Salaberri.
  4. Urte berean, martxoaren 28an, Argia aldizkariak portada eta elkarrizketa nagusia eskaini zizkion Jon Salaberriri.

Urte pare bat lehenago Salaberri zabaltzen hasitako mezua hedatzen ari zen Euskal Herrian, eta gizartea bere egiten ari zen mezu hori.

“Emaidazu eskua, ez da ezer gertatzen” kanpaina
“Emaidazu eskua, ez da ezer gertatzen” kanpaina

Gainbehera

1993ko irailean. Jon Salaberri eta Josu Unanue Acapulcora joan ziren, Mexikora, nazioarteko konferentzia batera HIESaren inguruan egina. Londrestik indarberrituta itzuli baziren, Acapulcotik jota etxeratu ziren, han bazterkeriaren gordina bizi izan zuten-eta. Horrezaz gain, Jon gaixotu egin zen. 1994ko apirilean, berriz, Salaberrik toxoplasmosi bat izan zuen, garuneko infekzioa. Handik aurrera, gurpildun aulki batean ibili behar izan zen. Hitz egiteko ere, arazoak izan zituen. Arazoak arazo, mugitzen zen batetik bestera, gehienetan familiak lagunduta.

Amaiera

Azken urtea gogorra izan zen Jon Salaberrirentzat. Pneumonia izaten zuen, eztula, katarroak eta arazoak arnasa hartzeko. Takian-potian Txagorritxura eramaten zuten. Gainera, gurpildun aulkian ibili behar zen beti, beste norbaitek lagunduta. Urte hartan, Salaberri eta beste asko hasi ziren anti-erretrobiral berriak hartzen, AZT izenekoak, eta igarri egin zitzaien apur bat hobetu zirela, baina bere kasuan berandu zen, ordurako oso erreta zegoelako. 1995eko maiatzean, Jon itzaltzen ari zen. Hil aurreko larunbatean bere lagunek kalejira bat egin zuten Arrasaten HIESaren kontra, baina Jon ez zen etxetik irten. Haiek eskatu arren, etxeko balkoira ere ez zen irten. Lau egun geroago hil zen, maiatzaren 10ean, asteazkenez, etxean bertan.

Azken agurra

Egun batzuk geroago, maiatzaren 14an, familiartekoak eta lagunak Leintz Gatzaga herrira joan ziren, Gipuzkoan, Jon Salaberriren errautsak kutxa batean zeramatzatela, bertan azken agurra ematera senitarteko eta lagunari. Hango parke txiki batean, txalapartaren hotsak entzun ziren. Gero, zenbait lagunek hitz egin zuten. Haritz bat ere landatu zuten Salaberriren omenez. Amaitzeko, ondoko zubitik behera Deba ibaira bota zuten haren errautsen parte bat. Berak testamentuan eskatu bezala, gainerako errautsak zabaldu zituzten Sara herrian (berak eta arrebak etxe bat zuten Lapurdiko herri horretan), mendian eta itsasoan.

Urte latzak

1984tik 2000ra urte oso gogorrak izan ziren. Aldi hartan 3.360 lagun hil ziren HIESak jota Hego Euskal Herrian, gehienak gazteak, tartean Jon Salaberri bera.

HIESak hildakoak Hego Euskal Herrian (1984-2000)

Rikardo Arregi sari nagusia

2015eko ekainaren 27an Julen Iriondo kazetari oñatiarrak Rikardo Arregi sari nagusia irabazi zuen Jon Salaberri izeneko dokumentalarengatik. Epaimahaiaren iritziz, dokumental sarituak “ahanzturatik atera eta balioan jarri du 80 eta 90eko hamarkadetan HIESa pairatzen zuten gaixoen egoera ezagutarazteko eta hobetzeko Jon Salaberri arrasatearrak egindako lana. Hala, Joxe Aranzabalek argitaratutako artikulua eta ikerketa baliatuz, primeran egokitu du informazio hori guztia ikus-entzunezkoen formatura. Aipatzekoak dira bai artxiboen erabilpena bai elkarrizketak emateko editaia landu eta zaindua. Jon Salaberriren irudi heroikotik ihes egin eta bere konplexutasuna erakutsi digu, bere argi-ilunak, familiarteko harremanak, lagunekin bizitakoak, gaixotuta bestearekiko erakutsi arreta eta enpatia zein auzolana bultzatzeko gaitasuna, osasun arloko profesionalen ikuspegia, politikoen adierazpenak…”.

Goiena Telebistak egin zuen Jon Salaberri dokumentala, eta 2015eko maiatzaren 5ean eman zuen lehen aldiz. Bertan elkarrizketatu ziren hainbat pertsona, zelan edo halan harremana izan zutenak Jon Salaberrirekin: Idoia Salaberri arreba, Aitor Iturriaga laguna, Txerra Bolinaga laguna, Domi Korta lagun eta lankidea, Jose Manuel Agud medikua, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia eta Josu Unanue lagun eta lankidea.

2015eko urriaren 21ean Bilbon erakutsi zen dokumentala, Cine Invisible izeneko zinemaldian. Urte bereko abenduaren 1ean, berriz, Euskal Telebistaren lehen kateak eman zuen, Hiesaren aurkako mundu egunean.

Liburua Jon Salaberriri buruz

2015eko azaroaren 15ean Joxe Aranzabal kazetari arrasatearrak liburu bat argitaratu zuen formatu digitalean: Jon Salaberri, hiesdunen aldeko ekintzailea. Egileak CC lizentziapean jarri du liburua, cc-by-sa, Aitortu-Partekatu lizentziarekin, alegia eduki libreekin, eta jendeak doan jaisteko moduan.

Liburuak jasotzen du Jon Salaberriren bizitza. Horrekin batera, eskaintzen ditu zazpi elkarrizketa luze, Salaberri ezagutu zuten lagun hauekin eginak: Jose Manuel Agud Aparicio doktorea, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia, Txerra Bolinaga musikari eta aktibista, Aitor Iturriaga laguna, Domi Korta lankidea, Idoia Salaberri arreba eta Josu Unanue lagun mina. Egileak, bestalde, bost argazki baliatu ditu Jon Salaberri ikuspegi pertsonaletik enfokatzeko. Liburuak, azkenik, jasotzen ditu kronologia bat, bibliografia bat eta eranskin bat.

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.