Jon Juaristi
Jon Juaristi Linazero (Bilbo, 1951ko martxoaren 6a) poeta, eleberrigile, saiakeragile eta itzultzailea da. Etakide ohia, orain espainiar nazionalista da.[1][2] Politikan aktiboki parte hartzen du, ETAren aurkako hainbat erakundetako kide da, maiz egiten ditu adierazpen gordinak eusko nazionalismoaren aurka,[3][4][5] eta DENAES (Espainiar Nazioaren Defentsarako Fundazioa) eskuindarraren ohorezko patroietako bat da.[2] 2009ko urtarrilaz geroztik, lehendabizi Esperanza Aguirrek eta gero Ignacio Gonzálezek zuzendutako Madrilgo Erkidegoko gobernuan, Unibertsitateetako eta Ikerketako zuzendari nagusia da.[6][7][8][9] 2010eko abenduan, Patxi Lópezek zuzendutako Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aholku Batzordeko kide izendatu zuen,[10] eta horrek polemika handia sortu zuen Euskal Herrian.
« | Juaristi, nik uste, gizon bikoitza da. Alde batetik oso gizon maitagarria da, oso atsegina, aurrez aurre bihotza emango lukeen horietakoa.
Baina Unamunoren ondorengo gehienek bezala, mamuak ditu barnean eta astindu egiten ditu. Baina mamu horiek Unamuno gaur egunean den bezain anakronikoak dira. Juaristik ez ditu bere mamuak sekula menperatuko. Ezin zaie irabazi, anakronikoak dira eta. Juaristi balio handiko gizona da, baina bere mamuek ez diote aterabiderik ematen, bere espiral intelektuala beherakoa da eta ez gorakoa. Hogeita hamar urte zituenean orain baino pertsona interesgarriagoa zen, intelektual interesgarriagoa ere bai. |
» |
Bernardo Atxagak esana, 2002. urtean[11] |
- Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Jon Juaristi (argipena)»
Bizitza
Bilbon jaio zen, Zazpikaleetan. Aitonaren liburutegian irakurri zituen bere euskarazko lehen liburu klasikoak. Filologia Erromanikoa ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Gazte garaian, Pott Bandan ibili zen Bernardo Atxagarekin eta Joseba Sarrionandiarekin batera, besteak beste, eta ordukoak dira bere euskarazko lan bakarrak. Gabriel Arestik eragin handia utzi zuen Juaristirengan, eta idazlearen obraren zati bat aztertu eta gaztelaniara itzuli zuen, betiere alde literarioa eta errealitate soziopolitikoa uztartu nahian. Bere poesia lana oso estimatua da.
Gazte garaian ETA erakundean denbora labur batez militatu zuen eta bertatik zatiketa trotskista batekin batera irten zen. Bere erromesaldi politikoan, Espainiako Alderdi Komunistatik, Euskadiko Ezkerretik eta PSOEtik igaro eta gero, aspaldiko urteotan ez da inongo alderditakoa.[12] Eskuindarra da, eta adostasun zabala du Alderdi Popularrarekin, nahiz eta zenbait gaitan Alderdi Popularra Juaristi baino ezkertiarragoa izan.[4] Alderdi Popularrarekiko bat-etortze horri esker, Espainiako Liburutegi Nazionaleko eta Cervantes Institutuko zuzendari izan zen, José María Aznar Espainiako lehendakari izan zen aldian, eta, aurrerago, Unibertsitateetako zuzendari nagusia Esperanza Aguirrek zuzendutako Madrilgo Erkidegoko gobernuan.
Miguel Unamuno hirikidearena izan du bere beste eragin bat, eta askotan haren antza hartu diote, batez ere eusko nazionalismoarekin, eta euskal munduarekin oro har, izan duen harreman liskartsuagatik. Bere saiakera lan askoren objektu nagusia euskal mito nazionalen iturria eta garapena izan da, eta hori izan zen bere El Linaje de Aitor doktore tesirako aukeratu zuen gaia. Jon Juaristiren iritziz, eusko nazionalismoa bazterkeriazkoa da, apartheid-eragilea.[4] 1998an Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen El bucle melancólico saiakeragatik, non berriz ere gai politikoak nagusi diren.
Arrazoi pertsonalak zirela eta, fede judua besarkatzea erabaki zuen. Elkarrizketa batean esan zuenez,[13] lehenengo emaztearekin izandako bere seme Martinekin euskaraz mintzatzen jarraitzen badu ere, oraingo emaztearekin izandako bere seme Íñigo Brankorekin erdarak erabiltzen ditu: serbokroaziera eta hebreera. Ez da judu jainkozalea; judaismoa ez du erlijiotzat hartzen, baizik eta munduaren ikuspegi etikotzat, eta urtean bitan baizik ez da joaten sinagogara.[12] Juaristiren ustez, antisemitismoa gaur egun antisionismo gisa aurkezten da, eta antisemitismoa zabalduta dago —lausoki— Espainiako ezkertiarren artean eta hedabideetan.[14] Israelgo estatuak palestinar zibilak ere hiltzen dituzten eraso bereizkuntzarik gabekoak egiteko eskubidea duela aldezten du;[15] adibidez, Madrilen Israelen alde eginiko manifestazioan izan zen 2009ko urtarrilean,[16] 2008/2009ko Gazako gatazkan palestinar erakunde armatuek 13 israeldar hil, eta Israelen erasoek Gaza erabat txikitu eta 1.400 palestinar hil eta berehala.[17]
1998ko otsailaren 13an, euskal jatorriko beste hainbat unibertsitate irakasle, politikari eta idazlerekin batera, Ermuko Foroa sortu zuen. Foroaren helburu dira terrorismoaren biktimek laguntza eta ezagutza jaso ditzaten sustatzea, Hego Euskal Herrian Espainiako Konstituzioaren aldeko alderdien bat-egitea bultzatzea, terrorismo ekintzak salatzea, ETAren eta gobernuaren arteko negoziazioa eragoztea, eta eusko nazionalismoa kritikatzea. 2008an, ordea, Jon Juaristik dimisioa eman zuen Ermuko Foroko zuzendaritzatik, eta Foroko kide izateari ere utzi zion, Foroaren barruko bi talderen artean liskar gogorra izan eta gero.[18][19][20]
Euskararen Aholku Batzordeko kide izendatzearen polemika
2010eko abenduan, Patxi Lópezek zuzendutako Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aholku Batzordeko kide izendatu zuen,[10] eta horren aurka agertu zen eusko abertzale eta euskaltzale ugari.[21][22][23][24] Izan ere, politikaren aldetik, Juaristik adierazpen gordinak egin ohi ditu eusko nazionalismoaren aurka;[3][4][5] eta, hizkuntzaren aldetik, Juaristik dio euskarak ez duela balio kultura hizkuntza gisa,[4]euskararen etorkizunak berdin diola,[25] euskara ez dela bere hizkuntza,[25] eta Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren nazio hizkuntza espainiera dela.[4]
Polemika hori elikatuz, Juaristik adierazi zuen Euskararen Aholku Batzordeko kide izateko izendapena onartzea erabaki zuela «zirikatzen arituz ongi pasatzen duelako», nahiz eta euskara bere hizkuntzatzat jotzen ez duen eta euskararen etorkizunak batere axola ez dion.[5]
Aitzitik, Xabier Mendiguren Elizegi idazlea eta Xabier Kintana euskaltzaina Jon Juaristi Euskararen Aholku Batzordeko kide izendatu izanaren alde mintzatu ziren. Mendigurenen hitzetan, «hobe da euskararen etsaiek ere dagokien lekuan beren ahotsa izatea, gure gizartean existitzen diren neurrian (eta ongi aski dakigu asko direla, eta oso indartsuak, nahiz beren etsaitasuna zurikeriaz eta itxurakeriaz jantzi, Juaristik ez bezala). Euskararentzako arrisku larriena gaur ez baitira jonjuaristiak, halakoen mamua astinduz beren (eta gure) kontzientzia lasaitu nahi duten erdal praktikanteak baizik».[26]
Ildo bertsuari jarraituz, Kintanak nabarmendu zuen Juaristik, nahiz eta eusko abertzalea eta euskaltzalea ez izan, interes handia erakutsi duela euskarari eta Euskal Herriko kulturari buruz, berekin beti euskaraz egiten duela, Cervantes institutuko buru zenean kargu horretatik euskararen aldeko zenbait kudeaketa egin zituela, eta aholku batzorde horretan badela Juaristik baino merezimendu gutxiago duenik. Kintanak zioenez, «eskandalua, egiazko eskandalua, besteena da, ahoz bederen, odola emateko gerturik omen daukaten hipokrita askorena, euskara ikasteko eta bertoko kultura propioa landu eta bultzatzeko, sekula santan urratsik mikroskopikoena ere egin ez duten "abertzale" eskandalizatu horiena, beren kontzientzia txarra lasaitzeko eta, antza, euskararekiko beren funtsezko axolagabekeria estaltzeko, Jon aker bekataritzat seinalatzen digutenena».[27]
Lanak
Saiakerak
- Euskararen ideologiak. Etorkiak (1976).
- Literatura vasca (1987).
- Arte en el País Vasco (1987). Kosme M. de Barañano eta Javier González de Duranarekin batera.
- El linaje de Aitor. La invención de la tradición vasca (1987).
- Vicente de Arana (1990). Vicente Aranaren biografia.
- Vestigios de Babel. Para una arqueología de los nacionalismos (1992).
- El chimbo expiatorio. La invención de la tradición bilbaína.1876-1939 (1994).
- El bucle melancólico. Historias de nacionalistas vascos (1997).
- Sacra némesis. Nuevas historias de nacionalistas vascos (1999).
- Sermo humilis: poesía y poética (1999).
- El bosque originario (2000).
- La tribu atribulada. El Nacionalismo Vasco explicado a mi padre (2002).
- Miguel de Unamuno (2012)
Olerkiak
- Diario de un poeta recién cansado (1986).
- Suma de varia intención (1987).
- Arte de marear (1988).
- Los paisajes domésticos (1992).
- Mediodía (1993).
- Tiempo desapacible (1996).
- Poesía reunida (1986-1999) (2001).
- Prosas en verso (2002).
- Viento sobre las lóbregas colinas (2008).
- Renta antigua (2012).
Bestelakoak
- La leyenda de Jaun Zuria (1980).
- La tradición romántica: leyendas vascas del s. XIX (1986).
- Flor de baladas vascas (1989).
- Cuando canta la serpiente (1989).
- Cambio de destino (2006).
- La caza salvaje (2007).
- Voces para una enciclopedia interrumpida (2008).
- A cambio del olvido (2011).
- Miguel de Unamumo (2012).
- Historia mínima del País Vasco (2013)
- Los pequeños mundos (2018)
Erreferentziak
- «Un "nacionalista español" con imperativos éticos», La Verdad, 2007-03-03.
- (Gaztelaniaz) Jon Juaristiren biografia, Espainiar Nazioaren Defentsarako Fundazioaren webgunean.
- Jon JUARISTI: «Ovejas: Hay en el nacionalismo vasco un turbio fondo animista y prelógico que tiende a aflorar en la vida parlamentaria», ABC, 2011-01-23.
- Ignacio CAMACHO: «Jon Juaristi: "El nacionalismo vasco es un proyecto de guerra civil"», ABC, 2003-02-09.
- Jon JUARISTI: «Amateurismo: Nunca es más grotesco el nacionalismo que cuando se reviste del espíritu de la seriedad», ABC, 2011-02-27.
- «Jon Juaristi, nuevo director general de Universidades», ABC, 2009-01-09.
- «Jon Juaristi, nuevo director general de Universidades e Investigación», Madrilgo Erkidegoaren webgunea, 2009-01-08.
- Europa Press: «Suspendido el acto de apertura de las universidades por las protestas de profesores y estudiantes», La Vanguardia, 2012-09-03.
- «Juaristi: "Entre las personas que protestaban había un grupo de profesionales de la bronca itinerante"», Onda Cero, 2012-09-04.
- «Patxi López confía en Jon Juaristi como asesor del euskera», La Voz Libre.
- Hasier ETXEBERRIA: Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan, Alberdania, 2002. ISBN 84-95589-41-9
- «Jon Juaristi, ex nacionalista vasco, ex militante de ETA, ex comunista, ex socialista… y hoy no afiliado a ningún partido, pero cómodo con su carné español», El Mundo Magazine, 2006-03-05.
- «Jon Juaristiri elkarrizketa», Volgako Batelariak, 2007-02-09.
- Joaquín MIRKIN: «Jon Juaristi: "El antisemitismo tiene raíces psicológicas muy profundas"», Revista Horizonte, 2003-12-21.
- Jon JUARISTI: «Proporciones», El Imparcial, 2008-12-31.
- «El acto de apoyo a Israel logra reunir a miles de personas pese al silencio de los medios», Libertad Digital, 2009-01-18.
- Amnesty International: Israel/Gaza. Operation «Cast Lead»: 22 days of death and destruction, Amnesty International Publications, 2009.
- «La división en el Foro Ermua acaba ante los tribunales», El País, 2008-07-21.
- «El abandono de Juaristi muestra la crisis interna del Foro Ermua», El País, 2009-01-13.
- «Jon Juaristi se va del Foro Ermua», Minuto Digital, 2009-01-15.
- «EAk Juaristi Aholku Batzordetik kentzeko exijitu du, “euskara gutxiesten duenak ezin duelako defendatu”», Eusko Alkartasunaren webgunea, 2011-01-17.
- Jon GOMEZ GARAI: «Euskararen etsaia, euskararen "zaindari"», Sustatu.com, 2011-01-18.
- Ugaitz ZABALA: «Jon Juaristi: kanpoan uso etxean otso», Hitzak eta Hotsak bloga, 2011-01-27.
- «Jon Juaristi Euskararen Aholku Batzordean egotea defendatu du Urgellek», Berria, 2011-01-21.
- «Jon Juaristi: "El futuro del euskera me es muy indiferente"», Deia, 2011-01-28. [Manu Etxezortu kazetariak 2007an Euskadi Irratian eginiko elkarrizketako pasarte bat, gaztelaniara itzulita.]
- Xabier MENDIGUREN ELIZEGI: «Jon Juaristiren alde», Deia egunkariaren Ortzadar gehigarria, 2011-01-29.
- Xabier KINTANA: «Jon Juaristi dela eta», Iritzi-muinetik, 2011-03-22. [Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua (2011-03-20).]
Ikus, gainera
- Euskal Herriko erdal idazleak
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Jon Juaristi |