John Glenn
John Herschel Glenn, Jr. (Cambridge, Ohio, AEB, 1921eko uztailaren 18a - Columbus, Ohio, 2016ko abenduaren 8a) estatubatuar politikari eta astronauta izan zen.
Biografia
Marylandeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta Bigarren Mundu Gerran eta Koreako Gerran parte hartu zuen, Estatu Batuetako marine-armadako kide gisa. 1957an, Los Angeles eta New York arteko eskalarik gabeko lehenengo hegaldi supersoniko kontinenteartekoa egin zuen. 1959an egin zen astronauta, eta, 1962an, Friendship 7 izeneko kapsulan bidaiatu zuen.
John Glenn izan zen, hain zuzen ere, lehenengo aldiz Lurraren inguruko orbita osatu zuen estatubatuarra. Hiru aldiz eman zuen Lurraren inguruan bira, bost orduan, eta, arazo asko izan zuen arren, itsasontzi batek jaso zuen azkenik espazio-ontzia ozeanora jausi ondoren.
1964an utzi zituen bertan behera espazioko programak, eta hurrengo urtean atera zen marineen taldetik. Harrezkero, politikan jardun du, baina sekula ez du galdu hegazkintzarekiko eta espazioko hegaldiekiko arreta. 1974an, Ohioko senatari hautatu zuten Alderdi Demokrataren aldetik, eta, 1980an, 1986an eta 1992an, berriro eskuratu zuen kargu hura. 1998an, 77 urte zituela, Discovery espazio-ontzian bidaiatu zuen. Orain arte espaziora joan den pertsonarik zaharrena da.
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: John Glenn |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Artikulu hau Ohioko biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |