John Franklin
Sir John Franklin (Spilsby, Lincolnshire, 1786ko apirilaren 16a - itsasoan, Gilen Erregearen uhartetik hurbil, 1847ko ekainaren 11) itsasgizon eta esploratzaile ingelesa izan zen. Trent itsasontziaz Ipar Ameriketako iparraldeko itsasertza esploratu zuen (1818-1825), Coppermine ibaiko eta Mackenzieko bokaleen artekoa batez ere. Tasmaniako gobernari izan zen (1836-1843). Ipar Buruko itsasoan hil zen Ipar-mendebaldeko pasaia baten bila egin zuen espedizioan, zeinak bi ontzi zeramatzan, HMS Erebus eta HMS Terror, 129 itsasgizonekin. Ontziak abandonatu ondoren, denak hil ziren, oinez hegoalderako bidea egin nahian, Kanada kontinentalaren bila. Franklinen espedizioa galdu izanak, garai hartako hobetoen prestatuta zihoana, oihartzun handia izan zuen Mendebalean, eta espedizio asko antolatu ziren gerora, hura aurkitzeko.
John Franklin | |||
---|---|---|---|
1837ko urtarrilaren 5a - 1843ko abuztuaren 21a ← Sir George Arthur, 1st Baronet (en) - Sir John Eardley-Wilmot, 1st Baronet (en) → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Spilsby (en) , 1786ko apirilaren 16a | ||
Herrialdea | Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua Britainia Handiko Erresuma 1801eko urtarrilaren 1a) | ||
Heriotza | Gilen Erregearen uhartea, 1847ko ekainaren 11 (61 urte) | ||
Familia | |||
Aita | Willingham Franklin | ||
Ama | Hannah Weekes | ||
Ezkontidea(k) | Eleanor Anne Porden (en) (1823ko abuztuaren 19a - 1825) Jane Franklin (en) (1828ko azaroaren 5a - 1847ko ekainaren 11) | ||
Anai-arrebak | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | King Edward VI Grammar School (en) | ||
Hizkuntzak | ingelesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | esploratzailea, itsas ofiziala eta botanikaria | ||
Parte-hartzailea
| |||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||
Jasotako sariak | ikusi
| ||
Kidetza | Royal Society Royal Geographical Society | ||
Zerbitzu militarra | |||
Adar militarra | Royal Navy | ||
Gradua | admiral (en) | ||
Biografia
Lehen urteak
Franklin Spilsby herrian jasio zen, Lincolnshire konderrian, Ingalaterran, 1786ko apirilaren 16an, hamabi seme-alabaren artean bederatzigarrena, Hannah Weekes eta Willingham Franklin zituela gurasoak. Familiak aurrera egin zuen merkataritzari esker. John Franklinen arrebetako bat, Sarah, Emily Tennyson-en ama izan zen, Alfred Tennyson poetaren emaztea.[1]
Inguruko Louth herrian ikasita, Franklinek karrera egin nahi izan zuen itsasoan. Aitak amore eman zuen, nahiz eta hasieran gurago izan semea elizgizona edo enpresaria izatea, eta aukera eman zion merkatari-ontzi batean probako bidaia bat egiteko, mutikoak 12 urte zituela. Bidaia hark sendotu egin zuen semearen nahia, zeinak, 14 urterekin, jaso zuen aitaren oniritzia Britainia Handiko Itsas Armadan izena emateko, HMS Polyphemus ontziaren kide eginda. Beronekin, parte hartu zuen Kopenhagen-eko guduan, 1801ean. Hurrengo, parte hartu zuen beraren osaba batekin, Matthew Flinders kapitaina, espedizio batean Australiako kostaldea ikuskatzera, HMS Investigator ontzian. Handik itzulita, Napoleonen kontra aritu zen, 1805ean Trafalgarko guduan parte hartuta, HMS Bellerophon ontzian. 1815ean New Orleans hiriko guduan parte hartu zuen. Lehen bidaia Artikora 1818an egin zuen, John Ross esploratzailearen aginduetara, eta lurralde haiek txunditu egin zuten.
1819: Coppermine espedizioa
1819an Franklin aukeratua izan zen lehorreko espedizio bat zuzentzeko Hudson badiatik abiatuta, Kanadako kostako mapa egiteko ekialderantz jota Coppermine ibaiaren ahora. Espedizio hartan, Franklin Hayes ibaira erori zen, Robinson ur-jauzietan, eta espedizio-kide batek atera behar izan zuen, handik 90 metrora.
1819 eta 1822 artean, 20 gizonetik 11 galdu zituen. Gehienak goseak jota hil ziren, baina hilketa bat ere egon zen, eta kanibalismo-susmoak ere bai. Bizirik iraun zutenek likena jan behar izan zuten, eta saiatu ziren euren larruzko botak ere jaten. Hori zela-eta, handik aurrera jende askok deitzen zion Franklini “bere botak jan zituen gizona”.[2]
1823: ezteia eta hirugarren espedizioa Artikora
1823an, Ingalaterrara itzulita, Franklin ezkondu zen Eleanor Anne Porden poetarekin. Hurrengo urtera Eleanor Isabella alaba jaio zitzaien. Emaztea 1825ean hil zen, tuberkulosiak jota.
1825ean, Franklin abiatu zen Artikora, bere hirugarren espedizioan. Orduko hartan, helburua zen Mackenzie ibaiaren ahoa, nondik abiatuko baitzen mendebaleko kostalderantz, eta, ahal izanez gero, bat egin Frederick William Beechey esploratzailearekin, zeinak iparrekialderantz egingo baitzuen Bering estugunetik abiatuta. Franklinekin zihoan John Richardson, zeinak Mackenzie ibaitik ekialderantz egingo zuen, Coppermine ibaiaren ahoraino. Orduko hartan hornidurak hobeto antolatuta zeuden, seguruenik Peter Warren Dease-k kudeatu zituelako, berau Hudson’ Bay konpainiakoa.
Great Slave lakura iritsita, Franklinek 1.600 km. egin zituen Mackenzie ibaian behera, eta 1825eko abuztuaren 16an bihurtu zen bigarren europarra ibaiaren ahora iritsi zena. Han bandera-masta bat eraiki zuen, Parry-rentzako zenbait gutunekin. Negua igarotzera Great Bear lakura itzuli zen, Fort Franklin-era. Hurrengo udan ibaian behera egin zuen, eta aurkitu zuen itsasoa izoztuta. Ehunka km. egin zituen mendebalera, baina 1826ko abuztuaren 16an amore eman, eta itzuli egin zen Fort Franklin-era. 1827ko otsailaren 20an handik alde egin, eta igaro zuen hurrengo negua eta udaberria Fort Chipewyan-en. 1827ko irailaren 1ean Liverpool hirira ailegatu zen.
1828ko azaroaren 5ean Jane Griffin gaztearekin ezkondu zen, bere lehen emaztearen laguna eta bidaiari nekaezina. 1829ko apirilaren 29an George IVak zaldun izendatu zuen, Sir izendapenarekin, eta urte berean, Frantziako Geografia Elkartearen urrezko domina jaso zuen.
1837: Tasmaniako gobernadore
1837an Franklin gobernadore izendatu zuten, Tasmaniakoa (garai hartan, Van Diemen’s Land deitzen zen). Gogor saiatu zen Tasmaniako gizarte antolakuntza eguneratzen, baina bertako kolonoek kontra egin zioten, batez ere haren idazkariak, John Montagu. 1843an, kendu egin zuten kargutik.
Franklin iritsi zen Londresera 1844ko ekainean, haserre eta lan barik, justu Almirantegoa prestatzen ari zenean espedizio handi bat Artikora. Emazteak bultzatuta,[3] eta Tasmaniako umiliazioa garbitu guran, Franklinek senperrenak eta bost egin zituen espedizio haren zuzendaritza lortze aldera, nahiz eta ordurako 58 urte zituen.[4]
1845: Ipar-mendebaldeko pasaiaren bila
Franklinek Artikora egindako bigarren espedizioak utzi zituen 500 km. baino gutxiago esploratu barik hango kostaldean. Britainiarrek erabaki zuten Artikora beste espedizio bat bidaltzea, ondo hornitua hori bai, Ipar-mendebaldeko pasaiaren mapa egiteko. Sir James Clark Ross-ek ezetz esan ondoren, eta beste zenbait aukera baztertuta, Franklinek jaso zuen gonbita espedizio-buru izateko, nahiz eta ordurako 59 urte zituen.
Ofizial gazteago bati, James Fitzjames kapitainari, eman zitzaion HMS Erebus ontziaren agintea, Franklin zelarik espedizio osoaren buru. Francis Crozier kapitaina, zeinak 1841-1844 urteetan agindu zuen HMS Terror ontzia Ross-ek Antartikora egindako espedizioan, berriro izendatu zuten Terror ontziko buru. Franklinek jaso zuen agintea 1845eko otsailaren 7an, eta jaso zituen agindu ofizialak 1845eko maiatzaren 5ean.
Erebus eta Terror ontzi sendoak ziren, eta garai hartako aurrerapen teknologikorik aurreratuenekin hornituak. Lurrun-makina bana ezarri zitzaien, aurretik Londresko eta Croydongo Tren sarean lokomotora gisa ibilitakoak. Lurrun-makinek aukera ematen zieten ontziei beren kasa 7,4 km/h egiteko. Beste aurrerapen teknologiko batzuk ere erabili ziren, hala nola, branka indartuak burdinezko xaflekin, lurrun bidezko barne-berogailu sistema, burdinez babestutako helizeak (izotzak kalte ez zitzan), liburutegiak 1.000 bat libururekin bakoitzak, eta hiru urterako jakiak, era tradizionalean eta potoetan gordetakoak. Azken horiek esleitu zitzaizkion hornitzaile bati Franklin abiatu baino zazpi aste eskas lehenago.
Hornitzaileak 8.000 bat poto bete janari prestatu zituen arrapaladan. Kalitate-kontrolak huts egin zuen, eta, geroago jakin zenez, poto gehienak berunez soldatu ziren, “soldadura lodi eta zabarrez, zeinak eragin zuen beruna potoaren barnera erortzea argizari urtua bailitzan”. Horrezaz gain, ura destilatzeko sistemak berunezko hodiak zituen,[5] erabiltzen zena edateko ura banatzeko eta bero-sistema elikatzeko. Ontzietako marinel gehienak ingelesak ziren, asko Ingalaterrako iparraldekoak; hala ere, bazeuden batzuk Irlanda eta Eskoziakoak ere. Franklin, Crozier eta Graham Gore lotinantaz kanpo, Artikoan esperientzia zuten bakarrak ziren zirujau laguntzaile bat eta izotz-patroi biak.
Espedizioa Greenhithe-tik abiatu zen, Ingalaterran, 1845eko maiatzaren 19an, eskifaia 24 ofizialek eta 110 gizonek osatzen zutela. Bisita laburra egin zuten Stromness portuan, Orkney uharteetan, Ipar Eskozian, eta handik Groenlandiarantz abiatu ziren HMS Rattler ontziarekin eta Barretto Junior izeneko garraio-ontziarekin batera. Espedizioa abiatu aurretik, kapitainak bost gizon bidali zituen etxera Rattler eta Barretto ontzietan. Hortik aurrera, 129 gizonek osatu zuten eskifaia. Azkenengoz, 1845eko abuztuaren hasieran ikusi zuten espedizioa, Dannett kapitainak, berau Prince of Wales izeneko baleontzikoa, eta Robert Martin kapitainak, berau Enterprise baleontzikoa, ikusi zituztenean Terror eta Erebus Baffin badian, egoera aproposaren zain Lancaster itsasartean sartzeko.
1845-1846ko negua Franklinen taldeak Beechey uhartean igaro zuen, eta bertan hiru marinel hil ziren. 1848ko irailean Terror eta Erebus izotzak harrapatuta geratu ziren Gilen Erregearen uharte ondoan, eta, uste denez, sekula ez zuten berriz ere nabigatu. Fitzjames eta Crozier kapitainek 1848ko apirilaren 25ean idatzitako ohar baten arabera, uhartean bertan utzi zena, Franklin kapitaina 1847ko ekainaren 11n hil zen. Oraingoz ez da aurkitu haren hilobia.
Bi urte igarota Franklinen berririk barik, Lady Franklin-ek presatu zuen Almirantegoa bilatze-talde bat bidal zezan. Franklinen espedizioak hiru urterako hornidurak zeramatzenez, Almirantegoak beste urtebete itxaron zuen, bilatze-kanpaina bat hasi eta 20.000 libera eskaini aurretik espedizio galduaren berri ematearren. Diruak eta Franklinen ospeak zenbait espedizio ahalbideratu zuten.
Une batean, hamar ontzi britainiar eta bi estatubatuar abiatu ziren Artikora. Galdutakoak baino, gehiago ziren bilatzen ari zirenak. Bestetik, oso popularra egin zen Lady Franklinen lantua izeneko balada, zeinak oroitarazten zituen Lady Franklinen ahaleginak senarra bilatzeko.[6]
1850ean, lau espedizio elkartu ziren helburu berarekin, hiru Britainia Handikoak eta bat AEBetakoak. Batzuek bat egin zuten Beechey uhartearen inguruetan, non aurkitu ziren espedizio galduaren lehen arrastoak, tartean 1845-1846 neguko kanpaleku bat eta hiru hilobi. Artean jende gehienak uste zuen Franklin bizirik zela, eta Almirantegoak promozionatu egin zuen hura.
1854an, Boothia penintsula aztertzen ari zela Hudson’s Bay konpainiarentzat, John Rae-k jakin zuen Franklin espedizioaren benetako patuaz, zenbait ehiztari inuitekin hitz eginda. Esan zioten ontzi biak jitoan ibili zirela izotzak behartuta, eta gizonak saiatu zirela oinez leku segurura iristen, baina hotzak hil zirela; haietako zenbait, gainera, kanibalismoa baliatu omen zuten, bizirik irauteko.
Rae-ren txostena filtratu egin zen prentsara, eta sekulako eskandalua piztu zen garaiko gizarte viktoriarrean. Jendeak ez zuen sinetsi nahi beren heroiak kanibalak zirenik. Charles Dickens nobelagilea, berau Lady Franklinen lagun handia, berehala irten zen esploratzaileen defentsan, eta kondenatu zuen John Rae inuitek esandakoa sinesteagatik, gehituz askoz ere probablea izango zela inuitek eurek hil izana esploratzaileak.[7] Hurrengo lau hamarraldietan beste 25 bilatze-espedizio antolatu ziren, emaitzarik gabe. Hala ere, espedizio haiek lan handia egin zuten Artikoaren mapa osatzeko.
1981eko ekainean, Owen Beattie-k, berau Antropologia irakaslea Albertako Unibertsitatean, hasi zuen 10 urteko proiektu zientifikoa, eta bertako emaitzek erakutsi zuten Beechey uhartean aurkitutako hildakoak seguruenik hil zirela pneumoniak eta agian tuberkulosiak jota. Toxikologia-txostenak iradoki zuen berun-pozoitzea ere kontuan hartzeko faktorea izan zitekeela heriotz haietan.
1997an, arrazoia eman zitzaion John Rae-k 140 urte lehenago aurkeztutako txostenari; Gilen Erregearen uhartean aurkitutako hezur-ebakiek iradokitzen zuten Franklinen zenbait gizonek kanibalismoa baliatu zutela bizirik irauteko. Ebidentziek erakutsi zuten hezurrak apurtu eta irekin egin zirela, ondoren handik hezur-muina errazago zurrupatzeko, zerbait tipikoa kanibalismoaren azken aldian. Laburbilduz, ebidentziek iradoki zuten hotzak, goseak eta gaixotasunek, eskorbutoa, pneumonia eta tuberkulosia barne, ahaztu barik berun-pozoitzea, denek batera hil zituztela Franklinen gizonak.
Legatua
Franklinen taldea desagertu eta urte askoan, Viktoria garaiko hedabideek aurkeztu zuten John Franklin heroi gisa, zeinak gidatu baitzituen bere gizonak Ipar-mendebaldeko pasaiaren bila. Franklinen jaioterrian haren omenez eraikitako estatuak inskripzio bat dauka: “Ipar-mendebaldeko pasaiaren aurkitzailea”, esaldi bat egia ez dena, baina Lady Franklinek bultzatu zuena. Londresen eta Tasmanian dauden eskulturek ere antzeko inskripzioak dauzkate.
Leku asko izendatu dira Franklin izenarekin, hala nola, Franklin uhartea Antartikan, Franklin uhartea Groenlandian, Franklin sakona Tasmanian, Franklin itsasartea Ipar Kanadan, eta Franklin ibaia Tasmanian, kaleak eta eskolak ez aipatu arren. Austrailian, gainera, RV Franklin itsasoen ikerketarako ontziak ere haren izena darama. Franklinek bere kanadar bigarren espedizioan igaro zuen negualdiaren lekua, Deline, Kanadako Gune Historiko izendatu zen 1996an. Kanadako Ipar-mendebaldeko Lurraldeetako azpieremu bat Franklin barrutia izendatu zen.
2009an Eskerregite zerbitzu bat egin zen Erregearen Itsas Armadaren Eskolan, Londresen, Sir John Franklinen omenezko monumentuaren eskaintza berrian. Bertan ospatu zen Erresuma Batuaren ekarpena Ipar Kanadaren mapa egiterakoan, eta ohoratu ziren aurkikuntza haien bila hil ziren guztiak. Halaber, ospakizunaren datak markatu zuen Francis McClintock-en bidaiaren 150. urteurrena, itzuli zenean Londresera tragediaren berriekin.
Ontziak aurkitu
2014ko irailean HMS Erebus ontziaren hondakinak aurkitu ziren urpean, O’Reilly uhartearen iparrekialdean, egoera oso onean. 2016ko irailean, ostera, HMS Terror ontziaren hondakinak aurkitu ziren, Terror izeneko badian, Gilen Erregearen uhartearen hegomendebalean, hura ere egoera bikainean. Ontzi biak aurkitu ziren urteetan uste izan ziren tokietatik ia 100 km.ra. Arkeologoak uste dute, ontziak abandonatu ondoren, une jakin batean zenbait marinelek ontziratu eta gidatu zituztela orain aurkitu diren tokietara, hara iristeko uharte mordoa saihestu behar ziren-eta. Ontzien hondakinak Kanadako Gune Historiko izendatu dira.
Lanak John Franklinen inguruan
Fikzioaz bestekoak
- "Franklin Saga Deaths: A Mystery Solved?". National Geographic Magazine. Vol. 178 no. 3. 1990ko iraila.
- Beardsley, Martyn. Deadly Wintre: The Life of Sir John Franklin.
- Beattie, Owen, eta Geiger, John (1989). Frozen in Time: Unlocking the Secrets of the Franklin Expedition. Saskatoon: Western Producer Prairie Books. ISBN 088833303X.
- Beattie, Owen eta Geiger, John (2004). Frozen In Time: The Fate of the Franklin Expedition (Edizio orraztua).
- Berton, Pierre The Arctic Grail.
- Coleman, E. C. (2006). The Royal Navy in Polar Exploration, Franklin to Scott.
- Cookman, Scott (2001). Ice Blink: The Tragic Fate of Sir John Franklin's Lost Polar Expedition ISBN 0471404209.
- Hutchinson, Gillian (2009). "Searching for Franklin and the Northwest Passage" ISBN 9780948065842.
- Davis, Richard C. (1995). "Sir John Franklin's Journals and Correspondence: The First Arctic Land Expedition, 1819–1822". The Champlain Society. ISBN 0969342543.
- Davis, Richard C. (1998). "Sir John Franklin's Journals and Correspondence: The Second Arctic Land Expedition, 1825–1827". The Champlain Society. ISBN 0969342594.
- Joel, C. R. (2011). A Tale of Ambition and Unrealised Hope: John Montagu and Sir John Franklin. ISBN 9781921509827.
- Owen Beatle eta John Geiger (1992). "Buried in ice: The mystery of a lost arctic expedition" ISBN 0590438492.
- Lambert, Andrew (2009). Franklin: Tragic Hero of Polar Navigation. ISBN 9780571231607.
- McGoogan, Ken Fatal Passage and Lady Franklin's Revenge.
- Mirsky, Jeannette (1970). To the Arctic!: The Story of Northern Exploration from Earliest Times. ISBN 0226531791.
- Murray, David. (2004). The Arctic Fox: Francis Leopold McClintock, Discoverer of the fate of Franklin. Cork: The Collins Press, ISBN 1550025236.
- NOVA – Arctic Passage Part 1 – Prisoners of the Ice (Telebista-dokumentala).
- Payton, Brian (2009). The Ice Passage ISBN 9780385665322.
- Potter, Russell A. (2016). Finding Franklin: The Untold Story of a 165-Year Search. Montreal: McGill-Queen's University Press ISBN 0773547843.
- Poulsom, Neville W. & Myres, J. A. L. (2000). British polar exploration and research : a historical and medallic record with biographies, 1818–1999. London: Savannah.
- Sutton, Ann, and Myron Sutton. Journey into Ice; John Franklin and the Northwest Passage,. Chicago: Rand McNally, 1965
- Stefánsson, Vilhjálmur (1938). Unsolved Mysteries of the Arctic.
- Woodman, David C. Unraveling the Franklin Mystery: Inuit Testimony.
Fikzioa
- The Frozen Deep – Wilkie Collins, nobela laburra 1874
- The Adventures of Captain Hatteras – Jules Verne, 1864
- Heart of Darkness – Joseph Conrad, 1902
- The Discovery of Slowness – Sten Nadolny, nobela, 1983
- Solomon Gursky Was Here – Mordecai Richler, 1989
- "John Franklin's Story" – Claudia Vurnakes, istorio laburra, 1990
- The Broken Lands – Robert Edric, nobela, 1992
- The Rifles – William T. Vollmann, nobela, 1994
- The Voyage of the Narwhal – Andrea Barrett, nobela, 1998
- The Ice Child – Elizabeth McGregor, nobela, 2001
- The Terror – Dan Simmons, horror nobela, 2007
- Arctic Drift – Clive Cussler, nobela, 2008
- Du Bon Usage des Étoiles – Dominique Fortier, nobela, 2008
- Wanting – Richard Flanagan, nobela, 2008
- The Surfacing – Comac James, nobela, 2014
- Graves of Ice – John Wilson, nobela, 2014
Musika
- "Lady Franklin's Lament" – traditional ballad
- Franklinen hezurrak aipatzen dira John Spearn-en "The Crimson Maple Leaf"
- "Lord Franklin", balada tradizionala, Martin Carthy-k abestua beraren "Bigarren Albuma" (1966) Dave Swarbrick-ekin, Pentangle-k 1973ko albumean, "Cruel Sister (Pentangle-ren albuma)" 1975ean, eta Kevin Burke-k eta Mícheál Ó Domhnaill-ek 1995ean.
- "Northwest Passage", Stan Rogers, balada modernoa, aipatzen ditu Franklin eta beste batzuk, mugarri bat da Kanadako diskurtso politikoan.
- Nightnoise bandak sartu zuen abesti bat Erebus eta Terror 1987ko albumean, Something of Time.
Erreferentziak
- (Ingelesez) John Franklin. 2019-01-04 (Noiz kontsultatua: 2019-01-11).
- (Ingelesez) Franklin, John. (2006-08-03). Narrative of a Journey to the Shores of the Polar Sea, in the years 1819-20-21-22, Volume 2. (Noiz kontsultatua: 2019-01-11).
- Michael,, Palin,. Erebus : one ship, two epic voyages, and the greatest naval mystery of all time. ISBN 9781771644419. PMC 1054396672. (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
- 1955-, Hutchinson, Gillian,. Sir John Franklin's Erebus and Terror expedition : lost and found. ISBN 1472948696. PMC 968290387. (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
- www.hakluyt.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-11).
- McClintock, [Francis Leopold. (1859). The voyage of the 'Fox' in the Arctic seas: A narrative of the discovery of the fate of Sir John Franklin and his companions. London, J. Murray (Noiz kontsultatua: 2019-01-11).
- (Ingelesez) Hutchinson, Gillian. (2017). Sir John Franklin’s Erebus and Terror Expedition. Lost and Found. Bloomsbury, 136 or. ISBN 978-1-4729-4869-4..
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: John Franklin |
Kanpo estekak
- Franklin and the North-West Passage Original reports from The Times
- John Franklinen liburuak Gutenberg proiektua.
- Journals and Correspondence of Sir John Franklin
- The Fate of Franklin (Russell Potter)
- The Life and Times of Sir John Franklin
- List of artefacts recovered from the Franklin Expedition
- Paper from the Universary of Calgary about the discovery of skeletal remains in 1992
- Ottawa plans search for Franklin ships, Toronto Star, 2008ko abuztuaren 14an.
- Search for Franklin from Frozen Ocean: Search for the North-west Passage
- Franklin and Francis Dunn Llanelli's lost Arctic Explorer
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.