John Ashbery
John Lawrence Ashbery (1927ko uztailaren 28a – 2017ko irailaren 3a) estatubatuar poeta izan zen. Hogei poesia-liburu baino gehiago argitaratu zituen, eta AEBetako poesia-sari gehienak irazi zituen; horien artean, Pulitzer saria 1976an, Self-Portrait in a Convex Mirror ("Autoerretratua ispilu konbexu batean") lanagatik. Bere poesia-lanaren ezaugarririk behinenak dotorezia, originaltasuna eta hermetismoa dira. Adituen arabera, AEBetako poetarik esanguratsuenetako bat izan zen, eta Europako lirikan ere eragin handia izan du. Arte-kritikaria eta unibertsitateko irakaslea ere izan zen.
John Ashbery | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Rochester, 1927ko uztailaren 28a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Hudson (New York), 2017ko irailaren 3a (90 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Harvard Unibertsitatea Deerfield Academy (en) New Yorkeko Unibertsitatea Columbia Unibertsitatea Harvard College (en) |
Hizkuntzak | ingelesa frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, idazlea, unibertsitateko irakaslea, kazetaria, arte-kritikaria eta itzultzailea |
Enplegatzailea(k) | Bard College (en) New York Magazine (en) Partisan Review (en) New York Herald Tribune (en) Brooklyn College (en) Harvard Unibertsitatea |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Linzeen Akademia Ameriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia |
Mugimendua | New York School (en) surrealismoa Postmodernitatea |
Genero artistikoa | olerkigintza |
Bizitza
John Lawrence Ashbery New York estatuko Rochester hirian jaio zen, 1927ko uztailaren 28an.[1][2] Ama, Helen Lawrence, biologiako irakaslea zuen; aita, Chester Frederick Ashbery, nekazaria zen.[3] Ontario Lakuaren gertuko etxalde batean hazi zen.
Deerfield Akademian ikasi zuen, mutilentzat baino ez zen barnetegi batean, non W.H. Auden, Dylan Thomas eta beste poeta batzuen lanak irakurtzen baitzituzten, eta han deskubritu zuen bere homosexualitatea ere, bere poemetan kontatu izan zuenez.[4] Berak idatzitako bi poema Poetry aldizkarian argitaratu zituzten, beste gelakide baten izenean, zeinak Ashberyri ezer esan gabe bidali baitzituen aldizkarira. Eskolan ere bazuten aldizkari bat, Deerfield Scroll, eta Ashberyk hainbat poema argitaratu zituen; haien artean, ikaskide batekiko maitasun erantzunik gabeari buruzko sonetoak eta fikziozko testu labur bat. Dena den, Ashberyk, lehen-lehenik, margolaria izan nahi izan zuen; 11 urtetik 15era, Rochester-eko arte-museoko pintura-klaseetara joan zen.
1949an lizentziatu zen, Hardvard Unibertsitatean, cum laude izendapenarekin. Lizentziatura amaierako tesian W.H. Audenen poesia aztertu zuen. Ikasle zelarik, Harvard Advocate aldizkariko kidea izan zen, baita Signeti Elkarteko kidea ere. Unibertsitatean lagun zituen kideen artean, poeta eta idazle ugari zeuden, hala nola Kenneth Koch, Barbara Epstein, V.R. Lang, Frank O' Hara eta Edward Gorey; gainera, ikaskide zituen Robert Creeley, Robert Bly eta Peter Davison. Lizentziatu ondoren, denbora labur batez New York Unibertsitatean ikasten jarraitu zuen, eta 1951n masterreko titulua lortu zuen Columbia Unibertsitatean.
1951 eta 1955 bitartean erredaktore ibili zen publizitatearen eremuan[5], eta 1950eko hamarkadaren erdialdetik 1965era bitartean Frantzian bizi izan zen. Besteak beste, arte-kritikaria izan zen Herald Tribune egunkariaren Europako edizioan, bai eta Art News aldizkarian ere.[5] Bestalde, erailketa misteriotsuei buruzko liburuak itzuli zituen frantsesetik ingelesera. Garai hartan Perre Martory poeta frantziarrarekin bizi zen; gerora, haren zenbait liburu ere itzuliko zituen ingelesera.
1963ko udazkenean, Ashberyk Andy Warhol ezagutu zuen New Yorkeko Literary Theatre-eko poesia-irakurraldi batean. Elkarren ezagutza egin aurretik ere, Ashberyk Warholen arte-lanari buruzko kritika idatzia zuen. Urte berean, margolariak Flowers erakusketa apailatu zuen Pariseko Ileana Sonnabend galerian, eta Ashberyk haren kritika egin zuen, esanez, besteak beste, Parisera egindako bisita harekin Warholek “Oscar Wilde-k 1890eko hamarkadan Buffalora kultura eraman zuenez geroztiko zalaparta transatlantikorik handiena” eragin zuela.[6]
1965. urtearen amaieran, Ashbery New Yorkera itzuli zen. Warholek ongietorriko jai handi bat prestatu zion “The Factory” estudioan, eta Ashbery beraren laguntzaile Gerard Malanga-ren lagun handia egin zen, zeinaren poesian eragin handia baitzuen. AEBetara itzulita, Ashberyk arte-kritikari lanetan jarraitu zuen New York eta Newsweek aldizkarietan, eta ARTNews erredakzio-batzordean ere jardun zuen 1972. urtera arte. 1976 eta 1980 bitartean, ostera, Partisan Review aldizkarian jardun zuen.[6]
1970eko hamarkadaren lehen urteetan irakasle hasi zen Brooklyn Unibertsitatean, eta 1980ko hamarkadan Bard Unibertsitatera joan zen. Hizkuntzak eta Literatura irakasten zituen.
2008an erretiroa hartu zuen. Hala ere, idazten, hitzaldiak ematen eta ikasleekin lan egiten jarraitu zuen.
Lana
Ashberyren poesia hermetismotik gertukoa izan da maiz, eta hark ere ez du ukatzeko lanik hartu: "Nik uste dut nire poesia zerbaiti buruzkoa dela, baina ez dut arrastorik ere zeri buruzkoa", aitortu zuen 2014an, El Cultural aldizkariari emandako elkarrizketa batean.[4][9] Dena den, Ashberyren nahia ez zen bere lana ezkutuan geratzea, ezpada ahalik eta pertsona gehiagorengana iristea; bestela, zioen, papereratutakoa bere buruarekiko elkarrizketa pribatu bat baino ez zen izango.[10][11] Poetaren egitekoari buruz ere idatzi zuen 1972an kaleratutako saiakera batean: "Poetaren kezka nagusia da artelanari bizitza ematea, halako moldez ezen ezinezkoa suertatuko baita hura azaltzen saiatzea".[4]
Yale Unibertsitateko Ingeles Departamenduko buru Langdon Hammer-ek horrela idatzi zuen 2008an: "Azken berrogeita hamar urteetan ez da egon John Ashbery bezalako beste poeta estatubatuarrik; batek berak ere ez dauka Ashberyk baino hiztegi zabalagorik, ezta Whitman-ek edo Pound-ek ere".[12]
Harvard Unibertsitateko ingeles-irakasle eta poeta Stephen Burt-ek, ostera, Ashbery T.S. Eliot-ekin konparatu izan du, eta esan du: "Ingelesez idazten duten poeta bizien erdiek eredutzat daukate Ashbery, eta beste erdiek, ostera, ulertezintzat".[13]
Sariak eta ohoreak
- 2017: Raymon Roussel Elkartearen Domina
- 2011: Humanitateen Domina Nazionala
- 2011: New Yorkeko Idazleen Ospearen Aretoko Kide izendatua
- 2011: Liburuaren Fundazio Nazionalaren Saria eta Liburuaren Fundazio Nazionalaren Ohorezko Domina Amerikako letrei ekarpen berezia egiteagatik
- 2008: America Saria, nazioarteko idazkuntzari bizi osoan egindako ekarpenagatik
- 2008: Robert Creeley Saria
- 2005: Liburuaren Sari Nazionalean finalista, Where Shall I Wander (2005) lanarekin
- 2002: Frantziako Errepublikako Legioko Ohorezko Ofizial izendatua
- 1995: Robert Frost Domina
- 1984: Bollingen Saria poesia-sailean, A Wave (1984) lanarekin
- 1984: Lenore Marshall Saria, A Wave (1984) lanarekin
- 1976: Pulitzer Saria poesia-sailean, Self-Portrait in a Convex Mirror (1975) lanarekin
- 1976: Liburuaren Sari Nazionala, Self-Portrait in a Convex Mirror (1975) lanarekin
- 1976: Liburu Kritikarien Zirkuluaren Sari Nazionala, Self-Portrait in a Convex Mirror (1975) lanarekin
- 1972: Ingram Merrill Fundazioaren beka
- 1962: Ingram Merrill Fundazioaren beka
- 1956: Yale-ko Poeta Gazteen Saria, Some Trees (1956) lanarekin
Bibliografia
Poesia-bildumak
- Turandot and other poems (1953)
- Some Trees (1956)
- The Tennis Court Oath (1962)
- Rivers and Mountains (1966)
- The Double Dream of Spring (1970)
- Three Poems (1972)
- The Vermont Notebook (1975)
- Self-portrait in a Convex Mirror (1975)
- Houseboat Days (1977)
- As We Know (1979)
- Shadow Train (1981)
- A Wave (1984)
- April Galleons (1987)
- Flow Chart (1991)
- Hotel Lautréamont (1992)
- And the Stars Were Shining (1994)
- Can You Hear, Bird? (1995)
- The Mooring of Starting Out: The First Five Books of Poetry (1997)
- Wakefulness (1998)
- Girls on the Run (1999)
- Your Name Here (2000)
- As Umbrellas Follow Rain (2001)
- Chinese Whispers (2002)
- Where Shall I Wander (2005)
- Notes from the Air: Selected Later Poems (2007)
- A Worldly Country (2007)
- Planisphere (2009)
- Quick Question (2012)
- Breezeway (2015)
- Commotion of the Birds (2016)
Prosa eta itzulpenak
- Jean-Jacques Mayoux, Melville (1960)
- The Ice Storm (1987), liburuxka
- Reported Sightings: Art Chronicles, 1957-1987 (1989)
- Other Traditions (2001)
- 100 Multiple-Choice Questions (2000) (1970eko liburuxka esperimental baten berrargitarapena)
- Selected Prose 1953-2003 (2005)
- Pierre Martory, The Landscapist (2008)
- Arthur Rimbaud, Illuminations (2011)
- Collected French Translations: Poetry, Rosanne Wasserman eta Eugene Richie-n edizioa (2014)
- Collected French Translations: Prose, Rosanne Wasserman eta Eugene Richie-n edizioa (2014)
Erreferentziak
- .
- (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
- ISBN 978-0-8242-1077-9..
- Astiz, Iñigo. (2017/09/04). «John Ashbery poeta hil da» Berria (Noiz kontsultatua: 2017/09/04).
- (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
- .
- .
- .
- López-Vega, Martín. John Ashbery: "No tengo ni idea de qué habla mi poesía". (Noiz kontsultatua: 2017-09-04).
- .
- NPR interview with Ashbery about his collection Where Shall I Wander - including poem audio. March 19, 2005
- Hammer, Langdon, "‘But I Digress’", review of Notes from the Air: Selected Later Poems, by John Ashbery, New York Times Book Review, April 20, 2008, accessed same day.
- .