Johannes Fatio
Johannes Fatio (Basilea, Suitza, 1649ko ekainaren 14a - Basilea, Suitza, 1691ko irailaren 28a) kirurgialari eta obstetrizialaria izan zen.
Johannes Fatio | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Basilea, 1649ko ekainaren 14a |
Herrialdea | Suitza |
Heriotza | Basilea, 1691ko irailaren 28a (42 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | zirujaua |
Biografia
Johannes Fatio Basilean jaio zen. Ikasketak jaioterrian hasi zituen, baina Valenceko Unibertsitatean (Frantzia) lortu zuen doktoregoa. Siamdarren bereizketa bikainaz gain, lan handia egin zuen haur kirurgian; umeen baldintza kirurgikoak sistematikoki aztertzen eta tratatzen lehena izan zen[1].
Siamdarrei egindako ebakuntza
1689an, Basilean (Suitza), Johannes Fatio kirurgialari eta obstetrikalaria Elisabet eta Catherina ahizpa siamdar jaioberriak bereizten saiatu zen, eta lehenengoz kirurgia arriskutsuak arrakasta izan zuen. 200.000 jaiotzatik batean anai-arreba bikiak gorputzeko hainbat ataletatik batuta jaiotzen dira[1].
Fatiok XVII. mendean lortu zuen balentria, eta zortea ere lagun izan zuen. Elisabet eta Catherina biki siamdar xifopagoak ziren. Mota horretako siamdarrak ehun bigunetik soilik batuta egon ohi dira eta ez dute ezinbesteko organorik partekatzen; hala, ebakuntzaren ondoren bizirik irauteko aukera askoz handiagoa dute. Elisabetek eta Catherinak organo garrantzitsu bat partekatzen zuten, baina, zorionez, erabat berrosatzeko gaitasuna duen giza gorputzeko organo bakarra zen: gibela. Fatiok berak ez zuen esperantza handirik izango, ebakuntza hasi baino lehen ahizpa itsatsiak bataiatzeko agindua eman baitzuen, zer gerta ere. Itxura guztien kontra, bikiak onik atera ziren eta aurrerantzean bizimodu normala egin ahal izan zuten[1].
Parte hartze politikoa
Hainbat liburutan bildu zuen egindako lana, baina, arrazoi politikoak medio, ez zuen sekula jaso merezitako oihartzuna eta aitorpena. Basileako udal gobernua kontseilu berezi baten eskuetan zegoen garai hartan. Pixkanaka kontseiluan bankariak eta goi mailako merkatariak sartzen joan ziren eta, azkenean, boterea gutxiengo aberatsenaren esku geratu zen[1].
1691n herritarrak boterea berreskuratzeko matxinatu ziren eta lortu zuten. Baina, berehala, kontseilu ohiak kontra-errebolta antolatu zuen, eta ordena zaharra berrezarri. Matxinadaren buruzagietako bat izanik, Johannes Fatio atxilotu, torturatu eta 1691ko irailaren 28an hil zuten. Pediatra aitzindariak idatzitako liburuak konfiskatu eta erre zituzten. Eskuizkribu bakarra salbatu zen, hil baino urtebete lehenago idatzitako Helvetisch-Vernünftige Wehe-Mutter izeneko emagintzari buruzko tratatua. Gainera, obra hori ez zuten egilea hil eta handik 70 urtera arte inprentara eraman[1].
Erreferentziak
- Irazustabarrena, Nagore. (2013-04-28). «Fatiok bereizi zuena ez dezala politikak ezabatu» Argia CC-BY-SA lizentzia.