Joaquín Almunia
José Joaquín Almunia Amann (Bilbo, Bizkaia, 1948ko ekainaren 17a) euskal herritar politikaria da.
Biografia
Bilbon jaioa, Zuzenbidea eta Ekonomia zientziak ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean. Parisen eta Harvard Unibertsitatean ikasi eta gero, irakasle bilakatu eta Alcaláko Unibertsitatean aritu zen. 1972 eta 1975 artean Bruselan lan egin zuen.
1974an, PSOE alderdiko eta UGT sindikatuko kide egin zen. 1979an Madrilgo diputatu hautatu zuten lehenengo aldiz, eta ondorengo legealdietako hauteskundeetan ere (1982, 1986, 1989, 1993 eta 1996an) lortu zuen aulki hori bereganatzea.
1976 eta 1979 artean UGTren ekonomia-arduraduna izan zen, eta handik eta 2004ra arte, Espainiako diputatua. Felipe Gonzálezen gobernuetan bitan izan zen ministro: 1982 eta 1986 artean Lan eta Gizarte-Segurantzarena, eta 1986 eta 1991 artean Administrazio Publikoena.
Geroztik, PSOE alderdiko barne-lanetan murgildurik ibili da, "sektore berritzaile" delakoaren barruan. 1996ko hauteskundeen ostean, sozialisten talde parlamentarioaren bozeramaile aukeratu zuten Diputatuen Kongresuan. 1997an Madrilen egindako PSOEren 34. Biltzarrean, Alderdiko idazkari nagusi aukeratu zuten, Felipe Gonzálezek kargua utzi zuenean, PSOEko idazkari nagusi bihurtu zen. Urte berean, Felipe González bera ordezkatu zuen sozialisten parlamentario-taldearen lehendakaritzan, eta Almuniak utzi egin zuen bozeramaile kargua. Hurrengo urtean galdu egin zituen, José Borrell ministro ohiarekin lehiatuz, gobernuko presidentziarako hautagaia aukeratzeko PSOEren barruan egin ziren hauteskundeak. Almuniak berehala aurkeztu zuen dimisioa, baina Alderdiak Batzorde Federalak erabakiren bat hartu arte itxaroteko eskatu zion eta, handik egun gutxira, idazkaritza nagusian jarraitzeko hitzarmena lortu zuen Borrellekin. 2000. urteko hauteskundeetan, Gobernuko lehendakaritzara aurkeztu zen Almunia; kanpainan, Partido Popular (PP) alderdiaren kontrako eraso zuzena bultzatu zuen, eta ezkerreko beste alderdi nagusiarekin (Izquierda Unida-Ezker Batua) paktu bat egin zuen, aurreneko aldiz, Senatura elkarrekin joateko. 2000n Espainiako hauteskunde orokorretara aurkeztu, baina 7.918.752 boto (%34,1a) eta 125 diputatu lortu ondoren kargua utzi zuen hauteskundeen gauean bertan, sozialisten idazkari nagusi gisa. Rodríguez Zapatero da Almuniaren ondorengoa postu horretan oraingoz.
Madrilgo diputatua izan ondoren, 2004an Pedro Solbes ordezkatu zuen Bruselan. 2004 eta 2009 artean, Europako Batzordeko Finantza komisarioa izan ondoren José Manuel Durão Barrosok presidenteorde eta Lehiakortasun Batzordeko buru izendatu zuen. Espainiako Langile Alderdi Sozialistako kidea da.
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joaquín Almunia |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.