Joana Vasconcelos
Joana Vasconcelos (Paris, 1971), artista portugesa da. Lisboan bizi eta bertan lan egiten du. 1990eko hamarkadaren erdialdetik bere lana maiz jarri du erakusgai. 2005eko Veneziako 51. Bienalean Andregaia (A Noiva) lanarekin parte hartu ondoren egin zen nazioartean ezaguna bere obra. 2018an atzera begirako bat izan du Guggenheim Bilbao Museoan, Zure Ispilua Naiz[1].
Joana Vasconcelos | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Paris, 1971ko azaroaren 8a (52 urte) |
Herrialdea | Portugal |
Lehen hizkuntza | portugesa |
Hezkuntza | |
Heziketa | Ar.Co (en) |
Hizkuntzak | portugesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | artista bisuala, margolaria, ehungintzako artista eta bitxi diseinatzailea |
Lantokia(k) | Lisboa |
Jasotako sariak | ikusi
|
joanavasconcelos.com |
2023ko uztailetik urrira Eivissako Arte Garaikidearen Museoan (MACE) emakumearen boterea aldarrikatu eta emakumeei omenaldia egin zien Vakyrie crown/ Valkiria koroa lanaren bidez. Lan hori ohial brodatu, pasamaneria delakoaz eta crochet edo kako-orratz hialez egina dago, uharteko emakumeen iragan neketsu eta sakrifikatuaren lekuko.[2][3]
Estiloa
Coração Independente Vermelho, Viana do Casteloko Jesus Bihotzaren erlikian oinarritua. | |
Carmen Miranda izeneko obra, zapata erraldoia, lapikoekin eta beren tapekin egina. | |
A Noiva, Neskalaguna, argi-armiarma bat tanpoiekin egina. |
Vasconcelosen ekoizpenak erreferentzia egiten dio Portugalgo kultura herrikoiari (Barcelosko oilarra, Viana do Casteloko bihotza edo Bordalo Pinheiroren zeramikak bereganatzen ditu), bai eta arte garaikidearen baitako eztabaida teoriko berrienei ere, artelanen interpretazioan ikuslearen parte-hartzea errazteko borondateari dagokionez.
Material arrunt ugari erabiltzen ditu artistak, hala nola, etxetresna elektrikoak, azulejuak, ehunak, medikamentuak, pixalekuak, eltzeak edo plastikozko mahai-tresnak... Esate baterako, A Noiva/Neskalaguna, argi-armiarma bat da osoki tanpoiekin egina. Vasconcelosen eskulturek oparotasuna eta kromatismoa dituzte ezaugarri nagusi: mugimendua, argia eta soinua dute batzuetan, eta eskala handian eginak dira gehienak: zapata takoidun erraldoi bat kasu, lapikoekin egina[4].
Umore-sena ere erakusten du eta identitate-auziei ere heltzen die: kontu oso intimoetatik gai sozio-politiko unibertsaletaraino, nola diren emigrazioa edo emakumearen esplotazioa.
Erakusketak eta lanak
2012an Versaillesko Jauregian bere lana erakusgai jarri zuen lehenengo emakumea izan zen, baita hori egin zuen artistarik gazteena ere. Bera baino lehenago han izandako artistak dira, adibidez Jeff Koons, Xavier Veilhan eta Bernar Venet frantziarrak, eta Takashi Murakami.
Lan nabarmenak:
- Trafaria hondartza (Trafaria Praia) proiektua, Veneziako 55. Bienaleko Portugalen Pabilioiarako;
- The World Belongs to You erakusketa kolektiboaren parte-hartzea Palazzo Grassi/François Pinault Foundation jauregian, Venezia (2011);
- Lisboako Museu Coleção Berardo museoak eskaini zion lehenengo atzera begirakoa (2010).
- Atzera begirakoa, Guggenheim Bilbao Museoan, Zure Ispilua Naiz (2018).
Erreferentziak
- «Joana Vasconcelos | Artista | Guggenheim Bilbao Museoa» joanavasconcelos.guggenheim-bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-24).
- (Gaztelaniaz) Portocarrero, Enrique. (2023-07-11). «Joana Vasconcelos reivindica en Ibiza el poder de la mujer» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-07-13).
- (Gaztelaniaz) Ferrer, Laura. (2023-07-06). «Joana Vasconcelos corona a las mujeres del pasado de Ibiza» Noudiari.es (Noiz kontsultatua: 2023-07-13).
- «Joana Vasconcelos» joanavasconcelos.com (Noiz kontsultatua: 2018-08-25).