Joan Filipe Bela
Joan Filipe Bela, frantziar grafian Jeanne-Philippe de Béla[1] (Maule, Zuberoa, 1709ko[2] otsailaren 3a - Paue, Okzitania, 1796) zalduna, militarra eta idazlea izan zen.
Joan Filipe Bela | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Maule-Lextarre, 1709ko otsailaren 3a |
Herrialdea | Zuberoa, Euskal Herria |
Heriotza | Paue, 1796 (86 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta zalduna |
Bizitza
Gainbehera etorritako etxe oneko semea, abentura egarriak hartu zuen gaztetan eta 18 urte zituela Grenoblen Frantziako armadan sartu zen. Metzen dragoien teniente bilakatu zen. Buruzagi militarren agindu eta errietak gaizki eramaten zituen gizona izaki, kapitain bati duelo batean eraso egin zion eta preso hartu zuten Frantzian. Presondegitik ihes egin eta hainbat gorabeheraren ondoren Suediako armadan sartu zen. 1733. urtean Poloniako Erregetzarako Gerran hartu zuen parte Stanisław Leszczyńskiren alde, Suediako eta Frantziako gudarosteekin batera. Errusiarrek Danzigen hartu zuten preso baina ihes egin eta Königsbergen berriro bere armadarekin bat egin zuen. Arrisku handian ibili ondoren, Frantziara itzuli zen eta, 1738an kanoi mota berri bat asmatu zuen. 1745ean, 36 urte zituela, Luis XV.ak kantabriarrek (hots, euskaldunek[oh 1]) osaturiko gudaroste bat sortzeko agindu zion. Horrela jaio zen 1799ra arte jardun zuen Royal Cantabre errejimentua, Bela koronel zutela. Errejimentua, Euskal Ehiztarien aitzindaria izan zen. 1748an Exercices et évolutions à l’usage du Régiment Royal-Cantabre lana eman zuen argitara eta handik urtebetera utzi zuen armada, auzi luze baten ondorioz. Errejimentua ere ezer ezean geratu zen baina 1762ra arte iraun zuen, Flandrian bere abilezia erakutsiz.
Gizon jakintsua, Agosti Xahok (Ariel, 1846) eta Ducerék (1896) argitara eman zuten Memoires Militaires lana idatzi, eta 30 urtez luzatu zen Histoire des Basques depuis leurs origines jusqu’à 1748 lan handiaren prestaerari ekin zion. Euskal Herriko herrialde guztien historia jasotzen zuen, ordura arte idatzi zen euskarazko hiztegirik handienarekin batera. Hiztegi honek euskalkietako hitzak jasotzen zituen, hebreera, grekoa, zeltikoa, bretoiera, arabiera, latina, gotikoa, espainiera eta italierazko adierekin batera. Zoritxarrez, ezin izan zuen argitaratu lan hori eta Dom Sanadon apezpikuak Bela iturri zuela Pauen kaleraturiko Essai sur la noblesse des Basques baizik ez da orain arte ezagutzen. Horrez gainera, euskarara itzuli zituen laborantza eta ekonomiari buruzko lan batzuk, argitaratu ezinean geratu zirenak. Maulera joan zen bizitzera eta oihal lantegi bat sortu zuen; han handikien artekotzat onartu zuten eta 1767an Zuberoako Gorteetan aukeratu zuten abokatu, aitonen semeen ordezkari[3]. Aberats, jaun eta lurjabe handi zelarik, klase apalen aurkako neurriak hartu zituen eta Iraultza nagusitu ondoren, lur asko galdu zituen.
Lanak
- Mémoires militaires;
- Histoire du Royal Cantabre;
- Histoire des Basques;
- Les limites de Sainte-Engrâce avant l'usurpation béarnaise[4].
Bere esaerarik ezagunena honakoa da[1]:
« | Lehen hala, orai hola, gero ez jakin nola | » |
Oharrak
- Joan Filipe Bela teoria euskokantabristarekin bat zetorren. Teoria horren defendatzaileen ustez euskaldunak Erromari aurre egin zioten kantabriarrak ziren.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Veyrin, Philippe. (1947). Les Basques. Arthaud ISBN 2 7003 0038 6..
- Moutche, Gérard. (2010). Que disent les maisons basques ?. Atlantica, 53-55 or. ISBN 978 2 7588 0177 1..
- Araneder, Jeanne; Etchegoyhen, Michèle. (2003). Linteaux et bénitiers en Soule. Ikerzaleak.
- Peillen, Txomin. Analyse du document Les limites de Sainte-Engrâce avant l'usurpation béarnaise. .
Kanpo loturak
- (Frantsesez) "Sur les traces mauleonaises du chevalier de Bela et de sa famille", Association Ikerzaleak.