Joan Batista Elizanburu

Joan Batista Elizanburu Irazabal[1] (Sara, Lapurdi, 1828ko abuztuaren 14a1891ko urtarrilaren 2a) euskal idazlea izan zen, Mitxel Elizanbururen lehengusua. Labaienen eta Sarasolaren ustez, XIX. mendeko euskal poetarik onena izan zen,[2] umoretik tristurara erraz igarotzen zekiena. Olerkiez gainera, eleberri labur bat ere idatzi zuen, Piarres Adame izenekoa, 1888an Pauen argitaratu zena.

Joan Batista Elizanburu

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJoan Batista Elizanburu Irazabal
JaiotzaSara, 1828ko abuztuaren 14a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
HeriotzaSara, 1891ko urtarrilaren 2a (62 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakmilitarra, poeta eta idazlea
Lan nabarmenak
MugimenduaEuskal Pizkundea
Zerbitzu militarra
Graduakapitain
Parte hartutako gatazkakFrantzia-Prusia Gerra

Literaturaren Zubitegia: 267

Bizitza eta lanak

Lana eta alferkeriari buruzko bertso batzuen Elizanbururen eskuizkribu bat.

Larresoroko apazgaitegian egin zituen ikasketak. Bertan, Grazian Ademaren adiskide mina egin zen,[3] eta Jean Baptiste Kamusarri olerkariaren ikasle izan zen. Alabaina, apaiz ikasketak utzi eta Frantziako armadan sartu zen, kapitain mailara iritsiz. 1870ean preso hartu zuten Metzen alemanek. 1871n, Napoleon III.a menderatua izan zenean, Sarara itzuli eta Ezpeletako barrutiko bakezko juje aritu zen hil zen arte. 1891n zendu zen, 63 urte zituela.

Garai hartako Ipar Euskal Herrian bi alderdi nagusi zeuden: xuriak, erregetiarrak eta apaiztarrak, eta gorriak, errepublikazaleak eta laikoak. Elizanburu gorria zen, baina, Ibon Sarasolak dioenez, horrek ez du esan nahi kristau zintzoa ez zenik; Piarres Adame-ri darion ideologia, adibidez, erabat ortodoxoa baita, baina ez zuen Hiriart-Urruti baten erlijio-hertsikeria izugarriarekin, hots, izutzen duenarekin, zerikusirik.

Elizanbururen maila literarioaz Koldo Mitxelenak hauxe dio:[4]

« Elizanburu, batez ere, hizkuntzaren maisua da, eta trebetasun handiko bertsogilea. Oso gustu argikoa, literatura-prestakuntza sendoa zuen frantsesarekin, eta, gainera, erregistro ugari zituen, denak trebetasun berarekin erabiltzen zituenak. Hainbaten artean maisu izan zen txantxetako deskribapenaz gain ('Iragan besta'), emakumeen edertasuna ('Maria'), maitasuna ('Aingeru bati'), nostalgia ('Agur nere herriari', Chori berriketaria), landako bakea ('Nere falta etchea', 'Artzaingoa'), bere produkzioan kutsu heroikoa ere ez da falta ('Biba Frantzia').[...] Bilintxekin konparatuta, nota pertsonalegia saihesten du, eta, une dramatikoenetan ere, estutasunaren eta atsekaberik gabeko minaren adierazpena lausotzen du, 'Solferinoko itsua' olerki ezagunean ikusten den bezala.  »
Koldo Mitxelena[4]

Ustez Elizanbururena da, beraz, Solferinoko itsua olerki edo bertso saila, eta 1864an Anton Abadiak Saran antolatutako Lore Jokoetan bigarren saria jaso zuen. Sariketa hartara «A. Salaberry» ezizeneko autore batek aurkeztua izan zen, baina ikerle askoren arabera J. B. Elizanbururena da. Bertan kontatzen da, lehen pertsona erabiliz, Solferinoko guduan, 1859ko frantsesen eta austriarren arteko gerran, itsututako soldadu baten historia. Elizanbururen beste olerki batzuk Emazte edalea (1855), Tam, tam, tam, tam, ratapetamplan (1858), Gazte hiltzera dohana (1860), Nere etchea (1861), Apexa eta lorea (1862), Maria (1866) eta Xori berriketaria (1871) dira.

Horiez gainera, hitz lauz idatziriko kontakizun labur bat ere eman zuen argitara lapurteraz: Piarres Adame. Eleberri baten lehen zatia da. Pauen argitaratu zen 1888an. F. B. Larzabalek dioenez,[5] lehenik feuilleton baten antzera agertu zen Donibane Lohizuneko La Nivelle aldizkari gorrian, 1886. urtean, bosgarren kapituluraino. Gero, Le Réveil Basque errepublikar astekari ospetsuan. Izan ere, Piarres Adame aproposa zen atalka kaleratzeko.

Nere etxea

Ikhusten duzu goizean,
Argia hasten denean,
Menditto baten gainean,
Etxe ttipitto aintzin xuri bat,
Lau haitz ondoren erdian,
Xakur xuri bat athean,
Ithurriño bat aldean:
Han bizi naiz ni bakean.

Nahiz ez den gaztelua,
Maite dut nik sor-lekhua,
Aiten aitek hautatua.
Etxetik kanpo zait iduritzen
Nonbeit naizela galdua,
Nola han bainaiz sorthua,
Han utziko dut mundua,
Galtzen ez badut zentzua.

[...]

Idazlanak

Eleberriak

Olerkiak

Hainbat olerki ezagun idatzi zituen:[6][7]

Errekonozimenduak

Solferinoko itsua
Harmen hartzera deitu ninduen

gazterik zorte etsaiak;

urrundu nintzen, herri alderat

itzuliz usu begiak,

itzuliz usu begiak.


Zorigaitzean baitut ikusi

Solferinoko hegia!

Alferretan dut geroztik deitzen

iguzkiaren argia,

iguzkiaren argia.


Nihoiz enetzat ez da jaikiren

goizeko argi ederra,

zeru-gainetik nihoiz enetzat

dirdiraturen izarra,

dirdiraturen izarra.


Bethiko gaua (gau lazgarria!)

begietara zait jautsi;

ene herria, ene lagunak

nihoiz ez behar ikusi..!

Nihoiz ez behar ikusi!


Ene amaren begi samurrak

bethiko zaizkit estali,

maiteñoaren begithartea

behin bethiko itzali...

Behin bethiko itzali!


Ez aipha niri landa hegitan

sortzen den lili ederra;

othoi, ez aipha ur axalean

arinik dohan ainhara,

arinik dohan ainhara.


Larrainetako haritz, gaztaina,

mendietako ithurri;

horiek oro enetzat dire

amets histu bat iduri,

amets histu bat iduri.


Herriko bestan, gazte lagunak

kantuz plazara dohazi;

eta ni beltzik, etxe zokhoan,

irri egiten ahantzi!

Irri egiten ahantzi.


Oraino gazte, gogoz ez hoztu,

eta biziak lotsatzen...

Doha(ka)bea! Zer eginen dut

jaunak ez banau laguntzen?

Jaunak ez banau laguntzen?


Ai, aski hola! Jainkoa, barka!

Begira zure haurrari;

kontsolamendu zerbait emozu;

noizbait duzun urrikari,

duzun noizbait urrikari.

Elizanbururen hilobia Sarako hilerrian

Erreferentziak

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Sarasola, Ibon. Jean Baptiste Elizanburu. Euskal literaturaren historia, Lur, 1971, zubitegia.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-10).
  3. Elissamburu, Jean Baptiste. Auñamendi Eusko Entziklopedia, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-10).
  4. Mitxelena, Koldo. Jean Baptiste Elizanburu. Historia de la literatura vasca, Minotauro, 1960, zubitegia.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-10).
  5. Larzabal, F.B.. J. B. Elissamburu eta Oxalde, bi «gorri». in Piarres Lafitteri omenaldia, Bilbo: Euskaltzaindia, Iker 2, 323-338, euskaltzaindia.net (Noiz kontsultatua: 2020-8-10).
  6. Bertsolaritzaren historia II, (Patri Urkizuren edizioa). Etor, 1991
  7. «Jean Baptiste Elizanburu: Koplak» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  8. «Euskal Poesiaren Ataria - LAU ANDREN BESTA (AMETS BAT) - Jean Baptiste Elizanburu» basquepoetry.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  9. (Ingelesez) «Iragan besta biharamunian» EKE (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  10. Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale Elkartea. «Iragan festa biharamunean - Doinutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  11. (Ingelesez) April 22; Comments, 2016 | Kyle Baker |. «Sing Like a Basque: Traditional Folk Songs» Smithsonian Folklife Festival (Noiz kontsultatua: 2024-03-03).
  12. Ikusten duzu goizean. J.-B. Elizanburu. badok.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-10).
  13. «Enarak» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  14. «Juergasmoan» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  15. «Elizanburu-Etxahun-Otaño» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  16. «Oskorri & The Pub Ibiltaria 9» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).
  17. «Herria» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-18).

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joan Batista Elizanburu
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.