Jesus Guridi
Jesus Guridi Bidaola (Gasteiz, Araba, 1886ko irailaren 25a – Madril, Espainia, 1961eko apirilaren 7a) Euskal Herriak eman duen musikagilerik ospetsuenetako bat da.
Jesus Guridi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Gasteiz, 1886ko irailaren 25a |
Herrialdea | Araba, Euskal Herria |
Heriotza | Madril, 1961eko apirilaren 7a (74 urte) |
Familia | |
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Parisko Schola Cantorum College of the Savior, Zaragoza (en) School of St. Thomas Aquinas of the Piarist Schools of Zaragoza (en) |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Irakaslea(k) | Abel Decaux (en) Vincent d'Indy Auguste Sérieyx (en) Jose Sainz Basabe Joseph Jongen (en) Otto Neitzel (en) |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea, orkestra zuzendaria, musikologoa eta organista |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia |
Mugimendua | Euskal Pizkundea |
Izengoitia(k) | Jexux Guridi |
Genero artistikoa | opera zarzuela |
Musika instrumentua | organoa |
Euskal Herriko musikagileen artean bera izan da musika-lanaren alderdi gehien ukitu dituena. Musika sinfonikoa egin zuen, ganbera-musika, abesbatzarako musika, herri-musika, operak, zarzuelak, pianorako zein organorako musika... Guridiren aldian ez zen izan, ez Euskal Herrian ez estatu osoan, hark adina alor landu zituenik, musikaren konposizioan. Zinerako musika edo hots bandak ere egin zituen.[1] Horrela, Guridik zenbait hamarkadatan musika diziplina ugari landu zituen, sinfoniatik (Diez melodias vascas, 1941) hasi eta zarzuelara (El caserío, 1926), operatik (Mirentxu, 1910) edo zinemako musikatik pasatuz, bere bizitzan ikuspunturik sentikorrenak izan zirenak inoiz ahaztu gabe, horrela organista izan zen eta Euskal Herriko abesti herrikoien sortu (Hator hator) eta moldatu zituen (Euskal folkloreko XXII abesti, 1932, Boga boga esaterako).
Musikari-belaunaldi emankor baten barruan bizi izan zen Guridi: Usanditzagarekin eta Aita Donostiarekin batera, Frantzian, Belgikan eta Alemanian europar musikaren iturrietan edan ondoren, euskal musikari ordezkaritza unibertsala eman zion.
Bizitza
Gaztaroa
Guridi 1886ko Irailaren 25an jaio zen Gasteizen Florida kaleko 36. zenbakian. Done Mikel goiangeruaren parrokian bataiatua, orduko ohitura zenez, Jesús Luis Formerio izen korapilatsua ezarri zioten.
Ferenc Liszt hil zen urte berean, 1886an, jaioak dira euskal musikari ospetsuak izango ziren Juan Bautista Gisasola, Gregorio Arziniega, Pedro San Juan, Jose Gonzalo Zulaika (Aita Donostia), José Franco, eta Jesus Guridi. Urtebete geroago jaioko zen Jose Maria Usanditzaga, Guridiren lagun eta adiskide kutuna.
Aita, Lorenzo Guridi Area, gernikar bibolinista nabarmena zen, ama berriz, Trinidad Bidaola Ledesma, iruindar pianista trebea. Hauetaz gain, Guridiren senide asko musikariak izan ziren: birraitona, Nicolas Ledesma, eta aitona, Javier Guridi biak Bilboko Donejakue elizan kapera-maisu eta organista izan zirenak, Jesusek berak geroago hartutako postuan. Amaren aldeko aitita ere, Luis Badiola, organista izan zen.[2]
Oraindik txikia zela, familia Zaragozara aldatu zen eta handik gutxira, Madrilera. Han Valentin Arin ordiziatarrarekin aritu zen armonia ikasten eta azkar ikasten ere bai, mutikoak hamaika urtekin, ba zituen zenbait obratxo idatzirik, haien artean Madrilgo kantari ospetsu batentzako erromantza eder bat. Baritonoak, Emilio Garcia Solerrek erromantza goiztiar hura sarritan abesteaz gain, mutikoa behin eta berriz “El Apolo” zeritzan antzokira eraman zuen. Hantxe jaio zen, ziur asko, Guridiren lyrik antzokirako joera.
Berriz ere Euskal Herrian
Mende aldaketan Lorenzo Guridik Arriaga Antzokiko orkestran aurkitu zuen tokia eta Bilborantz itzuli ziren. Han Lope Alaña biolinistak eta Bilboko Laukote Elkartearen fundatzaileak, Jesus Guridi semebitxitzat hartuz, musika ikasketetan aurrera egiten lagundu zion. Guridi berak kontatzen zuen: «Nire oroipen urrun eta ahantzezinen artean, Bilboko Udaletxea gogoratzen dut. Lope Alaña zen bertako diruzaina. "Nik bere bulegoan bisitatzen nuen... esku artean nerabilen konposaketaren bat kontsultatzeko... edo Philarmonikaren kontzerturen bat irazkintzeko... Pepe Orueta eta biok joaten ginen (udaletxera)...on Lopek biolin ikasgaia eman ziezagun. Pepe ... ordu bietako trenean etortzen zen... nik zubian itxaroten nion ... makinaren ke-aldia aurpegian hartzeak jostarazten ninduelako... Hil-kutxatxoen antzeko gure biolin maletatxoekin zeharkatzen genituen Arenala eta Sendeja. Ikasgaia bukatu eta gero, Crescencia andreak, Loperen emazteak, atorlepo eta ttattar luzeak janzten zizkigun...»
Lope Alañak bere begiko zuen mutiko hura Gelatxoa (El Cuartito) zeritzan toki hautatura sartu zuen. Hamabi urte besterik ez zituela, Jesus Guridi aterpe jakintsu horretan goi mailako entzuleentzat pianoan geroko konposatzaile handia atzematen zuten zenbait musika-une zuzen eta itxuroso jo zituen:[2] bitxi eder hauek Leipzig-eko Breitkopf & Härtel etxeak Quatorce morceaux− izenburuarekin argitaratuko zituen handik urte batzuetara. Txoko hartan Guridi gazteak, beste nortasun handiko gizonen artean, beretzat garrantzi handikoa izango zen Jose Sainz Basabe aurkitu zuen.
Juan Carlos Kortazarrek Guridiri abesti bat konposatzeko eskatu zion, Done Zezilia egunean ospatzen zen emanaldi baterako: “Zuk nahi duzun moduan egin eta musikaz bakarrik arduratu; hitzak nik ipiniko ditut gero”. Orduantxe jaio zen Así cantan los chicos konposaketaren lehen zirriborroa.
Mendearen hasieran Lore Jokoak ospatu ziren Bizkaiko hiriburuan, Miguel Unamuno jaien mahaiburu zelarik. Musika arloan Jesus Guridik, hamalau urteak bete gabe, kantu eta pianorako Txalupan abestiarekin Plazido Allende saria irabazi zuen. Urte berean Bilboko Philarmonia Elkarteak kontzertu baten bigarren parte osoa Guridirentzat izan zen eta arrakasta handia lortu zuen eta Resurreccion Maria Azkuek Guridi haur miragarritzat hartu zuen.
Europako ikastaroa
Denen begikoa, etorkizun handikoa, musikari gazte onartua, Parisera abiatu zen Jesus Guridi 1904an, Schola Cantorum zeritzan erakundean musika ikasketak sakontzeko asmoz. Vincent d'Indy ospetsua zen eskola famatu hartako irakasle eta zuzendaria, eta hiru euskaldun ikasle zituen: Azkue, Usanditzaga eta Guridi.
Han Guridik pianoa, armonia eta kontrapuntua sakondu zituen, bai organoa ikasi ere, beretzat aurrerantzean lanbide nagusia izango zitzaiona. Bere konposaketako azterketa eskolako onena izan zen eta Vincent D’Indyren gorespena jaso zuen; maisuak ikasleen aurrean hiru aldiz jo zuen ariketa pianoan, beste lan guztiak baino askoz hobea zela adierazita.
Parisko ikasketak gainditu ondoren, Guridi, oraindik ikastaro garaian zela, Belgikara iragan zen eta geroago Alemaniara, Azkuek aipatutako bi irakasleekin Joseph Jongen eta Otto Neitzel egoteko.
Joseph Jongen Bruselasko kontserbatorioko irakasle ta zuzendaria zen eta oso goi mailako izena zuen konposatzaile ta organisten munduan. Berarekin organoa eta konposaketa landu zuen Guridik. Ospe handiaren jabe zen momentu hartan Ysaye biolinista belgikarra, Pablo Sarasate nafarraren lehiakidea. Ba dirudi Ysaye berberak Guridi Elegia idaztera animatu zuela. Garai berekoak dira Soka laukote bat, Paysage, Nostalgia eta Fantasia.
Guridiren hurrengo pausoa Alemaniara izan zen, Kolonian instrumentazioa lantzeko Otto Neitzel irakaslearekin. Benetako aholkularia izan zen Guridirentzat; elkarrekin joaten ziren Munichera, antzokiak ikustera eta Wagnerren operak bere balioan eta benetakotasunean erakartzera.
Etxean berriz
Bilbora itzultzean Guridi Joan Santuen elizako organista izan zen lehendabizi, eta gero Donejakue basilikan. Koral Lagunarteak zuzendari bilakatu eta abesbatzarako eresi sorta handitu zuen, herri abestiekin aberastuz eta koralak arrakasta handia izan zuen Bilbon eta Madrilen.
Garai honetan idatzi zituen lanen artean aipatzekoak dira Koral Lagunartearentzat landu zituen Euskal abesti sailak (1913).[3] Horien artean zegoen Goiko mendian.[4]
1908a izan zen oinarrizko urtea Guridirentzat. Urtarrilaren 26an Bilboko Philarmonikan Así cantan los Chicos estreinatu ziren. Manuel de Falla maisuaren iritziz, “obra honek, berak bakarrik, autoreari fama hilezina eskuratzea merezi dio”.
Guridi 1922ko uztailaren 7an, San Fermin egunean, Julia Ispizua Uribe andrearekin ezkondu zen Gipuzkoan, Lezoko saindutegian. Sei seme-alaba izan zituzten, Guridiri eskainitako omenaldi eta adiskidetasun adierazpen guztien hartzaileak.
Guridiren konposizioen artean, El caserío zarzuela da ezagunenetarikoa. Hori idatzi eta gero ekin zion euskal musika folklorikoa biltzeari Euskal Herriko herriak bisitatzen zituen, eta tokiko kantak entzutea gustatzen zitzaion, barneratutakoa partituran idazteko. Hortik sortu ziren orain ezagunak diren abesti batzuk.[2]
Madrilen sortu zituen, ordea, lan gehienak. Ikasten jarraitzeko joan zen Madrilera, eta han geratu zen bizitzera, hil zen arte. Idatzi zituen obra asko, beraz, Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan geratu ziren, senideek Eresbil artxiboari bidali zizkioten arte. Aldiro bueltatzen zen Guridi Gasteizera; haren obrak estreinatzen ziren bakoitzean, gutxienez. Ez zuen inoiz Gasteiz ahaztu, eta Gasteizek beti gogoratu zuen.[2]
1952ko urtarrilaren 26an Gasteizko Udalak, Gonzalo de Lacalle alkatearen eskutik, hiriaren Seme Kutuna zela egiaztatzen zuen pergamu bat eman zion Guridiri Printzipal Antzokiko agertokian. Ekitaldi berean, Federico Sopeña jaunak Alfonso X Jakintsuaren Gurutze Handia ezarri zion Guridiri. Emanaldi gehiago antolatu ziren egun haietan, kontzertuak eta abar, Guridiren omenez. Besteak beste, Musika Kontserbatorioak Jesus Guridi izena hartzea erabaki zen.
Lanak
Orkestrarako lanak
- 1915. urtean, Leyenda vasca
- 1915. urtean, Una aventura de Don Quijote
- 1941. urtean, Diez melodias vascas
- 1946. urtean, Sinfonia Pirenaica
- Andante Sostenuto - Allegro Molto Moderato - Poco Meno Mosso - Allegro Modera
- Presto Non Troppo - Andante Sostenuto
- Allegro Brioso
- 1956. urtean, Homenaje a Walt Disney piano eta orkestrarako
- Plenilunio - Espatadantza
Bandentzako lanak
- 1941. urtean, Diez melodias vascas
- Narrativa
- Amorosa
- Religiosa
- Epitalamica
- De Ronda
- Amorosa
- De Ronda
- Danza
- Elegiaca
- Festiva
- "El caserío"ren Preludioa
Opera eta zarzuela lanak
- 1910. urtean, Mirentxu, bi aktoko opera- libretoa: Alfredo Etxabe. urtean,
- 1910-1920. urteetan, Amaya hiru aktoko opera. Libretoa: José M. Arroita Jauregui.
- 1926. urtean, El caserío, hiru aktoko zarzuela. Libretoa: Guillermo Fernández Shaw eta Federico Romero
- 1927. urtean, En un barco fenicio
- 1928. urtean, La meiga, hiru aktoko zarzuela. Libretoa: Guillermo Fernández-Shaw eta Federico Romero
- 1931. urtean, La cautiva, zarzuela
- 1934. urtean, Mandolinata, zarzuela
- 1936. urtean, Mari-Eli, zarzuela
- 1939. urtean, La bengala, zarzuela
- 1944. urtean, Peñamariana, zarzuela
- 1950. urtean, La condesa de la aguja y el dedal, zarzuela
Koroentzako lanak
- Goiko mendian
- Aldapeko
- Ni ez naiz zomorrua
- Boga boga
- Canta el gallo tempranero
- Eusko irudiak abesbatza eta orkestrarako.
Ahots musika
Luzeegia izango litzaiguke Guridik koroentzat idatzitako izenburu guztiak izendatzea, beraz hemen bakar batzuk aipatu dira.
- 1915. urtean, Asi cantan los chicos
- 1932. urtean, Euskal folkloreko XXII abesti
- 1943. urtean, Seis canciones castellanas
- No quiero tus avellanas
- Como quieres que adivine
- Allá arriba, en aquella montaña
- Sereno!
- Llámale con el panuelo
- Mañanita de San Juan
- Canciones vascas
- Ala baita
- Arantzazura
- Zorabiatua naiz
- Alabatua
- Boga boga
- Hator mutil
- Anton Aizkorri
Ganbera musika
- 1928. urtean, Inguruko Dantza - (Txistulari bandarako)
- 1928. urtean, Alborada - (Txistulari bandarako)
- Contrapás
- Zortziko
- Fandango
- Arin-arin
- 1929. urtean, Mendiko Soñuak - (Txistulari bandarako)
- Minue
- Ezpata-Dantza
- Biribilketa
- 1934. urtean, Cuarteto en sol major - (Lehen Kuerda Laukotea)
- 1949. urtean, Cuarteto en la menor - (Bigarren Kuerda Laukotea)
- Harpa eta Zazpikoterako paperak
- Viejo Zortzico
- Kerejeta cabezon
- Aritz Adarean
- Ator, Ator mutil
- Agurea Zarkilun
- Garizuma Luzerik
- Zorabitatua Naiz
Organorako lanak
- 1906-1907. urteetan, Fantasia para gran órgano
- 1951. urtean, Escuela española de órgano
- Introducción
- Capriccio
- Cantinela
- Himno
- Improvisación
- Canción vasca
- Salida
- Interludio
- Plegaria
- Preludio
- Pastorela
- Villancico
- Glosa (Puer natus est)
- Éxtasis
- Fuga
- Adagio
- Ave Maria
- Ofertorio I
- Ofertorio II
- Toccata
- Variaciónes sobre un tema vasco
- Preludio
- Fantasía
- Interludio
- Triptico del buen pastor
- El rebaño
- La oveja perdida
- El buen pastor
- Misa a San Gabriel
Pianorako lanak
- 1905. urtean, Quatorze morceaux pour piano
- 1956. urtean, Homenaje a Walt Disney piano eta orkestrarako
- 8 Apuntes Para Piano
- Amanecer
- Cancion Vasca
- Danza Rustica
- Canto De Arriero
- Romanza
- Cortejo Funebre
- Rumor De Agua
- Marcha Humoristica
- Cantos Populares Vascos
- Danzas Viejas
- Tamboreillo De Navidad
- Muerdago - Zortzico Del Dolor
- La Carrasquilla
- Lamento e imprecacion e Agar
- Tres piezas breves
- Vasconia
- Viejo Carillon
- Leyenda
- En El Chacoli - Tocata Festiva
Hator hator gabon kanta
Hator hator euskal gabon kanta herrikoia da. Gehien entzuten diren gabon-kantetako bat da. Abestia oso herrikoia da[5][6][7][8] eta hamaika bertsio grabatu dituzte hainbat abeslarik, abesbatzak eta musika-taldek.
Abestiaren jatorria konplexua da. Antonio eta Juan Kruz De la Fuente anaiek jarri zuten abiapuntua Gabon kantak sortu zituztenean XVIII. mendearen hondarretan. Durangar horiek –dantzari eta bertsolariak biak, Juan Kruz txistulari ere bai– abesti mordoska sortu zuten.[9]
Herriaren memorian iraun zuen ehun urtez, eta Bartolome Ertzilla musikari durangarrak partituran jarri zuen gero. Hala ere, XX. mendearen hasieran ez ziren oso ezagunak. Resurreción Mª Azkuek Otxandion bertako bi laguni bertsio bat jaso eta, ohi zuen bezala, hizkuntza aldetik zuzenketa batzuk jarri zizkion.[10]
Jesús Guridik, 1920aren inguruan, ahots eta pianorako bertsioan argitara eman, eta geroago abesbatzetarako harmonizatu (Cantos populares vascos 3.ª serie"). Azken egokitzapen honen bitartez zabaldu eta itsatsi da Euskal Herri osoko memoria musikalean.[9]
Boga boga abestia
Boga boga marinelei buruzko abesti herrikoi eta ezaguna da. Jesus Guridik abesbatzarako bertsio bat egin zuen,[11] Oskorrik ere bertsio bat prestatu izan du,[12] geroago Delirum Tremens eta The Uski's taldeek ere bai.
Erreferentziak
- SILLERO ALFARO, Maider. «Sabin Salaberri. Musikaria: Jesus Guridi oso sentiberatasun bereziko gizona zen» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
- Vieira Gil, Iraia. (2023-06-06). «Alde anitzeko konpositorea» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
- EUZKELTZALE-BAZKUNA. Euzkel-abestijak. Bilbao, 1915-1917.
- (Ingelesez) «JESÚS GURIDI (EUSKAL ABESTIAK - CANCIONES VASCAS) - Fernando Abaunza | PDF» Scribd (Noiz kontsultatua: 2023-06-06).
- «Gabonetan "Hator hator" - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-22).
- «"Hator hator" kanta, Gabonetan - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-22).
- «`Hator, hator´ kanta - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-22).
- «`Hator, hator´ kanta, Carmen Gazteluk abestuta - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-22).
- Ansorena, Jose Ignazio. (2012-02-05). «Hator, mutil, etxera» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-12-24).
- Bilketa. (2016-12-13). «Hator, hator mutil etxera, 1918» Bilketa (Noiz kontsultatua: 2021-12-26).
- (Gaztelaniaz) Boga Boga — Euskal kultur erakundea. (Noiz kontsultatua: 2017-08-09).
- HaMaIr. (2010-11-22). 21 Boga Boga - Oskorri.wmv. (Noiz kontsultatua: 2017-08-09).
Bibliografia
- EUZKELTZALE-BAZKUNA. Euzkel-abestijak. Bilbao, 1915-1917.
- (Gaztelaniaz) BAGÜES, JON. “La música coral entre los vascos: una tradición vigente”, en Cuenta y Razón. Noviembre-diciembre, 1993.
- (Gaztelaniaz) IBARRETXE TXAKARTEGI, GOTZON, “El canto coral como entramado del nacionalismo musical vasco. El Padre Donosita y los constructos identitarios en el imaginario vasco”. Tesis doctoral, FICE, UPV/EHU, 1996.
- (Gaztelaniaz) RUIZ DESCAMPS, NICOLÁS. “Música y nacionalismo vasco. La labor musical de Juventud Vasca de Bilbao y el uso de la música como medio de propaganda política”. Musiker, 17, 2010.
- (Gaztelaniaz) ZUBIKARAI ERKIAGA, JUAN ANTONIO. “Nacionalismo musical vasco: un capitulo por cerrar”, Cuadernos de Alzate, num. 2, 1985, pp. 64-70.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Euskonews & Media aldizkariaren 580. zenbakia, Jesus Guridiri buruzko monografikoa.
- «Jesus Guridi», Eresbil musika artxiboaren webgunea.
- Ereintza abesbatza Lizarrako San Joan Bataiatzailearen elizan gabonetako emanaldian abestutako "Hator hator" abestia entzungai
- "Hator hator" abestia 2003ko ETBko Kantu Zaharrak saioan abestua
- Hator hator - negu gorriak
- HATOR HATOR NESKA MUTIL ETXERA! Euskal Presoak Euskal Herrira. Ernairen bideoa (Twitter, 2019-12-24)
- Gizonezkoen abesbatza batek abestutako "Boga, boga" abestiaren bertsioa.
- Ereintza abesbatzaren "Boga, boga" abestiaren bertsioa.