Jerrald Goldsmith
Jerrald Goldsmith (izengoitia: Jerry Goldsmith ; Los Angeles, Kalifornia, 1929ko otsailaren 10a - Beverly Hills, Kalifornia, 2004ko uztailaren 21a) estatubatuar musikagilea izan zen.
Jerrald Goldsmith | |
---|---|
(2003) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Jerrald King Goldsmith |
Jaiotza | Los Angeles, 1929ko otsailaren 10a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Beverly Hills, 2004ko uztailaren 21a (75 urte) |
Hobiratze lekua | Hillside Memorial Park (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: ondesteko minbizia |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Carol Heather Goldsmith (en) Sharon Hennagin Goldsmith (en) |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Hegoaldeko Kaliforniako Unibertsitatea USC Thornton School of Music (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | orkestra zuzendaria, musikagilea eta soinu banda konpositorea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Genero artistikoa | musika klasikoa musika klasiko garaikidea |
Diskoetxea | Monument |
jerrygoldsmithonline.com | |
|
Musikarako zaletasun handiko familia batean sortu zen, eta zaletasun horrek bultzaturik, beren semeari musikako eskolak emateko maisurik onenak bilatu zituzten gurasoek. Jakob Gimpel maisuarekin ikasi zuen pianoa, eta konposizioa Mario Castelnuovo Tedescorekin, Goldsmithen belaunaldiko John Williams soinu-banden egilearen maisu izan zenarekin. Goldsmith gaztetatik izan zen zinemazalea, eta zinemarako musika idaztea zen bere helburu nagusietakoa. Horretan ere laguntza handia eman zion familiak, eta hari esker matrikulatu ahal izan zen Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitatean. Miklos Rozsaren eskolak hartu zituen, eta harekin ikasi zituen soinu-banden konposizioaren oinarriak. 1955. urtean CBS etxearentzat hasi zen lanean, eta Climax eta Gunsmoke telebistako sailetako musika idatzi zuen. Harrezkero, etengabe jardun zuen lanean, telebistarako, batez ere, eta Perry Mason (1957), Errealitatearen mugetan (1960), Kildare doktorea (1961) eta Zigorra (1961) sailekin lorturiko ospeari esker hasi zen Hollywooden lanean. Ezin konta ahala lan egin zituen, baina Tximinoen planeta zientzia-fikzioko filmak eman zion lehenengoz ospea; oso musika originala da, perkusio eta haize harrigarriekikoa. 1974. urtean azaldu zen bere lan nagusietako bat, Chinatown, eta Oscar saria lortu zuen handik bi urtera Iragarpena filmeko partitura beldurgarriarekin. Goldsmithek era guztietako joera eta argumentuei egokituriko musika idazteko dohain aparta erakutsi zuen bere karreran zehar. Horrela, 1978an, esaterako, elkarren oso bestelako bi maisulan idatzi zituen, Brasilgo haurrak (1978), musika dotore eta erakargarria, eta Alien, zortzigarren bidaria (1978) filmeko musika misteriotsu beldurgarria, eta berdin-berdin idatzi zitzakeen musika liluragarriak (Legend, 1985) nola indar biziko martxak (Rambo: First Blood Part II, 1984). 1990eko hamarkadan egindako lanen artean, Oinarrizko sena (1992) da ezagunenetakoa.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
Artikulu hau Kaliforniako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |