Jelizaveta Andrejević

Jelizaveta Andrejević (serbieraz zirilikoz: Јелисавета Андрејевић), ezinenez Aneta (Анета) edo Milena (Милена) –Belgrad, Jugoslaviako Erresuma (egun, Serbiako Errepublika); 1923ko urtarrilaren 8-Bubanj, Niš udalerria, Okupaziopeko Serbia (egun, Serbiako Errepublika); 1943ko urtarrilaren 9- jugoslaviar eta serbiar partisano bat izan zen, alemaniarrek exekutatutakoa. Gudaren ostean Jugoslaviako Herriaren Heroi izendatua izan zen.

Jelizaveta Andrejević
Bizitza
JaiotzaBelgrad, 1923ko urtarrilaren 8a
Herrialdea Jugoslavia
HeriotzaBubanj (en) Itzuli, 1943ko urtarrilaren 9a (20 urte)
Heriotza moduaberezkoa ez den heriotza
Jarduerak
Jarduerakpartisanoa
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakWorld War II in Yugoslavia (en) Itzuli
National Liberation Struggle of Yugoslavia (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Jugoslaviako Komunisten Liga

Gazte aroa

Jelizaveta Andrejević Belgraden jaio zen eta han egin zituen lehen hezkuntzako ikasketan. Bukatzerakoan Niš udalerrira joan zen bizitzera[1]. Han Jugoslaviako Gazteria Komunistaren kide egin zen. Bere zelulak Merkataritza-Eskolako ikasleen artean egin zuen lan, nahiz eta bera ez zen eskola horretako ikaslea, irakaskuntza-eskolako ikaslea baitzen[2]. Garai horietan Niš eta inguruetan Gazteria Komunistaren kidetzaren artean neska asko ziren, adibidez; Stanimirka “Caca” Protić, Dušica Mučalica, Branka Ljubičić, Dara Nestorović, Olga “Olja” Džuverović, Stola Radisavljević, Mira Pantović, Julijana Ristić, Marija Pavlović, Dragica Marković, Danica Stanisavljević, Ljubica Dragićević “Nataša”, Miroslava Stanimirović, Miroslava “Mirka” Savić, Vera Tomić, Draginja Simonović-Kumnovec, Radmila Nikolić, Miroslava Popović, Ruža Davidović, Stana Rajčević, Mira Antolković, Nina Antolković, Danica “Lala” Nikolić, Bosanka Stanković-Vuković, Živka Janković, Zagorka Petrović eta abar[3].

Partisanoa

Alemaniak Jugoslavia 1941ko apirilean inbaditu ostean, Alderdi Komunista matxinada prestatzen hasi zen. Matxinada ofizialki, uztailaren 7an hasi zen Bela Crkva herrian gertatutako tiroketa baten ostean[4] eta herriaren parte handi batek bat egin zuen[5][6]; Serbiako hanbat herri askatzea lortu zuten hasiera batean, baita ere 1941 urtea bukatu artean “Drina ibaitik bulgariar tropen mugara arteko lur handi bat askatzea”[7]. Andrejevićen lana armak batzea izan zen. Egia bazen ere matxinoek ez zutela lortu Niš kontrolatzea –bai ordea honen inguruko landagunea- komunistak ez ziren izan hiri honetatik aparte; adibidez, hiri honetan, azaro bukaeran, partisanoek kolaborazionisten kontrako atentatu bat egin zuten[8].

1941ko irailean mendira joan zen Toplicako Destakamendu Partisanoaren kide izanik[9][10], hain zuzen Pasjačako konpainiaren parte[11]. Destakamendu hau hilabete bat lehenago, 1941ko abuztuan sortu zen, Veliki Jastrebac mendian, Alderdi Komunistaren Nišeko Barruti-Komitearen iniziatibaz. Hasiera batean 30 borrokalari zituen, baina urtea bukatzerako 250 bat borrokalari zituen[12], zazpi konpainietan banatuta (horietako bat Pasjačako konpainia, Andrejevićena)[13]. Destakamendu honen operazio-gunea Jastrebac, Kopaonik, Sokolovica, Vidojevica eta Pasjača mendien artean kokatzen zen[14]. Toplicako Destakamendu Partisanoa emakumeak kopuru handian izan zituen lehenengo destakamenduetako bat izan zen[9]. Egia baldin bazen jugoslaviar partisanoen armadan, gudan zehar, emakumeen kopurua oso altua zela, borrokalarien %13 inguru[15], Europako altuenetakoa, altuena ez bazen; emakumezko masa-errekrutamendua eta bolondres gisa aurkezten ziren emakume guztiak onartzeko ordena 1942an eman zuen Alderdi Komunistak[16][17]; aurretik, 1941an, emakumeak borrokalari bezala onartzeko jarrera edo errekrutatzeko deia egiteko ekimena brigada bakoitzaren edo tokiko zelulen araberakoa zen, irregulartasun handia zegoelarik[18]. Toplicako destakamendua 1941 horretan emakumeak kopuru altuenetakobatean onartzen zituenen artean zegoen.

Destakamendu honen leheneko ekintza abuztuaren 13an egin zuen Velika Planako polizia-komisaldegiaren kontra, geroago Žitoradjako eta irailean (hain zuen ere Andrejević destakamenduaren parte sartu zenean), Aleksandrovoko polizia-komisaldegiak eraso zituzten, eta alemaniarren kontra Bulatovacen lehen bataila borrokatu zuten. Eskualde honetako baserrigune ia osoa jada konpainia honen eskuatan zegoen urrirako, eta urriaren 9an Prokuplje ere hartu zuten. Urriaren 12 eta 15 artean beste bataila handi bat borrokatu behar izan zuen destakamendu honek, 3.000 bat kolaborazionisten kontra, Pasjača mendian[12].  

Toplicako Destakamendu Partisanoa, 1941ko porrotaren ostean (alemaniarrek Serbian matxinada zapaltzea lortu zuten) Serbia barruan geratu zen konpainia apurrenetako bat izan zen. Urtarrilaren 9an, eskualde horretara bulgariar okupazio indarrak iritsi ziren[19] eta Prokupljen sartu ziren, partisanoek mendira egin behar zutelarik. Otsail bukaeraan bulgariar okupzio-indarrek eta txetnikek egindako ofentsiba batek destakamendua ia-ia fisikoki akabatu zuen. Hala ere, destakamenduak nahiko indar zuen oraindik: otsailaren 22an Kursumlija herria hartzeko gai izan ziren, eta otsailaren 28an Svarce herrian txetniken kontrako bataila bat irabazi zuten[20]. Martxoan, etsaiek egindako presioaren ostean, destakamendua desgastatu egin zuten, eta ia-ia konpainia guztiak suntsitu zituzten. Hala ere, destakamenduaren hondarrek bazuten oraindik nahiko indar herrixka batuetako instituzioak edo trenbide batzuk erasotzeko[21]. Destakamendu honek, praktikoki 1942ko udan hartu zuen berriz indarra, borrokalari berriak errekrutatu ostean[22].

Jelizaveta Andrejevićen lana destakamendu honen eta Nišeko Komite Komunistaren arteko mezulari lana egitea zen, eta bestetik Destakamendu honetako Gazteria Komunistaren idazkaria ere izan zen[23]. Hala ere, Andrejevićek armak ere hartu zituen, txetniken zein bulgariar okupazio indarren aurka, adibidez 1942ko otsailaren 17an bulgariarrek (txetnken eta serbiar kolaborazionisten laguntzarekin) hasi zuten erasoaldiari kontra eginez[24]. Andrejevićek ausardia handiz borrokatu zuen; adbidiez konpainiak Vidojevača herrian txetnik batzuk preso hartzea lortu zuen[24]; edo beste behin, Pasjačan, 1942 hasieran, bere konpainiako ametrailatzailea zauritua izan ostean, berak erabili behar izan zuen ametrailagailua[1].

1942ko martxoan edo apirilean, Pasjača eta Jastrebac mendien artean mezu bat eramaten ari zela, txetnikek preso hartu zuten[25] (iturri batzuen arabera, baserritarrez jantzita joan zen eta txetnikak tronpatzea lortu zuen, baina baten batek salatu egin zuen[1]). Hiru egunez preso izan eta torturatu ostean, bulgariarren esku utzi zuten[24]. Bulgariarrek torturatzeaz gain bortxatu ere egin zuten, eta gero alemaniarren esku utzi zuten. Alemaniarrek Crveni Krst (Gurutze Gorria) kontzentrazio eremuan sartu zuten[10][26][27].

1943ko urtarrilaren 9an, 20 urte egin eta biharamunean, alemaniarrek Bubanj herrian, Niš ondoan, exekutatu zuten Andrejević[10][26], beste bost kiderekin batera: Nišeko Mihailo Ignatović, Draginja Ignatović, Radomir Ignatović eta Uroš Dinić eta Mramorreko Ivan Rakić[1]. Andrejevićek moral handia erakutsi zuen, “egun on burkideok!” bezalako agurrak eginez kontzentrazio-eremutik ateratzean eta exekuzio-tropen aurrean “Padaj silo i nepravdo” (“Bortxa eta injustiziaren aurrean”) abesti partisanoa abestuz[1].

Oroimena

Jugoslaviako Herri-Errepublika Federalaren lehendakari Titoren dekretu baten bidez Jugoslaviako Herriaren Heroi izendatu zuten 1953ko urriaren 9an[10][26].

Erreferentziak

  1. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 703 or..
  2. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 696 or..
  3. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 663 eta 696 or..
  4. PRUSIN, Alexander: Serbia under the Swastika. A World War II Occupation. University of Illinois Press. AEB, 2017, 76. or. Hala ere, Prusin berak dioen moduan, aurreko egunetan komunistek sabotaia batzuk egin zituzten alemaniarren kontra Serbian zehar. Beste alde batetik, aintzat hartu behar dugu apirilean errendizioa onartu ez zuten Jugoslaviako Armadako kide batzuek txetniken mugimendua jada eratu zutela eta zenbait tokitan okupazio indarren kontra egin zutela.
  5. (Ingelesez) PRUSIN, Alexander. (2017). Serbia under the Swastika. A World War II Occupation. AEB: University of Illinois Press, 76 eta 93 or..
  6. (Ingelesez) TOMASEVICH, Jozo. (2001). War and revolution in Yugoslavia, 1941-1945. Occupation and Collaboration. Stanford (AEB): Stanford University Press, 178 or..
  7. (Ingelesez) PRUSIN, Alexander. (2017). Serbia under the Swastika. A World War II Occupation. AEB: University of Illinois Press, 81 or..
  8. (Ingelesez) PRUSIN, Alexander. (2017). Serbia under the Swastika. A World War II Occupation. AEB: University of Illinois Press, 101 or..
  9. (Ingelesez) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 679 or..
  10. (Serbokroazieraz) BIJELIĆ, Krste. (1980). Heroine Jugoslavije (Jugoslaviako Emakumezko Heroiak). Zagreb: Spektar.
  11. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 703 eta 724 or..
  12. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1995). Енциклопедија Ниша, Историја. (Nišeko Entziklopedia. Historia). Niš (Serbia): Градина (Gradina), 295-296 or..
  13. (Serbokroazieraz) DINIĆ, Dragoljub. (1989). Топличко народноослободилачки партизански одред (Toplicako Nazio-Askapenerako Destakamendu Partisanoa). Belgrad: Београд: Војноиздавачки и новински центар (Gudako kronika eta berrien Zentrua), 90-94 eta 241 or..
  14. (Serbokroazieraz) DINIĆ, Dragoljub. (1989). Топличко народноослободилачки партизански одред (Toplicako Nazio-Askapenerako Destakamendu Partisanoa). Belgrad: Београд: Војноиздавачки и новински центар (Gudako kronika eta berrien Zentrua), 237 or..
  15. (Serbokroazieraz) BATINIĆ, Jelena. (2015). Women and Yugoslav Partisans. A History of World War II Resistance. AEB: Cambridge University Press, 2 or..
  16. (Serbokroazieraz) BATINIĆ, Jelena. (2015). Women and Yugoslav Partisans. A History of World War II Resistance. AEB: Cambridge University Press, 128-129 or..
  17. (Ingelesez) PANTELIĆ, Ivana. (2013). «“Yugoslav female partisans in World War II”» Cahiers Balkaniques 41.
  18. (Ingelesez) BATINIĆ, Jelena. (2015). Women and Yugoslav Partisans. A History of World War II Resistance. AEB: Cambridge University Press, 127-128 or..
  19. Bulgariak Mazedoniaren parte handi bat eta baita ere Serbiako Hego-Ekialdeko zonalde batzuk (Pirot eta Vranje inguruak) anexionatu zituen. Horrez gain, Bulgariar Armadak Serbiako gainontzeko lurretan matxinadak erreprimitzeko indarrak bidali zituen, batez ere Alemaniak SESBko frontera bidali behar zituen dibisioak ordezteko. 1941ko abenduaren 31n hasi ziren bulgariar tropak Okupaziopeko Serbian sartzen, guztira hiru dibisio sartu zituztelarik (1943ko udan laugarren dibisio bulgariar bat sartu zuten). 1942ko urtarrilean egindako demarkazioaren arabera, bulgariar tropek Okupazioko Serbiaren lurraldearen %40 okupatu zezaketen. Bulgariar tropek batez ere trenbideak, Belgrad- Niš-Sofia eta Niš-Skopje trenbideak, zaintzeko lana zuten. Bulgariar tropen zentrua Niš zen, non polizia sekretuaren unitate bat ere antolatu zuten (zeintzuk ez soilik inteligentzia batu, baizik eta atxiloketak ere egin zitzazkeen). TOMASEVICH, Jozo: War and revolution in Yugoslavia, 1941-1945. Occupation and Collaboration. Stanford University Press. Stanford (AEB), 2001, 195-201. orr.
  20. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1995). Енциклопедија Ниша, Историја. (Nišeko Entziklopedia. Historia). Niš (Serbia): Градина (Gradina)., 296 or..
  21. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1995). Енциклопедија Ниша, Историја. (Nišeko Entziklopedia. Historia). Niš (Serbia): Градина (Gradina), 296-297 or..
  22. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1995). Енциклопедија Ниша, Историја. (Nišeko Entziklopedia. Historia). Niš (Serbia): Градина (Gradina), 297 or..
  23. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 679 eta 703 or..
  24. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 685 or..
  25. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 685 eta 703 or..
  26. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1982). Народни хероји Југославије (Jugoslaviako Herriaren Heroiak). 2 Belgrad: Народна књига (Herriaren Liburua), 25 or..
  27. (Serbokroazieraz) ASKOREN ARTEAN. (1975). Жене Србије у НОБ (Serbiako emakumeak Herri-Askapen Gudan). Belgrad: Nolit, 717 or..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.