Jekaterina Brexko-Brexkovskaia

Jekaterina Konstantinovna Brexko-Brexkovskaiaerrusieraz: Екатерина Константиновна Брешко-Брешковская, bielorrusieraz: Кацярына Канстанцінаўна Брэшка-Брашкоўская, Katsiarina Kanstantsinaŭna Brexka-Braxkoŭskaia— (Ivanovo, Nevelsky barrutia, Vitebsk probintzia, 1844ko urtarrilaren 25agreg./urtarrilaren 13ajul.Hvaly-Pochernice, Praga ondoan, Txekoslovakia, 1934ko irailaren 12a) errusiar militante eserista izan zen, «iraultzaren amona» deitutakoa.[1]

Jekaterina Brexko-Brexkovskaia

1918ko Errusiako Batzar Konstituziogileko diputatu

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakЕкатерина Константиновна Брешко-Брешковская
JaiotzaIvanovo (en) Itzuli, 1844ko urtarrilaren 13a (juliotar egutegia)
Herrialdea Errusiar Inperioa
 Frantzia
 Ameriketako Estatu Batuak
 Txekoslovakia
HeriotzaHorní Počernice (en) Itzuli, 1934ko irailaren 12a (90 urte)
Hobiratze lekuaCemetery in Chvaly (en) Itzuli
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakerrusiera
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, aristokrata eta iraultzailea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaWorkers' Party for the Political Liberation of Russia (en) Itzuli
Alderdi Sozialista Iraultzailea

Bizitza

Hastapenak

1844an jaioa (egun Bielorrusia den herri batean) izaki, XIX. mendeko errusiar zirkulu iraultzaileetako beteranoa izan zen (1860ko hamarkadatik oposizio mugimenduetan zegoen, baserriguneetako eskoletan lan eginez konbentzitu zen ideia iraultzaileak hartzeko), eta joera ia guztietatik pasa zen: liberalismotik, anarkismotik zein populismotik. 1873an anarkistekin bat egin zuen eta 1874ko mugimendu “herrizalean” parte hartu zuen (mugimendu horrek intelektual iraultzaileak baserrietara, baserritar gisan bizitzera joatea bultzatzen zuen). 1874an atxilotu eta espetxean kartzelatu zuten epaiketaren zain.[1]

1878an epaitu eta Siberiara deportatu zuten, zigor gogorra jarri zitzaion epaiketan izan zuen desafio-jarrera zela eta (ez zuen epaimahaia aintzatetsi); behartutako lanak egitera kondenatutako lehen emakumea izan zen. Honek, nolabaiteko fama bat eman zion emakume iraultzaile eta preso gisa, Century aldizkarirako George Kennan kazetariak ere elkarrizketatu zuen eta horrela Brexko-Brexkovskaiak nazioarteko fama lortu zuen. 1881an ihes egin zuen, baina berriz atxilotu zuten. 1896an, amnistia bat zela eta kartzelatik atera zenerako, jada kartzelako kideen eraginez populismoarekin edota honen ondorengo korronteekin bat egin zuen).[1]

Alderdi Eseristaren sortzaileetako bat

Eboluzio honen hurrengo urratsa, 1901ean, Alderdi Eserista (populismotik eratorria) sortzea Viktor Txernovekin eta Grigori Gerxunirekin batera. 1903an erbestera joan zen, Suitzara eta AEBra. 1904an, Alderdi Eserista ordezkatu zuen II. Internazionalaren Amsterdameko Biltzar Nagusian. 1905eko Errusiako Iraultzan zehar berriz itzuli zen Errusiara, baina 1907an, Jevno Azefen erruz berriz atxilotu eta Siberiara bidali zuten (nahiz eta kasu honetan ere ihes egiten saiatu, 1913an, ez zuen lortu).[1]

1917ko iraultzak

1917an, iraultza gertatu zenerako, Brexko-Brexkovskaia agian ordura arteko Errusiako mugimendu iraultzailearen ibilbide osoaren “historia bizia” zen pertsona bakarra zen. 1917ko Otsaileko iraultzaren ostean, bere ibilbide luzea eta bere adina zela eta “iraultzaren amona” ezizena jarri zioten. 1917ko apirilean erbestetik itzuli zenean, bere 73 urteetatik 44 presoaldian, deportazioan edo erbestean pasatu zituen (bere etorrera hain esperotakoa izan zen, ezen Errusiako Behin-behineko Gobernuak kotxe berezi bat jarri zion).[1]

Alderdi Eseristaren barruan eskuineko ildoarekin (burgesiarekin koalizio-Gobernua egitearen, Lehen Mundu Gerran jarraitzearen, lurraren nazionalizazioa gerra bukatu artean edo Asanblada Konstituziogilea bukatu artean atzeratzearen aldeko ildoarekin) erabat lerratu zen (ildo horretako beste askok baino joera gogorragoa erakutsiz gainera), batez ere, Aleksandr Kerenski Lehen Ministroarekin –1907an jada Brexko-Brexkovskaiak joera hori erakutsi zuen, eseristen eta kadeteen aliantza baten alde egin baitzuen-.[1]

Kerenskirekin izan zuen identifikazioa hain handia izan zen, ezen Alderdi Eseristaren III. Biltzar Nagusian, Brexko-Brexkovskaia Komite Zentral Eseristako kide aukeratu zutela dimisioa eman zuen “Kerenskirekiko elkartasunez”, azken hau ez baitzen aukeratua izan. Biltzar Nagusi horretan alderdiaren ohorezko lehendakari izendatu zuten. 1917ko maiatzean, Baserritarren Sobieten Lehen Biltzar Nagusian, Komite Exekutiboaren kide aukeratu zuten. Kerenski babesteaz gain, Lehen Mundu Gerra jarraitzearen alde eta boltxebikeak organo demokratikoetatik kanporatzearen alde egin zuen: uztailean Kerenskiri boltxebikeen VI. Biltzar Nagusia desegiteko eta boltxebikeak legez kanpo ezartzeko eskatu zion. 1917ko estatu-konferentzian gobernuarekin lerratu zen. Halako muturreko jarrerek alderdiaren zatiketa eragin zuten, eta Jekaterina Breshko-Breshkovskaia geroz eta eragin politiko txikiagoaren jabe zen, nahiz eta bere bizitza iraultzailea zela eta, prestigio pertsonal handia mantendu.[1]

Lenin Brexko-Brexkovskaiaren oso aurkakoa zen. Behin, artikulu batean “eseristen Plekhanov anderea” deitu zuen, Jekaterina Brexko-Brexkovskaiaren posizioa mentxebikeen buruzagi historiko Plekhanovek hartutako eskuineko ildoarekin konparatuz. “Plekhanov eta Brexko-Brexkovskaiaren ildoa ez da demokrata-konstituzionalistengandik ezertan ere bereizten”.[1]

1917ko Urriko Iraultza Sozialistaren aurka jarri zen, Asanblada Konstituziogilerako aukeratu zuten eta 1918an Uraletako hirietan sortu ziren gobernu zuri “demokratiko” batzuk babestu zituen, adibidez, Samarako Komutx edo Omskeko direktorioa.[1]

Boltxebikeen aurka eta erbestea

1919an erbestera joan zen, lehenik Japoniara eta AEBra, non Armada Zuriarentzat laguntza topatzen saiatu zen, eta geroago, Frantziara, han Dni (“Egunak”) egunkari zuriarentzat idazten zien. 1924an Txekoslovakiara, hain zuzen “Mendebaldeko Errutenia” deitutako eskualdera (eskualde hori egun Ukraina da). Han eskoletan klaseak ematera eta politikan (zentro-ezkerreko alderdi errusiarzale batean) sartu zen berriz. 1934an hil zen, 90 urte zituela.[1]

Bitxikeriak

Bere alderdikide Viktor Txernovek kontatzen duenez, Brexko-Brexkovskaia, nobleziako familia liberal batean jaioa izaki, etxean frantsesez hezi zen. Frantziako sozialistei frantsesez egiten zien, baina frantses zaharkitu batean. Horrek bere “amona” erreputazioa handitu egin zuen.[1]

Erreferentziak

  1. Brexko-Brexkovskaia, Jekaterina, K17 2017-12-09. CC0 Domeinu Publikoa
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.