Jebel Marra

Jebel Marra, arabieraz جبل مرة, "mendi gaiztoak" esanahiaz (3.042 m) Darfurreko mendirik altuena da. Hego Sudan estatu independentea bilakatzen denean Sudan estatuko tontorrik garaiena izango da; Darfurren egonik, arazo handiak daude mendira joan ahal izateko eta herrialde honek bizi duen gatazka latzaren erdian dago.

Jebel Marra

جبل مرة
Datu orokorrak
Garaiera3.042 m
Motamendikate
Geografia
Map
Koordenatuak13°02′39″N 24°22′04″E
Honen parte daDarfur Plateau (en) Itzuli
Mendizaletasuna
Ohiko bideaNyatititik, Menawashitik...

Estratosumendia da eta izango zukeen azken erupzioa K.a. 2.000 urte gertatu zela kalkulatzen dute zientifikoek, ziurtasuna izan gabe[1].

Izenak

Jebel Marra mendiaren eta mendilerroaren izena da; bere inguruan dagoen goi-ordokiak ere Marra du izen[2].

Arabierazko izenaren aldaera batzuk topa daitezke iturrietan; izen generikoarentzat hizkuntza honetan ohikoa den Jebel[3] eta Jabal[4] hitzak eta horretaz gain Marra zein Marrah[5][6] transkripzioak aurki daitezke.

Jebel Gimbala izena ere ematen zaio mendiari[7].

Kokapena

Mendia Darfurri ("Furren lurra") izena ematen dion fur herriaren lurraldearen erdialdean kokatuta dago. Tontorra administratiboki Gharb Darfur (Mendebaldeko Darfur) estatu federalean dago baina oso hurbil herrialde honetako beste bi estatuetako (Janub Darfur, Hegoaldea eta Shamal Darfur, Iparraldea) mugak zeharkatzen dira. Adibidez Marra goi-ordokia hiru estatuetan banatuta dago. Beraz, bere kokapena oso zentrikoa da Darfur osoari dagokionez; gainera mendilerrotik eta goi-ordokitik jaitsita garaierak izugarri txikituz doaz eta lur eremu oso handian ez dago Jebel Marrari aurre egiten dion mendirik. Marra goi-ordokiak 1.500 bat km²ko azalera du eta bere altuera 1.500 eta 3.042 m artekoa da.

Mendiaren inguruan dauden hiri nagusiak hauek dira: Zalingei (Gharb Darfurren) bere mendebaldean, Al Fashir (Shamal Darfurreko hiriburua) ipar-ekialdean eta Nyala (Janub Darfurrekoa) hego-ekialdean. Hirurek dute aireportua.

Ezaugarriak

Furtarrentzat eta oro har Darfurreko herrientzat mendia beren aberriaren ikurra da.

Mendilerroaren goialdeko eremu zehatz batean beheko Darfurreko lurrekiko klima aldaketa dago, euria sarritan egiten du eta ura etengabe ateratzen den iturriak daude. Darfur oro har oso eskualde lehorra izanik, ur emari hauen garrantzia oso handia bilakatzen da[8].

Kraterra

Mendiko gailurra Deriba caldera edo krater bikoitza da, orain del 3.500 bat urte sumendiaren leherketa batek sortua[9]. Kanpoaldeko kraterrak 5 eta 8 km arteko diametroa du eta barnealdekoan krater aintzira bat dago.[10]

Gatazkaren erdian

Satelite bidez sortutako 2006ko irudia.

Darfurren XXI. mendearen lehen urteetan oraindik konpondu ez den izugarrizko gatazka piztu zen eta horren ondorioz milaka lagun hil zituzten edo gosetearen ondorioz hil ziren. Jebel Marra bera gatazkaren kokalekua izan da: Sudango gobernuak arabiar jatorrikoen alde egin zuen eta fur bertako herriak mota guztietako erasoak pairatu dituzte. Giza eskubideen aldeko elkarteek Sudango gobernuaren menpeko soldaduek behin baino gehiagotan populazio zibilaren kontrako sarraskiak egin dituztela salatu dute[11][12]. SLA Sudango Askapenerako Ejerzitoak ere Khartumgo armadaren kontra borrokatzen du eta zenbait zonalderen gaineko kontrola aldatuz joan izan da; mugimenduaren jaiotza bera mendilerroan gertatu zen 1992tik[13][14].

2010eko hamarkadako lehen urteetan nazioarteak Darfurren gainean izan zuen arreta gorde ez badu ere, arazo eta salaketa larriek bere horretan diraute; 2010eko urrian Sudango gobernuak eskualdeko zibilen kontrako bonbardaketak egiten zituela salatu zuen SLMk; 2010ean gerra-egoera oso gogorra bizi zela esan ahal da[15][16].

Igoera

Alde batetik arestian aipatu gatazkak oso zail egiten du gaur egun mendira hurbiltzea. Bestetik eremu zabalean apenas dagoen azpiegiturarik ezta komunikabide egokirik erraztasunak eskaintzeko; kartografia zuzenaren eta uraren faltak hainbeste bisitariri arazo larriak ekarri dizkiote. Hala ere Nyala hiria trekking edo mendirako hurbilpenerako basea izaten da; hortik mendirantz hurreratu eta gero igoerarako gutxienez bi egun kalkulatu behar dira baina hoberena bikoitza gordetzea da[17].

Bibliografia

  • Sabine Miehe: Vegetation ecology of the Jebel Marra Massif in the semiarid Sudan, Cramer, Berlin, 1988. ISBN 3-443-64025-7

Erreferentziak

  1. Mendia Global Volcanism Program webgunean.
  2. Sudan 1:1.800.000 eskalako mapa, Reise-know-how Verlag, Bielefeld, Alemania, 2008.
  3. Jebel Marra Sudan Tribune agerkarian.
  4. Jabal Marra Lexicorient webgunean.
  5. Jebel Marrah Sudan Human Rights Organizationen webgunean.
  6. Jabal Marrah Sudanek Washingtonen duen enbacadaren webgunean.
  7. Sudan RAMSARren webgunean.
  8. de Waal, Alex: Famine that Kills: Darfur, Sudan, Oxford University Press (edizio berrikusia), 2005, ISBN 0-19-518163-8, 36.or.
  9. Activolcans webgunea.
  10. Deriba caldera NASAren webgunean.
  11. Burning Villages, Torture, Rape and Displacement in Jabal Marra (05/21/2003), Darfur Information Center, 2003.
  12. Arrests and Detention in Nyala and Zalingy, Common Dreams webgunea, 2005.
  13. Sudan's SLA rebels launch attack in Golo, West Darfur, Sudan Watch, 2006.
  14. Darfur: "Vamos a ganar esta guerra", BBC, 2004.
  15. Darfur rebels urge Security Council delegation to visit Jebel Marra, Sudan Tribune.
  16. SUDAN: Humanitarian access to Jebel Marra set to increase, Irin News, 2010.
  17. Climbing the volcano Lexicorient webgunean.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.