Jean Simmons
Jean Simmons (Londres, Erresuma Batua, 1929ko urtarrilaren 31 – Santa Monica (Kalifornia), Ameriketako Estatu Batuak, 2010eko urtarrilaren 22a) Jean Merilyn Simmons aktore britainiarraren izen artistikoa izan zen. 1950eko hamarkadara arte, Britainia Handian egindako filmetan hartu zuen parte eta, hortik aurrera, Kalifornian bizi izan zen Hollywooden lanean arituz. 2 alditan Oscar Sarietarako izendapena jaso zuen. Nabarmentzeko filmak hurrengoak izan ziren, besteak beste: Hamlet (Laurence Olivierek zuzendutako bertsioa), William Wylerren The Big Country, Mervyn LeRoyren Home Before Dark, Stanley Kubricken Spartacus edo Richard Brooksen Elmer Gantry.
Jean Simmons | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Jean Merilyn Simmons |
Jaiotza | Londres, 1929ko urtarrilaren 31 |
Herrialdea | Erresuma Batua Ameriketako Estatu Batuak |
Bizilekua | Crouch End Santa Monica Londres |
Lehen hizkuntza | Ingeles britainiarra |
Heriotza | Santa Monica, 2010eko urtarrilaren 22a (80 urte) |
Hobiratze lekua | Highgate Cemetery (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: birikako minbizia |
Familia | |
Aita | Charles Simmons |
Ezkontidea(k) | Stewart Granger (1950eko abenduaren 20a - 1960ko abuztuaren 12a) Richard Brooks (1960ko azaroaren 1a - 1977) |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Aida Foster Theatre School (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | zinema aktorea, haur-aktorea, dantzaria, telebista-aktorea, antzerki aktorea eta aktorea |
Lantokia(k) | Ameriketako Estatu Batuak eta Erresuma Batua |
Jasotako sariak | ikusi
|
|
Biografia eta lana
Jean Simmons Londresko Lower Hollowayn jaio zen, Erresuma Batuan, 1929ko urtarrilaren 31n. Aita Charles Simmons izan zuen Brontzea lortu zuena gimnasian 1912ko Udako Joko Olinpikoetan eta ama, berriz, Winifred Simmons (jaiotzez, Loveland) izan zuen.
Lau senideetatik gazteena izan zen Jean, Lorna, Harold eta Edna aurretik izan zituelarik.
14 urte besterik ez zuen antzezten hasi zenean[1].
II. Mundu Gerra garaian, familia osoa ebakuatu zuten Winscombera, Somerseten. Aita soinketako irakasle zen eta Sidcot Schoolen aritu zen bolada batean; tarte horretan, Jean eta bere ahizpa zaharrena abesten hasi ziren eta, Londresera itzuli zirenean, Aida Fosterren Dantza Eskolan hasi zen ikasten, Val Guest zuzendariak aurkitu zuelarik. 200 bat aspirante artetik aukeratu zuten Give us the moon (1944) Val Guest eta Caryl Brahmsen filma egiteko[2] eta berehala hartu zuen Erresuma Batuan, batez ere, David Leanen Great Expectations filman izan zuen parte-hartzearekin (1946).
Gehitzen joan ziren agerpenak handik aurrera: Gabriel Pascalen Caesar and Cleopatra (1946), Michael Powell eta Emeric Pressburger zuzendutako Black Narcissus (1947) eta, batez ere, Ophelia izan zenean Laurence Olivierrek zuzendu eta protagonizatu zuen William Shakespearen Hamlet (1948) lanaren adaptazioa. Lan honegatik izendatu zuten Jean Simmons 1948ko Oscar Sarietarako (Ez zuen, hala ere, hura lortuko, Claire Trevorrentzat izan baitzen, Cayo Largon egin zuen paperagatik).
Baina izendapenak asko balio izan zion Jeani, estatubatuar ekoizleen arreta erakarri zuelako.
1950ean ezkondu zen Stewart Granger aktorearekin eta laster izan zuen Frank Sinatra eta Marlon Brandoren ondoan lan egiteko aukera: Joseph L. Mankiewiczen Guys and Dolls (1955). Bere ahots propioa erabili zuen kanturako eta lehen Urrezko Globoa jaso zuen. 1960an, Simmons eta Granger bereiztu egin ziren. Ez zen denbora asko pasa Richard Brooks idazle eta zuzendariarekin ezkonduko zen arte[3].
1950eko hamarkadan, Jean Simmons ohiko bihurtu zen Hollywoodeko ekoizpenetan. Hauek dira horietako beste lan batzuk: Chester Erskinen Androcles and the Lion (1952), Otto Premingerren Angel Face (1953), Henry Kosterren The Robe (1953), Michael Curtizen The Egyptian (1954), Henry Kosterren Desireé (1954)
1958an, William Wylerren The Big Country, Mervyn LeRoyren Home Before Dark nabarmendu behar dira eta baita Stanley Kubricken Spartacus (1960) filma ere.
1960an, Richard Brooks zinema zuzendariarekin ezkondu zen eta honen agindupean egin zuen bere film onenetarikoa: Elmer Gantry (1960). 1969an, berriro egin zuten lan elkarrekin The Happy Ending lanean eta Oscar Sarirako izendapena jaso zuen oraingo honetan Janek.
Bi seme-alaba ere izan zituen, senar bakoitzarekin bana: Tracy Granger eta Kate Brooks.
Azken urteak
1970eko hamarkadan zinetik aldentzen joan zen eta telebistara hurbildu zen. Lan onak egin zituen hemen ere, North and South edo The Thorn Birds eta azken lan honek eman zion Emmy Saria.
2000ko hamarkadan ere lanean jarraitu zuen noizik behin, animazio-filmetan ahotsa jarriz.
2010eko urtarrilaren 22an, biriketako minbiziak hil zuen Kaliforniako Santa Monicako etxean. 81 urte betetzear zegoen eta bere txakurra (Mr. Gates) eta bi katuekin (Adisson eta Megan) bizi zen[4][3].
Filmografia
|
|
Sariak eta izendapenak
- Emmy Saria bigarren mailako aktoreari saria, The Thorn Birds telesailarengatik 1983an.
- Golden Globe saria, 1956ko Guys and Dolls musikalarengatik.
Urtea | Association | Kategoria | Lana | Emaitza |
---|---|---|---|---|
1949 | Academy Awards | Best Supporting Actress | Hamlet | Izendapena |
1953 | National Board of Review | Best Actress | The Actress / The Robe / Young Bess | Irabazlea |
1956 | Golden Globe Awards | Best Actress – Motion Picture Musical or Comedy | Guys and Dolls | Irabazlea |
1957 | BAFTA Awards | Best Foreign Actress | Guys and Dolls | Izendapena |
1958 | Golden Globe Awards | Best Actress – Motion Picture Musical or Comedy | This Could Be the Night | Izendapena |
1959 | Golden Globe Awards | Best Actress – Motion Picture Drama | Home Before Dark | Izendapena |
1961 | BAFTA Awards | Best Foreign Actress | Elmer Gantry | Izendapena |
1961 | Golden Globe Awards | Best Actress – Motion Picture Drama | Elmer Gantry | Izendapena |
1970 | Academy Awards | Best Actress | The Happy Ending | Izendapena |
1970 | Golden Globe Awards | Best Actress – Motion Picture Drama | The Happy Ending | Izendapena |
1983 | Primetime Emmy Awards | Outstanding Supporting Actress in a Miniseries or a Movie | The Thorn Birds | Irabazlea |
1984 | Golden Globe Awards | Best Supporting Actress – Series, Miniseries or Television | The Thorn Birds | Izendapena |
1989 | Primetime Emmy Awards | Outstanding Guest Actress in a Drama Series | Murder, She Wrote | Izendapena |
1996 | Screen Actors Guild Awards | Outstanding Performance by a Cast in a Motion Picture | How to Make an American Quilt | Izendapena |
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean Simmons |
- (Ingelesez) Jean Simmonsen fitxa IMDB webgunean.