Jean Sibelius

Jean Sibelius (Hämeenlinna, Finlandia, 1865eko abenduaren 8a - Järvenpää, 1957ko irailaren 20a) finlandiar musikagilea zen, Erromantizismo berantiarrekoa, eta eragin nabaria izan zuen Finlandiaren nortasun nazionala finkatzen.

Jean Sibelius

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJohan Julius Christian Sibelius
JaiotzaHämeenlinna, 1865eko abenduaren 8a
Herrialdea Finlandia
BizilekuaAinola (en) Itzuli
Lehen hizkuntzasuediera
HeriotzaAinola (en) Itzuli eta Järvenpää (en) Itzuli, 1957ko irailaren 20a (91 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: garuneko odoljarioa
garuneko infartua
Familia
AitaChristian Gustaf Sibelius
AmaMaria Charlotta Sibelius
Ezkontidea(k)Aino Sibelius  (1892ko ekainaren 10a -  1957ko irailaren 20a)
Seme-alabak
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
HeziketaHelsinkiko Unibertsitatea
Sibelius Academy (en) Itzuli
(1885 - 1889)
Hizkuntzakerrusiera
suediera
finlandiera
Irakaslea(k)Martin Wegelius
Albert Becker
Karl Goldmark
Robert Fuchs
Robert Kajanus
Karl Flodin
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea, orkestra zuzendaria, musikologoa, unibertsitateko irakaslea eta biolin-jotzailea
Lantokia(k)Helsinki
Enplegatzailea(k)Helsinkiko Unibertsitatea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaAlemaniako Errepublika Demokratikoko Artearen Akademia
Grand Lodge of Finland (en) Itzuli
Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
Lake Tuusula Artist Community (en) Itzuli
Izengoitia(k)Jean Sibelius
Genero artistikoamusika klasikoa
opera
sinfonia
incidental music (en) Itzuli
XX. mendeko musika klasikoa
art song (en) Itzuli
Musika instrumentuabiolina
pianoa

sibelius.fi
IMDB: nm0006292 Allocine: 150483 Allmovie: p111374
Spotify: 7jzR5qj8vFnSu5JHaXgFEr iTunes: 239117 Last fm: Jean+Sibelius Musicbrainz: 691b0e9d-9e57-41cf-932d-a3d21b068e75 Songkick: 211403 Discogs: 627442 IMSLP: Category:Sibelius,_Jean Allmusic: mn0000690353 Find a Grave: 1376 Edit the value on Wikidata

Sibeliusen lanaren funtsa zazpi sinfoniatan biltzen da. Beethovenek bezala, Sibeliusek ere erabili zuen horietako bakoitza bere estiloa garatzeko, baina Beethovenek ez bezala —hark sinfoniak aldarri publikoak egiteko erabiltzen zituen eta bere sentimendurik ezkutuenak lan txikietarako gordetzen zituen—, Sibeliusek bere sentimendu pertsonalak sinfonietan kanporatu zituen. Haren lanak sarri jo eta maiz grabatzen dira gaur egun ere.

Sinfoniak alde batera utzita, Sibeliusen konposiziorik ezagunenak Finlandia, Bals Tristea, biolin kontzertua, Karelia suitea eta Tuonelako beltxarga (Lemminkäinen suitearen lau mugimenduetako bat) dira. Beste lan batzuen artean Kalevalan oinarri hartutako zenbait pieza daude, ehundik gora abesti ahots eta pianorako, musika 13 antzezlanetarako, Jungfrun i tornet opera ("Dontzeila Dorrean"), ganbera musika, piano musika, 21 argitalpen musika koralaz eta musika erritual masonikoa. Sibelius musikagile emankorra izan zen 1920ko hamarkadaren erdialdera arte. Hala ere, bere Zazpigarren Sinfonia, Ekaitza (1926) eta Tapiola (1926) bukatu bezain laster, ez zuen maila handiko lanik egin bizi izan zen hogeita hamar urtean. Musika sortzen saiatu zen, bai, baita zortzigarren sinfonia bat ere, baina emaitzarik gabe. Bere bizitzaren azken aldian musika masonikoa idatzi zuen, eta hasierako zenbait lan berrargitaratu egin zituen. Halaber, musikaren garapena arretaz segitu zuen, nahiz eta beti ez zuen musika modernoa begi onez ikusi.

Bizitza eta lana

Johan Julius Christian Sibelius Hämeenlinna herrian jaio zen, Finlandiako Dukerri Handian, suediera hitz egiten zuen familia batean. Aita Christian Gustaf Sibelius izan zuen, eta ama Maria Charlotta Sibelius. Nahiz eta familian “Janne” esaten zioten, ikasle zela hasi zen erabiltzen bere izenaren frantses aldaera, “Jean”, bere osaba baten bisita txartela oinarri hartuta. Gaur egun mundu osoan Jean Sibelius izen-deiturez ezaguna da.

Bere familiak erabaki zuen Jean gaztea finlandiar hizkuntzako eskola batera bidaltzea, eta halaxe ikasi zuen Hämeenlinnako eskolan 1876tik 1885era bitartean. Nazionalismo erromantikoa elementu erabakigarria izan zen Sibeliusen ekoizpen artistikoan eta bilakaera politikoan.

1885ean institutuan graduatu ondoren, Alexander Unibertsitatean Zuzenbidea ikasten hasi zen, Finlandian bertan (egun, Helsinkiko Unibertsitatea). Dena dela, musikaz interes handiagoa zuenez, ikasketak laster utzi zituen. 1885etik 1889ra, Sibeliusek musika ikasi zuen Helsinkiko Musika Eskolan (egun, Sibelius Akademia). Bertan, Martin Wegelius izan zuen irakasle, besteak beste. Musika ikasten segitu zuen, Berlinen lehenengo (1889tik 1890era) eta Vienan gero (1890etik 1891ra).

Jean Sibelius eta Aino Järnefelt (1871-1969) Maxmon ezkondu ziren 1892ko ekainaren 10ean. Etxe bat eraiki zuten Ainola izenarekin Tuusula lakuaren ondoan, eta hantxe bizi izan ziren hil arte. 64 urte bizi izan ziren ezkonduta, eta sei alaba izan zituzten: Eva, Ruth, Kirsti (oso gazte hil zen), Katarina, Margareta eta Heidi.

Jean Sibelius 1913an

1911n ebakuntza handia egin zioten, ustez eztarrian minbizia zuelako. Heriotza hain hurbil ikusteak utzi zuen arrastorik egileak garai hartan egindako zenbait lanetan, adibidez, Luonnotar eta Laugarren Sinfonia.

Sibeliusek natura maite zuen, eta Finlandiako paisajeak bere musika egiteko sarri erabili zituen. Behin, horrela idatzi zuen bere Seigarren Sinfoniaz: "Beti ekartzen dit gogora lehen elurraren usaina". Askotan esan da Ainola inguruko basoek inspiratu zutela Tapiola konposizioa.

1926an Sibeliusen ekoizpena nabarmen jaitsi zen, aldi luze baterako: Zazpigarren Sinfonia egin ostean, lan gutxi batzuk soilik egin zituen, goi mailakoak. Horietatik, Shakespeareren Ekaitza lanerako egindako musika eta Tapiola poema musikatua aipagarrienak dira. Bere bizitzako azken hogeita hamar urtean, ez zuen bere musikaz hitz egiterik ere nahi izan.

Froga ziur samarrak daude Sibelius aritu zela zortzigarren sinfonia lantzen. 1931n eta 1932an Serge Koussevitzky bere lagunari agindu zion estreinatuko zuela, eta 1933an iragarri ere egin zen emanaldi bat Londresen, Basil Cameronen zuzendaritzapean. Dena dela, froga zehatz bakarra zortzigarren sinfoniarena faktura bat da, lehen mugimenduaren kopia batekoa. Sibelius beti izan zen oso kritikoa bere buruarekin; behin baino gehiagotan azpimarratu zien bere lagun minei: “Gai ez banaiz Zazpigarrena baino sinfonia hobea idazteko, orduan hura izango da nire azkena”. Zelan ez den gorde hurrengoaren eskuizkriburik, askok uste dute Sibeliusek berak suntsitu zituela partiturak, seguruenik 1945ean, jakina baita urte hartan paper asko bota zituela sutara, bere emaztea aurrean zela.

1939ko urtarrilaren 1ean nazioarteko irrati emanaldi batean parte hartu zuen, eta bertan egileak berak bere Andante Festivo pieza zuzendu zuen. Ekitaldi hura grabatu eta argitaratu egin zen, lehendabizi diskoetan eta gero CD bidez. Seguruenik adibide bakarra da, non musikagilea bera bere musika zuzentzen agertzen baita.

Sibelius 1939an

1955ean, 90 urte bete zituenean, musika ekitaldi bereziak egin ziren Finlandian, eta Columbia Records eta EMI diskoetxeek album bereziak atera zituzten haren omenez. Bi urte geroago, 1957ko irailaren 20an, 91 urte zituela, hil egin zen, garuneko odoljario batek jota. Ainolan bertan lurperatu zuten, lorategian. Egun berean, Finlandiako beste musikagile ezagun bat hil zen, Heino Kaski. Aino, berriz, hamabi urte gehiago bizi izan zen, 1969ko ekainaren 8an hil zen arte; senarraren ondoan lurperatu zuten. Sibeliusen heriotzaz honako anekdota hau kontatzen du Erik Tawastjerna biografoak:

“Pozez zoratzen itzuli omen zen eguneroko pasieratik, eta esan omen zion bere emazteari ikusi zuela kurrilo talde bat hurbiltzen. ‘Hementxe datoz, nire gaztaroko txoriak’, esan omen zuen. Bat-batean, txori haietako bat taldetik urrutiratu, eta zirkulu bat marraztu zuen Ainola gainean. Ondoren, bat egin zuen berriz taldearekin, aurrera egiteko”.

1972an, Sibeliusen ondorengoek Ainola Finlandiako estatuari saldu zioten. Bi urte geroago, 1974an, Finlandiako Hezkuntza Ministerioak eta Sibelius Elkarteak museo gisa ireki zuten.

Musika estiloa eta onespena

Haren lanaren muina zazpi sinfonien bilduma da. Beethovenek bezala, horietako bakoitza ideia musikal bat garatu eta bere-berea zuen estiloan aurrera egiteko erabili zuen. Gaur ere, sinfoniak oso ezagunak dira, eta sarri jotzen dira kontzertuetan, bai Finlandian bertan, eta baita handik kanpo ere.

Johan Ludvig Runeberg-ekin batera, Finlandiaren kultur sinboloetariko bat izan zen, biek ala biek eragin handia izan baitzuten Finlandiaren nortasun nazionala finkatzen, nahiz eta, harrigarria bada ere, biak ziren suediar jatorriko familietakoak.

Haren lanik ezagunenen artean daude.

  • Finlandia poema sinfonikoa.
  • Balts tristea.
  • Biolin kontzertua.
  • Karelia suitea
  • Lemminkäinen suitea, bereziki bere lau mugimenduetako bat, Tuonelako beltxarga.

Beste musikagile askok bezala, Sibeliusek ere XIX. mendeko konposizio arauak bere egin zituen. Bere garaikide askok bezala, berak ere Wagner miretsi egin zuen, baina aldi baterako soilik, geroago beste musika eredu bat hautatu baitzuen. Ferruccio Busoni eta Txaikovskiren eragina ere jaso zuen. Azken horrena bereziki nabaria izan zen Kullervo sinfonia koralean (1891) eta baita Biolin kontzertuan ere, zenbait urte geroago, 1903an.

Sibelius musikaren barne eraikuntza erabat sinplifikatzen saiatu zen. Antonin Dvořaki bezala, horrek eraman zuen melodiak bilatzera, nazioaren izaerarekin bat etorri zirenak. Mahlerek bezala, berak ere folklore nazionala eta literatura bere konposizioak eraikitzeko sarri erabili zituen. Bere Bigarren sinfoniaren bigarren mugimendua hartuta dago Don Juan liburuko pasarte batetik, non estatua bat agertzen baita ilargiaren argipean. Laugarren sinfonian, ostera, sinfonia baterako aurreikusitako lana (Mendia) poema batekin uztartzen du: hori Edgar Allan Poe idazlearen Belea lanean oinarritzen da.

Poema musikatuak ere idatzi zituen, Finlandiako poesian oinarrituak, En saga poemarekin hasi eta Tapiolarekin amaitu (1926), haren azken lan handia.

Sibelius modan egon izan da, eta modatik joanda, bietan. Bera izan zen XX. mendeko sinfonia egilerik ezagunena, eta behin eta berriro eskaini izan zaizkio ziklo osoak. Munduko orkestra zuzendaririk onenak haren musika interesatu dira, bai eta jo ere.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean Sibelius Aldatu lotura Wikidatan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.