Jean Renoir
Jean Renoir (Paris, 1894ko irailaren 15a - Los Angeles, Kalifornia, 1979ko otsailaren 12a) zinema zuzendari, aktore eta idazle frantziarra izan zen. Zinema mutuan hasi eta XX. mendeko 60ko hamarkada arte 40 filmetik gora egin zituen.
Jean Renoir | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Parisko 18. barrutia, 1894ko irailaren 15a |
Herrialdea | Frantzia |
Bizilekua | Beverly Hills château des Brouillards (en) |
Lehen hizkuntza | frantsesa |
Heriotza | Beverly Hills, 1979ko otsailaren 12a (84 urte) |
Hobiratze lekua | Essoyes |
Familia | |
Aita | Pierre-Auguste Renoir |
Ama | Aline Renoir |
Ezkontidea(k) | Marguerite Renoir (en) Catherine Hessling (en) (1920ko urtarrilaren 24a - 1943) Dido Freire (en) (1944ko otsailaren 6a - 1979ko otsailaren 12a) |
Seme-alabak | ikusi
|
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | film-zuzendaria, aktorea, gidoilaria, zinema ekoizlea, film-muntatzailea, autorea, zinema aktorea, errealizadorea eta idazlea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Lehen Mundu Gerra |
jeanrenoir.com | |
|
Aline Charigot eta Pierre-Auguste Renoir pintore frantziarraren bigarren semea izan zen. Eta, gerora, Claude Renoir zinemagilearen osaba izan zen eta Alain Renoir unibertsitate irakaslearen aita, Kaliforniako Berkeley Unibertsitatean literatur konparatua irakatsi zuena. Anaia Pierre ere zinema munduan ibilitakoa zen.
Aurreneko urteak
Txikia zela familiarekin batera Frantziako hegoaldera jo zuen. Umetan, familiako beste kide batzuen modura, aitaren margolanetako askotan agertuko da Jean. Sendiak, aitaren arrakastari esker, ez zuen diru arazorik izan eta ikastetxe onenetan ikasi zuen. Lehen Mundu Gerrak Frantziako zalditeriara eraman zuen. Hanka batean zaurituta, bestelako lanetan ipini zuten, eta sasoi horretan, bizkortu bitartean, zinema ezagutu zuen, batik bat Charles Chaplinen filmak. Gerra amaituta aitarekin jardun zuen lanean eta zeramika lantzen saiatu zen. Baina handik gutxira, eta Erich von Stroheim zinemagilearen eraginak bultzatuta, zinemari heldu zion. 1924koa da Renoirren estreinako lana (Catherine ou Une vie sans Joie), zuzendu zituen ahots gabeko bederatzi lanetan lehena. Dirurik ordainetan ez zuen lortzen baina, eta aitaren herentzian jasotako margoak salduz finantzatu zituen.
1930etik aurrera
1930etik aurrera, eta soinuaren sarrerarekin, Renoirrek ospea eta jendearen eta kritikaren onespena irabazi zituen. Bat egin zuen Frantziako Herri Frontearekin, eta sasoi hartako bere lanek ildo horren adierazle dira: Le Crime de Monsieur Lange (1935) eta La Vie Est a Nous (1936). 1937koa da Renoirren lan gailenetako bat, La Grande Illusion, Erich von Stroheimek eta Jean Gabinek antzeztua. Arrakasta handiko filma izan zen, Lehen Mundu Gerran girotua, ihes egiten saiatzen ziren presoen gainekoa; Alemanian debekatua izan zen eta Italian, nahiz eta Veneziako Mostran saritua izan, beste horrenbeste. Horren ostean La Bête Humaine etorri zen, Émile Zolaren lanaren bertsioa, Simone Simonek eta Jean Gabinek antzeztua. 1939an, diru baliabideak aldean, La Règle du jeu filma zuzendu zuen, Frantziako gizartearen erretratua. Ez zuen, ordea, harrera ona izan, eta Bigarren Mundu Gerra hastearekin batera debekatu egin zuten. Eta gerra urte horietan zeuden kopiak suntsitu zituzten; 50eko hamarkadan berreskuratua izan zen, eta askoren arabera Renoirren lan bikainena da.
Hollywood
La Règle du jeu filmaren porrota artean mamitu barik, Renoir Italiara bidean da Toscaren zinemarako bertsio bat prestatzeko asmoz. Baina berehala da Frantzian, Bigarren Mundu Gerra hasi baino egin ez da eta. 45 urte ditu eta armadarako gai da: armadaren zinema zerbitzuan egingo du lan, eta aurreneko betebeharra Italiara itzultzea da, Erromako Centro Sperimentale di Cinematografia delakoan zinemaren inguruko eskolak emateko; sinistuta zeuden frantziar gobernuan halako kultur bitartekaritza batek italiarrekiko harremanak hobetuko zituela. Dena den ez zen horrela izan: 1940an Frantzia alemaniarrek okupatua izan zen. Renoir Ameriketako Estatu Batuetara abiatu zen. Zailtasunak izan zituen Hollywooden bere gustukoak izan zitezkeen lanetan jarduteko. 1943an This Land is Mine filma ekoiztu eta zuzendu zuen, Frantzia okupatuaren inguruko istorioa, Maureen O'Hararekin eta Charles Laughtonekin. Bi urte geroxeago The Southerner egin zuen, Ameriketan sortu zuen lanetan onena edo, 1945eko zuzendari onenaren Oscar Sarietarako izendatua. 1946an hiritartasun estatubatuarra lortu zuen. Urte berekoa da The Diary of a Chambermaid, Paulette Goddard eta Burgess Meredith tartean. The Woman on the Beach filmak (1947) Joan Bennett eta Robert Ryan zituen antzezle: estreinatu aurreko emankizunetan zelako harrera eskasa zuen ikusita, erabat berregin zuten. Bi film hauek ez zuten inongo arrakastarik izan.
1949an Indiara joan zen eta han koloretan eginiko lehen filma sortu zuen: The River, Rumer Godden idazlearen izen bereko eleberrian oinarritua. Hiru neska gazteren eguneroko bizimodua azaltzen du, eta pertsonen eta naturaren arteko harremana ere badu gogoeta. 1951ko Canneseko Zinemaldian saritu zuten.
Europan ostera ere
Europara itzuli zen eta zinema musikala oinarri hartuta trilogia bat sortu zuen, hiru gai jakin jorratuz: antzerkiaren mundua, politikarena eta merkataritzarena. Filmak hauexek izan ziren: Le Carrosse d'or (1953) Anna Magnanirekin; French CanCan (1954), Jean Gabin eta Maria Felixekin; eta Eléna et les hommes (1956), Ingrid Bergman eta Jean Maraisek osatutako bikotearekin. Aldi berean Parisko antzerkietan taularatu ziren hainbat lan ekoiztu zituen, Clifford Odets antzerkigilearen The Big Knife edo propio Renoirrek berak Leslie Caron aktorearentzat sortutako Orvet.
Renoirren azken aurreko lana 1962koa da, Le Caporal épinglé, Jean-Pierre Cassel eta Claude Brasseur aktoreekin. Bigarren Mundu Gerran nazien menpe dauden hainbat presoren gorabeherak ditu kontakizun. Urte berean margolari bikaina izan zen aita Pierre-Auguste Renoirren biografia eman zuen argitara (1962). Hurrengo urteetan hainbat gidoi idatzi zituen eta eleberri bat: Les Cahiers du Capitaine Georges, Gallimard (1966).
Azken urteak
1969an filmatu zuen Renoirrek azken lana: Le Petit théâtre de Jean Renoir. Bestelako izenburua ere bazuen pentsatua, garai hartako gazte iraultzaileen aldarrikapenak babestu nahian edo (Hau iraultza da!). Lau istorio labur biltzen ditu film honek, gai bertsua gogoan dutenak, baina filmatzeko orduan oso bestela sortuak. Bere bizitzako azken urteak Beverly Hillsen eman zituen, eleberriak sortzen eta memoriak idazten. Ez zuen diru iturririk lortu gogoan zituen hainbat egitasmo gorpuzteko. 1973an Carola filma errodatzen ari zirela eroriko bat izan zuen eta horren ondorioz filmaketa alde batera laga behar izan zuen: Leslie Caron eta Mel Ferrer aktoreen lana Norman Lloydek amaitu zuen zuzentzen. 1975ean Ohorezko Oscar Saria jaso zuen, bizitza osoan eginiko lana aitortzeko asmoz. 1977an frantziako gobernuak Ohorezko Legioko komandantearen delako domina eman zion.
Jean Renoir 1979ko otsailaren 12an hil zen Beverly Hillsen. Gorpua Frantziara eraman zuten, bertan lurperatzeko.
Omenaldia
Hil eta gutxira Renoirren lagun handia eta zinemagile bikaina izan zen Orson Wellesek artikulua idatzi zuen Los Angeles Times egunkarian frantziarraren gorazarre: "Jean Renoir: The Greatest of all Directors".[1]
Filmografia
- 1924 : Catherine ou Une vie sans Joie
- 1925 : La Fille de l'eau
- 1926 : Nana
- 1927 : Sur un air de charleston
- 1927 : Catherine ou Une vie sans Joie (1924ko filmaren bertsio berria)
- 1927 : Marquitta
- 1928 : Tire-au-flanc
- 1928 : Le Tournoi dans la cité
- 1928 : La Petite marchande d'allumettes
- 1929 : Le Bled
- 1931 : On purge bébé
- 1931 : La Chienne
- 1932 : La Nuit du carrefour
- 1932 : Boudu sauvé des eaux
- 1932 : Chotard et Cie
- 1933 : Madame Bovary
- 1935 : Toni
- 1936 : Le Crime de Monsieur Lange
- 1936 : Partie de campagne
- 1936 : La vie est à nous
- 1936 : Les Bas-fonds
- 1937 : La Grande illusion
- 1938 : La Marseillaise
- 1938 : La Bête humaine
- 1939 : La Règle du jeu
- 1941 : Swamp Water
- 1943 : This Land is Mine
- 1944 : Salute to France
- 1945 : The Southerner
- 1947 : The Woman on the Beach
- 1951 : The River
- 1953 : Le Carrosse d'or
- 1954 : French Cancan
- 1956 : Elena et les hommes
- 1959 : Le Testament du docteur Cordelier
- 1959 : Le Déjeuner sur l'herbe
- 1962 : Le Caporal épinglé
- 1971 : Le Petit Théâtre de Jean Renoir
Idazlanak
- Orvet, Gallimard 1955, antzezlana.
- Renoir, Hachette 1962 (aitaren gaineko biografia).
- Les Cahiers du Capitaine Georges, Gallimard 1966. Eleberria.
- Ma Vie et mes Films, Flammarion 1974 (Nire bizitza eta nire filmak). Autobiografia.
- Ecrits 1926-1971 (Claude Gauteur, ed.), Pierre Belfond, 1974. Idazlanak.
- Carola, in "L'Avant-Scène du Théatre", 597 zenbakia, 1976ko azaroaren 1ekoa. Gidoia.
- Le Coeur à l'aise, Flammarion 1978. Eleberria.
- Julienne et son amour, Henri Veyrier 1978. Gidoia.
- Jean Renoir: Entretiens et propos (Jean Narboni, ed.), Editions de l'étoile/Cahiers du Cinéma 1979. Elkarrizketak eta artikuluak.
- Le crime de l'Anglais, Flammarion 1979. eleberria.
- Geneviève, Flammarion 1980. Eleberria.
- Œuvres de cinéma inédités (Claude Gauteur, ed.), Gallimard 1981.
- Lettres d'Amerique (Dido Renoir eta Alexander Sesonske, eds.), Presses de la Renaissance 1984. Gutunak.
- Renoir on Renoir: Interviews, Essays, and Remarks (Carol Volk, tr.), Cambridge University Press 1989.
- Jean Renoir: Letters (David Thompson and Lorraine LoBianco, eds.), Faber & Faber 1994. Gutunak.
Erreferentzia
- Welles, Orson. The Orson Welles Web Resource, 1979.
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean Renoir |
- (Ingelesez) Jean Renoir: Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko liburutegian dagoen bilduma bibliografikoa.
- (Ingelesez) Columbiako unibertsitateko Ahozko Historiaren Ikerketa Sailak eginiko elkarrizketa.
- (Frantsesez) Je m’appelle Jean Renoir. Frantziako Nancyko unibertsitateak Renoirri eskainitako ataria.