Jean Genet
Jean Genet (Paris, 1910eko abenduaren 19a - Paris, 1986ko apirilaren 15a) frantziar idazle eta antzerkigilea izan zen. Olerkiak, eleberriak eta antzerki-lanak idatzi zituen.
Jean Genet | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Jean Genet |
Jaiotza | Paris, 1910eko abenduaren 19a |
Herrialdea | Frantzia |
Lehen hizkuntza | frantsesa |
Heriotza | Paris, 1986ko apirilaren 15a (75 urte) |
Hobiratze lekua | Larache |
Heriotza modua | berezko heriotza: hestegorriko minbizia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, antzerkigilea, poeta, film-zuzendaria, gidoilaria, eleberrigilea, film-muntatzailea, militarra, saiakeragilea eta militante politikoa |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
| |
Bizitza
Prostituta baten semea zen. Amak abandonaturik, umezurztegi eta adin txikikoentzako zentroetan hezi zen. Hamar urte zituela, lapurreta bat leporatu zioten; gertakari hark bere bizitza osoa markatu zuen. Sarritan sartu zuten kartzelan, eta gaiztakeria izan zuen bere irizpide etiko eta estetikoa. 1930eko hamarkadan, eskale, lapur eta droga-trafikatzaile ibili zen Europan. Bere lehenengo eleberriak giro horri buruzkoak dira. Espetxean idatzi zituen Chant secret poemak (1945), Notre-Dame des Fleurs (1946) eta Miracle de la rose (1947) kartzelako mundua samurtasunez goraipatzen dituen eleberriak. Ondoren, antzerki-lanak idatzen hasi zen, non gizakiaren nortasuna eta bizitzan jokatzen diren rolak landu zituen, absurduaren antzerkiaren korrontearen barnean, baina gorrotoaren antzerkia deitu izan den estilo pertsonalaz. Gizartearen kontra doazen balioen apologia azaltzen da lan horietan.
1968ko Maiatzetik aurrera, hein handi batean, polikoki ekintzaile nagusi batean bilakatu zen. Daniel Cohn-Benditekin, esaterako, Frantziako etorkinen bizi baldintza kaxkarrak salatuz, edota Argelian frantziarrek egindako sarraskien kontrako aldarrikapenak eginez, Foucault edo Sartre bezalako intelektualekin bat. 1970an Pantera Beltza Alderdiarengandik gonbidatua izan zen EEBBetara, eta haien liderra zen Huey Newton pantera beltzaren epaiketa eta beste gaien inguruan artikuluak idatzi zituen. Era horretan, Angela Davis eta George Jacksonen aldeko aldarrikapen eta kanpainetan hartu zuen parte. Ondoren, ere, Palestinako errefuxiatu zelaietara bidaiatu zuen, Yasser Arafatekin hitzordua izanik. Gainera, besteak beste, RAFeko Andreas Baader eta Ulrike Meinhof militanteen aldeko elkartasun idatziak egin zituen, Le Mondek argitaratutako "Violence et brutalité" (1977) kasu.
Oro har, pariak, emagalduak, lapurrak, baztertuak oro har, ditu pertsonaia nagusiak. Idazlan hauek joko bikoitzak dituzte oinarrian, liturgiako ospakizunei jarraitzen dietela: Les Bonnes (1947), Le Balcon (1956), Les Nègres (1958) eta Les paravents (1966).
Journal du voleur (1949) obra autobiografikoan argitu zituen J. Genetek bere asmoak zehaztasunik handienaz.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/1/9 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.