Jean Fourcade

Jean Fourcade (Baiona, 1895- 1973) Lapurdiko hiriburuan jaiotako militarra eta historialaria izan zen, bereziki ezaguna Urruñako historiari buruz egindako lanengatik.

Jean Fourcade
Bizitza
JaiotzaBaiona, 1895
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
Heriotza1973 (77/78 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakhistorialaria

Biografia

Baionan sortu zen 1895. urtean, bertako familia zahar eta ezagun batean. Larresoroko seminarioan ikasi zuen, baina, Frantziako Gobernuaren politika antiklerikala zela eta, 1906an utzi behar izan zuen. Gero Belok-era jo zuen eta bertan bukatu zituen bigarren mailako ikasketa guztiak. Hamazazpi urterekin karrera militarra egiteari ekin zion Sainte-Geneviève eskolan, 1914ko agorrilean Saint-Cyr-en sartu zelarik. Lehen Gerla Handian hamahiru hilabete igaro zituen Verdun-en, non Gerlako Gurutzea eman zioten. Gerla amaituta, Aeronautikako Eskola Nagusian sartu eta fabrikazio militarren ingeniari egin zen. 1920. urtean armada utzi eta industria pribatuan bere lehen urratsak eman zituen.

1925ean Renée Guittet urruñarrarekin ezkondu zen eta 1935era arte Parisen bizi izan ziren. Aipaturiko urtean Urruñara etorri ziren bizitzera, Erlandebaita izeneko etxera. Etxe hau emaztearen familiarena zen. Renée Guittet bertan bizi izandako Laurentzena familiaren ondorengoa zen. 1901. urtean Clémend Laurentzenak ura ekarri zuen Buztingorriko iturritik herriko plazan zegoen iturri publikoraino, lau kilometroko ubidea egin ondoren. Jean Fourcadek eta Renée Guittet-ek lau seme-alaba ukan zituzten aipaturiko etxean. Urruñara etortze horrek gauza ainitz mugitu zuen Jean Fourcaderen baitan, bere euskal sustraiak topatu omen zituen. Orduz geroztik, beti ibili zen Urruñari buruzko datu etnografikoak bilatzen eta artikulutan zein liburutan plazaratzen. Horrela 1939ko maiatzean Petite histoire d’ un village de Labourd: Urrugne (Lapurdiko herri baten historia ttipia. Urruña) izeneko liburu eder eta mamitsua argitaratu zuen Baionan.

Bigarren Gerla Handian mobilizatua izan zen eta aire-armadako kapitain ibili zen Domrémy-tik gertu. Urruñara itzulirik laborantzan sartu zen Syndicat Agricole-ko lehendakari bilakatuz.

L’ Union départamentale des associations familiales (Famili Elkarteen Departamentu Batasuna) sortu zuen hastapenetan eta la Fédération de la famille rurale (Familia Laborarien Federazioa) ondoren.

Ber denboran erresistentzian ibili zen komandante titulua erdietsiz. Hori dela eta, Mérignac-eko kasernan atxilotu zuten. Gerla bukatzean, Ohorezko Legioa eman zioten. Laborantza arloan emandako urratsek ere ongi merezitako saria ekarri zioten, eta horrela 1973. urtean Chévalier du Mérite Agricole (Laborantza Merituetako Zalduna) izendatu zuten.

Nahiz eta horrelako jardueretan buru-belarri ibili, Jean Fourcadek denbora bilatu zuen Urruñako historiari buruzko datuak eta materialak xerkatzen eta ikertzen jarraitzeko. Ikerketa horien emaitza izan ziren aldizkarietan (Gure Herria, Euskal Erakustetxeko Buletina, Gernika…) plazaratu zituen artikulu ugariak. Done Jakue bideak Euskal Herrian egindako nondik norakoak ere aztertu zituen. 1967an, Okzitaniako Tolosan, bere bigarren liburua argitaratu zuen: Trois cents ans d’ histoire au Pays Basque: Urrugne, Socoa, Béhobie, Hendaye eta Biriatou. (Euskal Herriko historiaren 300 urte: Urruña, Zokoa, Pausu, Hendaia eta Biriatu).

Bibliografia

Artikuluak

  • Terre et famille basques (Euskal lurra eta familia)
  • Baionako Zientzia, Letra eta Arteetako Elkartearen buletina. (Bulletin de la Societé des Sciences, Letres et Arts). 60. zenbakia. 1951
  • La population en Pays Basque (Biztanleria Euskal Herrian)
  • Baionako Zientzia, Letra eta Arteetako Elkartearen buletina. (Bulletin de la Societé des Sciences, Letres et Arts). 62. zenbakia. 1952
  • Le Marché du poisson à Saint-Jean-de-Luz en 1788 (Arrainaren Merkatua Donibane Lohizunen, 1788. urtean)
  • Euskal Erakustetxeko Buletina. 31. zenbakia. Baiona. 1964
  • Royal cantabre sous Louis XV, chasseurs cantabres sous Louis XVI. Erret Kantauria* Luis XV.aren garaian, kantauritar* ehiztariak Luis XVI. aren garaian. (*kantauriar = euskaldun)
  • Euskal Erakustetxeko Buletina. Baiona. 1965

Liburuak

  • Petite histoire d`un village du Labourd. Urrugne.1939.
  • Trois cents ans d´histoire au Pays Basque. Urrugne, Socoa, Béhobie, Hendaye et Biriatou. 1967.

Kanpo estekak

  • Joseba Aurkenerena: Jean Fourcade, Urruñako historian aditua.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.