Jean-Marie Ekai
Jean-Marie Ekai[1] edo Ecay[2] (Donibane Lohizune 1962ko maiatzaren 22a) gitarra jotzaile lapurtarra da. Eklektikoa, Euskal Herrian gehienbat Itoiz taldean aritu zelako da ezaguna baina hainbat proiektutan esku hartu du, bai berarenak bai puntako beste musikari askoren kolaboratzaile gisa.
- Artikulu hau Lapurdiko musikariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ekai».
Jean-Marie Ekai | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donibane Lohizune, 1962ko maiatzaren 22a (61 urte) |
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | gitarra-jotzailea |
Musika instrumentua | gitarra |
jeanmarie-ecay.com | |
JME akronimoa ere erabiltzen du[3] eta oso kalitate handiko gitarra jotzaile ospea du.
Biografia
Hastapenak
Lohizundarra, Baionako Kontserbatorioan solfeo lau urtez eta gitarra urtebetez ikasten ibili zen. 1976tik aurrera eskualdeko talde batzuetan jotzen hasi zen: Storm, Eclipse...Tokiko erreferente musikal askorekin (Sylvain Luc, Mixel Ducau...[4]) harreman ugari zuen.
1981ean Bordeleko Kontserbatorioan ari zelarik konturatu zen inguru pedagogiko klasikoak ez zuela motibatzen eta harrez gero ikasketa aldetik autodidakta izan da. Musikaz gain, hurrengo urtean Pauen espainiera ikasketetan eman zuen izena.
Itoiz eta beste
1983tik 1988 Jean-Marie Ekai Hego Euskal Herrian plantatu zen eta Itoiz[5] talde mitikoko kidea izan zen; bere etorrera, ideia musikalek eta Juan Carlos Perezekiko konplizitateak taldeari kemen berria eman zioten.[6] Rock sinfonikoa bazterrean utzi eta poparen ildoan sakontzeari ekin zioten; emaitza: Musikaz Blai (1983) eta Espaloian (1985); azken honetan Perezekiko desberdintasunak direla eta taldea utzi zuen.
Aldi berean beste proiektu batzuetan ere aritu zen:
- Javier Gurrutxagaren Orquesta Mondragón taldea.
- Angel Celadarekin[7] La Noche "fusio" estiloko musika taldea sortu zuen.
- Jorge Pardo espainiar eta Carles Benavent katalanarekin jo zuen.
- Frantses estatuan Bernard Lubat okzitaniarrarekin aritu zen; horri esker Didier Lockwood ezagutu zuen.
Proiektu ugaritan
Beraz, Didier Lockwood Group taldean ibili zen lau urtez, mundu osoan zehar. 1992an Caron-Ecay-Lockwood izena hartuko zuen taldearen koliderra izan zen; hirukoteak Frantzia, Txina, Korea eta Kanadan jo zuen.
1994 eta 1998 artean Ekaik Claude Nougarorekin konposatu eta lan egin zuen. 1995 gainera talde batean burua bera izanik ateratako lehen diskoaren urtea da; Atlantic Blues izan zuen izena.
1999 eta 2003an Richard Gallianoren taldeko kide gisa bere biretan aritu izan da.
2001ean World Energy Blues bere bigarren diskoa ekoitzi zuen.
2015ean gitarjoleen bira bat egin du Robben Ford eta Larry Carltonekin.
2006 eta 2016 urteen artean nagusiki Billy Cobhamen taldean jo du.
Azken urteetan André Charlier eta Benoît Sourisseren biretan parte hartu du. Horrez gain Alex Acuna perutarra eta Dominique Di Piazzarekin ere aritu da.
Berarekin aritu diren beste musikari askoren artean hauexek daude:
- gitarra jotzaile: Eddy Louiss, Jean Pierre Como, Dee Dee Bridgewater, Marc Berthoumieux, Jean-Felix Lalanne...
- estudioko saioetarako: Jacques Higelin, Stanley Clarke, Barbara...
Gaur egun Richard Gallianorekin jotzen du.
Paris eta Euskal Herriaren artean bizi da.
Diskografia
Bera talde bateko lider eta kolider izanik lau CD eta DVD bat argitaratzen parte hartu du.
CDak
- 1992: Caron Ecay Lockwood (talde homonimoa). JMS Records. Alain Caron eta Didier Lockwood lagun.
- 1995: Atlantic Blues (JME). Elkarrek atera eta Jean Phocasekin batera nahastua. 2001ean edizio mugatu berria atera du.
- 2001: World Energy Blues (JME). 24 musikari gehiagok esku hartu zuten.
- 2005: Play Jobim (Lelann Ecay). Eric Lelannekin.
DVDak
- 2004ko amaieran DVD bat grabatu zuen: Live in Biarritz 2003, Gare de Midin 2003ko martxoaren 14an grabatua.
- Beste batzuetan esku hartu du eta jotzen ikasteko den Blues fusion. Volume 1 atera zuen 2008an.
Beste batzuekin
Dozenaka diskotan kolaboratu du, nazioarteko aipatu musikari eta beste batzuen taldeek grabatutakoetan.[8] Goi mailako artista asko daude berarekin kontatu dutenen artean.
Euskal talde eta musikari hauekin grabatu du noizbait:
- Beñat Amorena: La kaleido band.
- Txomin Artola Berriz arte.
- Niko Etxart eta Hapa-hapa: Gili-gilikatzen haüt (1995).
- Javier Gurrutxaga: Música para camaleones.
- Gari: 0-tik (2004).
- Imanol: Muga beroetan (1989).
- Itoiz: Musikaz Blai (1983) eta Espaloian (1985).
- Benito Lertxundi: Mauleko bidean... izatearen mugagabean (1987).
- Orquesta Mondragón: Rock & Roll circus (1985).
- Ruper Ordorika: Bihotzerreak (1985).
- Juan Carlos Perez: Flannery eta bere astakiloak, umeentzat.
Erreferentziak
- Hala idatziko dugu euskaraz, sarritan erabili delako.
- Artistak berak gehien baliatu duen grafia; ikus bere webgunea.
- Diskografia bere webgunean.
- Ikus argazkia.
- Anekdota eta kasualitaterako, Ekai izeneko herria eta Itoitz haran berean daude, Longidan.
- Ikus Itoiz.
- Itoiz zein Orquesta Mondragón taldeetan kointziditu zuen bateria jotzaile gasteiztarrarekin.
- Ekairen diskografia osoa.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Frantsesez) Ekairen webgune ofiziala.
- (Ingelesez) Ekai myspacen.
- Musikaz blai diskoa badok.infon.