Jean-Baptiste Colbert
Jean-Baptiste Colbert (1619ko abuztuaren 29a, Reims – 1683ko irailaren 6a Paris) politikari eta ekonomista frantziarra izan zen. Botere handia izan zuen Luis XIV.a erregearen agintaldian. 1665-1683 bitartean Frantziako Finantza ministroa (Contrôleur général des finances) izan zen, eta 1669-1683 bitartean Errege Etxearen estatu idazkaria eta Itsas Armadaren estatu idazkaria. Colbertismoa —aurrera eraman zuen doktrina ekonomikoa— merkantilismoan oinarritzen zen.
Jean-Baptiste Colbert | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1669ko martxoaren 7a - 1683ko irailaren 6a ← Hugues de Lionne (en) - Jean-Baptiste Colbert, Marquis de Seignelay (en) →
1669ko otsailaren 16a - 1683ko irailaren 6a
1667ko martxoa - 1683ko irailaren 6a ← Jean de Silhon (en) - Jean de La Fontaine →
1665eko abenduaren 12a - 1683ko irailaren 6a ← Louis Le Tonnelier de Breteuil (en) - Claude Le Peletier (en) →
1661eko martxoaren 9a - 1683ko irailaren 6a ← Jules Mazarin - François Michel Le Tellier de Louvois → | |||||||||||
Bizitza | |||||||||||
Jaiotza | Reims, 1619ko abuztuaren 29a | ||||||||||
Herrialdea | Frantzia | ||||||||||
Heriotza | Paris, 1683ko irailaren 6a (64 urte) | ||||||||||
Hobiratze lekua | Church of Saint Eustache (en) | ||||||||||
Familia | |||||||||||
Aita | Nicolas Colbert de Vandières | ||||||||||
Ama | Marie Pussort | ||||||||||
Seme-alabak | ikusi
| ||||||||||
Anai-arrebak | ikusi
| ||||||||||
Hezkuntza | |||||||||||
Heziketa | Parisko Unibertsitatea | ||||||||||
Hizkuntzak | frantsesa | ||||||||||
Jarduerak | |||||||||||
Jarduerak | ekonomialaria, politikaria, legelaria eta Clerical Officer (en) | ||||||||||
Lantokia(k) | Paris eta Versailles | ||||||||||
Jasotako sariak | ikusi
| ||||||||||
Kidetza | Frantses Akademia Académie des Inscriptions et Belles-Lettres | ||||||||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||||||||
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa | ||||||||||
Bizitza
1651etik aurrera, Jules Mazarinen idazkari pertsonala izan zen eta, Mazarinen beraren gomendioz, geroago Luis XIV.aren zerbitzuan sartu zen. Luis XIV.arentzat lanean ari zela, Nicolas Fouquet superintendentearen kargugabetzea lortu zuen, diru publikoa gaizki erabili zuela-eta. Handik aurrera, boterea metatuz joan zen: Finantza intendentea izendatu zuten 1661ean, kontrolatzaile nagusia 1665ean, Eraikuntza, Arte eta Manufaktura intendenteordea izan zen 1664an, eta Erregearen Etxe eta Itsas Armadako idazkaria ondoren. Estatuko finantzen egoera hobetzearren Colbertek bideraturiko neurriek hasieran inolako fruiturik eman ez bazuten ere, abiarazi zuen eraberritze fiskalak, administrazio berrantolaketak eta, batez ere, ekonomian egin zituen egitasmoek estatuko ekonomiaren planifikazio eraginkorra ekarri zuten.
Colbertek politika ekonomiko protekzionista erabili zuen, inportazioak zergapetuz eta esportazioak sustatuz. Frantziako industria eta merkataritza sustatzeko, estatuaren fabrikak sortu zituen, hala nola Manufacture royale de glaces de miroirs (Saint-Gobain), beira-fabrika, eta Manufacture royale des Gobelins, tapiz-fabrika. Errepide, ubide eta portuen eraikuntza bultzatu zuen. Merkataritza-konpainia berrien sorrera sustatu (Compagnie française des Indes Orientales, Compagnie française des Indes Occidentales) eta itsas armada handitu zuen, Frantziaren hedapen koloniala, Kanada, Antillak, Ekialde Urruna aldera, ahalbidetuz.[1] Arteak ere sustatu zituen. Hala eta guztiz ere, ezin oztopatu izan zituen estatuaren gastu handiak eta egoera horretaz baliatu zen Louvoisko markesa Colberti bere karguak kentzeko 1675ean.
Frantziako Ogasuna
Jean-Baptiste Colbert Reimseko familia burges bateko kidea zen. Jatorriz merkatariak baziren ere, senitartean erregearen ofizialak ere bazituzten. 1661ean, Luis XIV.ak Ogasuneko intendente izendatu zuen. Erresuma guztiko administrazioaz arduratu zen, atzerriko eta militar arazoez salbu. Postu hartatik, ondasun askoren jabe egin izanaz gainera, bere ahaideak jarri zituen Estatuko eta Elizako posturik erabakigarrienetan, eta ezkontzen bidez, Frantziako goi nobleziarekin ahaidetzea lortu zuen.
Colberten gorakada ez zen giza banako baten garaipen soila izan; aldiz, haren familiaren eraginaren emaitza ere bazen, familiari esker igo baitzen aginpidearen gailurrera. Colbertek Estatuan lortu zuen postua familak mendeetan zehar garatutako estrategiaren emaitza zen, edozein egoeratara egokitzeko prest baitzeuden, beren ongizatea eta hedakuntza lortzeko.
Lehen urteetan, 1660tik 1672ra, Colbertek lortu zuen Ogasuna antolatzea eta aurrekontu orekatuak ziurtatzea. Horretarako, kontuak zorrotz eramateaz eta karguak gutxitzeaz gainera, arrazoizko zergak ezarri zituen.
Estatuaren kargak arintzeko, Richelieu eta Mazarinoren garaian estatuari egindako maileguen interesak murriztu, eta zenbait kasutan, ezabatu ere egin zituen. Holandako gerrarekin etorri ziren finantza arazoak eta bere hartan segitu zuten aurrerantzean. Hiru ziren, batez ere, gastuen gorakadaren arrazoiak: erregeak Europan zuen politika erasokorra, Versaillesko jauregiaren eraikuntza, eta Gorteko gastuak.
Hala, aurrekontuetako defizita arau bihurtu zen. Egoera horri aurre egiteko, Colbertek zergak igotzea erabaki zuen, bai zerga arruntak eta bai apartekoak, nola ziren, karguen salmentak, partikularren arteko maileguak, erregearen ondarearen zenbait besterentze, eta monopolio berriak: tabakoa eta paper tinbratua, adibidez.
Colbertek ezarritako ekonomia politikari merkantilismoa esaten zaio. Colbertek, garai hartako gainerako ekonomilariek bezala, uste zuen munduan batetik bestera zebiltzan urre eta zilar kopuruak oso gutxi aldatzen zirela eta estatu batek zuen diru kopurutik neurtzen zela estatu horren aberastasuna.
Erresuma aberasteko bidea, esportazioak gehitzea eta inportazioak gutxitzea zen, beraz.
Eskulangintzaren ekoizpena hobetzeko eta gehitzeko, sektore hori arautu eta babestu egin zuen. Zenbait eskulangintza pribilegiodun ere sortu ziren, batez ere esportaziorako lan egiten zutenak. Frantziako manufakturen babesa berriz, 1667an gauzatu zen, urte hartan aduana tarifa berri bat sortu baitzen Frantzian sartzen ziren atzerriko produktuak zamatzen zituena. Produktu horiek Ingalaterratik eta Holandatik zetozen gehienak eta neurriaren ondorioa, praktikan, atzerriko manufakturak debekatzea izan zen.
Handik gutxira, Nimegako itunaren ondoren, aduana tarifak bertan behera uzi beharra izan zen. Itun harekin amaitu zen Frantziaren eta Holandaren arteko gerra.
Ogasun publikoak Frantziako ekonomiari eusteko zituen zailtasunak alde batera utzita, beste arrazoi asko zeuden 1672tik aurrera colbertismoak lur jotzeko. Lehenik, erresuma barruko aurkakotasuna; bigarren, atzerriko lehiakideen indarra: Ingalaterrak eta Holandak manufaktura hobeak eta merkeagoak ekoizteaz gainera, banku eta ontzidi indartsuak zituzten; eta hirugarren, Europa osoa jasaten ari zen ekonomia eta demografia beheraldia.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Biografias y vidas: Jean-Baptiste Colbert, biografiasyvidas.com
Kanpo loturak
- (Frantsesez) Encyclopédie de L'Agora: Biographie de Jean-Baptiste Colbert, agora.qc.ca
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean-Baptiste Colbert |
Artikulu hau biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |