Camille Corot
Jean-Baptiste Camille Corot (Paris, 1796ko uztailaren 16a – ib., 1875eko otsailaren 22a) frantziar margolaria izan zen. Batez ere, paisaiak landu zituen. XIX. mendearen erdialdean, Barbizongo eskolako artistarik nabarmenena izan zen. Haren lan eskergan, neoklasizismoaren arrastoak eta etortzekoak ziren aire zabaleko berrikuntza inpresionistak sumatzen dira batera.
Camille Corot | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Jean-Baptiste Camille Corot |
Jaiotza | Paris eta Rue du Bac (en) , 1796ko uztailaren 16a |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Paris eta rue du Faubourg-Poissonnière (en) , 1875eko otsailaren 22a (78 urte) |
Hobiratze lekua | Père Lachaise hilerria Grave of Corot (en) |
Heriotza modua | : urdaileko minbizia |
Familia | |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Hezkuntza | |
Heziketa | Académie Suisse (en) Pierre-Corneille lizeoa (1807 - 1812) |
Hizkuntzak | frantsesa |
Irakaslea(k) | Achille Etna Michallon Jean-Victor Bertin |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, argazkilaria, grabatzailea, marrazkilaria eta arkitektura proiektuen marrazkilaria |
Lantokia(k) | Belgika Barbizon Dieppe Honfleur Paris Trouville-sur-Mer Napoli Erroma Amsterdam Dordrecht Rotterdam Haga eta Londres |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | |
Kidetza | Barbizongo eskola |
Mugimendua | Errealismoa Barbizongo eskola |
Genero artistikoa | paisaia margolaritza allegory (en) arte sakroa genero-artea margolaritza historikoa Itsas ikuspegia biluzia erretratua |
Corot famila burges aberats batean jaio zen. Frantses artista gazte guztiak bezala, denbora asko eman zuen Louvren, hango lanak aztertzen. Pintura ikasketa ohikoak ere egin zituen, paisaia neoklasikoa lantzen zuten margolariekin. Hala ere, eta bere maisuek ez hezala, Corotek nahiago izan zuen, hasiera-hasieratik, lantegitik kanpo lan egin, eta zuzenean egiten zituen gero lantegian bukatzen zituen lanetarako zirriborroak.
1825ean Erromara joan zen. Han eman zituen bere bizitzako hiru urte garrantzitsuenak. Adiskide bati garai hartan aitortu zionez, "Bizitza honetan egin nahi dudan gauza bakarra... paisaiak margotzea da. Erabaki tinkoa da, eta horrek bestelako lotura sendoak eragotziko dizkit. Alegia, ez naizela ezkonduko". Eta horixe egin zuen: bizitza oso-osorik pinturari eskaini.
Frantziara itzuli zenean, betiko gordeko zituen ohitura batzuk hartu zituen. Udaberria eta uda kanpoan margotzen ematen zituen, oliozko zirriborro txikiak eta marrazkiak eginez. Maisutasunez erabiltzen zuen tonuen arteko erlazioa -horixe izan zen Coroten antzearen oinarria-, zeren, kolorearen aukera baino gehiago inporta baitzitzaizkion tonu argi eta ilunen mailaketa eta oreka. Neguan, Parisko estudiora erretiratzen zen margolan handiak egitera, eta obrak Parisko urteroko Erakusketarako bukatzen saiatzen zen. Lehen lan garrantzitsua, Narniko zubia (Louvre), 1827an aurkeztu zuen Parisko Erakusketan. 1833an Fontainebleauko paisaia handi bat aurkeztu zuen, eta domina bat eman zioten. Domina harekin, bere margolanak Erakusketetan epaimahaiaren onespenaren beharrik gabe aurkezteko eskubidea irabazi zuen.
Coroten lana bi sailetan berezi izan da beti: izaditik zuzenean egindako zirriborroak -txikiak, bizi-biziak-, eta Erakusketetarako egin ohi zituen lan handi ondo bukatuak.
XIX. mendearen hasieran zirriborroa ez zen jendaurrean erakusten, eta aditu gutxi batzuek bakarrik erosten zituzten halako lanak (Coroten kasuan, estatubatuarrek). Nahiago ziren paisaia bukatuak. Are duinago eta larriagotzat hartzen ziren elezaharretatik, literaturatik edo Bibliatik harturiko irudi txiki batzuk ere ageri baziren. Eta Corotek erakutsi zituen koadroen artean, badira horrelakoak: Agar basamortuan (1835eko Erakusketa), Homero eta artzainak (1835eko Erakusketa), etab.
Corot bera, ordea, ez zen halakoen oso zalea, eta, gustuak aldatzen joan ahala, alde batera utzi zituen irudi haiek. 1860tik aurrera, bestelako paisaia bat asmatu zuen, Oroitzapenak, zeinean usadiozko osagaiak konposizio jakin batean ipintzen baitzituen -normalean aintzira eta zuhaitzak, tonu zilarkara nagusi zela-, halako malenkonia gozo bat adierazteko. Azken urteetan, erretratuak eta estudioko irudiak ere egin zituen, emakumeenak gehienak, lore batekin, musika-tresna batekin-edo. Horiek, ordea, ez zituen ia inoiz erakusgai jarri.
1830-1840 bitarteko Erakusketetan harrera ona izan zuen, haina ezer gutxi saltzen zuen. 1840an estatuak lan bat erosi zion, eta 1845ean, Charles Baudelaire poeta eta arte-kritikariak honela idatzi zuen: "Corot dago paisaiaren eskola modernoaren buruan". 1846an Ohorezko Legioko kide egin zuten, eta handik aurrera gero eta arrakasta handiagoa izan zuen. Oso artista oparoa eta langile nekaezina izan arren, ordea, eskaera produkzioa baino handiagoa zen, eta Coroten imitatzaile asko ez ezik, haren izena erabili zuen iruzurtirik ere agertu zen.
Nolanahi ere, arrakasta ez zitzaion askorik inporta Coroti. Beti bezala jarraitu zuen lanean, margotzea gustatzen baitzitzaion beste edozer baino gehiago. Inguratzen zuen mundua ere ez zitzaion interesatzen, salbuespen hakar batekin: musika. Hain zuzen ere, musikaren nolakotasunak adierazi nahi izan zituen, azken lanetan bereziki, harmonian oinarriturik. Gainerakoan, bere pinturatik kanpo utzi zuen beti bere garaiko mundu modernoa. Une hartan bertan Frantzian zabaltzen ari zen industrializazioa, Frantzia osoko herriak lotu zuen burdinbidea, ez da inondik inora ageri Coroten lanetan.
Corotek bere lankide margolariekin egotea maite zuen, eta Barbizongo eskolako artista askoren adiskidea izan zen. Dirua eman ohi zien, erdi ezkutuan, arrakasta gutxi zutenei. Eskolak eman zizkien Camille Pissarro eta Berthe Morisot inpresionistei, eta ikasle eta jarraitzaile asko zituen. Azken urteetan, denek maite zuten "Papa Corot" hura, bere adeitasun eta bihotz zabalagatik.
Corotek, maisu handia izan gahe, leku garrantzitsua du XIX. mendeko margolaritzan, haren ekarriak pisu handia izan baitzuen. Margotzen hasi zenean, paisaia-zirriborroari ez zitzaion berezko baliorik ematen. Hil zenean, berriz, estimu handitan hartua zen, eta begi txarrez ikusten ziren paisaiei erantsitako gauza artifizialak edo gauza asmatuak. Corotek asko lagundu zuen paisajista inpresionisten bidea zabaltzen, inpresionistek asko ikasi baitzuten harengandik, eta errespetuz eta miresmenez ikusten baitzuten.
Iruditegia
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Camille Corot |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.