Javier Ziga

Javier Ziga Etxandi (Nabarreria kalea, Iruñea, 1877ko azaroaren 25a - Iruñea, 1960ko urtarrilaren 13a) nafar margolari eta politikaria izan zen.[1] Erretratugile gisa nabarmendu zen, baina gai historikoak, erlijiosoak, mitologikoak, bodegoiak, paisaiak eta afixak ere landu zituen

Javier Ziga
Bizitza
JaiotzaIruñea, 1877ko azaroaren 25a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaIruñea, 1960ko urtarrilaren 13a (82 urte)
Hezkuntza
HeziketaSan Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia
Hizkuntzakgaztelania
Irakaslea(k)Inocencio Gartzia Asarta
José Garnelo
José Moreno Carbonero
Jean-Paul Laurens
Jarduerak
Jarduerakmargolaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Lehenbiziko urteak

Javier Ziga Etxandi Iruñean jaio zen, Nabarreria kalearen 25. zenbakiko etxean, 1877ko azaroaren 25ean. Miguel Ziga, lanztarra, eta Marciala Etxandi, berroetarra, izan zituen gurasoak. Aita zurgina zen lanbidez, eta ehorztetxe bat zuen Zapateria karrikan. Horretaz gain, apopiloak hartzen zituzten etxean, apaizgaiak eta apaizak gehienak.[2]

Haurra zenetik erakutsi zuen marrazteko grina eta antzea. Hori zela eta, laster utzi zituen seminarioko ikasketak, eta 1892tik aitzina heziketa artistikoa jaso zuen Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan. Besteak beste, Enrique Zubiri eta Inocencio Gartzia Asarta izan zituen irakasle. Gazte zela gelditu zen umezurtz, eta familiaren negozioaren ardura hartu behar izan zuen; ehorztetxearen atzealdean kokatu zuen bere estudioa.[3]

Arte heziketa Madrilen eta Parisen

Elizondoko merkatua, Iruñeko udaletxean
Elizondoko merkatua, Iruñeko udaletxean

1908an eta 1909an, lehenbiziko saria irabazi zuen sanferminetako kartel lehiaketan. Horrek bultzada erabakigarria eman zion hasi berria zen Zigaren ibilbide artistikoari, Urdanpilleta lehengusuak ikasketak ordaindu baitzizkion Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademian. Espainiako hiriburuan, José Moreno Carbonero eta José Garnelo izan zituen irakasle. Horretaz gain, Joaquín Sorollaren eta Aureliano de Berueteren eragina bereganatuta, pintzelkada solteak tokia hartu zuen haren lanetan. Madrilen egonik ere, maiz joaten zen Nafarroara, haurtzaroko paisaiak eta jendea erretratatzera.[4][5]

1912ko irailean, Parisera joan zen bere teknika hobetzera. 1912-1914 bitartean egon zen Frantziako hiriburuan, Julian eta La Grande Chaumière akademietako ikasle.[3] Orduan modan zeuden abangoardiei kasu handirik egin gabe, bere bideari jarraitu zion. Oso garai emankorra izan zen, bai sortutako obra kopuruagatik, bai haien kalitatearengatik.[4][5] Iruñean eginen ez zituen lan batzuk sortzera ere ausartu zen; adibidez, Combinación de la ruleta ("Erruletaren konbinazioa") deitutako biluzia.

Nazioarteko ospea ere erdietsi zuen, lan bat, El mercado de Elizondo ("Elizondoko merkatua") 1914ko Udaberriko Saloian onartua izan baitzen. Garai hartan izendatu zuten Saloi Nagusiko kide. Horrek guztiak oihartzun zabala izan zuen Nafarroako hedabideetan, eta nafar ororen garaipentzat edo maisulantzat hartu zuten kazeta batzuek. Baina, urte hartan bertan, Lehen Mundu Gerra piztu zen, eta Frantzia utzi behar izan zuen.[6]

Iruñea eta Baztan (1914-1936)

Paristik bueltan, Iruñeko Nabarreria kalean kokatu zuen bere estudioa. Herriko jende anonimoa irudikatzen zuten margo kostunbristak egiten jarraitu zuen arren, Frantziatik ekarritako sonak egonkortasuna eman zion, eta hainbat erretratu egin zituen Nafarroako burgesiak eskaturik.[5] Horretaz gain, arte akademia bat zabaldu etxean; bertan ikasi zuten, besteak beste, Crispín Martínezek, Gerardo Lizarragak, Julio Briñolek, Elena Goikoetxeak, Pedro Lozano Sotések eta Karle Garmendiak, gerora margolari ospetsu bilakatu zirenak.[7]

1917ko ilbeltzaren 30ean, Eulalia Ariztia elizondoarrarekin ezkondu zen. Harekin familia osatu zuen, hiru alaba eta semea. Ezkontzaren ostean, Zigaren bizitza Baztanera loturik egon zen, eta askotan joaten zen hara pintatzera. Ariztiatarrek ostatua zuten Elizondoko Jaime Urrutia karrikako Etxenikean, eta hara joaten ziren uda oro. Horren lekuko dira Baztango paisaia eta Elbeteko Askoa jauregian margoturiko Un viatico en Baztan maisulana.[4]

Erlijioa eta engaiamendu politikoa Zigaren bizitzako alderdi garrantzitsuak izan ziren. Batetik, zenbait kristau elkartetako kidea zen. Bestetik, abertzalea baitzen, euskara eta euskal kultura defendatu zituen. Iruñeko zinegotzi aukeratu zuten 1920ko otsailaren 8an. Horretaz gain, zuzendaritza kargua eduki zuen Nafarroako hiriburuko Euskal Zentroan, eta La Voz de Navarra egunkariko kolaboratzailea izan zen. 1930ean, EAJra afiliatu zen, eta berriz hautatu zuten zinegotzi. Legegintzaldi hartan, lehendakariorde izan zen udal batzordean.[3][5]

Espainiako Gerra Zibila

1936ko altxaldi frankista gertatu zelarik, Iruñeko EAJren udal batzarreko lehendakariordea zen. Hurrengo hilabeteetan, frontetik ihes egin zuen jendea, mugaz bestalde alde egin nahi zuten hainbat gudari eta jakiak edota sendagaiak eskatzen zituzten sindikalistak jaso zituen Nabarreria kalean zuen etxean. Horretan zebilela, 1938ko apirilean atxilotu zuten, UGTko batailoi bateko komandante bati ihes egiten lagundu izanaz akusaturik. Berak salatu zuenez, atxiloaldian torturatua izan zen.[3][5]

Hiru egun inkomunikaturik egon ondoren, espetxeratu zuten. 1939an, urte eta erdi giltzapean igaro ondoan, epaiketa militarra egin zioten.[oh 1][8] Hasieran 50 pezetako isuna jarri bazioten ere, Nafarroako Erantzukizun Publikoko Epaimahaiak 2.500 pezetara igo zion. Isuna Iruñeko Eskolapioentzako egindako Kristo gurutzean lanarekin ordaindu zuen, harrezkero "Isunaren kristoa" izenarekin ere ezagutzen dena, hain zuzen ere.[5]

Azken urteak

Gerran ikusitakoak arras aldatu egin zuen Ziga, eta horrek berebiziko eragina izan zuen haren obran. Aurrerantzean haren lanak ez zuen aurrera-pausorik egin, eta kopiak eta dirudunek eskatzen zizkioten enkarguak egitera mugatu zen. Mari Kruz Ziga alabaren erranetan, "ez zuen konszienteki egin, baina ez zuen margotzeko gogorik, ez arrazoirik. Kopiak egiten hasi zen".[5]

Irakaskuntzan hartu zuen sosegu, eta Zangoza kaleko pisuan klaseak ematen hasi zen.[5] Besteak beste, Jose Maria Askuntze (1942-1945), Miguel Angel Etxauri (1944-1945), Jesús Lasterra (1950-1953), José Antonio Eslaba (1951-1955), Salvador Beuntza, Gloria Ferrer, Pedro Manterola (1950), Isabel Peralta eta Javier Sueskun izan zituen ikasle.[7]

Estiloa

Haren lana aztertu eta katalogatu dituen Pello Fernandezen arabera, "margolari kostunbristatzat jotzen dute Ziga, baina haren lana hori baino gehiago da. Zigaren pintura da etnografikoa eta sinbolikoa. Agerikoa denaren atzean, giza taupada dago haren margolanetan".[9]

Fernandezek dioenez, "Zigaren sustrai artistikoak dira posterromantizismoa eta errealismoa. Errealismoa da haren obraren ardatz kontzeptuala". Europan, abangoardien eragina jaso zuen. Sumatu zen haren lanetan. Hala ere, eragin zioten mugimendu guztiak bere galbahetik pasatu zituen: "Izan zituen eragin guztiek Zigaren ukitua dute; bere egin zituen. Horretan betean asmatu zuen".[9]

Haren obren artean erretratuak dira ezagunenetakoak dira. Nafarroako elitearen erretratuak egin zituen, politikaren, ekonomiaren eta kulturaren arloko elitearen erretratuak; baina herria ere margotu zuen.[9]

Lan nabarmenak

Pello Fernandezek Zigaren 659 lan katalogatu zituen Javier Ciga. Pintor de esencias y verdades ("Javier Ziga. Funtsen eta egien pintorea") liburuan. Hauek dira ezagunenetako batzuk:[10]

Bibliografia

  • Urricelqui, Ignacio J., La pintura costumbrista en Navarra a través de tres ejemplos: Inocencio García Asarta, Javier Ciga Echandi y Miguel Pérez Torres (Donostia, Eusko Ikaskuntza, 2004) (ISBN 84-8419-880-4)
  • Fernández Oyaregui, Pello, Javier Ciga: pintor de esencias y verdades (Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2012)

Oharrak

  1. Zigarekin batera, Catachu tabernan atxilotutako 11 pertsona, fraideak gehienak, eta UGTko komandanteari muga pasatzen laguntzeaz akusaturik zeuden bi baztandar ere epaitu zituzten.

Erreferentziak

  1. Salaberria Grazia, Urkiri. Ciga Etxandi, Javier. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2023 (Noiz kontsultatua: 2023ko urtarrilak 24).
  2. Fernandez Oyaregui, Pello. Javier Ciga, pintor de esencias y verdades. Gobierno de Navarra, 2012, fundacionciga.com (Noiz kontsultatua: 2023ko urtarrilak 24).
  3. Zubiaur Carreño, Francisco Javier. El pintor Javier Ciga, 50º Aniversario. zubiaurcarreno.com (Noiz kontsultatua: 2023ko urtarrilak 24).
  4. Arrizurieta, Irene. Javier Ciga, margotzen maisua izan zen gizon xaloa (1). Euskaldunon Egunkaria, 1998ko azaroak 13, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023ko urtarrilak 25).
  5. Arrizurieta, Irene. Javier Ciga, margotzen maisua izan zen gizon xaloa (2). Euskaldunon Egunkaria, 1998ko azaroak 13, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023ko urtarrilak 25).
  6. Tubia, Iker. Errealitatean perfekzio eske. Berria, 2014ko maiatzak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023ko urtarrilak 26).
  7. Zubiaur Carreño, Francisco Javier. El maestro Ciga visto por sus discípulos. zubiaurcarreno.com (Noiz kontsultatua: 2023ko urtarrilak 31).
  8. San Millan, Pello. Javier Ziga 3.0 (atxiloketa ta kartzela). baztangohaizegoa.wordpress.com (Noiz kontsultatua: 2023ko otsailak 14).
  9. Elizondo, Edurne. Pello Fernandez: «Giza taupada dago Javier Zigaren margolanen atzean». Berria, 2012ko abuztuak 15, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2023ko urtarrilak 31).
  10. Fernandez Oyaregui, Pello. Javier Ciga ren lanen katalogoa. fundacionciga.com (Noiz kontsultatua: 2023ko otsailak 14).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.