Javier Maroto

Biografia

Gaztaroa

Ekonomia eta enpresa zientzietan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatetik.

Ibilbide politikoa

Espainiako Alderdi Popularraren Nuevas Generaciones ("Belaunaldi Berriak") taldeko kidea izan zen gaztetan. 1999an PPk Gasteizko udalerako aurkeztu zuen hautagaitzan sartu zen eta, PPk hauteskundeak irabazi ondoren, urte horretatik 2007ra alkateorde izan zen. 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan legebiltzarkidea izatea lortu zuen. 2011ko ekainaren 11n alkatetzan hasi zen, 2015eko ekainaren 13 arte.

2015eko ekaineko hauteskundeetan garaile atera zen berriro 2011ko emaitzak hobetuz, baina gainerako alderdiekin hitzarmenik lortu ezinik, EAJko Gorka Urtaran aukeratu zuten alkate, PSErekin ituna egin eta EH Bilduk Maroto kanporatzeko berariaz emandako babesari esker.[1] Ia berehala, 2015eko ekainaren 18an, Mariano Rajoyk, bere alderdiko presidenteak, Alderdi Popularreko sektoreko idazkariorde izendatu zuen. Honen ostean, Eusko Legebiltzarra utzi zuen baina Gasteizko Udalean zinegotzigoa mantendu zuen 2016ko urrira arte.[2]

2019ko apirilaren 28ko Espainiako Hauteskunde Orokorretako Arabako buru aurkeztu zen PP alderdian. Alderdi horrek eta Marotok Araban jokatzen zuten eserlekua EH Bilduko Ruiz de Pinedoren mesedetan galdu zuen, justu Marotok ezker abertzaleko kide hori kanpainan aurrez aurre larri iraindu ondoren.[3]

San Antonio kasuaren epaiketa

2016ko maiatzean, Estatuaren Kontuen Auzitegiak Maroto kondenatu zuen udalaren diruzaintzari kalte publikoa eragin ziolakoan: alkatetzak 7,6 milioi ordaindu zituen lokal baten 20 urteko alokairuaren truke, urtebete lehenago jabe onuradunak 2,6 milioiren truke erosi zuenean. Hala ere, Maroto eta Alonso PPko ordezkariek helegitea jarri zuten epaiaren kontra, eta Kontuen Epaitegiak, oraingoan (2016ko abendua), errugabe jo zituen, administrazioko eragileek erabakiak beren gogara hartzeko duten askatasuna ('diskrezionalitate administratiboa') onartuz.[4]

Immigrazioaren auzia

2014ko uztailean, Gasteizko alkatea zela, adierazi zuen "hirian dauden nazionalitate batzuek ez dute[la] lan egin edo integratzeko gogorik, eta diru-laguntzetatik bizi dira batez ere", eta 'eskandalutzat' jo zuen bereziki Euskal Autonomia Erkidegora heldutako magrebtarren eta marokoarren kasua. Are, gaineratu zuen desberdinak zirela latinoamerikarrak, "haien helburua hurrengo belaunaldia gu bezalakoa izatea baita".[5] Horregatik, kritika gogorrak jaso zituen beste alderdi, Ararteko eta SOS Arrazakeriarengandik, 'xenofobia' eta eskuin muturrera lerratzea leporatuta. Lanbidek diru-laguntzei buruz plazaratutako datuek Marotoren adierazpenak gezurtatu zituzten.[6]

Europara heldutako errefuxiatuen gaian ere izan du antzeko polemikarik: 2015eko irailean adierazi zuen Europara heldutako siriar iheslarien artean 'jihadista asko' daudela, geroago adierazpenok goxatu zituen arren, adieraziz "burokraziak eta estatistikak ezin dute[la] Europaren bihotza hil".[7]

Erreferentziak

  1. «Gorka Urtaran será el próximo alcalde de Gasteiz» EITB 2015-06-12.
  2. Marotok Gasteizko udala utzi du. .
  3. (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2019-05-06). «Maroto reaparece sin ningún atisbo de autocrítica sobre su campaña» GARA (Noiz kontsultatua: 2019-05-07).
  4. Udaleko finantzen kontulariaren irizpidearen kontra. Auziko hiruko epaimahaian batek, Felipe Garcia Ortizek, kontrako botoa eman zuen; beste biek, berriz, alde: Margarita Mariscal de Gante, PPko Espainiako justizia ministro ohi eta epaimahaiburua, eta Jose Manuel Suarez, biak ere postu horretara Alderdi Popularrak aukeratutakoak; ikus «Alonso eta Maroto absolbitu dituzte Gasteizko Udaleko irregulartasunetatik» Berria 2016-12-15.
  5. «El alcalde de Vitoria acusa a los colectivos magrebíes de vivir de las ayudas sociales» El Correo 2014-07-16.
  6. «Javier Maroto: xenofoboa bere bakardadean» Argia 2014-08-08.
  7. «Maroto: "Entre los sirios que entran hay muchos yihadistas"» EITB 2015-09-11.

Ikus, gainera

  • Gasteizko alkateen zerrenda
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.