Jauntxo
Jauntxoa Euskal Herrian udalerri edo eskualde bateko gizonik itzaltsuena zen. Boteretsuena zen eta uztarpean izan ohi zituen inguruko hautesle guztiak. Administrazioaren erabakiak kontrolatzen zituen, eta gobernuan ere eragiten zuen, probintziako gobernadorearen bidez. Hortixe zetorkion, hain zuzen, botere itzala.
Mesedeak eska eta egin zitzakeen, eta izapide eta zuzemenak bizkortu; ordainetan, inguruko hautesleak erabateko leialtasunez jokatzen zuten harekin. Gaur egun, Gaztelaniaz erabiltzen den kazike eta hortik eratorritako kazikismo hitza sistema politiko hori adierazteko erabiltzen da.
Historia
Jauntxoak mende luzeetan izan ziren Euskal Herrian: agian ezagunenak Erdi Aroko Ahaide nagusiak izan ziren. XIX. mendean, sufragio zentsitarioarekin, jauntxoen sistemak indarra hartu zuen. Izatez, ez zen bakarrik Hego Euskal Herriko bereizitasun bat; Espainiako Erresuma guztian gertatzen zen ezaugarria zen.
Gaur egun duen esanahia XIX. mendean hartu zuen. Sufragio zentsitarioa indarrean jarri zenean, poliki-poliki, Hego Euskal Herriko eskualdeko eta hirietako jauntxo nagusiek aldez aurretik zer nahi zuten adosten hasi ziren. Horren arabera, emaitzak manipulatzen zituzten, baita horretarako bortizkeria erabili behar baldin bazuten ere.
Jauntxokeria bi eratakoa izan zitekeen: limurtzailea, jauntxoari obeditzea guztiz normaltzat edo, gutxienez, halabehar ezinbestekotzat jotzen zuena; edo bortxazkoa, goitik beherako neurri administratiboak aplikatzen zituena (jendea lanetik bota, isunak jarri...), horretan segurtasun-indarrak edo (jauntxoak ordaindutako) "borraren taldeak" erabiliz.