Jauko Barik

Jauko Barik, Donostia inguran sortu zen 2000ko hamarkadako emakume taldea zen. Rocka, Punka eta hardcorea bezalako musika estiloak nahasten zituzten.

Jauko Barik
Datuak
JatorriaDonostia (Gipuzkoa)
Musika motarock, punk, hardcore
Urteak1997 - 2005
Produkzioa
Diskoetxea(k)Esan Ozenki
Taldekideak
Enara Mateo
Itsaso Gutierrez
Haizea Loira
Lehengo taldekideak
Imanol Urkola
Badok: jauko-barik Musikasten: jauko-barik

Gaur egun, Jauko Barikeko partaideren batek, Urobori taldean jotzen du.

Taldekideak

  • Itsaso - Ahotsa eta gitarra
  • Enara - Baxua
  • Haizea - Bateria

Taldea

Euskal Herrian emakumez bakarrik osaturiko rock talde bakanetakoa izan da Jauko Barik. Enara Mateok (baxua eta ahotsa), Itxaso Gutierrezek (gitarra, ahotsa, biolina) eta Haizea Loirak (ahotsa, bateria) osatu zuten, 90eko hamarkadan, Donostiako Buenavixta etxe okupatuko lokaletan, eta bi disko kaleratu ditu, bat-batekotasuna darien kantu indartsuz osatua.

Jauko Barik ("besterik gabe", Arratiako esamoldean) 1997an sortu zen, hainbat eta hainbat talderen sorleku izan zen Donostiako Buenavixta etxe okupatuan. Enara Mateo eta Itxaso Gutierrez hasi ziren entseatzen, eta urtebete geroago Haizea Loira batu zitzaien. Hutsetik hasi ziren, musika tresnak jotzeko gaitasunari dagokionez. Itsasok biolin ikasketak zituen, baina apenas menperatzen zuen gitarra. Beste horrenbeste esan daiteke Enara (baxua) eta Haizeari (bateria) buruz. Hiru astez entseatu eta gero eman zuten lehen kontzertua; izan ere, zuzenekoetan disfrutatzen du gehien taldeak. "Zuzenekoak dira gure bidea, gure giltza eta taldea bera gaur egun den horretan bilakatu duena".

Kontzertu horien aurreko edo ondorengo afarietan bildutakoak ziren hirukotearen lehen diskoaren azalean ageri diren sardeskak. Esan Ozenki diskoetxeak kaleratu zuen Jauko Barik (2000), hirukoak lehen maketan agertzen zuen musikaren bat-batekotasun eta lotsagabetasunak erakarrita. Ordurako, 50 kontzertu emanak zituen taldeak, gehienak Euskal Herriko gaztetxeetan, eta ezagutzen zituen emakumez osaturiko taldea izateak ekartzen zituen alde on eta txarrak. "Batetik, tratu ona eskaini digute neskak garelako, gazteak garelako eta ikasteko asko dugulako, baina bestetik musika munduan ere matxista asko dago eta zenbaitetan anplifikadore bat zer den ere jakin ez bazenu bezala tratatzen zaituzte". Madrilen bitan egonak ziren jotzen, Alien aretoan eta Radio 3 irratian, eta, irteera horietan egindako harremanei esker, Madrilen grabatu zuten diskoa, Hamlet taldeko Roberto Galan soinu teknikariarekin, eta Sober taldeko Jorge Escobedo gitarristaren laguntzarekin. Hirukoaren oinarrizko instrumentazioaz gain, biolina eta teklatuak erabili zituzten diskoan.

"Abesti bakoitza mundu bat da", erantzun ohi zuen taldeak lehen diskoa definitzeko eskatzen ziotenean. Punk, pop, hardcore, metal doinuak batzen zituzten konplexurik gabe, taldekideek entzuten zuten askotariko musikaren eraginez. Hitzetan, berriz, eraso sexistak ("Eraso"), homosexualitatea ("Zer axola"), bakardadea ("Larru"), tristura ("Lurrean") eta bizitza ("Heriotza") zituzten hizpide. "Bizitzak eragindako sentimenduak dira, adierazpen sakonak hitz gutxitan azaltzeko. Pesimistak dira bizi izandakoaren ondorioz".

Lehen diskoak hainbat ate ireki zizkion taldeari, eta gauza asko ikasteko aukera eman ere bai, baina hurrengo lana euren kabuz ateratzea hobetsi zuten hiru taldekideek. Bzzb... eta goxatu bigarren diskoak (Autoekoizpena, 2002) taldearen bat-batekotasunaren indarra erakusten du.

Esperientzia berriak ezagutu nahian, 2003ko eta 2004ko udan Europan zehar aritu zen Jauko Barik kontzertuak ematen: Alemania, Suitza, Herbehereak, Frantzia...

2005ean, Emakume Martxaren kantua sortzeko enkargua jaso zuen, eta lan horretan parte hartzera gonbidatu zituzten beste zenbait taldetako emakume abeslariak: Nerea Sanchez (Keike), Claire (Izateko), Itziar (Anorexia) eta Aiora Renteria (Zea Mays). Denen artean ondu zuten "Sarbide" kantua.

Azken urteetan ez da Jauko Barik-en berririk entzun. Itxaso Gutierrez Keike taldean aritzen da.

Diskografia

  • Jauko Barik (2000, Esan Ozenki)
  • BZZB eta goxatu!!! (2002, autoekoiztua)

Kolaborazioak

  • Sarbide abestia Bilgune Feministak ateratako Euskal Herriko emakumeak martxan bilduman (2005)

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.