Jane Misme
Jeanne Marie Joséphine Maurice, (Valence (Drôme), 1865eko martxoaren 21a[1] - Parisko 16. barrutia, 1935eko maiatzaren 23a[2]) Jane Misme izenaz ezaguna, kazetari eta feminista frantsesa izan zen.
Jane Misme | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Jeanne Marie Joséphine Maurice |
Jaiotza | Valence, 1865eko martxoaren 21a |
Herrialdea | Frantzia |
Bizilekua | Paris |
Heriotza | Parisko 16. barrutia, 1935eko maiatzaren 23a (70 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | kazetaria, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea, sufragettea eta editorea |
Kidetza | French Union for Women's Suffrage (en) National Council of French Women (en) |
La Française sortu zuen, 1906tik 1934ra bitartean kaleratu zen egunkaria, eta Union française pour le suffrage des femmes eta Conseil national des femmes françaises erakundeetako kide izan zen.
Biografia
Jeanne Maurice 1865ean jaio zen, eta 1880an Louis Misme arkitekto lioniarrarekin ezkondu zen. 1893an Parisa joan ziren bizitzera.[3]
Jane Misme kazetari lanean hasi zen hogeita hamar urte zituela, eta 1896tik 1906ra Le Figaro, Le Matin eta La Revue de Paris egunkarietan, beste batzuen artean, idatzi zuen. Hainbat gairi buruz idatzi zuen bere artikuluetan, hala nola iraganean emakumeek bete behar izan zuten rol sozialari buruz eta baita garai hartan ireki zitzaizkien aukera eta karrera berriei buruz ere. Kritikari dramatikoa ere izan zen, Frantzian eginkizun horretan jardun zuen lehen emakumea.[4] Bere kritika artikuluak Marguerite Durand-ek 1897an sorturiko La Fronde egunkarian argitaratu zituen[5], eta L'Action-en, 1903tik 1905era.[6]
1905ean La Fronde egunkaria argitaratzeari utzi ziotenez, Jane Mismek, beste ekintzaileekin batera, beste argitalpen bat kaleratu zuen hurrengo urtean haren hutsunea betetzeko. La Française-k, lau orrialdeko astekariak, 1906ko urriaren 21ean hasi zuen bere ibilbidea.[7] Haren sortzaileen artean, Mathilde Méliot, Monde Financier-eko zuzendaria, eta Marguerite Durand izan ziren. Germaine Dulac ere kolaboratzaile erregularra izan zen; 1906tik 1908ra bitartean literatura-kritikak idatzi zituen eta 1908tik 1913ra antzerki-kritikak.[8] Egunkariaren jabeak haren erredaktoreak ziren, kooperatiba bat osatzen zutelarik.[9] Erakunde horrek "Cercle de la Française" izena zuen, eta "emakumearen interes guztiak kontuan hartzen zituen ekintza praktiko eta moraleko etxea" izan nahi zuen.[6] La Fronde egunkarian ez bezala, Jane Mismek gizonak ere onartzen zituen laguntzaile gisa, baina ez zuen onartzen egunkariaren zutabeak eztabaida politiko edo erlijiosoetara irekitzea. 1908an, La Française “indarkeriazko adierazpen publikoen” aurka zegoela idatzi zuen, adierazpen horiek beren balioekin bateraezinak baitziren.[10]
Sortu zenean, La Française-ren xedea mugimendu feminista errepublikano guztiei lekua eskaintzea zen. Egunkaria, batez ere, Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionalaren (CNFF) hedabide ofiziala zen. CNFF 1901eko apirilaren 18an sortu zen ofizialki; bertan emakume-talde ugari eta feminismoaren izen handi asko elkartu ziren.[11] Jane Misme Kontseiluaren prentsa eta letra eta arteen ataleko lehendakaria zen, eta baita erakundearen ordezkaria Emakumeen Nazioarteko Kontseiluan ere.[6]
Feminista gehienek bezala, Jane Mismek ere jarrera chauvinista hartu zuen Lehen Mundu Gerran. Alde batera utzi zituen bere aldarrikapenak eta bat egin zuen Batasun Sakratuarekin. Honela esan zuen: “Gerra dagoen bitartean, etsaiaren emakumeak gure etsaiak izango dira".[12] Egunkaria argitaratzen jarraitu zuten, baina gero eta formatu txikiagoan. Osasun arazoak zirela eta, Jane Mismek 1922an zuzendaritzaren ardura utzi zion Julie Siegfried Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionaleko presidenteari. 1926an, Emakumeen Sufragiorako Frantziako Batasuna eta haren lehendakari Cécile Brunschivicg berriro hasi ziren egunkaria argitaratzen.[4]
Gerra ondoren, Frantziako Emakumeen Sufragioaren aldeko Batasuneko presidenteordea izan zen, eta 1925ean, udal-hauteskundeetan aurkeztu zen “helburu propagandistikoekin”[4].
1928an, Kolonian nazioarteko prentsaren erakusketa zela eta, Jane Mismek 26 emakume kazetariren erretratuez osatutako albuma prestatu zuen: Journalistes françaises et confrères féministes.[4][13]
Artxiboa
Marguerite-Durand liburutegian (Parisko 13. barrutia) Jane Mismeri eskainitako artxibo-funtsa dago.
Argitalpenak (aukeraketa)
- Jane Misme, Les Héroïnes historiques au théâtre Charlotte Corday, 1900, 10 or.
- Mme Jane Misme, Pour le suffrage des femmes ... Par la française, 1909, 40 or.
- Jane Misme, Les derniers maitres d'Urville : histoire d'une famille messine, 1917
- Journalistes françaises et confrères féministes, 1928
Erreferentziak
- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Jane Misme» artikulutik itzulia izan da, 2022-09-16 data duen 196999387 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2022-09-16 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- Lyongo udal artxiboak, Lyongo 6. barrutiko egoera zibileko akta digitalizatuak, 1888ko ekainaren 14ko 240 zenbakiko ezkontza-akta, Joseph Louis Misme zurgintzako kontratistaren eta Jeanne Marie Joséphine Mauriceren artekoa.
- Parisko artxiboak, 16. barrutiko egoera zibil digitalizatua, 1935eko 1071. heriotza-ziurtagiria. Bere etxean hil zen, 17 rue de l 'Annonciation-en.
- (Ingelesez) «Misme, Jane (1865–1935) | Encyclopedia.com» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2023-02-04).
- (Frantsesez) Matot, Bertrand, .... (2019). Petite anthologie des premières femmes journalistes. L'Éveilleur, 223 or. ISBN 979-10-96011-40-7. PMC 1122823432. (Noiz kontsultatua: 2023-02-04).
- Roberts, 2002. 38. or.
- Guide des sources de l'histoire du féminisme. .. archivesdufeminisme.fr
- Williams, 2007, or. 46
- Williams, 2007, or. 47
- New Woman's Paper In France, 1907
- Hause eta Kenney, 1981, or. 788
- Camiscioli, 1999, or. 68
- (Frantsesez) Françoise Thébaud, Marion Rousset-ek eginiko elkarrizketan. (3 novembre 2018). «Les femmes ont gagné en visibilité» cahier du Monde (22958): 10...
- Journalistes françaises et confrères féministes. . ibliotheques-specialisees.paris.fr
Bibliografia
- (Ingelesez) Roberts, Mary Louise. (2002). Disruptive Acts : The New Woman in Fin-de-Siecle France. University of Chicago Press, 353 or. ISBN 978-0-226-72124-8,..
- (Ingelesez) Williams, Tami Michelle. (2007). Beyond Impressions : The Life and Films of Germaine Dulac from Aesthetics to Politics. ProQuest ISBN 978-0-549-44079-6..
- (Ingelesez) New Woman's Paper In France. (1907). Monongahela, Pennsylvania: The Daily Republican, 2 or..
- (Ingelesez) Hause, Steven C.; Kenney, Anne R.. (1981). «The Limits of Suffragist Behavior: Legalism and Militancy in France, 1876-1922» The American Historical Review (Oxford University Press on behalf of the American Historical Association) 864 (198eko urria).
- (Ingelesez) Hause, Steven C. (zuz.). (2002). «Union Française Pour Le Suffrage Des Femmes (UFSF)» Women's Studies Encyclopedia (Greenwood Press).
- (Ingelesez) Camiscioli, Elisa. (1999). «Intermarriage, Independent Nationality, and the Individual Rights of French Women: The Law of 10 August 1927» French Politics, Culture & Society (Berghahn Books) 173/4 Uda. Ale berezia: The Politics of the Family in France.