Jan van Eyck
Jan van Eyck (Maaseik, 1390 inguru – Brujas, 1441eko uztailaren 9a) flandriar margolaria izan zen, Brujasen lan egin zuena. Primitibo flandestarren onenetakotzat hartzen da. Erretratuetan eta paisaietan nabarmendu zen, eta Tournaiko Robert Campinekin batera, garrantzi handia izan zuen mundu naturalaren behaketa oinarri zuen Flandesko eskola garatzeko.[1]
Jan van Eyck | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Maaseik, Prince-Bishopric of Liège (en) eta Lieja, c. 1390 | ||
Herrialdea | Hegoaldeko Herbehereak | ||
Heriotza | Brujas, 1441eko uztailaren 9a (50/51 urte) | ||
Hobiratze lekua | St. Donatian's Cathedral (en) | ||
Familia | |||
Ezkontidea(k) | Margareta van Eyck (en) | ||
Anai-arrebak | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | nederlandera | ||
Irakaslea(k) | Robert Campin | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | margolaria, illuminator (en) , arkitektoa, marrazkilaria eta arkitektura proiektuen marrazkilaria | ||
Lantokia(k) | Brujas Lille Haga Sluis-Aardenburg (en) Arraiolos Cascais (en) Lisboa Portalegre Baiona Falmouth Plymouth Sandwich (en) eta Shoreham (en) | ||
Enplegatzailea(k) | John III, Duke of Bavaria (en) Filipe III.a Borgoinakoa | ||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||
Mugimendua | Primitibo flandestarra Northern Renaissance (en) | ||
Genero artistikoa | erretratua margolaritza erlijiosoa genero-margolana erretratua | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa | ||
Olio gainean pintatzeko teknika berak asmatu ez bazuen ere (Vasari kritikariak hala adierazi zuen arren), Jan eta Hubert van Eyck anaiak lehenetarikoak izan ziren teknika hori xehetasun handiko margolanetarako erabiltzen, eta oso emaitza ikusgarriak lortu zituzten. Hori dela eta, olio gaineko pinturaren aita deitu izan zaio.
Jan van Eycken hogeita hamar bat koadro gorde dira; horien artean, nabarmentzekoak dira Bildots mistikoaren erretaula (1432), Gizon baten erretratua ustezko burupotreta (1433), Arnolfini senar-emazteen erretratua (1434), Rolin kantzilerraren Amabirjina (1435), Van der Paele kalonjearen Amabirjina (1436) eta Margarita Van Eycken erretratua (1439).
Bizitza
Zenbait hipotesiren arabera, Jan van Eyck 1390ean jaio zen, Maaseiken edo Maastrichten. Gaztaroan Hagan bizi izan zen, Joan III.a Bavariakoaren gortean. 1425ean, Filipe Onberak, Borgoinako dukeak, zerbitzari izendatu zuen eta, 1428an, haren aginduz, Portugala joan zen Filiperen emaztegaia Elisabet printzesaren erretratua egitera. Bidaia hartatik itzuli zenean, Brujasen hartu zuen bizitokia.
Ospe handiko pintorea izan zen, 1432an Bildots mistikoa maisu lana margotu ondoren batez ere. Van Eycken margolana Flandesko pintura berriaren aitzindaritzat hartzen da, Herbehereetako tradizio gotikotik erabat aldenduta. Hiri eta herri ikuspegiak naturalismo handiaz margotu zituen, trebetasun handia erakutsi zuen etxe barruetako perspektiba moldatzean, eta xehetasun handiaz pintatu zituen etxeko gauzak, bitxiak eta altzariak. Miniaturista trebea eta erretratugile bikaina izan zen bestalde. Denbora luzean uste izan da Van Eyck anaiek asmatu zituztela olio pinturak, baina egin zutena pintura horiek erabiltzeko teknika hobetzea izan zen. Bai teknika aldetik, bai argi jokoen zein naturalismoaren aldetik, eragin handia izan zuen Flandesko artean eta, oro har, Europakoan.
Lanak
Bildots mistikoa (1432, San Bavo katedrala, Gante) Jan van Eycken lan handienetako bat izateaz gainera, XV. mendeko flandriar pinturako lan nagusia izan zen. Erretaula horrek hainbat berezitasun ditu, besteak beste, neurria (3,50 x 4,61 m zabalik), eskola hartako ezaugarri nagusia neurri txikiko lanak egitea baitzen. Horrez gainera, berezia du egitura: poliptiko bat da, 20 oholez osatua, eta horietako zortzi (ertzetakoak) bi aldeetatik daude margotuta. Azkenik, aipatzekoa du ikonografia, konplexua baina oso argia, teologian jantzia zen margolari batek osatua inondik ere.
Deboziozko lanen artean aipatzekoak ditu Rolin kantzilerraren Amabirjina (1435, Louvre Museoa, Paris) eta Van der Paele kalonjearen Amabirjina (1436, Groeningemuseum, Brujas). Bietan agertzen dira lan horien enkargua eman ziotenen erretratuak, errezatzen biak. Lehenengo lan horretan jarraitasun perfektuan batzen dira batetik kanpoaldea, alegia, lorategia, hiria, ibaia eta landa, eta bestetik jauregiaren barrualdea eta pertsonaiak. Bestalde, aipatzekoa da deboziozko bi lan horietan nolako maisutasunez jartzen dituen protagonista gizatiarrak eta zerutiarrak maila berean, baina irudiei heren garrantzia kendu gabe.
Aipagarria da, bestalde, Niccolò Albergati kardinalaren erretratua (1431-1432, Kunsthistorisches Museum, Viena). Erretratu hori prestatzeko erabili zuen lehenengo marrazkia eta azkeneko bertsioa iritsi dira gaur egun arte. Hasierako marrazkian egilearen zenbait ohar ikus daitezke, koloreari buruzkoak batez ere. Garrantzi handiko agiria da, oso ondo ikus baitaiteke zirriborrotik pintura landura izaten den prozesua.
Gizon baten erretratua-n (1433, National Gallery, Londres) pertsonaiak zuzen-zuzenean begiratzen dio ikusleari; lehenengo aldia zen pinturaren historian halakorik egiten zena. Zenbaiten iritziz van Eyck bera da erretratuan ageri dena, baina hipotesi hori ezin froga daiteke. Ikusleari begiratzeko teknika hori beste lan batzuetan ere erabili zuen Jan van Eyckek, besteak beste, Jan de Leeuw zilargilea (1436, Kunsthistorisches Museum, Viena), Krabelrnadttn Gizona (Berlin-Dahlem Museoa) eta Margarita van Eyck (1439, Groeningemuseum, Brujas) lanetan. Gizona buruko berdearekn erretratuan (Londres, National Gallery) pertsonaia baranda moduko baten atzean marraztu zuen van Eyckek ; bakarra du van Eyckek mota horretakoa.
Arnolfini senar-emazteen erretratua (1434, National Gallery, Londres) Jan van Eyckeren lan handienetakotzat hartzen da. Ez zen mende bat pasa arte Europako iparraldean gorputz osoko mota horretako erretraturik berriz egin. Giovanni Arnolfini, Brujasen bizi izan zen merkataria, eta haren emazte Giovanna Cenami, merkatari baten alaba, dira margolan horretako pertsonaiak. Ezkontzaren ziurtagiria-edo dela esan daiteke: Arnolfinik emazteari eskutik heltzen dio ezkon zina egiteko keinuaz eta besaurrea jasorik duela (fides levata); keinu hori nabarmen gelditzen da, konposizioaren simetria oso zorrotza baita.
Hainbat osagaik erakusten dute ospakizun hori sakratua dela: kandela pizturik dago, egun argiz izanik, Arnolfini oinutsik dago, eta emaztea ere hala dagoela dirudi, atzealdean ikusten baitira haren zapata gorriak. Sinadura, bestalde, oso berezia da, dagoen lekuagatik eta baita erredakzioagatik ere: Johannes de Eyck fuit hic 1434. Alegia, lekukoaren agiri idatzia da. Sinaduraren azpian, ispilu biribil ganbil bat dago, irudiaren atzealdea zehaztasun handiz erakusten duena; ispiluan bi lagun ikusten dira logelako atean jarrita, eta haietako bat margolaria bera da, zalantzarik gabe. Beste zenbait osagaik ere gai nagusiaren esanahia indartzen dute: zakurra, fideltasunaren ikurra; Santa Margarita Antiokiakoaren estatua, emankortasunaren babesle; ispilua eta ondoko arrosarioa, Andre Mariaren araztasunaren ikur, etab.
Irudi galeria
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016/05/01 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Françoise., Barbe-Gall,. (2009). Nola hitz egin arteaz umeei. Nerea PMC 1055288175. (Noiz kontsultatua: 2022-08-09).
Bibliografia
- Allmand, Christopher; McKitterick, Rosamond. The New Cambridge Medieval History: c. 1415-c. 1500 (en anglès). Cambridge University Press, 28 Juny 1998. ISBN 9780521382960
- Borchert, Till. Flemish primitives in Bruges (en anglès). Luidon, 2006. ISBN 9789055446148 [Consulta: 10 desembre 2010].
- Châtelet, Albert. Early Dutch painting: painting in the northern Netherlands in the fifteenth century (en anglès). Montreux Fine Art Publications, 1988. ISBN 9782882600097
- Crowe, Joseph Archer; Cavalcaselle, Giovanni Battista. The early Flemish painters: notices of their lives and works (en anglès). John Murray, 1857
- Frère, Jean-Claude. Early Flemish painting. Terrail, 15 octubre 2007. ISBN 9782879393391
- Hand, John Oliver; Wolff, Martha; National Gallery of Art (U.S.). Early Netherlandish painting . Cambridge University Press, 1986. ISBN 9780894680939.
- Harbison, Craig. Jan van Eyck: the play of realism (en anglès). Reaktion Books, 1995. ISBN 9780948462795 ledge during the age of discovery (en anglès). Bucknell University Press, 2003. ISBN 9780838755389
- Panofsky, Erwin. Los primitivos flamencos (en castellà). Ediciones Cátedra, 1998. ISBN 9788437616179
- Schneider, Norbert. Jan van Eyck, l'altar de Gante: propuestas para una reforma de la iglesia (en castellà). Siglo XXI, 1 gener 1997. ISBN 9789682320750
- Smets, Irene. Ludion, Uitgeverij. Groeningemuseum & Arentshuis Brugge (en anglès), 20 Maig 2007. ISBN 9789055444861
- Summers, David. Vision, reflection, and desire in western painting (en anglès). UNC Press Books, 2007. ISBN 9780807831106
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jan van Eyck |