James Barry

James Miranda Steuart Barry (1790eko hamarkada1865eko uztailaren 25a, Margaret Ann Bulkley izenez jaioa) Irlandan jaiotako zirujau militarra izan zen, Britainiar Armadakoa[1].

James Barry

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMargaret Ann Bulkley
JaiotzaCork, 1790eko hamarkada
Herrialdea Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
HeriotzaLondres, 1865eko uztailaren 25a (75/76 urte)
Hobiratze lekuaKensal Greengo hilerria
Heriotza moduaberezko heriotza: disenteria
Hezkuntza
HeziketaEdinburgheko Unibertsitatea
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakmediku militarra eta zirujaua
Zerbitzu militarra
Adar militarraBritainia Handiko Armada

Find a Grave: 2613 Edit the value on Wikidata

Biografia

1826an, Lurmutur Hirian (Hegoafrika), James Barry erditze batean laguntzen ari zela, haurra kirurgia bidez ateratzea beste erremediorik ez zegoela konturatu zen. Zesarearik sekula egin gabea zen, eta aurrez soilik hiru kasu arrakastatsu irakurriak zituen (ama eta haurra bizirik atera ziren kasuak, alegia) eta Barryk ere biak bizitzea lortu zuen. Horrenbestez, Afrikako eta Britainiar Inperio osoko lehen zesarea arrakastatsua egin zuen[1].

Horrez gain, higiene baldintza zorrotzagoak bultzatu zituen, gaixoen dieta hobetu zuen, eta landareetan oinarritutako sifilisaren eta gonokoziaren aurkako tratamenduak zabaldu zituen. Munduko toki askotan lan egin zuen eta ikuskari nagusi ere izendatu zuten; Britainiar Armadako bigarren medikuntza kargu garrantzitsuena lortu zuen horrela[1].

Lanean arduratsua eta bizkorra izanagatik, tratu zailekoa omen zen mediku irlandarra. Ezpata ia beti soinean, bizpahiru aldiz dueluan borrokatu zen armadako ofizialen aurka, eta Florence Nightingale erizaintzaren aitzindariarekin ere tirabira gogorrak izan zituen. “Basatien moduan jokatzen zuen”, idatzi zuen hari buruz Nightingalek, “armadan sekula topatu dudan izakirik zailduena da”. Eta, hala ere, bihozbera eta atsegina zen gaixoekin. Lurmutur Hiriko zesarea arrakastatsuaren ondoren, Wilhelmina Munnik amaren ondoan igaro omen zuen hurrengo egun osoa; semeari James Barry Munnik izena jarri zioten, esker onez. 1865ean hil zen James Barry[1].

Generoa eta bizitza pertsonala

Hil eta berehala eskandalua piztu zen. Gorpua garbitzeaz arduratu zen neskameak esan zuen hildakoa “erabateko emakumea” zela (eta, sabelaldeko azalean ikusi zizkion ildoen arabera, erditu izan zela ere bai). Berriki, Michael du Preez medikua eta Jeremy Dronfield idazlea arduratu dira James Barryren lehen urteetako nondik norakoak ikertzeaz[1].

Margaret Ann Bulkley –horixe zuen jaiotzean ipini zioten izena– 1790eko hamarkadan jaio zen Irlandan; du Preezek eta Dronfieldek diote Cork izan zuela jaioterri eta, beste batzuen ustez, uhartearen beste muturrean jaio zen, Belfasten. Txikitan John anaiari esan omen zion: “Emakumea ez banintz, soldadua izango nintzateke”. Eta aurrerago bokazioa medikuntzara aldatu zitzaion, baina horretarako ere emakumea ez izatea derrigorrezko eskakizuna zen. Alaba bat izan omen zuen, Juliana Bulkley, neskameak gorpuan ikusitako ildoak azalduko lituzkeena. James Barry artista (1741-1806) osaba omen zuen. Margolaria hil eta urte gutxira, 1809an, haren izena, dirua eta generoa erabili zituen Edinburgoko Unibertsitatean medikuntza ikasketak egiteko. 45 ikasletik bigarrena izan zen, eta hernia femoralari –nagusiki emakumeei eragiten dien arazoari– buruzko tesia osatu ondoren graduatu zen[1].

Margareten –edo Jamesen– hautua bokazioak ala genero identitateak bultzatu izan zuen eztabaidatu izan da, baina Michael du Preezen iritzian, eztabaida horrek medikuak egindako ekarpenak itzali ditu. Behin, Barryren heriotza ziurtagiria sinatu zuen D. R. McKinnon maiorrari haren generoari buruz galdetu zioten. “Ez dakit gizona, emakumea ala hermafrodita zen (...) dakidana da gorpua urte luzez ezagutu nuen ospitaleetako ikuskari nagusiarena zela[1].

Erreferentziak

  1. Nagore Irazustabarrena, Gizona ala emakumea? Medikua, Argia, 2017ko irailaren 17a
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.