Jamaica Kincaid
Jamaica Kincaid, jaiotzaz Elaine Cynthia Potter Richardson (Saint John’s, Antigua, Antigua eta Barbuda, 1949ko maiatzaren 25a) idazlea eta lorezaina da. Eleberriak, saiakerak eta lorezaintzako liburuak idatzi ditu, beti ingelesez. Antigua eta Barbudan jaioa, egun Estatu Batuetako bizi da. Vermont estatuko North Bennington herrian izaten da, udan; eta Afrikar eta Afro-amerikar Ikerketetako irakaslea da Harvard Unibertsitatean, ikasturte garaian.[1]
Jamaica Kincaid | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Elanie Cynthia Potter Richardson |
Jaiotza | Saint John's, 1949ko maiatzaren 25a (74 urte) |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Talde etnikoa | afro-amerikarra |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Allen Shawn (1979 - 2002) |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Franconia College (en) Princess Margaret School (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, eleberrigilea, antzerkigilea, unibertsitateko irakaslea, saiakeragilea eta lorezaina |
Enplegatzailea(k) | Harvard Unibertsitatea Claremont McKenna College (en) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Ameriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia |
Genero artistikoa | eleberria garden writing (en) |
Bizitza
Jamaica Kincaid Elaine Potter Richardson izen-deiturez jaio zen, Antigua uharteko Saint John's hirian, 1949ko maiatzaren 25ean.[2] Baliabideen aldetik pobre samarra batean hazi zen. Ama kulturaduna eta etxekoandrea zuen; eta aitaordea, zurgina.[3][2][4] Guraso horiekin bizi izan zen 1965 arte, eta britainiar hezkuntza koloniala jaso zuen (1981ean lortu zuten Antigua eta Barbudak erabateko independentzia). Bederatzi urte zituela, bere hiru nebaordeak jaio ziren, eta amarekin zuen harreman ona okertzen hasi zen.[5]
Hamasei urte zituela amak eskolatik atera zuen Jamaica lanean hasi eta familia mantentzen laguntzeko, hirugarren anaia jaio eta aita gaixo zegoelako. 1966an hamazazpi urte zituela, New Yorkera bidali zuten haurtzain. Baina Jamaicak dirua bidaltzeari utzi eta familiarekin harremanak hautsi zituen. Handik gutxira bere benetako bokazioari heldu zion eta idazten hasi zen Ingenue aldizkarian lehendabizi eta The New Yorker aldizkarian ondoren. Han ezagutu zuen William Shawn aldizkariaren editorea eta bere senarra izango zen Allen Shawn-en aita.[4][6]
1973an 24 urte zituela erabaki zuen Jamaica Kincaid-ek izena aldatzea. Bere familiak ez zuen begi onez ikusten bera idazle izatea eta horregatik hartu zuen izena aldatzearen erabakia.[4]
1980ko hamarkadan erdialdera ezagutarazi zuen bere burua Estatu Batuetako kultura munduan, kontakizun bilduma batez: At the Bottom of the River. Liburuak berehala erakarri zuen kritikarien eta irakurleen arreta, idazlearen kontakizunerako trebeziarengatik. Handik gutxira, A Small Place argitaratu zuen, bere herriari, kulturari eta tradizioei buruzko saiakera argigarria. Gero fikziozko beste hiru eleberri idatzi zituen, oso harrera ona izan zutenak: Annie John, Lucy eta My Brother. Eta hurrena Gure amaren autobiografia idatzi zuen, bere lanik onena, bere bizitza kontatzen duen hirurogeitaka urteko emakume baten istorioa, eta europarren mendean egondako nazio, arraza eta kultura baten zoritxarreko patuaren isla dena.
Harvard Unibertsitatean irakasle dihardu, eta bere senar ohia den Allen Shawn musikagilearekin izandako bi seme-alaben ama da.
Lanak
Fikzioa
- 1983: At the Bottom of the River
- 1985: Annie John
- 1990: Lucy
- 1996: The Autobiography of My Mother
- 2002: Mr Potter
- 2013: See Now Then
Ez fikzioa
- 1988: A Small Place
- 1997: My Brother
- 2001: Talk Stories
- 2001: My Garden Book
- 2005: Among Flowers: A Walk in the Himalayas
Haur literatura
- 1986 Annie, Gwen, Lilly, Pam, and Tulip
Euskaratuak
- Lucy (1997, Desclée de Brouwer argitaletxea). Itzultzailea: Alex Aldekoa-Otalora.[7]
- Nire amaren autobiografia (2012, Alberdania argitaletxea). Jatorrizko izenburua: The Autobiography of My Mother. Itzultzailea: Alberto Martínez de la Cuadra.[7] [6]
- Neska (2014, Elearazi). At the Bottom of the River ipuin liburuko lehena da. Itzultzailea: Garazi Arrula.[8]
Erreferentziak
- (Ingelesez) «Jamaica Kincaid» Harvard University Department of English (web.archive.org) 2018-06-05 (Noiz kontsultatua: 2020-06-22).
- (Ingelesez) «Kincaid, Jamaica» Postcolonial Studies (Emory University) 2014-06-10 (Noiz kontsultatua: 2020-06-22).
- (Ingelesez) «Jamaica Kincaid: People say I'm angry because I'm black and I'm a woman» Salon 2013-05-05 (Noiz kontsultatua: 2020-06-22).
- (Ingelesez) «Her Story» BBC World Service 2017-11-18 (Noiz kontsultatua: 2020-06-22).
- (Ingelesez) Kincaid, Jamaica – Postcolonial Studies. (Noiz kontsultatua: 2019-06-07).
- (PDF) Nire amaren autobiografia. (Noiz kontsultatua: 2019-06-06).
- «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-07).
- Elearazi. Andereño izateko jarraibideak. (Noiz kontsultatua: 2019-06-07).