Jakue Belatz de Medrano

Jakue Belatz de Medrano (1475?-1522), Iguzkitza eta Leartzako oinetxeen jaunaren anaia, XVI. mendeko nafar buruzagi militar bat izan zen, Nafarroako independentziaren aldeko gerla denboran.

Jakue Belatz de Medrano
Bizitza
JaiotzaIguzkitza, 1475
HerrialdeaNafarroako Erresuma (1512–1841)
 Nafarroako Erresuma
HeriotzaIruñea, 1522ko abuztuaren 25a (egutegi gregorianoa) (46/47 urte)
Jarduerak
Jarduerakmilitarra

Familia

Medranotarrena Lizarrako merindadeko leinu ospetsua zen. Jakueren aitona, Ferran Belatz de Medrano, Bianako printzearen alde borrokatu zen gerla zibilean. Aita, Joanes Belatz de Medrano, Iguzkitzako eta Leartzako oinetxeen jauna zen eta Deioko gazteluaren zaindaria. Ama, Leonor Etxauz Beaumont, Karlos Etxauz Baigorriko kondeordea eta Margarita Beaumont Curtonen alaba zen (azken hau Karlos Beaumonten alaba). Amaren bitartez Jakue zen Leringo kondearen bigarren lehengusua (eta ondorioz Nafarroako Erregeen lehengusua ere). Anaia nagusia zuen, Joanes Belatz de Medrano, Leartzako eta Iguzkitzako jauna. Azken hau Ana Mauleonekin ezkondu zen, Karlos Mauleonen arreba (Mauleondarrak Ladron Mauleon, Traibuenasko jauna eta Joana Nafarroakoren haurrak ziren, Nafarroako Mariskalaren ilobak).

Iguzkitzako oinetxea, Medranotarren sorlekua

Biografia

Hastapenak

Jakue Belatz de Medrano 1475 aldean jaio zen, segur aski Iguzkitzako dorrean. Bigarren semea izanik, armen bidea lehenetsi zuen, Nafarroako erregeen alde, Katalina erregina eta bere senarra Joanes III.a. Lehenbiziko kanpaina militar batean parte hartuko zuen segur aski 1495an Lizarrako merindadean Leringo kondearen matxinadaren aurka. Berriro, 1506/1507an, Joanes III.a eta Cesar Borgiaren aginduetan ibiliko zen Leringo kondearen beste matxinada baten aurka. Leringo kondea erbesteratuta geratu zen eta 1508an hil zen.

Urte gutxi batzuen ondoren, Albako dukeak, Luis Beaumonten laguntzarekin, abiadura azkarreko kanpaina burutzen du Iruñearen aurka, Nafarroako konkistari hasiera emanez (1512ko uztaila). Lehen momentutik gaindituta dago erresistentzia eta Nafarroako leinuburuek leialtasun zina egiten diote Fernando Katolikoari (1512ko abuztua), tartean daude Leartzako jauna eta bere anaia Jakue.

Erresistentziaren hautua

Medranotarren armarria

Dena den, urte bereko udazkenean, jakinik Joanes III.ak kontra erasoa burutuko duela, Jakue Belatz de Medranok eta San Martingo jaunak, ekintza baten bidez Lizarrako gaztelua okupatu dute (urriak 5) errege legitimoaren izenean, baina laster setiatuak geratzen dira Diego Martinez de Alabaren eskutik. Joanes III.a erregea oraindik urrun izanik, ezin diote setio luze bati aurre egin eta modu negoziatu batean errenditzen dira (urriak 28). Lizarratik libre atera ondoren San Martingo jauna eta Jakue Belatz de Medrano joaten dira biltzera hurbiltzen den Joanes erregearekin eta honekin parte hartzen dute Iruñeko setioan (azaroak 2). Erregeak ez du lortzen bere hiriburuaren berreskuratzea eta amore eman behar du. Horrela, azaroaren 30ean, altxatzen da setioa eta mendi iparraldera itzultzea deliberatzen da. Une hartan Jakue Belatz de Medranok lotzen du bere destinoa erregearenarekin eta jarraitzen dio exiliora. Bere anaia, Leartza eta Iguzkitzako jaunak, aldiz, erabakitzen du Lizarraldera itzultzera eta Fernando Katolikoaren aginduetara pasatzea (barkatuko zaio izandako jarrera, baina kenduko zaio merino kargua eta Iguzkitzako oinetxearen jabetza).

1516ko kanpaina

Aukera berriak sortzen dira 1516an Joanes III.arentzat Fernandoren heriotzarekin (urtarrilak 23). Antolatzen da orduan kanpaina bat Petri Mariskalaren gidaritzapean Erronkariko ibarretik okupatutako lurraldeak askatzeko. Tropa martxan jartzen da negu bukaera aldean (martxoak 15). Jakue Belatz de Medranok ekintza honetan parte hartzen du. Dena den, behin sartuta Erronkari ibarrean, gauzak korapilatzen dira. Ez bakarrik Cristóbal Villalbaren tropa espainiarrek zaintza zorrotza antolatu dute, baizik eta gainera elurte handia hasten da. Tropa nafarra zokoratua geratzen da eta Mariskala errenditu behar da Izaban (martxoak 25). Nafar gehienak preso hartuak dira (Mariskala, San Martingo jauna…) baina Jakue Belatz de Medranok lortzen du ihes egitea eta mendi iparraldera salbu iristea. Bitartean Joanes III.ak hasi zuen Donibane Garaziko gaztelua setiatzen baina Izabako porrota eta errefortzu espainiarren hurbiltzearen notiziekin amore eman zuen (martxoak 30) eta Bearnorantz babes bila joan zen. Geroxeago, ekainean, hil zen erregea. Katalina erregina hilabete batzuk berantago hil zen ere bai (1517ko otsaila). Nafarroako errege berria, Henrike II.a, erresumarik gabe zegoen ordurako.

1521ko kanpaina

Amaiurko borrokalariak omentzen dituen oroitarria

Karlos I.a erregea kanpoan izanik, Espainiarren kontrola Nafarroa gainean kolokan jarri zen Gaztelako Komunitateen gerlagatik 1520an. Istiluak sortu ziren Nafarroako mugetan ere bai (Aguraingo kondearen altxamendua Araban eta Gipuzkoako matxinada) eta indar okupatzaileak murriztu ziren fronte ezberdin hauetan aritzeko. Gauzak horrela Henrike II.ak antolatzen du kanpaina handi bat Nafarroa berreskuratzeko Esparrosko jaunaren gidaritzapean. Jakue Belatz de Medranok, beste exiliatu askorekin batera, bat egiten du espedizioarekin. Horrela parte hartzen du Iruñea askatzeko guduan (maiatzak 25). Geroxeago Logroñoko setioan parte hartzen du (ekainak 4). Berehala, Valentin Jasorekin batera, proposatzen du Calahorrako inguruak erasotzea baina Esparrosek debekatzen die asmo hori, indarrak ez sakabanatzeko. Bitartean indar espainiarrak berrantolatu dira Villalarko guduaren ondoren, eta Logroñora hurbiltzen dira hiria askatzeko. Honen aurrean Esparrosek altxatzen du setioa (ekainak 11) eta Iruñerantz erretiratzen da. Espainiarrek segitzen dute hurbiletik eta mugimendu batzuen ondoren Noaingo gudua gertatzen da (ekainak 30). Nafarren armada suntsituta geratzen da. Esparros bera preso hartua da. Karlos Mauleon (Jakueren koinataren anaia) hilik geratzen da. Jakue Belatz de Medrano eta beste batzuek lortzen dute eskapatzen borroka zelaitik eta, Iruñea galdurik, mendi iparraldera pasatzera.

Aldi honetan gauzak ez dira baretzen, eta udazkenerako, Henrike II.ak beste kanpaina bat antolatzen du Bonniveteko jauna eta Frantziako armadarekin koordinatua. Aurrekoetan ez bezala (1512, 1516, 1521ko maiatza) ez da sakontasuna bilatzen eta lehenesten dira finkotasun puntuak. Kanpaina arrakastatsua da eta Nafarrek Peñongo (irailak 26), Amaiurko (urriak 5) eta Hondarribiko (urriak 18) gazteluen kontrola hartzen dute.

Amaiurko defentsa

Amaiurko gazteluaren hondakinen gainean dagoen monolitoa

Testuinguru hartan izendatua izan zen Jakue Belatz de Medrano Amaiurko gazteluaren zaindaria kargurako. Alde batetik Amaiurtik ziurtatu behar zituen komunikazio lerroak Hondarribiarekin eta Peñonekin eta bestaldetik, Amaiur dispositiboaren erdian izanik, prestatu behar zen zalantzarik gabe etorri behar zen eraso espainiarraren aurka.Laster tirabirak agertuko dira Medranorentzat. Medio defentsibo gehigarri eske ibili zen bai Biarnon zegoen Henrike II.a erregea eta baita ere Baionan zegoen Saint André gobernadore frantsesa artean, leialtasunari buruzko mesfidantza sortuz. Beste alor batean, leporatu zitzaion esku gogorra erabiltzea Baztango eta inguruetako beaumontarren aurka, Henrike II.ak oraindik saiatzen zuelarik haien leialtasuna lortzen.

1522ko udaberriarekin kanpainak berriro hasi ziren. Martxoan Medrano saiatzen da Orreagako kolegiata kentzen Tristan Urtsuari. Aldiz, espainiar errefortzuak iristear daudelarik amore eman behar du (martxoak 14). Geroxeago Medranok atakatzen du Doneztebe baina erretiratu behar da Urtsuaren etorreraren aurrean (ekainak 18). Bestalde, San Martzialgo guduak (ekainak 30), Lapurdiko milizia deuseztatzeaz gain, ahulduko du asko Amaiurko komunikazioa Hondarribiarrekin.

Une hartan Mirandako kondea, izendatu berria zen okupatutako Nafarroako erregeordeak, erabaki zuen Amaiurren aurka jotzea. Horrela, tropa handi batekin ateratzen da Iruñetik Baztanera. Elizondora iristen da (uztailak 12) eta biharamunean Amaiurko setioa hasten da. Medranorekin batera 200 lagun eskas daude, 10.000 soldaduko tropari erresistentzia oposatzeko. Ondoko egunetan ez dator inongo laguntzarik Lapurditik, eta Garazitik Beltzuntzeko jaunak mugimendu bat saiatzen badu Urtsuak geratuta dago mendialdean. Uztailaren 18an leherketa handi batek suntsitzen du Amaiurko harresia, erresistentzia alferrikakoa bihurtuz. Horrela, Medranok erregeordearekin negoziatzen du gaztelua errenditzeko geratzen ziren defendatzaileen bizitzaren truke (uztailak 19). Aste batzuk geroxeago, deliberatu ondoren Espainiarrek erabakitzen dute Amaiurko gazteluaren erabateko suntsiketa leherketa bidez gauzatzea (abuztuak 12).

Bitartean, Jakue Belatz de Medrano, preso hartua, Iruñera igorria da. Ondoko egunetan presoetarik bat, Xabierko jauna, eskapatzen da. Erregeordeak jasotzen du presoak Atienzako gazteluara igortzeko agindua (abuztuak 2), baina hori bete gabe geratzen da. Geroxeago, beste agindu bati erantzunez, Erregeordeak uzten du Nafarroa, Valladolideko gortera joateko (abuztuak 15). Bitartean Iruñea beaumontarren esku geratuko da. Testuinguru honetan agertu ziren hilik presondegian Jakue Belatz de Medrano eta bere semea Luis (abuztuak 25). Heriotza hauek argitu gabe geratu ziren. Heriotza susmagarri hauei gehitu behar zitzaien 1516tik preso zegoen Nafarroako Mariskalarena Simancasko gazteluan (azaroak 24).

Ondorengotza

Jakue Belatz de Medrano eta bere semea Luis preso hil ziren Iruñean ondorengotzarik utzi gabe. Jakueren anai nagusia Leartzako eta Iguzkitzako jaunak aldiz, jarraipena eman zion Medrano leinuari. Hainbat belaunalditara, bere ondorengoek jaso zuten Besollako markes titulua (izena Besollako herritik hartua).

Dena den, Zuberoako dirudienez jatorri xumeko Bela familia joan zen aldarrikatzen filiazio fiktizio bat Jakue Belatz de Medranorekin. Honen alegiazko seme bat, Gartzia Belatz, Nafarroako lurralde askean errefuxiatua Lakarrako jaunaren ondoan, ezkondu omen zen Sohütako oinetxearen anderearekin 1525an, Bela leinuari hasiera emanez. Familia honetakoak ziren Jakes Bela (1588-1667) eta Joan Filipe Bela (1709-1796) idazleak.

Omenaldiak

1922an, monolito bat eraiki zen Amaiurren, Medrano eta lagunen defentsa heroikoa gogoratzeko. Monolito hura lehertu zuten 1931an. 1982an, beste monolito bat eraikia izan da, Medranoren izena gaur egun gogoratzen duena.

Bibliografia

  • (Frantsesez) Édouard Ducéré eta Jean de Jaurgain, Mémoires militaires du Chevalier de Béla, Baiona 1896
  • (Frantsesez) Jean de Jaurgain, La Vasconie : étude historique et critique sur les origines du royaume de Navarre, du duché de Gascogne, des comtés de Comminges, d'Aragon, de Foix, de Bigorre, d'Alava & de Biscaye, de la vicomté de Béarn et des grands fiefs du duché de Gascogne, t. 2, Pau, 1898
  • (Frantsesez) Hubert Lamant-Duhart, Armorial du Pays Basque, Miarritze 1997
  • (Gaztelaniaz) Peio Monteano, La Guerra de Navarra (1512-1529), Iruñea 2010 eta Jaime Vélaz, el capitán de Amaiur, Iruñea 2022.
  • Asisko Urmeneta, Amaiur! Libera State, Nafarroa 2022

Kanpo estekak

Biografia
Nafarroako Foru Erkidegoa
Artikulu hau Nafarroako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.