Jakintza Baitha
Jakintza Baitha Euskal Herriko kultura elkarte akademiko bat da. Bere helburua Greziako kultura ondarea Euskal Herrira ekartzea da, kontsideratuz Europako kultura funtsean aintzineko greziarrek formatutako pentsamenduaren forman oinarritzen dela. Federico Krutwig Sagredo euskaltzainak sortu zuen, Euskaltzaindiko Jagon saileko literatur batzordeko laguntzaile batzuekin batera.
Historia
Hastapenak eta egituraketa
Euskaltzaindiko literatur batzordea 1979 urtean eratu zen, eta Krutwig literatura klasikoko sailean arduradun izendatu zuten. Bertan, Krutwigekin ikasten zen lehen gauza zen aurriritzi politiko eta erlijiosoak kentzen, galdera filosofikoen bitartez. Horrekin batera euskararen klasikoak ikasten eta aztertzen ziren, bereziki Leizarraga eta Axular[1]. Horrekin batera, grekera klasikoa ere ikasten zen. Krutwigek berak euskaraz grekera ikasteko metodo bat idatzi zuen. Denborarekin literatura klasikoko sailak funtzionamendu geroz eta autonomoagoa garatu zuen, eta azkenean akademiatik formalki bereiztu zen. 1985tik aurrera Jakintza Baitha-Kalia Tês Gnôseôs bezala funtzionatzen jarraitu zuen[2].
1985 urtean eratu zen Jakintza Baitha elkarte bezala Zarautzen.[3]. Hasierako kideak akademiako literatur batzordeko kideak ziren. Federico Krutwig bera, Josu Lavin maisu filologoa, Manuel Ertzilla idazlea, Juan Luis Goikoetxea irakaslea, Michael Morris hizkuntzalaria eta Alfonso Irigoien hizkuntzalaria ziren. Gerora gehitu ziren elkarte berrian Anton Artiñano medikua, Jon Gotzon Etxeberria idazlea eta Erramun Gerrikagoitia irakaslea.
Ideia zen elkarte horretan sortzen ahalko ziren kultura ideiek ondoren hedakuntza eduki ahalko zutela mundu akademikoan eta komunikabideetan, eta horrela herri osoarengana iritsi ahalko zirela.
Elkartea bi esparrutan jarduteko eratu zen. Lehena espezifikoa, euskal elementu kulturalak dauden lurraldean; eta bigarrena orokorra, elementu grekoak dauden lurraldeetan[2].
Elkartean kide akademikoak zeuden, maila ezberdinetan sailkatuak. Horrekin batera, elkartean talde bereziak eratu ahal zituen jarduera bereziak burutzeko. Euskal Herrian gainontzeko erakunde eta elkarteekin goi mailako euskal kultura garatzeko Euskal Hezkuntza Akademia eratu zen, kultura grekoa eta herri kulturaren artean zubi lana egiteko asmoaz. Horrekin batera, Baskoniako Akademia Helenikoa eratu zen, greziar kulturari buruzko ekinbideak burutzeko asmoz[2].
Euskal Hezkuntza Akademia
Euskararen klasikoak herriaren eskuetan eta ikertzaileek euren lana hobeto egin ahal zezaten, eratu zen Jakintza Baithan Paideia izeneko Euskal Hezkuntza Akademia. Sail honen arduradun Josu Lavin izendatu zuten. Hiru helburu eduki zituen sail honek. Lehena euskarazko hiztegiaren azterketa egin eta nazioartean erabiltzen diren jatorri greko eta latinezko hitzen eredu egokitua garatzea izan zen. Bigarren helburua zen euskal gramatika eredu bat lantzea euskararen tradizio literario guztia kontuan hartuz. Hirugarrena zen euskal literaturaren klasiko guztiak konputerizatzea eta herritarren esku uztea[4].
1994 urtean Axularren Guero liburuaren bertsio digitala kaleratu zen. Ondorengo urteetan beste hainbat autore klasiko eta modernoen lanak digitalizatu eta disketeetan edo CD-ROM bitartez banatzen hasi ziren[4].
Baskoniako Akademia Helenikoa
Jakintza Baithak Krutwigen goi mailako ikasketa humanistikoen eskola bat antolatzeko proiektuarekin aurrera egin zuen. Proiektu hori Sophopolis bezala ezagutzen da. Hezkuntza curriculum bat diseinatu zen, 6 urteko batxillergoarekin, ondoren 3 urteko batxiller unibertsitarioarekin, eta ondoren goi mailako hezkuntza generalista bat, grekera klasikoan garatzekoa[2].
Horretarako talde berri bat eratu zen. Bertan sartu ziren Krutwig, Alberto Muruaga, eta laguntzaile bezala Manuel Iñiguez eta Alberto Uztarroz arkitektoak, Valentin Gomez Erromako Unibertsitateko irakaslea eta Boris de Rachewiltz printze helenista italiarra. Zibernetikaren Aro Berrian espezialistak baino gehiago generalistak beharko zirela aurrikusirik, Sophopolisaren proiektua Europa mailan garatu beharko litzatekeela ondorioztatu zen. Horrela, Juan Jose Pujana PNVko senatariarekin bildu ziren, eta hark Europa osoan grekera klasikoa irakastearen aldeko proiektua erredaktatu zuen, ondoren Carlos Garaikoetxea europarlamentariak Estrasburgon aurkezteko[2].
Pujana Baithako partaide egin zen. Platonen Errepublika liburua itzuli zuen 1993an grekera zaharretik euskarara, Baithakideen laguntzarekin.
1989 urtean Krutwigi "Homero" saria eman zioten bere lanagatik[5]. Greziara bertaratu ziren Krutwig, Pujana eta Artiñano. Orduan Sophopolisaren goi mailako ikasketa gunea egiteko toki aproposaren bila aritu ziren Greziatik.
1990an lehen Helenisten Biltzar Mundiala antolatu zen Mazedoniako Dion hirian. Lehen hitzaldia Krutwigek eman zuen, grekera zaharrean. Ekimenak oihartzun handia eduki zuen nazioartean, izan ere, lehen aldia zen milaka urtetan grekera klasikoa biltzar batean erabiltzen zela. Bertan Pujanak eman zuen azken hitzaldia[2].
1992 urtean, Madril hiria Europako Kulturaren hiriburua izan zen. Jakintza Baithako zenbait kidek konferentzien serie bat eskaini zuten Madrileko Ateneoan Europako kulturaren eta haren oinarrien inguruan. Konferentzia haiek nazioartean oneritzi oso zabalak jaso zituzten[2].
Ekinbide honen ondorioz nazio eta mundu ikuskera ezberdinen arteko eztabaida bat piztu zen, eta grekera klasikoaren erabileraren aurkako kanpainia bat egin zen hainbat kazetarien aldetik, batez ere Mazedoniako nazionalista eslabiarren aldetik eta Greziako sektore herrikoi batzuen aldetik[2]. Bainan Greziako Gobernuak ontzat eman zituen Krutwigen ideiak. Horrela, 1993ko martxoan Greziako telebista kate nagusian Krutwigekin, Pujanarekin eta beste zenbait lagunekin elkarrizketa bat atera zen. Hainbat bilkura burutu ziren Kultura Ministerioarekin. Jarduera hauen berri eta erabili ziren dokumentuak argitara eman zuen Jakintza Baithak Hierax bere aldizkarian.
Hierax-Halcon aldizkaria
1993 eta 1995 urte bitartean elkarteak aldizkari bat argitaratu zuen BBK aurrezki kutxaren finantzaketaz: Hierax-Halcon. Revista de Cultura griega. Bertan, 1992ko konferentziekin batera zenbait gai filosofiko, artistiko, psikologiko, arkitektoniko, historiko eta politikoak lantzen ziren. Gaien artean bereziki aipagarria da Sophopolis projektua eta Greziako kulturaren alde Europa mailan buruturiko jarduera.
Sophopolis
Sophopolisaren ideia Krutwigek garatu zuen Computer Shock Vasconia, Año 2001 liburuan. Goi mailako hezkuntza humanistikoko Unibertsitate bat da. Bertan gai orokor guztiak irakatsiko lirateke modu generalista batean, Panepistemion kontzeptu greziarrari helduz.
Projektua hasiera batean proposatu zuen Euskal Herrian egiteko, baina ideiak ez zuen harretarik jaso eragile politikoen artean. Ondoren Jakintza Baitha elkartearekin Europa mailan sustatu zuen. Ideiak nazioartearen harrera ona jaso zuen. Ideiak Europako Hezkuntza Ministroen Kontseiluan lehen aldiz erabateko adostasun bat eragin zuen.
Greziako Gobernuaren babesarekin, lortu zen Kea irlan, Atenas hiriaren aurrean, Sophopolisaren instalazioak kokatzeko tokia. Instalazioen deseinua egin zuten Manuel Iñiguez eta Alberto Uztarroz arkitektoek[6].
Finantzaketa itzela behar zenez, 140 milioi dolar Krutwigen esanetan[7] projektua diru iturrien sarreraren zain geratu zen. Eta Ameriketako pertsona dirudun batzuek hura ordaintzeko prest agertu ziren. Horren inguruko azken gestioak egiten zegoelarik hil zen Krutwig 1997 urtean, eta haren heriotzaren ondoren projektuaren gauzatzea etendu zen.
Jakintza Baitha Krutwig hil ondoren
Krutwigen heriotzarekin Jakintza Baitharen ekinbidea asko murriztu zen, nahiz eta formalki existitzen jarraitu duen gaur egundaino. Pujana izan zen elkartearen presidentea, 2022 urtean hil zen arte. Horrekin batera, Lavin euskararen klasiko literarioak digitalizatzen jarraitu zuen, eta 2013tik aurrera Paideia sailean garaturiko lana Zuzeu.eus webgunean argitaratzen aritu da[8].
Erreferentziak
- Getxoko izen handiak #2: Federico Krutwig (EUSKERA). (Noiz kontsultatua: 2023-04-05).
- Krutwig, Federico. (1994). Historia de la Jakintza Baitha. Hierax-Halcon. Revista de cultura griega, 2. Jakintza Baitha, 64-67 or..
- Krutwig, Federico. (1989). Estatutos de la sociedad de iniciacion cultural Jakintza Baitha. .
- Zabala, Juan Luis. (1995). «Erakundeek bideratu behar lukete gure literaturaren konputerizazioa» Berria (Euskaldunon egunkaria, 1995ko maiatzaren 6a): 28. (Noiz kontsultatua: 2023-02-17).
- Irigoien, Alfontso. (1989). Federiko Krutwig "HOMERO 1989" sariaren irabazle Grezian. Euskaltzaindia.
- Uztarroz, Iniguez. (1992). Sophopolis. .
- Murua, Imanol. (1997). Federiko Krutwigi elkarrizketa. Jakin, 101, 61-106 or..
- Lavin, Josu. (2013). [(11) https://zuzeu.eus/author/jlavin/ Author, Josu Lavin. ].