Jak basati

Jak basatia edo (Bos mutus), (Tibeteraz: འབྲོང་ , "broung" ahoskaturik), jakaren espezie bat da. Espezie honen abere kopurua etxeko jakarena baino askoz txikiagoa izanik, Mehatxatutako Espezieen NKNEren Zerrenda Gorrian sartuta dago.

Jak basati
Iraute egoera

Kaltebera  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
FamiliaBovidae
GeneroaBos
Espeziea Bos mutus
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia258 egun
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakyak leather (en) Itzuli eta yak fiber (en) Itzuli
Habitatlarre-belardi
Eguneko zikloacathemeral (en) Itzuli
Genomaren kokapenaensembl.org…

Azken hamarkadetan beraien kopurua etengabe murriztuz joan da, bereziki gizakien eraginagatik.

Etimologia

Jak basatiaren izena Tibeteraz འབྲོང་ esaten da; "broung" ahoskaturik. Gaur egun Bos mutus izena arrunt erabiltzen da jak basatiarentzat eta ez da etxeko jakarentzat (Bos grunniens) erabiltzen, nahiz eta urtetan zehar nahasketa eta adostasun eza egon den den jaken izenen inguruan[1].

Zenbait adituek berriz esaten dute etxeko jaka Poephagus grunniens eta jak basatia Poephagus mutus bezala izendatzea egokiagoa dela.

Izen latindarra, "mutus", jak basatiek gutxitan marruma edo kurrinka egiten dutelako ezarri zioten.

Zenbait hizkuntzen izen arruntek animaliaren beste ezaugarriak aipatzen dituzte. "Zaldi buztandun bufaloa" edo "idi marmartia" esate baterako.

Ezaugarriak

Jak basatiak oro har etxeko jakak baino handiagoak izaten dira.

  • Gorputzaren luzera: 325 zentimetro arte.
  • Altuera soin gurutzeraino: 200 cm arte.
  • Isatsaren luzera: 60 zentimetro.
  • Pisua: 305 - 820 kilogramo bitartean.
  • Burezurra: Handia eta ikusgarria dauka.
  • Besaburuak eta bizkarra: Besaburuak motzak eta bizkarra zabal, altu eta konkorduna.
  • Adarrak: Bai arrek eta bai emeek adarrak dauzkate. Buruaren bi aldeak gaindituz eta haien luzearen erdian, gutxi gorabehera, gorantza okertzen direla. Emeen adarrak motzagoak dira, 51 zentimetro soilik hartzen baitute. Arren adarrek berriz 95 zentimetroraino heldu daitezke.
  • Tamaina: Emeak ere arren tamainaren eren bat daukate.
  • Ilajea: Tibeteko muturreko hotzean irauteko, jak basatiak ile trinko eta bigunaren lehendabiziko geruza bat dauka eta bere gainean ilearen bigarren geruza bat: Luzeagoa, iletsua, korapilatsua, marroi ilun kolorekoa ia lurreraino ailegatzen dena.
  • Kolorea: Etxeko jakak kolore oso ezberdinetakoak izan daitezke, hibridazioen ondorioz neurri handi batean. Jak basatiek berriz ilunak, ia beltzak edo oso kolore marroi ilunekoak dira oro har, baina ez beti. Ezagunak dira ere "Urre koloreko" jak basatiak, baina oso arraroak dira. Jak basatietan kolore ez ilunak etxeko jakekiko nahasketaren seinale izan daiteke. Jakek zilar koloreko arraia eduki dezakete bizkarraldean eta gris koloreko banda bat muturraren inguruan.
  • Hankak: Hankak nahiko motzak dauzka, eta apatxak zabalak dira, elurrean gainean ibiltzen laguntzeko. Apatxak zorrotzak dira leku malkartsuetan ibiltzeko.
  • Ahotsa: Jak basatiek ateratzen duten gutxienetariko zarata marruma ozen bat da, susa eta kumeen hazkunde garaietan egiten dutena. Etxeko jakek berriz urte guztian zehar egiten dute marruma, handik datorkie "grunniens"("Kurrinka egiten dutena") izen latina. Jak basatiak berriz horregatik deitzen dira "mutus", hau da mutuak.

Animali hauek oso ondo moldatu dira bizi diren paraje hotz eta latzetan irauteko. Jak basatiak ilaje mardula daukate eta izerdi guruin gutxi. Honen ezkerrez gorputzaren beroa errazago mantentzen dute. Birikek ahalmen handia dute eta odolean tamaina txikiez baina oso ugari diren globulu gorriak dauzkate. Hau dela eta, mendiko aire mehetutik ahal den oxigeno gehien arnasten dute.

Kontutan hartzen bere tamaina, jak basatiak nahiko arinak dira. Elurtutako harkaitzetan mugitzen dira belar luze, larre motz eta likenetan bazkatzen.

Jak basatiak zoo batean

Espeziearen historia

Jak basatiei buruzko hainbat testigantza historikoa dago. Marco Polo XIV. mendeko bidaiari veneziarrak abere hauek eta etxekotutako bere espeziekideak aipatzen ditu "Marco Poloren bidaiak" bere bidai liburu ospetsuan.

Historikoki, espeziea Tibeteko goi-ordokietan zabaltzen zen, egungo Txina barne (Gansu, Sichuan, Xinjiang, Tibet, Qinghai), Indiako Ipar aldean (Ladakh), eta Nepalen. [2].

Jak basatiak Kazakhstanen, Mongolian eta Errusian bizi ziren XIII. edo XVIII. mendera arte[3]. Hala ere herrialde hauek ez dira sartzen IUCNeko Zerrenda Gorrian jak basatien eremu historiko bezala bertan espeziearen iraungitzearen datari buruzko zalantzak direla eta. Jakina, IUCNko Zerrenda gorriak 1500. urtetik aurrerako iraungitzeak besterik ez ditu jasotzen.

Habitat, ohiturak eta ekologia

Kunlun mendiak, Jak basatien bizilekua

Oro har, jak basatiek 10 eta 30 abere biltzen dituzten samaldetan bizi dira.

Jak basatiak tundra alpetarrean, mendiko belardi eta sastrakadi zein Tibeteko Goi-Ordokietako iparraldeko basamortu hotzetan bizi dira [4]). Mendi gune hauek 4,000 eta 6,100 metro arteko garaiera dute. Jakak dira garaiera handienetan bizi daitezken betabereak.

Oro har jak basatiak gizakia eta bere abereak dabiltza lekuetatik aldentzeko joera dauka.

Chang Tang Babeslekuan, Tibeteko ipar-mendebaldean, urteko batez besteko euri kopurua 100–300 mm-tan kokatzen da soilik, gehienetan elur eta kazkabar moduan. Laku gehienak gaziak dira eta azaleratzen diren urak oso urri. Jakek Izotz eta elurra jaten dute ur iturri bezala.

Tenperatura eremu hauetan 40° huts azpira ailegatu daiteke negu gorrian. Jak basatiak ez dabiltza gustura beroekin, baina muturreko hotzetara egokituta daude. Ikusiak izan dira jakak negu gorrian erreka eta lakuetan bainatzen.

Jak basatiak urtean zehar bere habitatetan barrena mugitzen dira. Esate baterako neguan behe-haranetara jaisten dira babes bila[5]. Abuztu eta irailaren artean berriz, hau da urteko sasoirik beroenetan, jak basatiek gune altuenenak nahiago dituzte. Bere habitatean landaretza eta bazka eskasa dutenez, jak basatiak asko mugitzen dira batetik bestera bazka bila. Uztailean esate baterako muinoetatik ordeketara jaisten dira han goroldioak eta zingiretako landaretza sasoi hartan puri-purian daudelako. Abuztuko tenperatura igoerekin samaldek gora jotzen dute, oraindik elurtutako parajetara barne, berotik ihesi.

Itxura handi eta baldarra izan arren, jakak oso eskalatzaile onak dira, urrats sendoko abereak.

Jak basatien harrapatzailerik handiena, gizakiaz gain, Tibeteko otsoa da. Asiar hartz beltza ere aipatzen da bere etsaitzat.

Bizi diren altuera haietan landaretza urria da, eta nagusiki belarrez, ihiez, lar eskas eta zuhaixka txikiez osatuta dago. Landaretza hau alpetartzat hartu daiteke, edota estepa garai eta hotzen landaretza bezala[6].

Jak basatiek belarra, ihiak eta larreak jaten dituzte, zenbait zuhaixken adar eta hostoekin batera. Taldeko abereak dira eta sarri 100 abelburutik gorako samaldatan biltzen dira, nahiz eta ohikoena 10-20 abere arteko taldeak izan.

Ar helduak askotan eme eta gaztekin bidaiatzen dira. Ar zaharrenek, beraien aldetik, 2 edo bost zezen zaharren taldeak osatzen dituzte eta emeen samaldatik aparte ibiltzen dira. Samalden tamaina bazkaren eskaintzaren araberakoak dira[7].

Susa garaia irailean hasten da, eta hainbat astetan zezenak elkarrekin borrokan eta korrikaldietan dabiltza emeekin larrua jotzeko. Kumeak ekainean jaiotzen dira. Hilabete hau oparotasun handiko hilabetea da Tibeteko Goi-ordokian naturari dagokionez.

Emeen ernaldiak batez beste 258 egunekoa da, eta oro har kume bakarra egiten dute. Kumeak 6 urterekin heldutasun sexualera heltzen dira. Jak basatiak beraien inguru naturalean 23 urte bizi daitezke.

Jak basatiak mesfidatiak dira. Samalda bat izutuz gero, korrika egiten dute tarte luze bat, isatsak tente dituztela arrapaladan urruntzen. Zerbait edo norbait jartzen baldin bazaie beraien ihesbidean jakek erasoaren planta egingo dute eta ustezko arriskuaren 10-20 metroetara geldituko dute erasoaldia.

Esan bezala ordokietan korrika egiten zaldiak baino mantsoagoak dira, baina garaiera handietan zaldiak airerik gabe geratzen dira arnasa hartzerakoan eta jakak berriz horretarako egokituta egonik, zaldiak baino azkarrago mugitzen dira[8].

Populazioa eta egoera

Jak basatiak Ladakhen

Espeziea desagertzeko zorian dago zeren eta azken 30 urtetan bere populazioa %30 jeitsi da, belaunaldi bakoitza hamar urteko epean hartuta.

IUCN-k jak basatia ahulezian egoeran ezartzen du[9].

Espeziea ere CITES itunean agertzen da[10].

Egoera basatian dauden abere guztien kopurua 14.000-15.000 ingurukoa zen 1995.en urtean, haren ondorioz jak basati helduen kopurua 10.000 inguru izan daiteke. Etxeko jaken kopurua berriz 12.000.000 milioi buruetan kokatzen da[11].

  • Espeziea desagertutzat ematen da Nepal eta Bhutanen. Antza azken garai hauetan zenbait jak basati Nepaleko ipar aldean sartzen hasita daude [12], baina ez dago ziurtasunik espeziea bertan finkatu dela baieztatzeko.
  • Indian bere aldetik, jak basatia ezaguna da Kaxmirreko Ladakh eskualdean[13], Chang Chemmo haran aldean, baina abere basatien kopurua txikia da bertan, eta skotan denboraldi baterako agertzen dira soilik.
  • Txinan jak basatiak Tibeteko goi lautadetan aurkitu daitezke populazio isolatuetan (Gansu, Qinghai, Xinjiang, Tíbet). Danera 8.000 eta 8.5000 jak basatiak daudela bertan uste dute adituek. Hala ere populazio garrantzitsuenak Tibeteko ipar aldean 284.000 kilometro karratu babesten dituen Chang Tang Babesgunean kokatzen dira. Bertan 7.000 eta 8.000 artean abere daude[14]. Baita Arjin Shanen eta hego-ekialdeko Xinjiangen, 2.000-2.500 jak basatien populazio batekin. Qinghaiko Kekexili babesgunean eta oro har probintzia guztian 3.200 eta 3.700 jak basati dago. Kunlun mendietako alboko parajeak espeziearen beste gune garrantzitsua dira[15].

Badaude ere zenbait gune txikiago eta populazio nagusietatik isolatuta ipar eta hegoaldean.

Txinako jak basatien populazioen joera beheranzkoa da. Chang Tang-eko babesgunetik hegoaldeko jaken %24a ditximatua izan da azken urtetan, 1960. urtean abeltzainak paraje haietara heldu eta gero. Arjin Shango Xinjiang Uygureko babeslekuan 1980. hamarkadaren bukaeran populazio aipagarria zegoen, baina populazioa hau deblauki murriztu zen 1990. hamarkadaren hasieran[16].

Hala ere Qinghaiko gune batean, "Jak Basatiaren Harana" delako gunean, espezie ugari mantendu da. 2002. urtean egindako kontaketan 1.700 abere zenbatu zituzten bertan, eta gainera gutxitzeko arrastorik gabe. Are gehiago, ematen du 1990. urtetik aurrera hartutako babespen neurriak direla eta, bertako populazioa handitzen ari dela[17].

2007. urteko neguan 977 jak basati bildu ziren Sanjiangyuango Natura Babeslekuan.

  • Tibeteko erdi-mendebalean, Qinghaiko hegoaldeko erdialdean eta mendebaldeko Gansunen.

Zebait adituek beste hainbat populazio isolatu aipatzen dute Txinan [18] baina haien kopurua murritza izanik funtsa gutxi dute arrazaren iraupenari begira.

Mehatxuak

Jak basatiak New Yorkeko Syracusa zoologikoan

Harrapaketa eta ehiza zuzena, haragitarako harrapaketa komertziala barne, jak basatien aurkako mehatxurik handiena da egun oraindik ere[19].

Arrak arrunt kalteberagoak dira ehiztarien aurrean, bereziki hauek ibilgailu motordunak erabiltzerakoan. Hau horrela da zeren eta arrek joera handiago daukate muino eta mendien azpiko ordokietan sakabanatzeko, emeek gainak nahiago dituzten bitartean [20].

Jakak azkarrak dira aldapa eta malkarretan, baina leku lauetan korrika egiterakoan, este baterako zaldiak baino askoz motelagoak dira[7].

Antza agintariek Tibeteko Qinghai goi-ordokian buruturiko su armen bahiketa onuragarria izan da yaken populazioentzat.

Hala ere jak basatiek jendea eta bere aberekiko aurreko tolerantzia maila jaitsi dute. Jak basatiak etxeko abereen taldeak biltzen diren tokietatik aldentzeko joera daukate. Etxeko abereak ugaritzeak eta horretarako gero eta larre gehiago erabiltzeak jak basatiak gero eta gehiago baztertzen ditu eta beraien habitaten erabilgarritasuna murrizten die [21].

Adi berean etxeko jak eta zenbait jak basatien arteko harremanak gainontzeko jak basatientzat arrisku iturri dira[22]. Gainera frogatuta jak basatiak etxeko jakekin gurutzatzen direla, eta hau jak basatien espeziearentzat kaltegarria izan daitekela arrazaren garbitasunaren aldetik[23]. Dirudienez gurutzaketa hauetatik ateratako aleak bereziki gogor eta ugalkorrak dira. Hau dela eta Indian interes berezia dago jak basatiekin etxeko jaken ezaugarri baliotsuak mantentzeko eta hobetzeko gordekin genetikoa bezala.

Nahiz eta oraindik frogaturik gabe dagoen, etxeko abereek jak basatiei kutsatutako gaixotasunak (zuzenki edo beste hainbat abere basatien bidez), beste mehatxu bat izan daitezke.

Ezagutzen dira kasuak non jak basatien samaldek etxeko jakak bereganatu dituztela eta baita alderantziz ere. Beste aldetik, jak basatiek kalteak sortzen dituzten baserritar eta abeltzainen jabetzetan abere hauek akabatzeko gogoa piztuz bertako jendearengan.

Kekexili eskualdean barrena berriki eraikitako Qingzang trenbidea ere mehatxu berriak ekarri ditu espeziearentzat. Lanek goi-ordokiak ebaki dituzte eta Yangtze ibaiko iturriak ukituta utzi dituzte. Trenbidea 2001. urtetik martxan dago, baina ez erabat. Hala ere bertako ekosistemen arteko lotura mozten du. Haren ondorioz hango faunaren gainean eragin kaltegarria izaten du, populazioak banatuz eta haien sasoiko migrazioak oztopatuz, lanen hondakinen eraginez gain. Bereziki kaltetu suertatu dira jak basatiak eta Tibeteko antilopea.

Beldurra dago baita ere eragin kaltegarri hauei zera gehitzea, ehiztariei bide berriak eraikitzea jak basatiak errazago ehizatzeko.

Beste aldetik trenbideak ahalbidetuko du bertako herrien garapen ekonomikoa (eta baita demografikoa ere), baina ikusteke dago ea nahiko azpiegitura dagoen eskualdean garapen ekonomiko hau jasangarria izateko ingurugiroaren ikuspegitik[24].

Beste aldetik oro har antzinako banaketa eremuan sakabanatutako populazioen elkarrekiko isolamendua espezieak irauteko arazo orokorra da.

Espeziea babesteko neurriak

Txinan jak basatia 1962. urtetik babestuta dago. Hala ere babespen hau zaila da eramaten espeziea bizi den urrutiko mendi-multzo isolatuetara. Haren ondorioz ehiza komertziala ez da eten.

Antza agintariek Tibeteko Qinghai goi-ordokian buruturiko su armen bahiketa onuragarria izan da jaken populazioentzat.

Soilik Hang Tang Babesgune handiak eskaintzen die benetako babesa jak basatiei. Indian ere jak basatia babestuta dago, baina hor abere hauen kopurua askoz txikiagoa da. Indian jaka babesten duen legeak 1972ko Fauna Babesteko Akta da.

Beste aldetik ez daude jak basati asko zoologikoetan, animali hauek ondo egoteko altuera behar dutelako. Gainera zenbait adituen ustez zoologikoetako ustezko jak basatiak kasu gehienetan etxeko jakekin nahastutako jakak dira.

jak basatia, zezena

Jak basatiaren inguruko beste zenbait kontu

  • Abeltzain nomadek jak basatien zezenen adar handiak esnea biltzeko erabiltzen dituzte.
  • Jakek sekrezio itsaskor bat dute izerdian korapilatutako beraien ilea azpian azalaren beroa mantentzeko. Sekrezio hau Nepaleko herri medizinan erabiltzen da.
  • Thubten Jigme Norbuk, Tenzin Gyatso 14. Dalai Lamaren anaia, 1950. urtean egindako Amdoko Kumbumetik Lhasara egindako bere bidaiaren txostenean zera esaten zuen:

"Handik gutxira jak basati handien samalda handiak ikusi nituen nire begi propioekin. Abere eder eta bikain haien ikusteak, aspaldidanik Tibeteko goi ordoki garai eta elkorrean beraien etxea egin dutena, inoiz ez dit harritzeari utzi. Modu batean edo bestean abere lotsati hauek lortzen dute haien burua izadiak ematen duen oinarri ukatutako eremu haietan mantentzea. Ikusi beharreko gauza liluragarria haien samalda handi bat buruan behera arrapalada basatian estepetan barrena ikustea da. Beraien orpopean lurraren dardara eta hauts hodei erraldoia beraien pasadera erakusten dute.

Gauetan hotzarengantik babesteko bata bestearen gainean pilatzen dira, txahal-txekorrak erdian dituztela. Haiek zutik egongo dira elur ekaitz batean, haein artean hain gertu zeren haien hatsaren lurrunketa lurrun zutabe bat bezala goratzen dela. Nomadak noizean behinka saiatzen dira halako jak basatiren bat etxeko abere bat bezala hazten, baina sekula ez dute arrakastarik izan." Modu batean gizakiekin bizi direnean beraien erresistentzia ahalmena eta indar harrigarria galtzen dituztela ematen du. Gainera erabat alferrikakoak dira zamabere bezala, zeren eta beraien bizkarra segituan mintzen da. Gizakiekiko ohiko harremana ehiza izan da, baina beraien haragia kaskarra da jateko"[25]

Erreferentziak

  1. Wilson y Reeder, (1993)
  2. Schaller y Liu, (1996)
  3. Smith eta Xie (2008)
  4. Wiener et al. (2003)
  5. Miller et al. 1994, Smith and Xie, (2008)
  6. Schaller and Gu, (1994)
  7. Bisontes y bufalos. Albunes Noguer. Zoologia. 1973. Bartzelona
  8. EPSTEIN, (1974)
  9. IUCN ( International Union for Conservation of Nature and Natural Resources). 2002. 2002 IUCN Red List of Threatened Species. Available online at http://www.redlist.org
  10. CITES (Convention on the International Trade in Endangered Species of Wild Flora and Fauna). 2003. Appendix I, as adopted by the Conference of the Parties, valid from 13 February 2003. Available online at https://web.archive.org/web/20030420165346/http://www.cites.org/eng/append/latest_append.shtml
  11. https://web.archive.org/web/20121227092704/http://www.arkive.org/wild-yak/bos-mutus/
  12. Miller et al. 1994
  13. Schaller and Liu, (1996). Ul-Haq, (2003)
  14. Schaller eta Liu, (1996). Fox, (2004)
  15. Harri eta al. 1999; Harri eta Madereros 2004, Schaller eta Al., (2007)
  16. Achuff eta (1988) Petocz; Schaller eta Liu Liu
  17. Harri, (2007). Argitaratu gabeko datuak
  18. Grubb, (2005)
  19. Schaller y 1994 Gu; Schaller, (1997); Harri eta Al. 1999
  20. Schaller eta (1994) Gu
  21. Harri,(2007)
  22. NRC (1983); Kan, (1984); Schaller eta Liu, (1996); Harri eta Al, (1999); Smith eta Xie, (2008)
  23. ZHANG RONG-CHANG, (1985).
  24. https://web.archive.org/web/20111014091046/http://www.whitleyaward.org/display.php?id=104
  25. Tibet is My Country: Thubten Jigme Norburen autobiografia. Wisdom Publications, London. ISBN 0-86171-045-2.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Bibliografia

  • Boitani, L., and S. Bartoli. 1982. Simon & Schuster's Guide to Mammals. New York: Fireside/Simon & Schuster, Inc. Entry 385.
  • Harris, R.B., D. H. Pletshcer, C. O. Loggers, and D. J. Miller. 1999. Status and trends of Tibetan plateau mammalian fauna, Yeniugou, China. Biological Conservation 87: 13-19.
  • Miller, D. J., and G. B. Schaller. 1997. Conservation threats to the Chang Tang Wildlife Reserve, Tibet. Ambio 26(3): 185-186.
  • Miller, D. J., R. Harris, and G. Cai. 1994. Wild yaks and their conservation on the Tibetan Plateau. In Proceedings of the 1st International Congress on Yak. Edited by R. Zhang, J. Han, and J. Wu. Gansu Agricultural University, Lanzhou. pp. 27-34.
  • Schaller, G.B. and Gu, B. (1994) Ungulates in Northwest Tibet. National Geographic Research and Exploration 10(3): 266-293.
  • Schaller, G.B. and Wulin, L. (1996) Distribution, status, and conservation of wild yak (Bos grunniens). Biological Conservation 76(1): 1-8.
  • Jame Thomback, "WILD CATTLE, BISON AND BUFFALOES, THEIR STATUS AND POTENTIAL VALUE", The World Conservation Monitoring Centre, Cambridge, U.K.
  • "LITTLE-KNOWN ASIAN ANIMALS WITH A PROMISING ECONOMIC FUTURE", N. Vietmeyer-ek argtaratuta, National Research Council, National Academic Press, Washington, D.C., 1983.
  • Bisontes y bufalos. Albunes Noguer. Zoologia. 1973. Bartzelona.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.