Jaime Mayor Oreja
Jaime Mayor Oreja[1] (Donostia, 1951ko uztailaren 12a) Alderdi Popularreko politikaria da. Espainiako Barne Ministroa izan zen 1996-2001 urte bitartean, baita EAEko lehendakarigai ere. PPren eurodiputatua da gaur egun.
Bizitza
Tradizio politiko handiko familian sortua. UCD alderdian hasi zen politikagintzan. 1980an Eusko Legebiltzarreko kide izendatu zuten alderdi horren izenean, baita Madrilgo Kongresuan Diputatu ere. 1982an, berriz, Madrilgo Gobernuak Euskal Herrirako Ordezkari izendatu zuen, bere osaba Marcelino Orejaren lekuan. 1989an Euskal Autonomia Erkidegoko Partido Popularra berrantolatzeaz arduratu zen, eta urte berean Madrilgo Kongresurako diputatu hautatu zuten berriz.
1990 eta 1994 urteetan, PPren lehendakarigai izan zen. 1995ean Donostiako Udaleko zinegotzi ere hautatu zuten, PPren alkategai izan ondoren, nahiz eta ez zuen zinegotzi kargurik hartu. 1996tik aurrera Madrilen garatu du erabat bere karrera politikoa. Urte hartan utzi egin zituen Eusko Legebiltzarreko eserlekua eta EAEko PPren presidentetza, nahiz eta orduz geroztik ohorezko presidente izan, eta 1996ko hauteskunde orokorretan Madrilgo Kongresurako diputatu hautatu zuten berriz ere. Hauteskunde haien ondorioz osatutako gobernuan Barne Arazoetarako ministro izendatu zuen José María Aznarrek. Lau urte geroago ere diputatu hautatu zuten Madrilgo Kongresurako 2000. urteko martxoan eginiko hauteskundeetan, eta bere ministro karguan berretsi zuen José María Aznarrek hauteskunde haien ondorioz osatutako gobernuan.
2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan PPren lehendakarigai izendatu zuten, eta izendapenaren ondoren ministro izateari utzi zion. 2004ko martxoko hauteskundeetan Kongresurako diputatu hautatu zuen berriro, baina uztailean eserlekua utzi zuen Europako Parlamentuko eurodiputatu izateko. Egun, Europako Parlamentuko Talde Popularraren lehendakariordea da. 2008ko martxoan Europako Talde Popularraren Dekalogoa aurkeztu zuen, taldearen ideiak kohesionatu eta nortasuna sendotzearren. 2009ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan Alderdi Popularraren zerrendaburu izendatu dute.
Politikari eskuindarra euskal abertzaletasun eta bereziki ezker abertzalearen kontrako bere jarrera gogorragatik nabarmendu izan da. 2017ko uztailean, Miguel Angel Blanco alderdikidearen bahiketaren urteurrenean adierazi zuenez, Nafarroako Gobernuaren zati bat "ETArena da"; Geroa Baik, berriz, etekin politikoa ateratzeko "terrorismoaren biktimen mina erabiltzea" leporatu zion.[2]
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Abizena horrela idaztea, euskal herritar horren aukera pertsonala da. Izan ere, Euskaltzaindiak, euskara baturako, Orexa onartu du deitura horren grafiatzat. Ikus Euskal Onomastikaren Datutegia.
- «Mayor Oreja: "Nafarroan, gobernuaren zati bat ETArena da"» Berria (Andoain) 2017-07-12.
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jaime Mayor Oreja |
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Jaime Mayor Oreja |
Artikulu hau Gipuzkoako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |