Jaime Gil de Biedma
Jaime Gil de Biedma (Bartzelona, Katalunia, 1929ko azaroaren 13a - Bartzelona, 1990eko urtarrilaren 8a) gaztelaniaz idatzi zuen kataluniar olerkaria izan zen.
Jaime Gil de Biedma | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bartzelona, 1929ko azaroaren 13a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Bartzelona, 1990eko urtarrilaren 8a (60 urte) |
Hobiratze lekua | Cuelgamuros Harana |
Heriotza modua | berezko heriotza: HIESarekin loturiko arazogatik hildakoa |
Familia | |
Aita | Luis Gil de Biedma Becerril |
Ama | María Luisa Alba y Delibes |
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Bartzelonako Unibertsitatea Salamancako Unibertsitatea |
Hizkuntzak | gaztelania katalana |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta eta idazlea |
Mugimendua | 1950eko belaunaldia |
Genero artistikoa | olerkigintza |
Biografia
1950eko Belaunaldiko kide zen, Bartzelonako taldean alegia. Iradokizun ugari eskaintzen du Gil de Biedmaren poesiak; ironia zorrotz erabiltzen zuen, egunerokotasun landu batekin batera. Liluratik urruti dagoen mundu-ikuspegia agertzen zuen, beti; adiskidetasuna eta iragandako gaztetasuna dira haren gai nagusiak.
Bere poema-bilduma guztiak Las personas del verbo liburuan bildu zituen, 1975ean. Jorge Guillén espainiar poetari buruzko lan jakingarri bat egin zuen; saiakera-lanak 1980an bildu zituen El pie de la letra izeneko liburuan. 1956an Filipinetan harrapatutako tuberkulosi baten ondorioz idatzitako egunerokoa argitaratu zuen, 1974an, Diario del artista seriamente enfermo. Garai hartako zentsura zela eta, 1991 arte ez zen agertu osorik, Diario del artista en 1956 izenburuarekin. Hurrengo belaunaldietan eragin handia izan du Gil de Biedmaren lanak.
Ondorengoak
Jaime Gil de Biedmak ez zuen seme-alabarik izan, baina bere bi iloba ospetsu bihurtu dira, nor bere esparruan. Esperanza Aguirre Gil de Biedma Alderdi Popularreko politikaria da, eta Madrilgo Erkidegoko presidente izana da. Ouka Lele izenez lan egiten duen argazkilaria, berriz, Bárbara Allende Gil de Biedma da izatez[1].
2010ean El Cónsul de Sodoma film espainiarra estreinatu zen, Gil de Biedmaren biopic bat. Sigfrid Monleonek zuzendu zuen, eta Jordi Molla aktoreak gorpuztu zuen poeta[2].
Espainian bada poesia sariketa bat Gil de Biedmaren izena daramana, Segoviako Diputazioak antolatua[3].
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) BOSCO, ROBERTA. (2010-01-22). «Ouka Leele, de la pintura a los píxeles» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2018-06-10).
- Amatiño. «Sodomako kontsula — Eibar.ORG | Eibarko peoria» eibar.org (Noiz kontsultatua: 2018-06-10).
- (Gaztelaniaz) «El poeta Antonio Praena gana el Premio Jaime Gil de Biedma» ELMUNDO (Noiz kontsultatua: 2018-06-10).
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.