Jaime Arrese

Jaime Arrese Arizmendiarrieta (Elgoibar, Gipuzkoa, 1936ko martxoaren 8a - 1980ko urriaren 23a) politikaria izan zen, UCD taldekoa, Elgoibarko alkate eta zinegotzi izan zena.[1] Tiroz erail zuten bere herrian, 44 urte zituela. Jaime Arrese ezkondua zen, eta bi semeren aita, 14 eta 17 urtetakoak.

Jaime Arrese
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJaime Arrese Arizmendiarrieta
JaiotzaElgoibar, 1936ko martxoaren 8a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaElgoibar, 1980ko urriaren 23a (44 urte)
Heriotza moduagiza hilketa
HiltzaileaEuskadi Ta Askatasuna
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Zentro Demokratikoaren Batasuna

Eguerdi hartan, egunero bezala betiko tabernan kafea hartzen ari zen, lanera itzuli aurretik. 14:30 inguruan gizon bat tabernan sartu zen, eta atzetik buruan tiro egin zion. Jaime lurrera erori eta bertan hil zen. Komando Autonomo Antikapitalistek beren gain hartu zuten hilketa. Epaiketaren sententziak zehaztu zuen Juan Carlos Arruti Azpitarte izan zela Jaime Arreseren hilketa eragin zuen atentatuaren arduraduna.

Biografia

Jaime Arrese Elgoibarko alkate izan zen 1974. eta 1977. urteen artean, eta aurrez zinegotzi, 1971tik. 1977ko maiatzaren 13an utzi zuen alkate kargua. Horrez gain, Gipuzkoako Batzar Nagusietako hautetsi izan zen. Ikurrina legeztatu zenean, 1975ean, berak ezarri zuen lehenengo aldiz Elgoibarko udaletxean.

Alkate zela, 1976ko maiatzak 26an, Elgoibarko udalean mozioa aurkeztu zuen Espainiako presidenteari zuzenduta, non foru erregimenaren itzulera eskatzen zion. Mozioa aho batez onartu zen, eta gobernuko presidenteari eta erregeari bidali zitzaien.

Jaime Arrese, Arriola y Cía enpresako langile izan zen, administrazio lanak egiten zituelarik. Kirolerako afizioa zuen eta CD Elgoibarko eta Ondarroako Aurrerako atezain izan zen. Elgoibarko Institutuko gurasoen elkarteko lehendakari ere izan zen, eta alkate izan zenean Elgoibarren Batxilergo Institutua ezartzeko lanak egin zituen. Musika asko maite zuen eta Elgoibarko musika banda, txaranga eta gaiteroen alde ere egin zuen.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «Jaime Arrese Arizmendiarrieta», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.