Jafetismo
Jafetismoa XIX. mendean garatutako hizkuntzalaritza hipotesia da. XX. mendean garapen handia izan zuen Sobietar Batasunean, nahiz eta bi hipotesi horiek ezberdinak diren funtsean.
Hipotesia
Hizkuntzalaritzan Noeren semeen izenak izan dituzte hainbat hizkuntzek: Semen ondorengoek hizkuntza semitikoak hitz egingo lituzkete, Kamen ondorengoek hizkuntza kamitikoak eta, hutsunean Jafeten seme-alabek hizkuntza jafetikoak hitz egingo lituzkete. Denbora luzez jafetitak eta arioak sinonimo izan dira hizkuntzalaritzan. Beraz, Jafet Europako hizkuntzen aita izango litzateke.
19. mendean, zenbait hizkuntzalarik, hizkuntza indoeuropearrak izendatzeko erabili izan zuten 'hizkuntza jafetikoak' terminoa, hizkuntza semitikoen erabilpenarekin analogiaz, baina izenak ez zuen arrakasta handirik izan.
Marrismoa
Nikolai Marrek gidatua, 1920tik aurrera jafetismoa eta marrismoa ildo nagusia izan zen SESBen. Marrek proposatzen zuen hizkuntzaren garapena egitura ekonomikoarekiko aldatzen den gainegitura bat dela. Lehenengo hizkuntzak gestualak izango liratekeela, zeinua eta esanahia zuzenean lotuz. Ondoren, eboluzio sozioekonomikoak hizkuntza oralak sortuko lituzke, magiko/sinbolikoak lehenengo, matriarkalak ondoren, patriarkalak azkenik. Bere garaiko hizkuntza nagusi europarrek antza zutela onartzen zuen, ez Humboldtek proposatu bezala indoeuropar sustraia zutelako (ideia horri hizkuntzalaritza burgesa deituko zioten[1]), baizik eta egitura eta esplotazio ekonomikoa berbera izanda, gainegitura antzekoak sortu zirelako, baita hizkuntzan ere[2][3]
Hizkuntza jafetikoak gaur egun indoeuroparrak gailendu aurretik oinarria izango lirateke. Bertan sartzen zituen hasieran ikertu zituen Kaukasoko hainbat hizkuntza, tartean georgiera, txuvaxera edo Elameko hizkuntza, baina baita munduko beste hizkuntza asko ere, euskara, burushaskia edo etruskoa barne[4].
Marren pentsamendua, ildo ofiziala izan zena, Stalinek deitoratu zuen 1950an, argudiatu zuenean errusiera berdin ulertzen zela feudalismoan, kapitalismoan eta sobietar garaian egindako obra literariotan eta, xehetasun txikiak gorabehera, ez zegoela egiturazko aldaketarik[5]:
« | Zer aldatu da errusieran aldi honetan? Neurri batean, errusiera hiztegia aldatu egin da, hitz eta esamolde berri ugarirekin aberastu egin baita, ekoizpen sozialista berriaren gorakadarekin, Estatu berri baten agerpenarekin, kultura sozialista berri batekin, harreman sozial eta moral berriekin, eta, azkenik, teknologiaren eta zientziaren garapenarekin lotuta; hitz eta esamolde batzuek esanahia aldatu dute, esanahi berria hartu dute; hitz zaharkitu batzuk desagertu egin dira hiztegitik. Hitzen oinarrizko multzoari eta errusiar hizkuntzaren gramatika-sistemari dagokienez, hizkuntza baten oinarriak izanik, oinarri kapitalista ezabatu ondoren, hitzen oinarrizko ondare berri batek eta hizkuntzaren gramatika-sistema berri batek ezabatu eta ordeztu beharrean, bere osotasunean kontserbatu dira eta ez dute aldaketa larririk jasan -- errusiera modernoaren oinarriak bezala kontserbatu dira. | » |
Erreferentziak
- (Ingelesez) Lähteenmäki, Mika. (2015-07-03). «On the reception of Wilhelm von Humboldt’s linguistic ideas in the Soviet Union from the late 1920s to the early 1950s» Language & History 58 (2): 111–123. doi: . ISSN 1759-7536. (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
- (Ingelesez) Lähteenmäki, Mika. (2006-07). «Nikolai Marr and the idea of a unified language» Language & Communication 26 (3-4): 285–295. doi: . (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
- (Ingelesez) Young, Robert J. C.. (2022-07-04). «Resituating Nikolai Marr» Interventions 24 (5): 621–637. doi: . ISSN 1369-801X. (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
- (Ingelesez) Marr, Nikolai; Kurkova, Anna. (2022-07-04). «On the origin of languages» Interventions 24 (5): 690–695. doi: . ISSN 1369-801X. (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).
- «Marxism and Problems of Linguistics» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-21).