Jacqueline Guerroudj
Jacqueline Guerroudj, Jacqueline Netter jaiotzez, (Rouen, 1919ko apirilaren 27a – Aljer, 2015eko urtarrilaren 18a)[1] militante komunista eta antikolonialista frantsesa izan zen, FLNko kidea eta Aljeriako gerran mujahida. Bera eta bere senar Abdelkader Guerroudj hiltzera kondenatu zituzten, Fernand Iveton-en konplize zirelakoan, baina indultatu egin zituzten, hein batean Simone de Beauvoir-ek egindako kanpaina mediatikoari esker.
Jacqueline Guerroudj | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Jacqueline Netter |
Jaiotza | Rouen, 1919ko apirilaren 27a |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Aljer, 2015eko urtarrilaren 18a (95 urte) |
Hobiratze lekua | El Alia Cemetery (en) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Abdelkader Guerroudj (en) |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria |
Biografia
Jacqueline Netter 1919ko apirilaren 27an jaio zen Rouenen, familia burges eta dirudun batean. Bere aiton-amonak, Alsazia-Lorrenako juduak, Rouenera joan ziren bizitzera Lehen Mundu Gerran. Aita Rouengo erakustazokako komisario nagusia eta aseguru-zuzendaria izan zen. Jacquelinek filosofia eta zuzenbideko ikasketak egin zituen.[2]
Pierre Minne-rekin ezkondu zen. Pierre irakaslea zen, bera bezala, eta Frantziako Alderdi Komunistako militantea. Beren alaba, Danièle Minne, 1939an jaio zen. 1942an, naziek Toursen atxilotu eta preso sartu zuten bere jatorri juduagatik. Zorionez, senarraren, zenbait militante komunistaren eta apaiz baten laguntzaz, eremu librera ihes egitea lortu zuen, eta horrela, deportazioa saihestu ahal izan zuen.[2]
Senar-emazteak eta haien alaba Senegalera joan ziren; baina Pierreren aktibismo antikolonialagatik eta senegaldarrekin, bereziki Alioune Diop eta Léopold Sédar Senghor-ekin, zuten harremanengatik, bertatik kanporatu zituzten 1947an.[2]
1947an, Minne familia Aljeriara joan zen. Bertan, Pierrek, Hezkuntza Nazionaleko funtzionarioak, filosofiako irakasle gisa jardun zuen Tilimsengo Slane ikastetxean;[3] Agintariak haren zelatan zebiltzan bere aktibismoagatik, filosofia marxistari buruzko eztabaida-taldeak antolatu baitzituen.[4][5]
Minne senar-emazteak banandu egin ziren Aljeriara joan ondoren, eta Jacquelinek irakasle lana lortu zuen Tilimsen eskualdean, lehenengo Chetouane-n (Negrier, garai hartan), Marokoko muga ondoan, eta gero Ain Fezza-n.[2][6]
1950ean, Jacqueline Netter berriro ezkondu zen Abdelkader Guerroudj-ekin. Guerroudj, Aljeriako Alderdi Komunistako aktibista, Jacquelinek lan egiten zuen eskolako zuzendaria zen. 1955eko apirilean, Jacqueline eta Abdelkader Guerroudj lanetik kaleratu zituzten beren jarduerengatik eta Aljeriatik bidali zituzten 1955eko maiatzaren batean.[2][5]
Zenbait hilabete Frantzian igaro ondoren, Aljerrera itzuli eta 1956ko urtarriletik aurrera Aljeriako Alderdi Komunistak sorturiko Combattants de la libération gerrillari taldean eta FLNn, Yacef Saadi-ren sarean, kolaboratu zuten.[2][5]
Jacqueline Guerroudj senarra baino hamalau egun geroago espetxeratu zuten, 1957ko urtarrilean. Harekin batera, heriotza-zigorra ezarri zioten "Combattants de la libération" epaiketan, 1957ko abenduan, Abderrahmane Talebekin batera, Fernand Iveton-en, Aljeriako gerran guillotinatu zuten europar bakarraren, konplize izana egotzita.[2][5] Simone de Beauvoirrek eta Jean-Paul Sartrek "Guerroudjtarrak eta Taleb-Abderrahman ez dira hil behar" batzordea sustatu zuten, eta Jacqueline Guerroudj-en patua heriotzara kondenatutako beste emakumeekin lotuta geratu zen: Djamila Bouhired eta Djamila Bouazza, eta Baya Hocine eta Djohar Akrour adin txikiko gazteekin.[5] Azkenean, 1962ko martxoaren 8an, Eviango akordioen ondorioz, indultatu egin zituzten, Djamila Bouazza eta Djamila Bouhired-ekin batera.[2]
1962an, Aljeriaren independentziarekin, Jacqueline Guerroudj Aljerrera itzuli zen bizitzera, eta han hilabete batzuk eman zituen lehen hezkuntzako irakasle gisa. Ondoren, Batzar Nazionaleko idazkaritza sortzeko ardura eman zioten, eta bertako buru izatera iritsi zen. Lanpostu hori utzi eta Aljerko Unibertsitateko Ekonomia Institutuko liburuzain gisa lan egin zuen, erretiroa hartu arte.[2]
Jacqueline Guerroudj Aljeriako gerran hiltzera zigortutako sei emakumeen artean zaharrena izan zen.[7][8] 2015eko urtarrilaren 18an hil zen, Aljerren, eta El Alia-ko hilerriko[9] Martirien hilobi-monumentuan lurperatu zuten.
Obra
- (Frantsesez) Guerroudj, Jacqueline, Des douars et des prisons, Bouchene, 1993.
Bibliografia
- Jean-Luc Einaudi (Pierre Vidal-Naquet-en hitzaurrea), Pour l’exemple, l’affaire Fernand Iveton : enquête, Paris, Éditions L'Harmattan, «Histoire et perspectives méditerranéennes» bilduma, 1986, 250 or. (ISBN 978-2-85802-721-7).
- Djamila Amrane, Des femmes dans la guerre d'Algérie : entretiens, Paris, Karthala, 1994, 218 or. (ISBN 978-2-86537-510-3, OCLC 32429934).
- Andrée Dore-Audibert, Des Françaises d'Algérie dans la Guerre de libération : des oubliées de l'histoire, Paris, Karthala, 1995, 297 or. (ISBN 978-2-86537-574-5, OCLC 32970990).
Erreferentziak
- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Jacqueline Guerroudj» artikulutik itzulia izan da, 2023-03-18 data duen 202418394 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-03-18 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- (Frantsesez) Jacqueline Guerroudj (1919-2015). BnF Data.
- «Hommage à Jacqueline Guerroudj à Paris le 28 février 2015 - Alger républicain» www.alger-republicain.com 2015-02-23 (Noiz kontsultatua: 2023-06-30).
- Le combat de Djamila Danièle Amrane Minne pour la libération de l’Algérie
- Danièle-Djamila Amrane-Minne (1939-2017), Moudjahida et historienne des moudjahidates
- (Frantsesez) Gallissot, René. (2021-03-02). GUERROUDJ Jacqueline. Maitron/Editions de l'Atelier (Noiz kontsultatua: 2023-06-30).
- (Frantsesez) «Jacqueline Guerroudj» Algérie Profonde 2017-09-23 (Noiz kontsultatua: 2023-06-30).
- Codaccioni, Vanessa. (2015-07-22). «(Dé)Politisation du genre et des questions sexuelles dans un procès politique en contexte colonial : le viol, le procès et l’affaire Djamila Boupacha (1960-1962)» Nouvelles Questions Féministes 29 (1): 32–45. ISSN 0248-4951..
- Thénault, Sylvie. (2012-09-27). «Défendre les nationalistes algériens en lutte pour l'indépendance. La « défense de rupture » en question» Le Mouvement Social (240): 121–135. ISSN 0027-2671..
- La moudjahida Jacqueline Guerroudj inhumée au cimetière d'El Alia, à Alger. 20 janvier 2015..
Ikus, gainera
- Aljeriar emakumeak Aljeriako Independentzia Gerran
- Aljeriako Independentzia Gerra
- Aljerreko Gudua
- Hassiba Ben Bouali
- Djamila Bouhired
- Djamila Boupacha
- Abdelkader Guerroudj
- Fernand Iveton
- Aljeriako Alderdi Komunista
Kanpo estekak
- (Frantsesez) Zerarka, Youssef. (2015eko urtarrilaren 22a). Tramor Quemeneur, historien: "Jacqueline Guerroudj est restée tout entière et algérienne et engagée". (Noiz kontsultatua: 2023-07-01)..
- (Frantsesez) La moudjahida Jacqueline Guerroudj inhumée au cimetière d'El Alia, à Alger. Al HufftPost Algérie 2015eko urtarrilaren 20a (Noiz kontsultatua: 2023-07-01)..
- (Frantsesez) Décès de la moudjahida Jacqueline Guerroudj. Al HuffPost Algérie 2015eko urtarrilaren 18a (Noiz kontsultatua: 2023-07-01).
- (Frantsesez) Dutent, Nicolas. (2015eko urtarrilaren 20a). Disparition. Jacqueline Guerroudj, indépendantiste entre deux rives. l'Humanité (Noiz kontsultatua: 2023-07-01)..