Jabier Muguruza
Jabier Muguruza[1] Ugarte (Irun, Gipuzkoa, 1960ko abuztuaren 30a) euskal musikari, abeslari eta idazlea.
Jabier Muguruza | |
---|---|
Jabier Muguruza, Literaktum jaialdian, 2012an. | |
Bizitza | |
Jaiotza | Irun, 1960ko abuztuaren 30a (63 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Familia | |
Anai-arrebak | |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikaria, idazlea eta egile abeslaria |
Genero artistikoa | jazza egile abeslaria pop musika |
Biografia
Euskal Herriko musika garaikideari estuki lotuta agertzen da Muguruza abizena. Iñigo eta Ferminen anaia Jabier Muguruzak (Irun, Gipuzkoa, 1960) bi proiektu inportantetan hartu zuen parte (Les Mecaniciens eta Joxe Ripiau), baina 1990eko hamarkadatik aurrera egindako kantautore ibilbideak egin du ezagun. Jazz eta pop lasaia uztartuz, Euskal Herritik haragoko oihartzuna izatea lortu du Jabier Muguruzak, bereziki Katalunian. Haurrentzat eta antzerkigintzarako ere hainbat lan ondu ditu.
Jabier Muguruzak oso gaztetik izan du harremana musikarekin. Bost urterekin akordeoia jotzen ikasten hasi, eta zazpi urte zituela Europako Txapelketa irabazi zuen, haurren kategorian, Herbehereetan. Hurrengo urteetan Frantzian eta Alemanian ibili zen akordeoia jotzen.
Erdalduna zen orduko Jabier Muguruza. Hala ere, euskal talde eta abeslarien musika entzutea zuen gustuko. "Guk naturaltasun handiz entzuten genuen Itoiz edo beste edozein talde, eta, dirudienez, gaur egun zaila da euskal mundutik kanpo euskal kantaririk ezagutzea. Itzulpenak irakurri egiten nituen. Baina, hala ere, hitzak ulertzen ez dizkiozun kantu batek bere xarma badu. Batetik, musika duelako, eta bestetik, hizkuntzek ere badutelako bere musikalitatea".
Akordeoilari gisa kontzertu ugari eman ostean, 80ko hamarkadan euskal musikarien disko eta emanaldietan parte hartzen hasi zen. Garai hartako rock talde eta kantautore askoren ondoan aritu zen: Delirium Tremens, Kortatu, Xabier Lete, Imanol, Antton Valverde... 1989. urtean bakarkako lehen diskoa eman zuen argitara, Ja, ja (IZ, 1989). Haurrentzat egindako lana zen. Ordurako bere burua euskaldunduta, hitzak eta musika sortu zituen Muguruzak, "Aukerak" kantua izan ezik, The Clash taldearen kantu baten bertsio berezia.
90eko hamarkadan kantautore ibilbidea hasi zuen, eta 1994an bakarkako bigarren diskoa kaleratu zuten, Boza barruan (Elkar, 1994), oraingo honetan entzule helduentzat. Txema Garces eta Roberto Iabenek lagunduta, irundarrak hortik aurrera bidelagun izan dituen bi idazleren hainbat poema musikatu zituen, Bernardo Atxaga eta Iñaki Irazu idazleenak. Hurrengo bi diskoetan —Kitarra bat nintzen (Elkar, 1996) eta Aise (Elkar, 1997)—, ildo beretik segitu zuen: gitarraz eta akordeoiz lagundutako abesti intimista eta lasaiak, jazz kutsuz apainduta. Atxaga eta Irazuz gain, beste idazle batzuen hitzak musikatu zituen: Inazio Mujika Iraola, Xabier Lete, Joseba Sarrionandia, Juan Kruz Igerabide...
90eko hamarkada diskoetxe aldaketarekin itxi zuen: Esan Ozenkik kaleratu zuen laugarren diskoa, Fiordoan (1999). Gero eta nabariago ziren jazz ukituak, bereziki Jean-Louis Hargousen saxofoi eta klarinetearengatik.
Bakarka ez ezik, bi proiektu paralelo garrantzitsutan ere aritu zen musikaria hamarkada horretan. Batetik, 1990etik 1993ra, Les Mecaniciens taldean ibili zen. Pop eta musika latinoa uztartzen zuen talde horrekin hiru disko argitaratu zituen. Bestetik, Iñigo Muguruza anaiak sortutako Joxe Ripiau taldeko kidea ere izan zen, 1996tik 2000ra. Lau disko utzi zituen Karibeko doinuak euskal musikara ekarri zituen taldea.
Bakarkako bosgarren diskoa Hain guapa zaude (Metak, 2001) izan zen. Ohiko letra egile eta kolaboratzaileez gainera —Garazi alaba horien artean—, diskoak bazuen gonbidatu berezi bat: Kiko Veneno kataluniarra. Jackson Browne kantari estatubatuarra omentzeko proiektu batean elkar ezagutu zuten eta disko berrian parte hartzeko gonbita egin zion Muguruzak. Kiko Venenoren aspaldiko kanta bat berreskuratu zuten, gaztelaniaz eta euskaraz emateko: El pueblo guapeao-Herri apaindua.
Ordurako Jabier Muguruzaren lanak oihartzun handiagoa zuen Euskal Herritik kanpo, barnean baino. Frantzian, Alemanian eta Espainian aritu zen, baina batez ere Katalunian nabaritu zen haren musika gero eta jende gehiagorengana iristen ari zela, han jotzeko eskaera kopurua nabarmen handitu baitzen. Hori dela eta, hurrengo lan diskografikoan beste urrats bat egin eta Espainiako diskoetxe batean argitaratu zuen Enegarren postala (Resistencia, 2003).
Hala ere, lan moldean ez zen aldaketa handiegirik izan. Bernardo Atxaga, Iñaki Irazu, Ibon Sarasola, Jose Luis Padron, Gerardo Markuleta, Inazio Mujika Iraola eta Jon Benitoren poemak kantatu zituen. Berritasun nagusia katalanez abesturiko kantu bat izan zen, Toti Soler gitarristaren Petita festa.
2004. urtea garrantzitsua izan zen. Paul McCartney The Beatles taldeko kide ohiak sortutako eskolak (Liverpool Institute for Perfomings Arts) Muguruza gonbidatu zuen hango ikasleekin lan egitera. Ikasleek haren errepertorioa landu zuten eta esperientzia horren emaitza Liverpool-Gernika biran eta zuzeneko diskoan (Hirusta Records, 2004) jaso zuten. Diskoa Zaragozan (Espainia) emandako kontzertu batean grabatu zuten.
Abenduak 29 diskoak (Resistencia, 2005) aldaketa handia ekarri zuen Jabier Muguruzaren musikan. Izan ere, ordu arteko oinarrizko eskema aldatu -gehienbat piano, baxu eta akordeoiaren inguruan osatuta zegoen- eta beste batekin hasi zen: gitarra, akordeoia eta ahotsa izan dira aurrerantzean estudioko grabazioetako eta zuzeneko emanaldietako osagai nagusiak. Horretarako, aurrerantzean bidelagun izan dituen bi musikarirekiko elkarlana hasi zuen disko berrian: Angel Unzu (gitarra, harmonika, teklatua, bouzuki) eta Mireia Otzerinjauregi (ahotsa). Lan horretan Jorge Drexler musikari uruguaitarrak ere hartu zuen parte; Bernardo Atxagaren hitzen gainean egindako Bizitza bizitza da kantuan.
Berriro ere Anjel Unzu eta Mireia Otzerinjauregirekin, 2007an estudiora itzuli zen Jabier Muguruza, eta hortik Konplizeak lana (Elkar, 2007) atera zen. Horretan gaztelaniaz abestutako kanta bat zegoen: No quedan tantas tardes, Asturiasko Nosoträsh taldeko kide ohi Covadonga de Silvaren hitzekin egindakoa. "Gaztelania nire ama hizkuntza da. Nik gaztelania ere maitatzen dudala esan ohi dut. Baina horrek ez du esan nahi ez naizenik kontziente gaztelaniak gizartean duen indarraz, eta beraz, badakit diglosia egoera horretan euskara dela galtzaile ateratzen dena. (...) Nik katalanez, frantsesez, gaztelaniaz, galegoz kantatu dut eta halere %90 euskaraz abestu dut. Hori da nire aukera. Badakit ez dela politikoki zuzena. Baina nirekin gustura sentitzen naiz, eta beraz, kontent nabil".
Muguruzaren azken diskoa Taxirik ez da (Resistencia, 2009). 2009ko udan grabatu zuen Azkarate estudioan, eta urrian kaleratu zuen.
Horrez gainera, urte horietan guztietan askoren artean egindako hainbat diskotan parte hartu izan du Muguruzak: Nueva Etiopia (El Europeo, 1997), Itsasoak urak handi dire (Hirusta, 1994), Jackson Browne. Cántame mis canciones (Columna Música, 1998), Ehungarrenean hamaika. Lauaxeta 2005 (Gaztelupeko Hotsak, 2005), Acordes con Leonard Cohen (Discmedi, 2007)... Azken aldian, Pablo Guerrero kantariaren azken diskoan, Plata (2008) eta Maria-Mercè Marçal poeta katalanaren omenezko diskoan (2009) parte hartu du. Halaber, 1997. urtean Tuteran egin zen Nafarroa Oinez ikastolen aldeko festarako Arraroa noski abesti ezagunaren musika egin zuen. Jabier Muguruzak hirutan jaso du Espainiako Musika Sarietako bat, euskarazko kantagintzaren atalean: 2002an, Hain guapa zaude diskorik onena jo zuten; 2006an, Bizitza bizitza da abestirik onena, eta 2008an, Irene abestirik onena.
2005ean Mara-mara haur diskoetxea jarri zuen martxan eta urte berean Nire gorputza diskoa argitaratu zuen. Juan Kruz Igerabidek egin zituen kantu guztien hitzak, eta horiei musika jarri zien irundarrak. Proiektuak ez du jarraipenik izan.
Horrez gain, hainbat antzezlanetarako musika konposatu du: Groau, Sommer jaunaren istorioa eta Zeta. Azken horrekin izenburu bereko diskoa argitaratu zuen: Zeta (Tx, 2005). Halaber, La buena nueva Helena Taberna nafarrak zuzendutako filmean (2008) aktore lana egin zuen, eta Hika antzerki taldearen Aitarekin bidaian obran (2009) aktore eta musikari lanak uztartu ditu.
Bernardo Atxagarekin batera, bi literatur errezitaldi musikatu egin zituen 1997. urtean: Groenlandiako lezioa eta Itzultzaile bat Parisen.
Musikagintzan ez ezik, literaturan ere aritua da Muguruza. Haurrentzako sei liburu eman ditu argitara: Sei lagun, sei sekretu (Erein, 1994); Gabon Guanito (Erein, 1995); Sebas leihotik begira (Erein, 2001); Zubi misteriotsuan (Erein, 2001); Asteburu bat tren zaharrean (Erein, 2004) eta Amapola oporretan (Erein, 2006). Helduentzat, berriz, bi liburu kaleratu ditu: Bizitza pusketak (Erein, 1996) eta Laura kanpoan da (Erein, 1999).
Diskoak
Les Mecaniciens
- Erabakia (Elkar, 1991)
- Ia Xoragarria (Elkar, 1992)
- Euskadi jende gutxi (Esan Ozenki, 1993)
Joxe Ripiau
- Positive Bomb (Esan Ozenki, 1996)
- Karpe Diem (Esan Ozenki, 1997)
- Paradisu Zinema (Esan Ozenki, 1998)
- Bizitza Triste eta Ederra (Esan Ozenki, 2000)
Bakarka
- Ja, ja (IZ, 1989)
- Boza barruan (Elkar, 1994)
- Kitarra bat nintzen (Elkar, 1996)
- Aise (Elkar, 1997)
- Fiordoan (Esan Ozenki, 1999)
- Hain guapa zaude (Metak, 2001)
- Enegarren postala (Resistencia, 2003)
- Liverpool-Gernika (Hirusta Records, 2004)
- Abenduak 29 (Resistencia, 2005)
- Konplizeak (Elkar, 2007)
- Taxirik ez (Resistencia, 2009)
- Bikote bat (Resistencia, 2011). Mikel Azpirozekin batera.
- Beste hogei, (Resistencia, 2013). Mikel Azpirozekin batera.[2]
- Barnasants 2015, (Picap, 2015)
- Tonetti anaiak (Resistencia, 2015)
- Harriaren hiztegia (Mara Mara, 2016)
- Leiho bat zabalik (Mara Mara, 2017)[3]
- Geltokiak izarretara (Mara Mara, 2019)[4]
- Oker (Txakurra da) (Mara Mara, 2020)[5]
- Dodoa (Mara Mara, 2021)[6]
- Txitxarroa eta atuna (Mara Mara, 2023)[7]
Liburuak
Haur eta gazte literatura
- Sei lagun, sei sekretu (1999, Erein). Marrazkilaria: Jon Zabaleta.
- Gabon Guanito (1995, Erein). Marrazkilaria: Iñigo Muguruza.
- Sebas leihotik begira (2001, Erein). Marrazkilaria: Jon Zabaleta.
- Zubi misteriotsuan (2001, Erein). Marrazkilaria: Manu Ortega.
- Asteburu bat tren zaharrean (2004, Erein). Marrazkilaria: Manu Ortega
- Amapola oporretan (2005, Erein). Marrazkilaria: Jokin Mitxelena.
- Jon eta zaldiak (2009, Erein). Marrazkilaria: Mari Mar Agirre
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat «Jabier Muguruza» artikulutik hartua da. Artikulu hark Gontzal Agote du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- Abizena Muguruza idaztea, euskal herritar horren aukera pertsonala da. Izan ere, Euskaltzaindiak, euskara baturako, Mugurutza onartu du deitura horren grafiatzat. Ikus Euskal Onomastikaren Datutegia
- https://web.archive.org/web/20131203005614/http://www.berria.info/albisteak/85028/jabier_muguruzaren_beste_hogei_diskoaren_bideo_aurrerapena_errua_nirea_da.htm
- Leiho bat zabalik. (Noiz kontsultatua: 2017-10-07).
- «Geltokiak izarretara» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- «Oker (txakurra da)» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- «Dodoa» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
- «Txitxarroa eta atuna» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-08-04).
Bibliografia
- Zubeldia, Iñaki: Jabier Muguruza: haur literaturan ahots berezia eta oso pertsonala duen idazlea. - Egan, 2015-1/2, 255-276.