János Kádár
János Kádár (Fiume, Austria-Hungaria, 1912ko maiatzaren 26a - Budapest, 1989ko uztailaren 6a) hungariar politikaria izan zen. 1956-1958 eta 1961-1965 bitartean Hungariako lehen ministroa izan zen.
Bizitza
1931n Alderdi Komunistako kide egin zen. Nazien kontrako erresistentzian parte hartu zuen. 1945-1948 bitartean Alderdiaren buru izan zen Budapesten, eta 1946-1948 bitartean idazkariordea. 1948tik 1950era Barne Arazoetarako ministro ere izan zen. Mátyás Rákosiren gobernuak kartzelatu zuen (1951-1954), baina gero ohorea itzuli zioten eta berriro onartu zuten Alderdian.
Hungariar Langileen Alderdi Sozialistako buru izan zen, eta sobietarrekin bat egin zuen 1956ko inbasioan. Haiek gobernuburu jarri zuten Kádár, eta berak bideratu zuen matxinadaren kontrako zapalkuntza gogorra. 1958an gobernuaren buruzagitza utzi ondoren, 1958-1961 bitartean Estatu ministro izan zen, eta berriz ere lehen ministro 1961etik 1965era. Harrezkero Alderdi Komunistaren lehen idazkari izan zen, 1989an Batzorde Zentraletik baztertu zuten arte.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: János Kádár ![]() |