Izura

Izura Izura-Azme udalerriko herriburua da, Nafarroa Behereko Oztibarre eskualdean. Herri honek, Azme gabe, 1841 arte aparteko udalerria osatu zuen.

Izura
 Euskal Herria
Izurako kaskoa
Map
Kokapena
Herrialdea Nafarroa Beherea
UdalerriaIzura-Azme
Administrazioa
Posta kodea
Herritarraizuratar
Geografia
Koordenatuak43°15′24″N 1°04′11″W
Demografia

Herritarrei "izuratar" deitzen zaie. Donibane Garazi herrialdeburura 18 km daude.

Izenaz

Euskaraz eta ofizialki frantsesez erabiltzen diren toponimoak guztiz bestelakoak dira. Jatorrizkoari buruz, "Izura" euskaldunak "isuri" adiera omen du eta beti erabili izan da gure hizkuntzan hitz egiteko aldaera handirik gabe.[1] "Izura" deitura ezaguna da bereziki Nafarroa Garaian.

Frantsesezko leku-izenak beste behin ere okzitanieran du jatorria; dokumentazio historikoan forma desberdinetan agertzen da: Ostebad (1167, Sòrda), Ostavayll (XII. mendean Duchesne bilduman), Aussebat (1243), Ostabailles (1383, Comptos Ganberako tituluetan), Sent-Johan d'Ostabat (1469, Baionako kapituluan), Ostabag eta Hostabat (1472, Bastidaxarreko notarioen idazkietan), Nostre-Done de l'espitau d'Ostabat (1518, Baionako kapituluan) eta Ostabat (1650). Ezpairik gabe gaskoieraz hauxe islatzen du: "Hoztako" vath, "ibarra" alegia; baina bistan da ibarraren izen gaskoitik frantsesek 2 leku-izen eratorri dituztela, bata (Ostabat) herri zehatz bati deitzeko eta bestea (Ostabarret) ibar osoari.

Geografia

Kokapena

Nafarroa Behereko ardatz nagusia den Garazi-Amikuzeren erdibidean, Oztibarreko bere auzo-herriak Azme (hego-mendebaldean), Arroze (pittin bat jotzen dute elkar Biduze ibaiak banatuta, hegoaldetik), Jutsi (hego-ekialdera, aipatu ibaiaren bi ibarretan) eta Arhantsusi (mendebaldean, Biduzez bestalde).

Baina iparraldean Amikuzerekin topo egiten du, Uhartehiri eta Ostankoarekin hain justu; azken honekiko mugetako lurretan baso handi bat dago. Aldiz, mendebaldean Landibarre zabala du auzoko; azken honetara pasatzeko mendilepo bat pasa behar da, Ipharlatzekoa.

Historikoki Oztibarreko herririk inportanteena izan da baina egun populazio eskaseko ibarraren "hiriburu" izendatzekotan zentrikoago ageri den Larzabale litzateke aukeratua; azken finean Izura ibarreko bazter batean dago, errepide nagusitik apur bat aldenduta.

Auzoak

Izura herri-kaskoaz gain, aipagarria da Haranbeltz auzoa, herritik ipar-ekialdera.

Etxetalde txikien artean ezagunena Latsaga eta bere gaztelua da, herritik hurbil samar hego-mendebaldean.

Orografia

Herria (eta Haranbeltz auzoa ere) 150 metroko altueraren bueltan daude. Gune hauek garaera aldetik justu herriko lurren batez bestean daude: ekialderantz Biduzeraino jaisten bada ere (baxuena Amikuzeko muga da, 89 m) baina mendebalderantz altuera nabariak agertzen dira eta eskualde-muga mendi lerroek markatzen dute. Hauek dira muino nagusiak:

  • iparraldeko muturra, Zoiartze edo Soiartze kaperatik oso-oso hurbil, 303 mko tontor bat dago.
  • Landibarreko lurrak ikutu baino lehen Haranbeltzeko Bizkarra dago (355 m).
  • Landibarrerekiko mugan bi tontor nagusi daude, Gaineko Ordokia (399 m) eta herriko altuena den Bertugaine (400 m); bien artean Ipharlatzeko lepoa (328 m), ibar auzokidera pasatzeko errepidearen pausalekua.

Tontor hauetatik Biduzeraino bere ibaiadar batuk jaisten dira: Iturriberriako erreka, Berzaitzeko erreka eta Haranbeltzeko erreka.

Demografia

1350eko erroldan 50 etxe zituela ageri da.

Berezko udalerri gisa ageri den erroldei dagokienez, 1793koan 326 biztanle zituen eta desagertu baino lehenagoko 1836koan 424. INSEEren datuak dira; fusioaren osteko udalerriaren datuak jakiteko, ikus Izura-Azme.

Errepideak

Herriaren beheko lurretatik pasatzen da D 933 departamendu mailako errepidea, herrialde osoaren ardatza dena. Berarengandik aterata D 508 herriko kaskoa bisitatu eta nahi izanez gero igotzen segi eta Landibarrera doa, Behaune eta Donamarti auzoetara hain zuzen.

Tokiko errepide estu batek, Uhartehiriko mugatik abiatuta, lotzen du Haranbeltz auzoa. Bestela, herritik bertatik joateko Done Jakue bidea segitu behar duzu, kontrako norabidetik, Izura eta aipatu auzoa batzeko.

Done Jakue bidea

Horixe baita herri honen nortasunaren ikur nagusia: Done Jakue bidearen puntu gakoenetakoa izatea. Ezaguna da hainbeste lagunek bide famatu hau Orreagan hasten dutela baina hau egiteak estatu ikuspegi batetik baino ez du zentzurik, bide anitzek askoz ere urrunetik abiatu direlako. Euskaldunen ikuspegitik bi lekuk dute bidegurutze oso bereziak izateko ohorea: Gares (non Pirinioak Somportetik zeharkatu dituen Via Tolosanarekin ere bat egiten duen) eta Izura: hemen beste hiru bide nagusiek bat egiten dutela aipatzen da, Via Turonensis, Via Lemovicensis eta Via Podiensis (azken honen izena eramango du Orreagarako bidean).

Zehatzak izanda ez da herri hau hirurek bat egiten duten puntua, Xibaltarreko bidegurutzea baino, kilometro batzuk lehentxoago Donapaleuko udalerriko hegoaldean. Hala ere, lehen herri inportantea izanik (erromesentzako "Ospitaliak" eta abar egonda) funtsezko tokia da Europa mailako garrantzia duen bide honen barruan.

Historia

  • X. mendetik aurrera herria Donejakue bidearen garrantzia somatzen hasiko da. 1350ean bi ospitale eta hogei bat ostatu zeuden Izuran. 5000 erromesi batera harrera hartzera ere heldu zen.

Nafarroako Erlijio Gudetan su hartu zuen eta 1607an Henrike III.ak merkatu bat eduki eta urteroko feria bat izatea baimendu zuen Nafarroako erresuma eta Bearno arteko merkataritzarako "hiri berri" modura.[2]

Udalerri-aldaketak

1841eko ekainaren 13a arte herri honek udalerri propioa izan zuen. Urte horretan Azmerekin fusionatu zen; harrezkero Izura-Azmeko udalburua da.

Eraikin eta monumentu historikoak

Kultura eta hezkuntza

  • Jaiak ekainaren 24an izaten dira, Donibane egunarekin.
  • Haize Berri Amikuze eta Iholdi kantonamenduetako Kultur Etxea bertan dago eta horrek kultura mailan berebiziziko garrantzia ematen dio 'Izurari: erakusketak, kontzertuak, antzezlanak...

Ekonomia

Nekazaritza eta abeltzaintza izan dira herritar gehienen lanbideak. Baina turismoa, Done Jakue bidearen laguntzaz, aktibitate adierazgarria da eta kultura berdin "Haize Berri"-ren presentziagatik.

Esapidea

  • Izura, jendea pizura[6]. Merkatu oso inportantea zuelako.

Izuratarrak

  • Jakes Casaubon (1925 - 2021) ikerle eta hainbat kultura-elkartetako kidea.[7]
  • Josette Dacosta (1944-) margolaria.[8].
  • Xarles Bidegain (1947-) euskaltzainak ama Izurakoa du eta, baionesa izanik ere, harreman estua gorde izan du herriarekin.
  • Daniel Oltzomendi udalerriko auzapeza Batera hautetsien plataformako[9] eledunetakoa nahiz Leia 2x2 Transnavarraise errepidearen kontrako talde arrakastatsuaren presidentea da.[10][11]
  • Eñaut Larralde (1935 - 2012) euskal abeslaria eta irakaslea izan zen. 1970eko hamarkadan herriz herri ibili zen kantari Eñaut Etxamendirekin, Etxamendi eta Larralde bikotea osatuz.

Ikus, gainera

Erreferentziak

Kanpo estekak

(Frantsesez) Haize Berri kultur etxearen bloga.

Geografia
Nafarroa Beherea
Artikulu hau Nafarroa Behereko geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.