Izturitzeko altxor higigarria
Izturitzeko altxor higigarria Izturitzeko harpeko aurkikuntzak taldekatzeko erabiltzen den izena da. Euskal Paleolitoko arte higigarriaren aztarnategian azaldutakoak, itzal handiko eta enblematikoenak dira, eta europarren mailan ospetsuenetarikoa. Bestalde, homogeneotasun gutxienekoa dugu Euskal Herriko beste aztarnategiekin.
Izturitzeko altxor higigarria | |
---|---|
Jatorria | |
Ezaugarriak | |
Duela mende bat baino gehiago aurkitua da, 1885ean, Nafarroa Behereko Izturitze eta Arberoako San Martinen tartean. Indusketa nagusiak Emmanuel Passemardek egin zituen 1913tik 1922ra bitartean, eta 1928tik 1956ra, berriz, Saint‑Périer konde-kondesaren eskutik. Zoritxarrez, materialak oso sakabanatuak daude museo eta bilduma partikularretan; horietako batzuk baino ez dira ekarri Baionako Museora, eta ekarri direnak inola ere ez, esanguratsuenak.
Izturitzeko aztarnategiak oso kultur maila garrantzizkoen segidak ditu, musteriense mailetatik hasi eta erromatar Erdi Arora bitartekoak eta baita beranduagokoak ere. Horien artean, badira, Goi-Paleolitoko aldiko hamar maila gutxienez, denak ere harrian eta hezurrean eginiko ostilamendu ugari dutenak.[1]
Arte higikorreko lanetan, mailarik aberatsenen artean Erdi Madeleine aldikoa nabarmentzen da, bai kopuruarengatik, bai adierazpenetan duten kalitatearengatik.
Ugaritasuna langaietan
Berauen barruan aipa ditzagun, kontutan eduki beharrekoak baitira, lehendabizi, elur orein baten adarrean erliebe txikiz landutako hagatxo erdizirkularrak, okerdurak eta lerromakurrak deskribatuz, estetika faktore modura, erritmoaren, paralelismoaren eta kontrastearen zentzu oso garatu bat adierazten dutenak. Breuilen ustez, objektu hauen eskematismo apaingarria, animalien (arrain eta oreinen) benetako adierazpen-garapenean azken zatia izan zen, hau da, dekorazio errealista baten degradaziozko ondorioekin, behin eta berriz errepikaturik guretzat esanahirik gabeko marra bilakatzen direnak.
Makilak izenekoak ere erliebe txikian landuak dira, eta hauen artean badira forma naturalak begiratu eta errepikatzeko gaitasun deigarria erakusten duten grabatuak. Zulatu eta dekoraturiko makila guztien artetik nabarmentzen da erliebe txikian bikainki landutako bisonte burua daramana. Moldatuan dituen marraduragatik, Leroi‑Gourhanek adierazi du Niauxko kobazuloko marrazkiekin baduela zerikusirik. Badira makila batzuk zaldiak, elur‑oreinak eta arrainak grabaturik dituzten ere. Horietako batzuk, azagaiak makilarekin lotzeko bitarteko pieza bezala erabiliko ziren.
Artelanetan hirugarren mota da animalia buruen silueta txapalena, zaldiena bereziki; animalia-espezie horren hioides hezurrean moztu eta grabaturikoak. Hioidesa oso hezur txapala da eta silueta horien egitura laua baldintzatzen du. Zintzilikatzeko zulo bat edo bi izan ditzakete, tokiren batean zintzilikatu ala kokatzeko ziur asko. Izturitzen elur‑orein, hartz eta izokinen siluetak ikus daitezke, halaber. Kobazulo honetako beste artelan multzo bat, hezur, adar eta hareharrietan landutako animalien eskulturak osatzen dute. Sartaldeko Paleolitoko arte agerpenetan oso ugariak dira irudi txiki hauek, animalien adierazpenak dituztenak. Hala ere, ugariagoak dira Europa erdialde eta ekialdean. Sartaldeko esparrukoen barruan Izturitze gailentzen da, ezagunak diren gehienak kobazulo honetakoak baitira. Nabarienak dira, besteak beste, hartz baten iruditxoa, lehoi batena eta bisonte batena.
Azkenik, Izturitzetik aipatzekoak ditugu hezurrezko ala harrizko xaflak (beren egitura laua dela eta sarritan “espatulak” esaten zaienak), bisonte, elur‑orein, zaldi, ahuntz eta antropomorfo irudiz apainduak.
Uste guztien arabera, delako estatuatxo hauek, aurreko garaietan xafla modura grabaturikoak, ez ziren erabilgarriak, azagaiak eta arpoiekin gertatu ohi zen mailan, ezta norberaren apaingarriko zintzilikarioekin gertatzen zen moduan ere. Horrexegatik hartu izan dira erlijiozko artelantzat. Labar-artearen egituratan antzik handiena dutenak plaketak direlako egiten da, hain zuzen ere, baieztapen hau eta horiei arkeologo guztiek esanahi erlijioso bat ematen diote.
Testuingurua espaziala eta artistikoa
Bestalde, espazioari dagokionean beste testuinguru batean kokatuta, Pirinio erdialdeko aztarnategi handiekin hobeto uztartzen da Izturitze Euskal Herriko sartaldeko besteekin baino. Kantauri erdialdeko eta sartaldeko –berriro adierazpen bikainak azaldu diren Santander eta Asturiaskoak– artearekin duen antzekotasuna halaber, askoz txikiagoa da Pirinioetako erdialdekoarekin baino. Beraz, “esan daiteke Paleolito garaian Pirinio erdialdean erlijioan eta artean garatu zen bizitza bikain honen sartalderanzko aitzinamendua dela Izturitze, baina berezitasun batekin, oraingo honetan hedaduraren ertzak beronen erdigunea gainditzen duela”.[2]
Izturitzeko harpea, beraz, oso garrantzitsua da Paleolito aldian, batez ere, Erdi‑Madeleine aldian. Artelanen aberastasun eta edertasunean dituen adierazpenak, euskal Paleolito aldiko gainerako kobazuloekin alderatzean, nabarmen gailentzen dira, Oiartzungo Dorreko hezurra eta Ekaingo plaketaz aparte, gainerako euskal arte higikorra pobrea baita.
Arte higikorrak duen distiraren kontrastean, Izturitzeko aztarnategiak ez du Ekain, Altxerri eta Santimamiñeko aztarnategiekin alderagarri zaion labar-arterik. Eta erantzun sinesgarri bat aurkitzea zaila litzaiguke, Izturitzeko arte higikorraren kalitate bikainari dagokion kalitatea bera labar-artean zergatik ez zaion azaltzen galdegingo balitzaigu. Inguratzen gaituen ezjakintasun bera azalduko litzaiguke, Santimamiñeko bisonteen egileek beren aztarnategiko konpresore eta plaketen artean alderagarria den ezer zergatik ez zuten utzi galdegingo balitzaiguke.
Jesus Altunak, Izturitzeko arte altxor horri buruz, zera adierazten du, artearen perfekzio horrek berak Madeleine aldiko arte higikorraren “azken zatia” adierazten ote duen dirudiela: “K. a. 10.000 aldera artelanen dekorazioak Izturitzen halako dinamismo eta askatasuna iritsi izateak, abstrakturako garaien atarietan egotea esan nahi duela”. Antropologo ospetsuaren adierazpen hau guztiz garrantzizkoa iruditzen zaigu, gure ustez, artearen historiaren beste garai batzuetan ikus daitekeenarekin bat datorrena baita. Azpimarra dezagun jada, beranduago jardun beharko baitugu gertakari horri buruz, euskal artearen garapen estilistikoari lotzen gatzaizkionean.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Euskal Herri Enblematikoa entziklopediako Euskal artearen historia I liburutik txertatu zen 2014-12-14 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, liburu hori eta entziklopedia horretako beste zenbait Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Esparza San Juan, X.. (1995). La cueva de Isturitze. Su yacimiento y sus relaciones con la cornisa cantábrica durante el paleolítico Superior. Madril: UNED.
- Altuna, J.. (1982). «Haitzetako errealismoa» El arte vasco (Donostia: Erein).