Izaskun Landaida
Miren Izaskun Landaida Larizgoitia (Ugao, Bizkaia, 1969) bizkaitar politikaria eta enpresa administratzailea da. 2013ko urtarrilaz geroztik Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria izan zen, hiru legealditan zehar, 2022ra arte.
Izaskun Landaida | |||||
---|---|---|---|---|---|
2013ko urtarrilaren 29a - 2022ko urriaren 4a ← María Silvestre Cabrera - Miren Elgarresta →
2007 - 2011 | |||||
Bizitza | |||||
Jaiotzako izen-deiturak | Miren Izaskun Landaida Larizgoitia | ||||
Jaiotza | Ugao, 1969 (54/55 urte) | ||||
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria | ||||
Hezkuntza | |||||
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea Valentziako Unibertsitatea | ||||
Hizkuntzak | gaztelania euskara | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | politikaria | ||||
Kidetza | Eusko Alderdi Jeltzalea Emakunde |
Ibilbidea
Euskal Herriko Unibertsitatean Graduatu Sozialean diplomatu zen, eta gerora Berdintasun agente Masterra gauzatu zuen Valentziako Unibertsitatean.
1993 eta 1996 bitartean Bizkaiko zenbait enpresa txiki eta ertainetan administrazio lanak egin zituen. 1995etik 2007ra Ugaoko Udaleko Ekintza Sozialerako Zinegotzia eta alkateordea izan zen, EAJrekin. Honetaz gain 2001 eta 2007 bitartean LANDA XXI Landa Eremuko Emakume eta Familien Elkartean berdintasuna eta landa eremuko emakumeen inguruko proiektuen koordinazio eta garapenerako lan teknikoak gauzatu zituen.
2007ko udal hauteskundeen ondoren Ugaoko alkate bilakatu zen, eta karguan jarraitu zuen 2011ko hauteskundeen ondoren. Alkate zela Bizkaiko Foru Aldundiko Genero Indarkeriaren Behatokiko kidea izan zen, eta baita EUDELeko exekutibako kidea zein erakunde honetako Berdintasun saileko arduradun politikoa ere. Denbora tarte horretan Berdinbidean eta Basqueskola bezalako egitasmoak jarri ziren martxan.[1]
2013ko urtarrilaren 29an Eusko Jaurlaritzak egindako gobernu-bileran Emakundeko zuzendari izendatu zuen, Maria Silvestre ordezkatuz.[2][3] Hiru legealditan zehar bete zuen postua, eta erronka nagusietako bat Berdintasun Lege berria onartzea izan zen, 2022ko martxoan.[4] 2022ko urrian kendu zuten kargutik, eta Miren Elgarrestak hartu zuen postua.[5]
2023tik aurrera Eragintza Fundazioko zuzendaria da, osasun mentaleko arazoak dituztenei laneratzean laguntzen dien fundazioa.[6]
Bizitza pertsonala
Ezkonduta dago, eta alaba bat eta seme bat ditu.
Erreferentziak
- Izaskun Landaida CV (PDF), Eusko Jaurlaritza https://web.archive.org/web/20190408010920/https://www.irekia.euskadi.eus/uploads/attachments/11136/landaida_larizgoitia_izaskun_eu.pdf
- Berria. «Izaskun Landaida izendatu dute Emakundeko zuzendari» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).
- (Gaztelaniaz) «Izaskun Landaida, nueva directora de Emakunde» El Correo 2013-01-30 (Noiz kontsultatua: 2019-04-07).
- Lozano, Maite Asensio. ««Berdintasun legea tresna estrategikoa izango da»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).
- Lozano, Arantxa Iraola-Maite Asensio. «Emakundeko zuzendari kargutik kendu dute Izaskun Landaida» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).
- «Izaskun Landaida: "Mari Luz bi urtez etxetik urten barik egon da, orain enpresa baten lanean dago"» Bizkaia Irratia (Noiz kontsultatua: 2024-01-13).