Itziar Alduntzin Navarro
Itziar Alduntzin Navarro (Leitza, Nafarroa, 1976) euskal kazetaria eta komunikatzailea da, irratian egindako lanagatik ezaguna. 1998an Euskadi Gaztean hasi zen lanean, 2012ra arte, eta goizetako Salgai saioarekin oso ezagun egin zen. 2012tik 2017ra Euskadi Irratian egin zuen lan, musika saioak eta udako saioak aurkeztuz. 2017 eta 2020 bitartean Onda Vasca Gipuzkoa irratiko magazina aurkeztu zuen. Irratiko lanaz gain, 2000ko hamarkadaren hasieran Sorginen laratza saioan aritu zen, eta ETBko beste hainbat saiotan ere kolaboratu du. 2020an telebistara itzuli zen Dantzatzen den herria saioa aurkeztuz ETB1en, eta 2020ko irailean ETB2ko arratsaldeetako Qué me estás contando saioa aurkezten hasi zen, 2021era arte. Gaur egun Euskadi Irratiko esataria da.
Itziar Alduntzin Navarro | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Itziar Alduntzin Navarro |
Jaiotza | Leitza, 1976 (47/48 urte) |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea : kazetaritza |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | telebista aurkezlea, irrati-esataria eta kazetaria |
Ibilbidea
Kazetaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hirugarren mailan bekadun hasi zen Euskadi Irratian.[1][2] Sei hilabetez bertan aritu ondoren, Euskadi Gaztean aritzeko probetara aurkeztu eta kontratatu egin zuten.[3] 1998ko uztailaren 11n hasita, 15 urtez Euskadi Gaztea irratiko esataria izan zen.[4] Hasierako bi urteetan asteburuetan aritu zen, Uhinak astintzen (1998-1999) eta Topaleku (1999-2000) saioetan.[1] 2000n Iparragirre Sari bat jaso zuen Topaleku irratsaioan egindako lanagatik.[3] Ondoren Top Gaztea (2000-2001) saioan aritu zen, eta Salgai goizeko saioa aurkezteagatik egin zen ezagun, Edurne Garmendiarekin eta Eli Legardarekin batera.[5][6] 2001ean Gaztea Sarien jaialdia aurkeztu zuen, Joseina Etxeberriarekin.[7]
Irratiko lana utzi gabe, 2000n telebistan hasi zen. Bi urtez Sorginen laratza saioko aurkezlea eta kolaboratzailea izan zen, 2000tik 2002ra.[1] Bestalde, Gaztean zebilela Bostak Kanarietan saioa egin zuen Euskadi Irratirako. Euskal Telebistako hainbat programatan kolaboratu zuen, hala nola, Festaburu (2000) eta Begia gose (2003).
2012 eta 2017 bitartean Euskadi Irratian egin zuen lan, besteak beste, Kantu kontari (2012-2015) eta Blai (2016-2017) irratsaioetan. 2015ean EITBko erregulazio txostenean sartu zen, eta Euskadi Irratitik kaleratua izan zen.[8]
2017an Onda Vasca Gipuzkoara igaro zen, eta hiru urtez Gipuzkoako Kale Nagusia magazina gidatu zuen, 2020ra arte. 2018an euskal rocka ardatza zuen Esker1000 dokumentalean parte hartu zuen.[9] 2020an Dantzatzen den herria lehiaketa aurkeztu zuen ETB1en.[10]
2020ko irailean Qué me estás contando arratsaldeko magazina aurkezten hasi zen ETB2n.[11] 2021eko otsaila eta apirila bitartean aurkezle nagusia izan zen, Arantza Ruizek (2019tik lan horretan zegoen aurkezleak) saio utzi baitzuen. 2021eko apirilean aurkezle berria Asier Odriozola izango zela iragarri zuen EITBk, eta Alduntzinek aurkezle laguntzaile gisa jarraitu zuen.[12] Saioa 2021eko irailean amaitu zen.[13]
Saioa amaitu zenean, Euskadi Irratian esatari lanak egiten hasi zen. Gaur egun Baipasa saioko esatarietako bat da. 2022ko udan Faktoria saioko magazina aurkeztu zuen.[14]
Lanak
Telebista saioak
Urtea | Saioa | Katea | Oharrak |
---|---|---|---|
2000-2002 | Sorginen laratza | ETB1 | Kolaboratzailea / aurkezlea |
2000 | Festaburu | ETB1 | Gonbidatua (atal 1) |
2001 | Festaro | ETB1 | Gonbidatua (atal 1) |
2001 | El factor humano | ETB2 | Gonbidatua (atal 1) |
2003 | Begia gose | ETB1 | Aurkezlea |
2012 | Finlandia | ETB1 | Gonbidatua (atal 1) |
2014 | A ze bandaǃ | ETB1 | Epaile gonbidatua (atal 1) |
2020 | Gure kasa | ETB1 | Gonbidatua (atal 1) |
2020 | Dantzatzen den herria | ETB1 | Aurkezlea (8 atal) |
2020-2021 | Qué me estás contando | ETB2 | Aurkezlea |
2021 | Itxi liburuak | ETB1 | Gonbidatua (atal 1) |
Irratsaioak
Urtea | Saioa | Emisora | Oharrak |
---|---|---|---|
1998-1999 | Uhinak astintzen | Euskadi Gaztea | Aurkezlea |
1999-2000 | Topaleku | Euskadi Gaztea | Aurkezlea Iparragirre Sariaren irabazlea |
2000-2001 | Top Gaztea | Euskadi Gaztea | Aurkezlea |
Salgai | Euskadi Gaztea / Gaztea | Aurkezlea | |
2010-2011 | Top Dance | Gaztea | Udako programazioa |
2011-2012 | Gaztea formula | Gaztea | Aurkezlea |
2012 | Ze Martxa? | Gaztea | Aurkezlea |
2012-2015 | Kantu kontari | Euskadi Irratia | Aurkezlea |
2016-2017 | Blai | Euskadi Irratia | Udako saioa |
2017-2020 | Gipuzkoako Kale Nagusia | Onda Vasca | Aurkezlea |
2022 | Faktoria | Euskadi Irratia | Udako magazinaren aurkezlea |
Erreferentziak
- ««20 urte nituenetik askatasun osoz lan egiten utzi didate» - Leitzaldea» Erran.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
- Maya, Jon. (2001eko urriak 4). (pdf) Telebistatik kalera irtetean. Euskaldunon Egunkaria, 58 or..
- Belauntzaran, Eli. (2000ko otsailak 4). (pdf) Itziar Alduntzinː "Mikrofonoaren menpe erori naiz". Euskaldunon Egunkaria, 67 or..
- «Itziar Alduntzin Gazteako estudiora bueltatu da» EITB Euskal Irrati Telebista 2020-01-28 (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
- Etxeberria, Julen. (2000ko irailak 8). (pdf) Edurne Ormazabalː «Euskal gizartean geroz eta isla handiagoa izan nahi dugu». Euskaldunon Egunkaria, 57 or..
- Ortega, Estibalitz. (2001eko abuztuak 11). (pdf) Itziar Alduntzinː «Leitzako koadrila gehiagotan ikusi nahiko nuke». Euskaldunon Egunkaria, 45 or..
- Urkizu, Urtzi. (2001eko apirilak 11). (pdf) Urtezko gazte onenak. Euskaldunon Egunkaria, 53 or..
- Urkizu, Urtzi. «Itziar Alduntzin esataria ere EITBko erregulazio txostenean» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
- «Euskal rocka ardatz duen Esker1000 dokumentala egin dute - Baztan» Erran.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
- Urkizu, Urtzi. «ETBk 'Dantzatzen den herria' saioa estreinatuko du gaur gauean» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
- Berria. «Itziar Alduntzin 'Qué me estás contando'-ko gidari» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).
- «Asier Odriozola kazetaria izango da QMEC saioaren aurkezle berria» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-04-16 (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
- (Gaztelaniaz) «"Qué me Estás Contando" se despide de las tardes de ETB2; eskerrik asko!» EITB 2021-09-10 (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
- Urkizu, Urtzi. «Euskadi Irratiak bihar hasiko du udako sasoia, ahots berriekin» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-11).
- (Gaztelaniaz) Lakunza, Rosana. (2020ko abenduak 7). «Itziar Alduntzin: "Intento que los mensajes que doy no sean de miedo"» www.deia.eus (Deia) (Noiz kontsultatua: 2021-04-16).