Itxumendi

Itxumendi Gipuzkoan dagoen mendi bat da.[1] Itxumendi ez da mendizaleentzat erakargarria den tontorra, bi arrazoirengatik. Batetik Bergaratik Azkoitira doan errepidea tontorretik gertu pasatzen delako, Elosu mendatetik, eta ondorioz igoera oso laburra delako. Eta bestetik telekomunikazio antena batek zatartzen duelako bere gailurra.

Itxumendi
Datu orokorrak
Garaiera731
Motamendi
Geografia
Map
Koordenatuak43°07′41″N 2°22′26″W
MendikateaIrukurutzetako mendilerroa
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa

Gailurra Antzuola eta Bergara udalerriek partekatzen dute, eta bertan ikusi ahal izango ditugu bi herri hauen mugarriak ere. Bertara joateko aukera ezberdinak daude. Bata, Antzuolako eta Bergarako erdigunetik bertara dauden mendi bideak erabiliz, edo lasaiago egin nahi izanez gero, Bergaratik Elosuara eta Azkoitira doan errepidea kotxez eginez, Elosumendiko mendatera igoz eta 10 minutuan oinez mendi gainera iritsiz.

Itxumendiko iturria

Antzuolaren arteko mugan ere dago Askaburu edo Itxumendiko iturria. Gorago dago garai bateko Loiola eta gaur Herri Irratiko antena eta eraikuntza, Itxumendi gainean hain zuzen ere. Alboan, zertxobait beherago, Gorlako kantinara joateko, Altzasu aterpetxea dakusagu.[2]

Itxumendi gaina ere lotuta dago bertan kokatu zelako Loiola herri irratiaren antena, eta bertan 1977ko ekainaren 11n izandako atentatuagatik. "Katea" osatu zuten irratiek 1961ean jaio ziren, Donostian Donostiako Herri Irratia-Radio Popular eta Azpeitiako Loiola auzoan Loiolako Herri Irratia-Radio Popular sortu zirenean, honako hau irratien euskararen erabilpenean aitzindaria izanik. Beraz, Frankismo garaian sorturiko irrati multzoa da. 1976an, Herri Irratiak Anoetako Belodromoan 24 orduak euskaraz jaialdi jendetsua antolatu zuen, euskara hutsezko irrati baten alde egin nahian. Han agertu ziren Artze anaiak, Jean Mixel Bedaxagar, Lourdes Iriondo, Gorka Knörr, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Gontzal Mendibil, eta beste hainbatek hartu zuten parte ekitaldi gogoangarri hartan.

Itxumendi, 731 metro.

Esan beharra dago, bere unerik onenean, 5.000 familiak baino gehiagok osatu zutela Loiola Irratiaren Lagunen Kluba. Hala ere, 1977ko ekainaren 11ean, Antzuolako udalerrian kokatuta dagoen Itxumendiko zentro igorgailuak atentatu bat jasan zuen, "Batallón Vasco-Español" deiturikoa berea egin zuena. Hona garai hartako kronika:

"Indar handiko lehergailu batek erabat suntsitu zuen, atzo goizaldeko ordu bata aldera, Radio Popular de Loyola irratiaren zentro igorlea, ltxumendi mendian, Anzuolako udalerrian (Gipuzkoa). Galerak sei milioi pezeta ingurukoak izango dira, baina ekipo tekniko berriak erostea hamar milioi baino gehiago kostatuko da gaur egun. Horri gehitu behar zaio irratia isilean gorde dela, gutxienez hilabetez. Bonba gaueko hamarrak eta erdiak eta hamabiak bitartean jarri zuten, denbora horretan etxeko zaindaria ez baitzen afaltzera joan. Itzuli zenean, gauerdi aldera, atea bota zutela ikusi zuen. Sarrerako kable batzuek plastikozko ontzi txiki batera eraman zuten. Bertan, lehergailu bat zegoen, hain zuzen ere, etxolaren erdian, emisio-ekipo teknikoek okupatzen duten gelan. Zaindaria Elosua auzoko bizilagun batzuei abisatzera irten zen, hamar bat minutura. Zenbait lagunekin irratira itzultzean, bonba lehertu eta dena behera etorri zen, karta-gaztelu bat balitz bezala. Guardia Zibilaren teknikariak, atzo goizean lekua ikuskatu zuenak, atentatuan kontrolatutako karga batzuk erabili zirela uste zuen, bestela ezin baitzen azaldu etxola erabat suntsitu zela, eta ez ziren erorikoak izan norabide guztietan.

Itxumendi gaineko antena. Bertan egin zuen eztanda bonbak 1977ko ekainaren 11n.

Azken batean, erabilitako metodoa hiri baten erdian eraikin zahar bat eraisteko erabiltzen denaren antzekoa omen da. «Han txatarra eta hondakinak besterik ez daude», adierazi zigun irratiko zuzendariak, Lecuona jaunak. «Badirudi bonbek hormak ireki dituztela sabaia gainera eror dadin. Ez dago aprobetxatu daitekeen ezer .» Lecuona jaunak zionez, halaber, ez zuela inoiz mehatxurik jaso, eta, beraz, ez zekiela egileen balizko filiazioa, «nahiz eta geure lekua osatu dugun eta gure ideiak ditugun horri buruz. Loiolako Herri Irratia, Elizaren COPE katekoa, 1961ean sortu zen, maiztasun modulatuko emanaldiekin Gipuzkoako industrialde zabal bat estaltzeko (Eibar, Elgoibar, Bergara, Arrasate), Donostiako Herri Irratiak lortu ezin zuena. Haren informazio-ildoa Euskadiren interesen defentsak markatu du beti, eta programazio nagusia euskaraz izan da. Datu horiek guztiak ikusita, ezinezkoa da EAEko erakunde armatuetako inork atentatuan parte hartzea". [3]

Baina noiz jarri zen irrati-instalazio hau Itxumendin?

1965eko abenduaren 12an onartu zuen herriko Udalak, baina baldintzekin, Loiolako Herri Irratiko zuzendaria zen Juan Lekuonak egindako eskaera. Bertan, Itxumendin antena jartzeko baimena eskatzeaz gain, lur komunala zen 50x50 neurriko lurra ere eskatu zuen kaxeta, antena eta kableak jartzeko. Esan bezala, Udalak emandako baiezkoa baldintzatuta izan zen, planoak-eta aurkeztu behar zituztelako. [4]

Gaur egun irrati-instalazioak ez du funtziorik.

Aldi berean, bere inguruko lurrak Antzuolako Irumendi abel kooperatibak ustiatzen ditu; beraz, itxitura baten bitartez, oso ohikoa da piriniotar motako behiak ikustea inguruan. [5]

Erreferentziak

  1. Euskal Herriko Mendien Katalogoa 2007ko otsaila, 2009ko apirila, Euskal Mendizale Federazioa. Katalogo horretako toponimoek Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordearen oniritzia dute. (EODA)
    Itxumendi (Mendikat)
  2. Ramirez de Okariz Telleria, Iñigo. (2016). ANTZUOLAKO ITURRIAK (XVII): ASKABURU edo ITXUMENDIKO ITURRIA. .
  3. Ceberio, Jesus. (1977). El centro emisor de Radio Popular de Loyola, destruido por una bomba.. El País egunkaria..
  4. Antzuolako Udal Artxibo Historikoa: Akordio eta Akten 21. liburua, 1965-1969 eta 22. liburua, 1967-1968.
  5. Ramirez de Okariz Telleria, Iñigo. (2016). Irumendi: lehen sektorea sustatu eta ondartuz.. .

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.