Itxarkundia Batailoia

17. Itxarkundia Batailoia 1936tik 1937ra Eusko Gudarosteko batailoietako bat izan zen. EAJ alderdiari atxikia zegoen. Batailoi honen komandantea Felipe Lizaso Eizmendi (1908-1999) oriotarra izan zen.[1] Komandantea zaurituta, italiarrek preso hartu zuten.[2]

Itxarkundia Batailoia
MotaBatailoi
Sorrera1936
EgoitzaBizkaia
HerrialdeaEuskal Herria
AdarraEusko Gudarostea
Unitate nagusiaEspainiako Gerra Zibila
Felipe Lizaso komandantea.

Historia

EAJren batailoi hau, funtsean, gipuzkoarra zen, eta bere jatorrizko nukleoa Loiolako Euskal Milizietatik zetorren. Gipuzkoa erori eta unitatea benetan eratu ondoren, lehenik Gernikara, Agustindarren komentura kuarteleratu zen, eta handik gutxira Bermeora joan zen. Horrek, errekluta berriak deitzearekin batera, bizkaitarrak "Itxarkundia" n sartzea eragin zuen. Batailoia Legutianoko frontean eta Legutioko guduan aritu zen abenduan; baja ugari jasan zituen. Unitatearen lehen komandantea Luis Sansinenea zen baina Legution Felipe Lizasok hartu zuen agintea.[3]

1937an, apirilaren hasieran, Otxandioko Gurutzetan borrokatu zen. Hilaren 3an eta 4an, Santa Cruz inguruan; han ere baxa nabarmenak izan zituen. Ondoren, Arangioko Orisoleko Haitzetara eta Urkiolako santutegiaren ondoko Asuntzeko lepora joan zen, eta handik hilaren 6an erretiratu zen.[3]

Batailoia Mañariako frontean geratu zen Zazpigarren Brigadan, maiatzaren amaierara arte Aramotz-Igorre aldera. Arratiako haraneko posizioetan egonaldi labur bat egin ondoren, Burdin Hesia hautsi ondoren, Artxandara eraman zuten, eta handik Deriora hurbiltzen saiatu zen ekainaren 14an, frankisten agerpena geldiarazteko. Batailoiko eta Intendentziako indarrak, Deriora iritsi zirenak, harrapatuak izan ziren, gainerakoak, tanke etsaiek jazarrita, atzera egiten zuen bitartean. Itxarkundia Artxandako errotaren inguruan bildu zen, "Aixerrota"n. Borroka gogorren ondoren, hilaren 15eko gauean frontetik erretiratu zuten.[3]

Itxarkundia Bilbon egon zen beste indar batzuekin batera ordena zaintzen, ekainaren 19ra arte. Batailoiaren parte bat Bilbotik atera zen; beste batzuk harrapatuak gelditu ziren eta Irrintzi Batailoiaren indarrekin Abandon atxilotuak gelditu ziren.[3]

Santanderren, Itxarkundiak Zazpigarren Brigadan jarraitu zuen, harik eta abuztuan etsaiak harrapatu zuen arte, italiarrek Santoñako Ituna zelakoa urratu ondoren.[3]

Ikurrinaren afera

Batailoiaren bandera faxisten eskuetan erori zen eta, ondoren, Madrilgo Armadaren Museoan jarri zuten erakusketan. 1984ko ekainaren 6an Joseba Elosegi EAJren senatariak ikurrina ostu eta eraman zuen. Ikurrina "enseñas del bando republicano durante la guerra de liberación" (askapen gerrako errepublikaren bandoaren ikurriak) taldearen barnean erakusten zuten.[4] Senataria zenez, instrukzioko epaitegiak Senatuari erreguzkoa bidali behar izan zion epaitzeko, baina 1985eko irailaren 4an erreguzko-batzordeak ezetz esan[5] eta ezin izan zuten epaitu.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.