Ituren eta Zubietako inauteriak
Ituren eta Zubietako inauteriak urtarrilaren azken asteburuaren osteko astelehenean eta asteartean ospatzen dira. Euskal Herriko inauteri tradizional ospetsuenetakoak dira, bereziki Malerrekako bi herri mugakide horietako joaldun izenekoek egiten dituzten segizio ikusgarri eta zaratatsuengatik, joaldunen janzkera bitxiarekin eta bizkarrean daramaten joare parea erritmo binarioaz jotzen dutenean.
Astelehenean Zubietako joaldunak bere herritik segizioan abiatu eta Iturenerantz doaz hango joaldunekin elkartzeko.
Asteartean, aldiz, Iturengo joaldunak dira Zubietarako segizioa egiten dutenak.
Ituren eta Zubietako joaldunen segizioa antzinatik ospatzen da, lehen ospakizunaren urtea edo garaia zehaztu ezin izan den arren, eta frankismoaren garaian izandako urte batzuetako etenaldi baten ondorioz, 1950eko hamarkadan hasi ziren berriz ere ospatzen.
Nafarroako Interes Kulturaleko Ondasun eta Interes Turistikoko Festa izendapena dute Nafarroako Gobernuaren eskutik.