Iturburu udal haur-eskola
Iturburu udal haur-eskola (Oiartzun, Gipuzkoa, 1977-1999) 0-3 urte bitarteko haurren heziketa zentroa. Herritar ekimenez sortutakoa, 1980an lortu zuen udal haur-eskola izaera. 1999tik Udal Ikastola Partzuergoan integratua dago.
Iturburu udal haur-eskola | |
---|---|
Datuak | |
Izen ofiziala | Iturburu udal haur-eskola |
Mota | erakunde publikoa |
Jarduera sektorea | irakaskuntza |
Herrialdea | Euskal Herria |
Agintea | |
Egoitza nagusi | |
Legezko forma | Publiko |
Historia | |
Sorrera | 1977ko azaroaren 2a |
Historia
Iturburu haur eskola, edo hasierako Iturburu haurtzaindegiaren jaiotza, herritar talde baten ekimenaren ondorioz suertatu zen. Lartaungo OKT-ren barruan haurtzaindegiei buruz antolatu ziren hitzaldien amaieran eratu zen lehenengo lantaldea, 1976ko azaroaren 18an. Urte bete prestaketa lanetan aritu ondoren, 1977ko azaroaren 2an ireki zituen ateak.
Abiapuntuko ildo nagusiak hauek izan ziren: alde batetik, ama-haurra binomio murriztailea gainditzea, sozializazio eskaintza zabalduta eta bestetik, familiako heziketa osatuz, hezteko modu berritzaileagoa eskaintzea ikuspuntu profesionaletik. Hori guztia euskaraz.[1]
Talde eragilea
Urte bete osoa behar izan zen haur-eskolaren proiektua gauzatzeko. Talde eragilea honokoak osatu zuten hasieratik: Izaskun Madariaga, Ana Agirrezabalaga, Jose Ignacio Zabala, Alex Perez, Arantxa Sarasti eta Nikolai. Gerora eransten joango ziren: Rexu Mazusta, Olga Izquierdo, Maite Lasa, Junkal Galarza, Iñaki Pikabea, Jone Ugaldebere, Mentxu Alkorta, Ines Oiarzabal, Jabier Mugeta, Pedro Samsó, eta Alvaro Agirre. Lehen bilera 1976ko azaroaren 27an egin zen Haurtzaro ikastolan. Aurrerantzean ere Haurtzaro ikastola izango zen asteroko bilera-leku finkoa.
Udalarekin harremanak
Udala hasieratik egon zen inplikatua. 1976ko abenduaren 22an egin zen lehen bilera, Iñaki Aristizabal alkate zela. Lekua lortzea izan zen lehen pausoa eta aurrez Karrika auzoan eskola izandako etxea aukeratu zen haur-eskola bihurtzeko. Udalaren gain joan ziren egokitze kostuak eta behin haur-eskola martxan jarrita, hileroko diru-laguntza emanez lagundu zuen sostenguan.
Munizipalizazioa
Hasieran Udalak bere gain hartu zuen haur-eskolako defizitaren zama, baina formula horrek haur-eskolaren iraupena bermatzen ez zuenez, zuzenean jo zen erabateko udaleratze edo munizipalizazioa lortzera.
Munizipalizazioa 1979ko uztailaren 12an egindako udal batzarrean onartu zen, aldeko 7 bozkarekin (Herri Batasunak 6 eta Oiartzungo Langile Elkarteak 1) eta Eusko Alderdi Jeltzaleko 6 zinegotzien abstentzioarekin. Erabakia gauzatzeko arazoak egon ziren eta abenduaren 20an, bost hilabete pasatuta, beste udal batzar bat egin zen aurrekoaren interpretazio gisara, bigarrenez munizipalizatzea onartuz. Hala ere munizipalizaziorako eman beharreko pausoak blokeatzen jarraitzen zuten eta bi ekintza gogor egin behar izan zituzten guraso eta irakasleak elkarrekin. Bata, eta gogorrena, Udaletxean 1980ko ekainaren 21etik 27ra, 6 eguneko itxialdia egitea, irakasleen kontratua eskuratu zen arte, eta, bestea, irakasleen soldatak kobratzen hasteko egin zen plantoa, 1980ko abenduaren 4an lortu zen arte.
Eraldaketa
Haurtzaindegitik haur eskolara
Hasiera batean, haurren osasunari eta gizarte ongizateari lotua ulertzen zen haur-eskolaren zeregina eta horren arabera hezitzailearen prestaketa teorikoan, egokitzat hartzen ziren puerikultura edo gizarte laguntzailearen ikasketak edukitzea. 1975eko abenduan Granadan burututako jardunaldien ondorioz, ordea, erabateko ildo aldaketa eman zen. Aurrerantzean asistentzia ikuspuntua gainditu eta erabateko heziketa izaera eman zitzaion haur-eskolari, haurra erdigunean jarrita. Irakasle-hezitzaileen oinarrizko formakuntza, haur-hezkuntzako magisteritza izatea erabaki zen.[1]
Euskararen trataera
Soilik ahozko komunikaziorako erabilpena gainditu eta irakasleen formazio sakonaren (EGA edo 3. profila) beharra ezarri zen. Halaber, gurasoekin egiten ziren bilera orokorrak elebidunak izateari utzi eta euskara hutsekoak izatera pasa ziren, funtzionamendu guztia euskara hutsean izatera iritsi arte.[1]
Iturburuko pedagogia
Oinarrian zeuden kontzeptuak honokoak ziren:
- Haur eskolako lana familiarekin partekatua izatea, haurra elkarrekin heziz.
- Haurrak bere etxea bezala bizi izango zuen inguru berri, goxo eta hezgarria eskaini, taldeko elkarbizitza aberasten zitzaion bitartean.
- Irakaslearen bitartez, familia berri bateko erreferente ziur, finko eta afektiboa ziurtatzea haur-eskolan.
Emmi Pikler, Montessori, Lapierre-Aucouturier, John Bowlby, Piaget, Vytgotsky, Elinor Goldschmied, edo Loris Malaguzzi bezalako erreferente psikopedagogikoak zuzendu zuten pedagogia eta horien baitan artikulatzen ziren honokoak: Haurra lehenetsi, familia eta haur-eskolako harreman zuzena bermatu, egokitzapen prozesu egokia burutu, hezitzailearen egonkortasuna ziurtatu, talde txikiak eratu, haurraren gaitasunak azaleratu bizipen aberatsak eskainiz, hezkidetza ikuspuntua zaindu eta egoera guztiak heziketarako baliatu, zaindu ala hezi binomio ustez kontrajarriak integratuta.[1]
Curriculum proiektua
Iturburuko curriculum proiektua Eusko Jaurlaritzako “Curriculum materialak” bilduman argitaratu zen “10. Haur Hezkuntzarako Ikastetxe Curriculum Proiektuak” izeneko liburuan.[2]
Sortutako lan-proiektuak:
- Eguneroko koadernoa, haur-eskola eta familiaren arteko komunikazioa aberasteko pentsatua.[3]
- Ingururaren erabilera. Ingurua modu aske eta integralean lantzeko, sortutako programa.[4]
- Aitona-amonen jaia Sanfermin egunean. Soilik aiton-amonei eskainia.[5]
- Musika proiektua. Zuzeneko musika emanaldiak eskaintzeko.
- Jai herrikoiak. S. Nikolas ttikia; Olentzero, Danborrada, Santa Ageda, Inauteriak eta San Joan sua, beren berezitasunekin ospatzeko.
Argitalpenak:
Guraso eta hezitzaileen artean sortutako dokumentuak herrian zabaltzeko.
- 1980. Haurtzaindegia.
- 1990. Iturburu udal haur-eskola
Pedagogiari lotutako artikuluak:
- Eguneroko koadernoa: gurasoekiko harremanen esperientzi bat haur-eskoletan.[6]
- Inguruaren probetxamendu curricularra.[7]
- Juegos para trabajar la atención y la percepción, las relaciones... con niños/as de 2 y 3 años.[8]
- Kanpoko espazioa heziketa arloan.[9]
- Familia-escuela, una responsabilidad compartida.[10]
- Patxiren ipuina/el cuento de Patxi. (In-fan-cia 47) 1998
- Cocinando rosquillas didácticas. (In-fan-cia 49) 1998
- Vivir la escuela, paneles que transmiten su sentido educativo.[11]
- 2-3 años, con una noche fuera de casa es suficiente.[12]
- Escuchar a la infancia. Anécdotas. (In-fan-cia 67) 2001
Haur eskolaren tamaina eta funtzionamendua
Iturburu 32 haurreko haur-eskola izan zen, lau haur-taldetan banaturik: sehaskak, katukariak, ertainak eta handiak. Lantalde pedagogikoaren osaketa honela zegoen eratua: Bost irakasle, sukaldaria eta zuzendaria, guztiak udal langileak. Gestio demokratikoa, guraso eta irakasleren eskutik. Asanblada zen organo gorena. Finantziazio iturri nagusia Udalarena zen. Beste diru iturriak gurasoen kuotak eta erakunde publikoetatik jasotako diru-laguntzak ziren. Haur-eskolen Koodinakunde desberdinetako partaide izan zen hasieratik, baita herriko Hezkuntza Batzordeko partaide iraunkorra ere.[13]
Iturburu haur-eskolatik Udal Ikastola Partzuergora
1999an integratu zen Iturburu herrian sortutako proiektu berrian. Herriko hezkuntza eskaintza batzea zuen helburu proiektu honek, nahiz eta, eskola publikokoen erabakiak tarteko, euren partaidetza galdu. Ondorioz, herriko hiru haur-eskola, Haurtzaro Ikastola eta Udalarekin batera sortu zen Udal Ikastola Partzuergoa, gerora Urmendi haur-eskola[14] izango zena.
Erreferentziak
- (Ingelesez) «2022: Iturburu Udal Haur Eskolako historia» issuu (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
- Eusko Jaurlaritza, Eusko Jaurlaritza. (2003). «Haur Hezkuntzarako ikastetxe curriculum proiektuak (0-3 urte)» Curriculum materialak (Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza) 10: 37-54. ISBN 8445719858..
- «Eguneroko koadernoa: Gurasoekiko harremanen esperientzi bat haur eskoletan» Jakingarriak (15): 11–12. 1990 ISSN 1697-6215. (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
- «Iturburu udal haur eskolako inguruaren erabilpen pedagogikoa - Oiartzungo ondarea» ondarea.oiartzun.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
- «Iturburu udal haur eskolako Sanfermin jaia - Oiartzungo ondarea» ondarea.oiartzun.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
- Madariaga, Izaskun. (1991). «El cuaderno diario. Una experiencia de relación con padres en la escuela infantil» Infancia: educar de 0 a 6 años (9): 9–11. ISSN 1130-6084. (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
- Madariaga, Izaskun. (1991). «Ingurunearen probetxamendu kurrikularra» Jakingarriak (18): 22–24. ISSN 1697-6215. (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
- Madariaga, Izaskun. (1992). «Juegos para trabajar la atención, la percepción, las relaciones» Infancia: educar de 0 a 6 años (12): 21–22. ISSN 1130-6084. (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
- Madariaga, Izaskun. (1993). «Kanpoko espazioa heziketa arloan» Jakingarriak (24-25): 49–51. ISSN 1697-6215. (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
- Aguirre, Esteban; Mosquera, Sandra. (1996). «Familia-escuela: una responsabilidad compartida» Infancia: educar de 0 a 6 años (39): 19–22. ISSN 1130-6084. (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
- Madariaga, Izaskun. (1999). «Vivir la escuela: paneles que transmiten su sentido educativo» Infancia: educar de 0 a 6 años (56): 15–19. ISSN 1130-6084. (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
- (Gaztelaniaz) «2-3 años: Con una noche fuera de casa es suficiente.» Especialistas en educación (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
- (Ingelesez) «2022: Iturburu Udal Haur Eskolako historia» issuu (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).
- «Ongi Etorri» Jolastuz, izan eta hazi. Lagunduz, izan eta hezi. (Noiz kontsultatua: 2023-10-19).